“Gizatasunaren isla bat da Beethoven”

“Gizatasunaren isla bat da Beethoven”

Maialen Arteaga

Cuarteto Quiroga harizko musika tresnak jotzen dituen taldeko kidea da Josep Puchades (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1980). Laukotearen proiektua lanarekin batera uztartzen du. Egun, Musikene goi mailako musika ikastegiko biola irakasle da. Igandean Getxoko Musika Eskola Irekian kontzertua emango dute.

Nola definituko zenuke zuen taldea?

Harizko musika tresnen laukote bat da, musika klasikoa edo ganbera musika lantzen duena. Taldea bi biolinek, biola batek eta biolontxelo batek osatzen dugu. Harizko laukotea musika klasikoaren osaketa esanguratsuenetako da. Musika klasikoko konpositore gehienek egitura honetarako diseinatu izan dituzte beraien obrak.

Nola sortu zen zuen laukotea?

Taldeak 18 urte ditu dagoeneko. Bi biolin jotzaileek Espainiako Musika Eskolan egin zuten topo, eta, hortik, musika elkarrekin jorratzeko ilusiotik abiatuta talde bat sortzea erabaki zuten. Ni naiz taldekiderik berriena; hamar urte daramatzat.

Zein da zuen laukotearen berezitasuna?

Konpositorearen jatorrizko partitura ukiturik gabe helarazten saiatzen gara. Musikariak partitura konposatzeko momentuen bertan izan zitzakeen asmoak eta sentimenduak osotasunean errespetatzen ditugu. Horregatik, estiloa, harmoniak eta forma xehetasun osoz zaintzen ditugu. Badakigu izaki subjektiboak garela, eta gu partitura hori interpretatzen gabiltzan momentutik gure aletxoa jartzen dugula, baina gure ahaleginak horretan datza: ikusleak konpositoreak buruan zeukana ahalik eta modu zintzoenean sentitzea.

Zuen taldearen izena Manuel Quiroga biolin jotzaileari egindako omenaldi txiki bat da. Quiroga musikariaren zantzuak nabari daitezke zuengan?

Guk ez dugu guk geuk sortutako obrarik jotzen. Gu ez kara konpositoreak, beste artista batzuen obrak interpretatzen ditugu. Beethoven eta Joseph Haydn bezalako musikarien lanak apur bat moldatzen ditugu, baina, batez ere, XVIII. mende hasierako artisten obrak jotzen ditugu, mende hartan hasi baitziren harizko laukoteentzako lanak konposatzen. Hala ere, urtero gaur eguneko konpositoreen lanak ere lantzen ditugu.

Taldearen izaera berritzailea azpimarratu da askotan. Nola egiten duzue musika klasikoari kutsu berritzaile hori emateko?

Gure emanaldiak freskoak eta zuzenak izan daitezen saiatzen gara, baina, aldi berean, jatorrizko partiturarekiko errespetua mantenduz. Esan daiteke ohikoa dela autoreak konposatutakoaren gainetik egiten den musika, eta, azken batean, guk ez dugu hori egiten. Bestalde, musika klasikoa ohiko markoetatik haratago zabaltzen saiatzen gara: ospitaleekin egin dugu lan, kartzelaren batean ere jo izan dugu, ikastetxeetako bidaietan hartu dugu parte, museoetan ere bai… Gaur egun, musika klasikoa hedatzeko, beharrezkoa da horrelako espazioetan aritzea.

Zer ikusiko dute Getxon zuek ikustera doazenek?

Beethovenengan ohikoa den bezala, aldaketaz, maitasunez, minez eta amorruz betetako musika izango da. Beethoven gizatasunaren isla bat da. Horretan haridun laukoteek puntu bat dute alde: publikoa gertu dagoela. Modu horretan ikusleak ikuskizunaren parte bihurtzen dira, haien isiluneen arabera jotzen baitugu guk. Orain publikoa urrunago dagoen arren, kulturaz gozatzeko nahiak urruntasun hori bigarren mailan uzten du.