“Elbarriei eskubideak urratu zaizkie konfinamenduan”

“Elbarriei eskubideak urratu zaizkie konfinamenduan”

Ibai Maruri Bilbao

Argia Bizkaiko ostomizatuen elkarteko kidea da Maria Eugenia Ibero (Bilbo, 1943). Fekoor Bizkaiko elbarrien elkarteen federazioa osatzen duten 18 elkarteetako bat da Argia, eta Ibero, Argiakoen ordezkari Fekoorren. Federazioko presidente izendatu berri dute, eta joan den domekan izan zen bere lehen ekitaldiaren buru, Fekoorrek urtero ospatzen duen jaia: “Ezinbesteko ekitaldia da gure egoera eta gure bizitza gizartean ikusgarriago egiteko, eta, egoera den bezalakoa izan arren, hemen jarraitzen dugula erakutsi gura izan dugu oraingoan ere”. Aurtengoa jai birtuala izan da, baina, hala ere, ozen egin zuen berba Bizkaiko elbarri eta ezinduek pandemia garaian bizi izan dituzten zailtasunak salatzeko.

Jai birtuala egin duzue, baina dagoeneko ez da kontu berria: Fekoorren lana ere azken hilabeteetan oso birtuala izan da. Zelan moldatu zarete?

Federazioaren funtzionamendua erabat birtuala izan da. Bilerak eta horrelako guztiak Skype bidez egin behar izan ditugu. Gure arteko hartu-eman zuzenik ez dugu izan ia hilabeteotan.

Federazioaren kudeaketak eskatzen duen lanaz aparte, elkarteetako kideek jasotzen duten arretan ere nabarituko zen pandemiaren eragina, ezta? Hori salatu zenuen domekan.

Gure kideek hainbat laguntza eta terapia jasotzen dituzte, euren autonomiari eusteko edo hori lortzeko. Baina horiek guztiak eskaintzeko zailtasunak izan ditugu. Egin kontu aste askotan denok gure etxeetan bakartuta egon behar izan dugula, kalera irten ezinik. Beraz, gure kide diren elbarriak ezin izan dira irten elkarteek eskaintzen dizkieten zerbitzu eta arreta horiek jasotzera, eta elkarteetatik ere ezin izan da euren etxeetara joan. Familia edo zaintzaileak dituztenen kasuetan, haiek eman diete arreta, ahal izan duten moduan. Eta bakarrik bizi direnak inoren laguntza barik moldatu behar izan dira.

Egoera horrek eragin handia izango zuen haiengan eta familiengan, ezta?

Sekulako zama sentitu dute ingurukoek, ez soilik elbarriek. Gure elkarteetako kideei oinarrizko eskubideak urratu zaizkie, eta orain arte lortu duten bizimodu independentea erabat mugatu zaie. Adibidez, egin kontu gurpildun aulkian dabilen pertsona bat, eguneroko bizitzan zaintzaile baten laguntza jasotzen duena: etxean erabat isolatuta eduki dugu hainbat astetan. Badira bakarrik irten daitezkeenak ere, noski. Etxebizitza asko eta asko ez dira irisgarriak oraindik ere.

Erreabilitazio tratamenduak ere bertan behera geratu dira. Zer arrisku dakar horrek?

Tratamendu hori jasotzen duen elbarriak edo ezinduak atzera egin dezake, edo izan beharreko bilakaeran ez atzera ez aurrera geratu da. Pentsa zer izan daitekeen eurentzat hilabete oso batez edo denbora gehiagoz ezinbestekoa duten tratamendua jaso gabe geratzea. Zaintza asko behar dituzten pertsonak dira.

Erakunde publikoek hartu al dute kontutan elbarriek zer behar izan dituzten konfinamenduan?

Etxean bakartzeko erabakia hartu zenean, ez ziren kontutan hartu. Alarma egoeratik faseka irteten hasi ginenean ere ez. Oro har, erabat ahaztu dituzte elbarrien eta mendekotasunak dituztenen premiak. Adibidez, zentroetan bizi direnei oraintsu arte ez zaie kanpora irteten utzi. Espetxean bezala egon dira, eta badituzte sozializazio beharrak; euren paseoak egiteko premia. Bisitarik ere ez dute jaso. Oso larria iruditu zitzaigun erabakia. Baina orain poztu gara kalera irtetea baimendu delako. Erabaki okerra zuzendu izana ere aitortu diegu erakundeei.

Ikusitakoak ikusita, zer eskatzen diozue orain administrazioari? Zein dira zuen aldarrikapenak aurrera begira?

COVID-19ak larriagotu egin ditu elbarriek bizi duten isolamendua eta babes materialaren falta. Denbora honetan guztian nabarmen ikusi da hori. Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela indarrean dauden araudiak aztertzea eta egokitzea. Bestek beste, zaintza arloan dagoen babes ekonomikoa handitu behar da. Etxebizitzen irisgarritasuna bermatzeko ere laguntza gehiago behar dira. Hezkuntza eta osasun inklusiboak behar ditugu. Eta elbarrien lan munduratzea indartu behar da. Osasun larrialdiak erakutsi du elbarrien premiak ikusezinak izan direla orain arte. Hein handi batean, lehendik ere bagenituen aldarrikapenak dira, bai, baina ohartu gara ikusezinak izan direla orain arte, eta pandemiari esker argitara atera direla.

Udaberriko isolamendua eta indarkeria oso lotuta egon direla ere salatu duzue Fekoorretik.

Neskatila eta andre elbarrien artean indarkeria sufritzeko arriskua areagotu dela nabaritu dugu. Etxeetan bakartuta egon dira. Normalean, erasotzailea etxekoa izaten da, eta etxe barruan errazagoa da ezkutatzea. Biktimak zaurgarriagoak dira, eta kanpokoak ez dira ohartzen barruan zer gertatzen ari den. Ikusi dugu indarkeria gehiago egoteko baldintzak bete direla.

Elbarrien enpleguan ere ipini duzue azpimarra.

Baina ez enplegu berezituan, ohiko lan munduan baizik. Ikusi dugu elbarriek gainontzekoek baino zailtasun gehiago izan dituztela lan merkatura sartzeko eta enpleguari eusteko, osasun larrialdiaren ondorioz sortutako krisialdi ekonomikoan. Eusko Jaurlaritzak enplegu berezituen aldeko apustua egin du bereziki: 55,6 milioi euroren inbertsioa egin du arlo horretan, eta ohiko enpleguan, berriz, 700.000 euro. Guk kontrara egitea gurago dugu: ohiko lan merkaturatzea hobesten dugu Fekoorren.