Aitor Larrañaga: “Eukaliptoaren ondorioz, espezie asko galduko dira”

Aitor Larrañaga: “Eukaliptoaren ondorioz, espezie asko galduko dira”

Natalia Salazar Orbe

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Eukalipto landaketen ingurumen ondorioak EAEn eta inguruetan txostena osatu zuen Aitor Larrañaga Arrizabalagak (Zestoa, Gipuzkoa, 1979) Arturo Elosegi, Juan Arizaga eta Carlos Cabidorekin batera. Esan duenez, egun zientziak duen ebidentziarekin baso politikek “bide beretik jarraitzea larria izango litzateke”.

Zuen ikerketak ondorio argia atera du: eukaliptoa kaltegarria da bertoko basoetarako. Hori eztabaidaezina da?

Bai, ez dago zalantzarik. Edonondik begiratuta, eukaliptoak izugarrizko kalteak sortzen ditu gure natur baliabideetan. Oso aldagai desberdinak landu ditugu lan honetan, eta ez dugu aurkitu bakar bat ere eukaliptoaren landaketa defendatzen duenik.

Eukaliptoak landatuta dagoen lurzoruari egiten dion kalteari buruz hitz egin da asko, baina zuek ibaiak eta biodibertsitatea ere aztertu dituzue. Zeintzuk ondorio ditu horiengan?

Jaurlaritzak eskatu zigun aztertzeko biodibertsitatean eta ingurumenean orokorrean daukan eragina. Ondorio nagusia da eukaliptoak asko apalduko duela dibertsitatea, eta espezie asko eta asko galdu egingo direla landaketon ondorioz.

Zergatik gertatzen da hori?

Alde askotatik sortzen ditu kalteak, baina kalte nagusietako bat baliabide eta habitatei dagokiena da. Basoan sortzen diren hostoak, orbela, espezie askorentzako jakia dira. Eukaliptoaren kasuan, orbel hori oso toxikoa da. Espezie abila da belarjaleak saihesten, eboluzioak eman dion arma horri esker: toxikoak eta olioak metatzen ditu horretarako. Hosto horiek lurzorura edo ibaietara erortzen direnean, defentsa horiek oraindik hosto horiek babesten jarraitzen dute. Kontsumitzaileak jaten saiatzen dira, eta hil egiten dira, gutxiago hazi edo zuzenean ez dute jaten. Baliabiderik, bazkarik ez badago, ezin dira hor egon.

Eta ustiaketari dagokionez?

Espeziearen kudeaketa ere badago. Hemen landatzen diren dozena erdi eukalipto espeziek nahikoa bizi ziklo luzea dute. Papera egiteko iturri gisa du interesa. Beraz, ez dituzte uzten hazten pinua uzten den beste. Hamahiru edo hamabost urtean behin moztu egiten dituzte. Mozketak ere izugarrizko inpaktua dira ingurumenerako: kolpean, habitata zeharo aldatzen da, eta izugarrizko erosio tasak sor daitezke; ibaietan eta lehorreko faunan bistakoak diren eragin negatiboak dira. Gainera, eragin horien maiztasuna hamabost urtean behin gertatzeak eragiten du ezin garatu ahal izatea eremu horietan baso zaharretan ohikoagoak diren espezieak. Eukaliptoa gertuago dago nekazaritza praktika batetik, basogintza praktika batetik baino.

Biodibertsitatean duen eraginaz gain, ondorioztatu duzue eukaliptoak landatzearen ondorioz uholdeak sarriago gerta daitezkeela eta suteetarako arriskua ere handiagoa dela.

Uholdeak eta lehorteak, biak sortzen ditu. Bitxia da eukaliptoaren kasua. Batetik, biomasa asko pilatzen duen espezie batek ur asko behar du. Horrez gain, eukaliptoak dauzkan olio eta toxiko horiek hostoetatik lurzorura erortzen direnean, lurzoruan geruza iragazgaitz bat sortzen dute. Ondorioz, urak, lurzorura infiltratu beharrean, gainazaleko isurketa handitzen du. Horren eraginez, euria egiten duenean, ura, lurzoruan sartu eta mantso-mantso jaitsita erreketara iritsi beharrean, zuzenean maldan behera joaten da. Beraz, euria egiten duenean, oso ordu gutxiren buruan emariak izugarri hazten dira, ur guztia ibaietan eta erreketan baitaukagu. Gainera, ur hori gainazaletik joaten denez, materia organikoa eta lurzorua garraiatzen ditu. Ondorioz, errekak marroi ikusten ditugu. Bestalde, lurzoruan ez denez ur askorik sartu, euria geratzen denean lehortea izaten dugu. Bi muturrak anplifikatzen ditu: uholdeak handiagoak dira, eta lehorteak sarriago gertatzen dira eta luzeagoak dira.

