“Beharrezkoa ikusten dugu bertso saioak antolatzea”

“Beharrezkoa ikusten dugu bertso saioak antolatzea”

P.A.D

Uztailean izendatu zuten Belate Olabarria (Orozko, 1979) Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari. Martxoan zen kargua hartzekoa, baina, koronabirusaren ondorioz, uztailera atzeratu behar izan zuten. Hain zuzen ere, osasun larrialdiak baldintzatutako ikasturteari egin beharko dio aurre aurten elkarteak; ikastetxeetako egoerari adi eta plazak osasun neurrietara egokituz.

2017tik diharduzu Bizkaiko Bertsozale Elkartearen zuzendaritza taldean. Nola heldu zinen bertara?

Orozkoko eskolan hasi nintzen 12 urte nituela. Gerora, eskolatik saioetara joaten eta jendea ezagutzen hasi ginen, eta hor garatu nuen bertsoekiko afizioa. 2014an, urte hartako Bizkaiko Txapelketan aritu nintzen gai jartzaile, eta, geroztik, edizio guztietan aritu izan naiz. 2017an zuzendaritzan sartu nintzen eskualdeko informazioa eraman eta kudeaketarekin laguntzeko. Handik gutxira, Asier Ibaibarriaga orduko lehendakariak lekukoa emateko garaia zuela azaldu zigun, eta, azkenean, niri egokitu zait haren tokia hartzea.

Une korapilatsu batean hartu duzu kargua. Zein da testuinguru honetan elkartearen erronka nagusia?

Testuinguru berrira egokitzea eta elkartearen proiektu osoa, hau da, Bizkaiko bertso munduaren ekosistema osoa kontrolpean edukitzea. Askotan jotzen da bertsolariarengana zuzenean, baina beste hainbat gauza ere izan behar dira kontuan: gai jartzaileak, bertsozaleak, bertso saioak, antolakuntza lana, irakasleak, ikasleak… Ekosistema hori bere osotasunean zaindu eta denok gustura egoteko bermeak jarri nahi ditugu martxan. Horren barruan, plazari berebiziko garrantzia eman nahi diogu.

Zergatik plaza?

Beharrezkoa ikusten dugu bertso saioak antolatzea, eta, horregatik, ahalik eta gehiena egiteko erronka jarri diogu geure buruari. Azken batean, hori behar dute bertsolari gazteek. Horri esker engantxatzen dira. Hori dela eta, saioak egokitu eta, ahal den heinean, mantendu nahi ditugu, betiere egoera berrira egokituz.

Bizkaiko bertsolaritzaren egoera nolakoa dela esango zenuke?

Azkenengo datuei erreparatuta, bertsolari gazteen kopuruak gora egin duela ikus dezakegu; batez ere, bertso eskoletan egiten den lanari esker. Horregatik planteatu behar izan genuen sailkapen fase bat txertatzea udaberrian txapelketan. Urtero ateratzen dira bertsolari berriak, eta lekua egin behar geniela ondorioztatu genuen.

Zaletasuna, beraz, hazten ari da, ezta?

Eskoletan, emaitza ona da, eta kopuruak gorantz doaz. Hala ere, hutsune bat dugu 15 urtetik 18 urtera bitarteko adin tartean. Hor, nerabezaro garaian, kopuruak jaisten direla ikusten ari gara. Zailtasunak ditugu Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara salto egitean.

Saioak antolatzeko zailtasunik izaten duzue?

Zailtasun handiak ditugu instituzioetatik finantzabidea lortzeko. Elkartearen lana boluntarioei esker aurrera ateratzen badugu ere, saioak-eta antolatzeko finantzabide bat behar dugu halabeharrez, eta horretan hankamotz gabiltza.

Nola eragingo du pandemiak elkartearen aurtengo jardunean?

Kontua da gure lanaren zati oso handi bat ikastetxeetan garatzen dela, eta, beraz, haien menpe gaudela erabat. Gure esku dauden egokitzapen guztiak egiten ari gara, baina zalantza asko daude oraindik. Oraingoz, ez dugu albiste oso txarrik izan. Ikastetxeren batek jakinarazi digu ez duela bertsolaritza eskolak emateko intentziorik, baina, oro har, mantendu egin dira gehienak. Oraingoz, ez gaude ezkor, baina, hori bai, beldurra hor dago… Ez dakigu zer gertatuko den, eta baliteke zentro batzuetan bertsolaritza alboratzea.

Zer egokitzapen egin dituzue?

Langileak buru-belarri dabiltza protokoloak diseinatzen ikastetxeen beharretara egokitzeko. Alde handia egon ohi da ikastetxe batetik bestera, eta horri aurre egiteko prest egon behar gara. Formakuntza hartzen ere ari dira; klaseak era telematikoan eman beharko balira ere, adibidez.