Istorioak jatorrizko bertsioan

Istorioak jatorrizko bertsioan

Ibai Maruri Bilbao

Erabili ezean, hizkuntzak herdoildu egiten dira. Datozen gehienak, bereziki, mintzapraktika egiteagatik etortzen dira”, esan du Mungiako udal liburutegiko arduradun Itziar Aurrek. Beste hizkuntza batzuk praktikatzeko aukera ez ezik, hizkuntza horietan egiten den literatura bertatik bertara ezagutzeko aukera dute Torrebillela kultur etxean elkartu ohi diren irakurketa taldeetan. Izan ere, haienean, euskarazkoaz eta gaztelaniazkoaz gain, ingelesezkoa eta frantsesezkoa ere badituzte: Talk Point eta Le Club izena dute. Lehen biek irailean hamalau urte beteko dituzte. Gero sortu zen ingelesezkoa. Le Club berriena da: hiru urte bete ditu aurten.

Hilean behin biltzen dira lau taldeetako kideak, urritik maiatzera bitarte. Aurre da egitasmoaren koordinatzailea, baina Talk Pointen eta Le Cluben kasuan ingelesa eta frantsesa ama hizkuntza duten gidari bat ere badute, hileroko saiook zuzentzeko.

Hileroko topaketan, koordinatzaileek hurrengorako hiruzpalau liburu proposatzen dizkiete, eta guztien artean aukeratzen dute zein irakurri beharko duten berriro bildu aurretik. Esate baterako, Le Cluben Serge Joncourren Nature Humaine eleberria irakurtzen aritu dira. “1980ko hamarkadako istorio bat kontatzen du, Tolosa [Okzitania] alboko herrixka batean jazoa. François Mitterrandek [Frantziako Errepublikako presidentea] boterea hartu zuen sasoia da. Ikusten da mugimendu antinuklearra. Frantzia nekazarian girotuta dago”, azaldu du Aurrek. Normalean nobedadeak irakurtzen dituzte, baina ez beti: berbarako, Talk Pointen, oraingoan, Graham Greenen The Tenth Man irakurri dute, 1985ean argitaratua eta II. Mundu Gerran girotua, naziek okupatutako Frantzian.

Jatorrizko hizkuntzan dauden argitalpenak erabili ohi dituzte solasaldietarako. Baina euskarazko eta gaztelaniazko irakurketa taldeetan, noizean behin, itzulpenak ere irakurtzen dituzte, beste hizkuntza batzuetan sortu diren lanak ere ezagutzeko.

Parte hartze librea

“Idazleaz hitz egiten dugu, istorioaz, testuinguruaz… Koordinatzaileak galdera batzuk egiten dizkigu, guk erantzun egiten dizkiogu, eta gure artean solasalditxo bat sortzen da. Hitzen batekin zailtasunak baditugu, elkarri laguntzen diogu”, azaldu du Aurrek. Beraz, hizkuntzaren oinarrizko ezagutza bat behar da. Ez dute ezer eskatzen parte hartzeko, eta, gura izanez gero, badago soilik entzutera joateko aukera ere. Baina uste dute, gutxienez, B2 maila izatea ezinbestekoa dela modu egokian parte hartu ahal izateko. “Ez diogu inoiz inori ezer esaten, baina jendeak ikusten duenean ez dela solasaldia ulertzeko eta hitz egiteko gai, ez da gehiago etortzen klubera”.

Mungiako udal agendan iragartzen dituzte hurrengo topaketak, baita zer libururen inguruan jardungo duten ere. Aurrek esan du, normalean, talde egonkorrak izaten diren arren, euskarazko taldera izena emanda ez dagoen jendea ere azaldu izan zaiela, liburuak erakarrita. Orain arte ez dute idazlerik gonbidatu, baina gustatuko litzaieke horretan hastea; agian, datorren urtean. Aurrek esan du horrek lan handiagoa duela, eta aurrekontu handiagoa ere beharko luketela. Hala ere, Liburuaren Nazioarteko Egunaren abaroan, azken egunetan Mungiako liburu azoka egin dute Matxin plazan, eta hilaren 17an Jon Arretxek liburutegian umorea eta literaturaren arteko harremanaz berba egin zuen. “Haren hainbat liburu irakurri ditugu euskarazko taldean, eta aprobetxatu dugu hitzaldia harekin egoteko”. Erakusketa bat ere ondu dute, pintxoak eta liburuen azalak lotzen dituena. Torrebillelan bertan dute ikusgai.

Talde bakoitzean 10-12 kide egonkorrak dira. Guztiak dira helduak, eta erretiratu batzuk ere badaude. Gehienbat emakumeak dira, baina Le Club da salbuespena: erdiak emakumeak eta beste erdiak gizonak. “Beti harritu nau horrek”, aitortu du Aurrek. “Seguruenik lanean frantsesa erabili dutenak izango dira, edo Frantziarekin harremana izan dutenak, eta orain ez dute hizkuntza galdu nahi”.

Gaur-gaurkoz Aurrek ez du aurreikusten beste irakurketa talderik sortzea. “Alemanezkoa? Italierazkoa? Arabierazkoa? Izan daiteke, eta seguruenik jendea erakarriko lukete, baina lan handia da. Oraingoz, hauek egonkortzearekin nahikoa dugu”.