Eta suteei dagokienez?

Eukaliptoa, jatorriz, Australiakoa da. Han suteak oso arruntak dira. Beraz, espezie hori suteetara egokituta dago. Suteetan bizirik irauteko gaitasuna dauka. Sute baten ondoren, benetan gogorra izan bada, barrenetik edo sustraietatik berriro irteteko gaitasuna dauka. Hemengo eukaliptoaren kudeaketa horretan oinarritzen da: landatzen da behin, eta moztu egiten da gero, baina sustraiak uzten dira, eta horietatik berriro ateratzen da zuhaitza. Bospasei ziklo egiten dituzte horrela. Ziklo horiek bukatuta, errotik ateratzen da, eta landare berria landatzen da. Erraz hartzen du su. Gainera, landatzen diren eukalipto espezie gehienek zerrendatan askatzen den azala dute. Haizeak azal horiek eraman ditzake, eta oso erraz zabaltzen dute sua beste zuhaitz batzuetara. Hala ere, zaila da datuekin frogatzea suteetan arazo larriagoak sortzen dituztela. Izan ere, ez da sortzen sutea aldi berean eukaliptoa bakarrik dagoen eremu batean eta baso autoktonoa bakarrik dagoen beste batean, konparazioa egiteko. Hala ere, mekanismoa zein den badakigu, eta argi dago suteetan arazoak sor ditzakeela.

Orain arteko baso politikek erraztu egin al dute eukaliptoa landatzea?

Eukaliptoak pinuak baino klima lehorragoa behar du. Isurialde atlantikora Galiziatik, Asturiastik eta Kantabriatik etorri zaigu. Bizkaia hortik gertu egonik, sartzen utzi zaio. Bizkaian izugarri hedatu da espeziea. Ikerketa asko eta asko duela hiru hamarkadatakoak dira. Bazegoen jada ebidentzia bat sortzen duten kalteari buruzkoa. Hala ere, arlo jakin batzuetan soilik zeuden ikerketak. Kudeatzaile batentzat zaila zen ondorio orokorrak ateratzea eta ekonomiaren pisu horri aurre egitea ikerketa gutxi haiekin. Gure lanean, ehun ikerketatik gora jaso ditugu Iberiar penintsulakoak bakarrik, eta alderdi askotarikoak jorratzen dituztenak. Lehen egin den politikari dagokionez, bai, egin zitezkeen planteamendu hobeak. Zientziak gaur egun daukan ebidentziarekin, larria izango litzateke bide beretik jarraitzea.

Iaz aurkeztu zenuten ikerketa Eusko Legebiltzarrean. Zer erantzun izan du?

Dokumentua 2020ko urtarrilean aurkeztu zen. Nahikoa erresistentzia izan genuen. Batik bat zenbait sailek nahiko kritikatu zuten lana, eta bidali genuen unean ez zuten argitaratu. Artikulua Munibe aldizkarian ateratzeak eman zion bultzada. Batzorde txiki bat ari da gai honen inguruan lanean.

Galizian, mugatu egin dituzte eukaliptoa landatzeko eremuak. Hori izan daiteke bidea?

Bai. Erabaki behar da non eta nola landatu. Suteei buruz ari bagara, zer distantzia minimotara landatu behar diren etxeetatik; uholdeei buruz ari bagara, finkatu zer errekatan; erosioari buruz ari bagara, zer malda izan beharko lukeen gehienez eukaliptoa landatu ahal izateko. Ironikoa dirudien arren, askotan zailagoa da natur baliabide ugari duten herrialdeetan erabaki hauek hartzea, guztiz kaltetuta daudenetan baino.