Txikiagoa, baina bizia

Txikiagoa, baina bizia

N. S. O.

Lea Artibaiko Urriko Azoka Nagusia ere ez da egongo aurten, COVID-19aren ondorioz. Ekitaldia antolatzen duten Lea Artibaiko Landa Garapen elkarteak eta udalek bertan behera uztea erabaki zuten, azokan lagun asko batzen direla jakitun. Horren ordez, aurten azoka txikiagoa egingo dute Markina-Xemeingo frontoian: Lea Artibaiko Elikagaien eta Artisauen Eguna egingo dute, hilaren 10ean.

Ibon Goitia Lea Artibaiko Landa Garapen elkarteko teknikariaren arabera, azoka antolatzea erabaki zuten baserritar eta ekoizle askoren salmenta zuzenerako bide nagusia azokak direlako, eta orain “horiek murriztu egin direlako”. Ortuariak, baserriko ogia, Idiazabal gazta, txerrikiak, eztia… Azoketan egon ohi diren “ohiko kalitatezko produktuak” aurkituko dituzte bisitariek hamasei erakuslekutan. Hiruzpalau artisau ere egongo dira. Ekoizle guztiak eskualdekoak izango dira.

Lea Artibain lehenengo sektoreak eta elikagaien enpresak duten garrantzia azpimarratu du Goitiak, eta azokaren xedeak aletu ditu: “Helburuak dira, besteak beste, bertoko produktuak erosteko kontsumitzaileak kontzientziatzea; baserritarrak kalitatezko produktuak lortzera bultzatzea; elikadura komunitatea sortu eta indartzea; euskal arraza eta kalitatezko abeltzaintza sustatzea eta eskualdea bera sustatzea”.