Alkatearen aholkulari

Alkatearen aholkulari

N. S. O.

Bilbao Metropoli-30 elkarteak antolatuta, Etorkizuneko Metropoliak izeneko nazioarteko mintegia egiten ari dira asteon. Jardunaldi birtualon barruan, gaur Child-friendly Cities (umeentzako hiri atseginak) proiektua aurkeztuko du Anuela Ristani Tiranako (Albania) alkateordeak. Saioaren irekiera instituzionala Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak egingo du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Haurren Hiria sarean sartu zen lehenengoa izan zen Leioa: 2014an sartu ziren. 2001az geroztik ari dira umeekin elkarlanean, ordea.

Besteak beste, Leioandiko parkea egituratzeko prozesua garatu du hango Umeen Kontseiluak. Rodriguezek esan du emaitza “ikaragarria” izan dela: “Ez zuten egin umeentzako parke bat: adin askotako pertsonentzako parke bat marraztu zuten. Proposamen hori oinarri moduan erabili dugu parke hori egiteko. Espero dezagun hemendik gutxira parkea errealitate bihurtzea”.

Umeen Kontseiluaren ekarpenei esker egin dituzten hainbat aldaketaren berri eman du alkateak: herrian dauden zabuen 35 parkeak oso adin jakinetarako zirela jabetu ziren. Horietako batzuetako jolasak aldatu dituzte, adin guztietara egokitzeko. Bestalde, umeek kale batzuk oinezkoentzat jartzeko beharrizana ikusi zuten. “Hori ere landu genuen, eta gure aholkulariak izan ziren Sabino Arana kalea oinezkoentzat jartzeko prozesuan”. Herriko konponketa txikiekin ere beste horrenbeste egin dute: “Irisgarritasun arazoak direla eta, zebra bide batzuk hobetu ditugu. Batez ere, eskola inguruetan zeuden pasabide batzuk konpondu ditugu, haiek aholkatuta. Zentzuzko gauzak eskatu dituzte”.

Adibide horiez guztiez gain, Leioako alkateak uste du “garrantzitsua” dela “gaur egun udaleko teknikariek ere kontuan izaten” dituztela umeen ideiak. Parte hartze hori are urrunago eraman nahi dute orain. “Hausnarketa prozesuan murgilduta gaude herriko aurrekontuetan haien parte hartzea ere kontuan izan ahal izateko. Aitzindariak izango gara horretan ere”. Espero dute gutxi barru lanketa eginda edukitzea eta umeen irizpideak aurrekontuetan kontuan hartu ahal izatea.

Hilean behin batzartu ohi da alkatea Umeen Kontseiluarekin. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek osatzen dute. Ikastetxe bakoitzetik ordezkari batzuk joaten dira. Gaur dute hurrengo hitzordua, kontseiluaren egoitza bihurtu den Ondiz dorrean.

Leioan ere eskolara lagunekin joateko proiektua ondu dute, Haurren Hiriaren barruan: Bizi Bideak. Umeek eurek diseinatu dituzte ikastetxeetarako ibilbideak. “Topagune batzuk jarri zituzten herrian. Bertan elkartzen dira adostutako ordutegian ikastolara eurak bakarrik joateko. Euren autonomian sakontzen dute horrela, eta herrian duten askatasuna lantzen dute”.

Alkateak azaldu du bera haurra zela ez zegoela arazorik herrian leku batetik bestera joateko. “Gaur egun, gure haurrei ez diegu ematen askatasun hori. Autoen arriskuak eta segurtasun arazoak direla eta, edo gurasoek larregi babesten ditugulako umeak, autonomia hori galdu dute”.