Ekoizleek behar duten merkatua

Durangoko Udala eta ekoizleak neurriak hartzen hasi dira baserritarren zapatuetako merkatua sustatzeko. Erosle eta ekoizle berriak erakartzea da helburua, eta sustapen jarduerak egingo dituzte. Halere, lehen neurri bat hartu dute: birsalmentan jarduten dutenak kanporatzea.

Ibai Maruri Bilbao

Ados daude udala eta baserritarrak: azken urteetan Durangoko baserritarren zapatuetako azokak indarra galdu du. Urdaspal Alberdi ekoizle elorriarra da astero Durangon egoten denetako bat, eta, haren ustetan, bi faktorek eragin dute hori: “Batetik, saltoki handiak ireki dituzte Durangaldean, eta jendeak haietan erosteko ohitura du. Bestetik, baserritik bizi garenak oso gutxi gara, eta askok utzi egin diote plazara joateari”. Horrez gainera, beste faktore bat ere badagoela nabarmendu du: “Azken urteetan birsalmenta asko egon da: fruta, ortuariak edo dena delakoa beste toki batean erosi eta ondoren merkatuan saldu baserrian ekoitzitakoa izango balitz bezala. Horrek kalte handia egin digu baserritarroi”. Udala eta baserritarrak egoera konpontzeko asmoz lanean dabiltza. Hainbat bilera egin dituzte, eta neurriak hartzen hasi dira.

Iker Urkiza Durangoko alkateordeak esan du lehen neurria birsalmentan aritzen direnak azokatik kanporatzea dela. “2012an onartu zen birsalmenta debekatzen zuen araudia, baina oraindik praktikan jarri barik egon da”, gogoratu du. Dagoeneko egin dute berba horrela jokatzen duten birsaltzaileekin, eta ohartarazi diete, modu horretan salerosten jarraituz gero, lizentzia kenduko dietela eta ezingo direla plazara gehiagotan itzuli. Aurrera begirako asmoen artean dago, gainera, ekoizleen baserrietara joatea, euren ekoizpena bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Alberdik azaldu du dendek erabili ohi dituzten hornidura sareak erabiltzen dituztela birsaltzaileek. Fruta biltegiak eta MercaBilbao aipatu ditu adibide moduan. “Horrek guri kalte egiten digu. Esaterako, erosleak ikusten du urte osoan tomateak dituen saltzailea dagoela”. Sasoian sasoiko produktuak kontsumitzearen aldeko aldarria egin die erosleei. “Produktu freskoek eta sasoikoek duten garrantziaz ohartu behar dira”. Ohartarazi du merkatu plazan birsaltzaileei erosita eta edozein fruta dendatan produktu berak lortzen direla. “Merkatu plazara datorrena gertuko produktuen bila dator, sasoikoak, ekologikoak… Edo, gutxienez, hala izan beharko luke. Guk nahi dugu merkatua horrelako produktuak saltzeko lekua izatea”.

Horretarako, erosleen artean kontzientzia sortu beharko da, haren ustez. Izan ere, iruditzen zaio, oro har, baserriarekiko lotura galdu den heinean, produktuen ezagutza ere galdu dela. “Orain, dendetan beti dago piperra erosteko aukera, tomatea erosteko aukera, kuiatxoak erosteko aukera, eta jendeak ez daki zein produktu kontsumitzeko sasoia den. Bakoitzak badu bere sasoia, eta ona da hori errespetatzea, sasoia denean daudelako gozoen eta gorputzerako ere orduan ematen digutelako behar duguna”.

Merkatua ordenatzea izan da, bada, baserritarrek eta udalak adostu duten lehen pausoa. Saltzaile bakoitzak kartel bat dauka mahai gainean ipinita, nor den, nongoa eta zer produktu eskaintzen dituen zehaztuz. Txartel bat ere badauka, informazio berarekin. Iaz, COVID-19aren pandemia dela-eta ezarritako etxeratze aginduaren lehen asteetan, Durangoko merkatua itxita egon zen, Bizkaiko gainontzekoak bezala. Zabaldu zutenean, segurtasun neurrien artean atondu zuten. Gaur egun, distantziak eta mantenduta, 25 ekoizle egoten dira zapatuero euren produktuak eskaintzen. Birsalmentan aritzen izan diren batzuek daborduko utzi diote joateari, eta ekoizle berriak hasi dira merkatura joaten. Hori da helburuetako bat: orain arte joaten izan ez diren baserritarrak erakarri, eta baita bezeroak ere.

Urkizak esan du azken urte honetan igarri dela durangarren artean merkatura gehiago joateko joera. “Pandemia dela eta, gertuko ekoizleak babesteko eta gertukoa kontsumitzeko nolabaiteko kontzientzia sortu da. Oraindik ere mantentzen da, eta horrek aurrera begira ere jarraitzea lortu nahi dugu”. Horretarako, azoka sustatzeko ekintzak egingo dituztela esan du. Horiek zehazten ari dira une honetan udaleko ordezkariak eta baserritarrak. Besteak beste, ekoizle bereziekin dastatze saioak egin nahi dituztela esan du. Zozketak ere egingo dira erosleen artean. “30.000 biztanleko herria da, merkatua zapatuetan da… Erosleak lortzeko baldintza onak ditugu”, azaldu du Alberdik.

Laguntza premian

Elorrioko baserritarrak aitortu du eskualdean ez direla asko nekazaritzan dihardutenak. “Edozein eskaera txiki handitzen bazaigu, horri aurre egiteko arazoak ditugu. Adibidez, eskola jangeletan ikusten dugu hori: ezin diogu eskaera guztiari erantzun”. Hala ere, uste du Durangoko merkatu plaza hornitzeko gai direla. Oraintxe, sei postu dituzte ortuari ekologikoekin. Birsaltzaileek utzitako lekuari esker, zizak eta perretxikoak saltzen dituen ekoizle bat ere hasi da joaten. “Eskaintza badago; eskaera handitu beharko litzateke, gero eskaintza ere handitzeko”.

Alberdiren esanetan, ezinbestekoa dute merkatu bat izatea, produktuak saltzeko bide bat bermatuta edukitzea. Baina baserriak bestelako laguntzak ere behar dituela aipatu du, jende berria erakartzeko sektorera. Esaterako, lantzeko lurra alokatzea garestia dela nabarmendu du. Horrez gainera, ustiategia martxan jartzeko inbertsio handia egin behar dela ere esan du. “Badago jendea baserritar izan nahi duena, baina zailtasunak dituena hasteko. Nekazaritza politiketan eskumenak dituztenek badute lana egiteko”.