Pertsonaien ehiztaria

Patxo Telleria

Pertsonaiak ehizatzen ditut. Deitu ehiztari, tranpero edo soldatapeko hiltzaile, niri bost. Gero pertsonaiak larrutu eta morroi bati saltzen dizkiot, nizkion, gidoilari edo antzerkilari, ez dakit ondo, Patxo, ez duzue ezagutuko, munduko zilborra zela uste zuen arren.

Nik pertsonaiak saltzen nizkion, pisutan. Haiekin zer egiten zuen, ez zen nire kontua. Ea zergatik ez ditudan nik erabiltzen ehizaturiko pertsonaiak, galdetu didate inoiz, beste bati saldu beharrean. Hori besterik ez nuen behar. Ez naiz burueretxi horietako bat. Gainera, imaginaziorik ez daukat. Ehiztaria naiz. Kitto.

Ez da lanbide erraza. Ehiztari ni baino zaharragoek diotenez, pertsonaia interesgarriak desagertzen ari dira. Behinola aukeran topatzen ziren, xelebreak, krudelak, heroikoak, zitalak, basatiak, harrigarriak… Aniztasuna galdu omen da, telebista dela, Interneta dela… Ez dakit, nik ez ditut lehengo garaiak ezagutu.

Bolada txarra pasatzen ari naiz. Ez naiz negarrez hasiko, nahikoa izango duzue zuenarekin. Baina, joder, aspaldi honetan jarritako tranpa guztiak hutsik, lakioak alferrik zintzilika… Baldin eta pertsonaiarik geratzen bada bazterrotan, ederki ezkutatuta daude, kabroiak. Edo nire usaina sumatzen ikasi dute eta ihes egiten didate hurbildu orduko. Aluak.

Eta hain justu orain deitu behar zidan morroiak, ez dakit nongo egunkaritako zutabe ziztrin bat idazteko deitu ziotela, pertsonaien galeria bat egiteko asmoa zuela eta hamabostero pertsonaia bat eraman beharko niola. Ezinezkoa zela esan nion, ez neukala batere eta nekez aurkituko nituela eskatutako erritmoan. Modu onean esan nion, eta ez zitzaidan ba harrotu, sasikoa. Ez zuela sinisten eta ea besteren bati saltzen hasita nengoen, ez bizkarrik emateko, bestela damutuko zitzaidala.

Eta orduantxe sudurreratu zitzaidan usaina. Nire muturren aurrean neukan pertsonaia bat. Profila marraztu nuen kolpe batez: antzerkilari bat, egunkari bateko zutabea idazteko proposamena jaso duena. Ez da bere ofizioa, ez da inoiz narratibaren arloan aritu, eta gaindituta sentitzen da, dezepzionatzeko beldurrez. Ez da jada gaztea, aukera gutxi sortuko zaizkio hemendik aurrera eta ez dauka huts egiterik. Antsietatea sumatu nion berehala, horregatik jarri zitzaidan sutan, normalean otzan eta lasaia bazen ere. Bizitzaren lehian aurrera egiteko ahaleginean dagoen kume ikarati bat zen. Konpetentziaren zingiran ez itotzeko ahaleginetan besakada zantarrak ematen dituen giza aberea.

Joder, sinpatia pixka bat sentitu nuen morroiarekiko. Azken finean, horiexek dira nire beldur berberak. Baina ez dira garai onak bigunkerietarako. Pertsonaia on bat neukan eta zakuratu beharra nuen. Begietan sumatu zidan nire asmo makurra, eta begietan sumatu nion berak ideia berbera zuela, alegia, neu ere banaizela pertsonaia on bat, bere lehenengo zutaberako aski egokia, pertsonaien ehiztari bakarti eta basatia, garai hobeak ezagutu dituena.

Nik egin nuen tiro aurrena. Indarge erori zen lurrera, mesedez ez errematatzeko eskatuz. Berari entzundako zerbait gogoratu nion, lasai egoteko, pertsonak hiltzen direla baina pertsonaiak betirako bizi direla, irakurle edo ikuslerik baldin bada. Ez zion graziarik egin ironiak, ez dakit zergatik. Keinu baldar batez eman zuen azkeneko hatsa.

Hor duzue pertsonaia: egin berarekin nahi duzuena. Ez dut hari buruzko istoriorik idatziko; esan dizuet ez dudala imaginaziorik… ezta gogorik ere.

Gustu baduzue, hamabostero ekarriko dizuet pertsonaia bat. Baldin eta haren larruagatik ordaintzen badidazue, jakina.