Erre-paso bat urteari

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Itzultzaile neuronalak eta neuronarik gabe hartutako hamaika erabaki ekarri dizkigu 2019ak. Utzi dizkigu ETB1eko rantxera mexikarren gau amaigabeak eta euskarazko fikzioaren alde egindako eskari amaiezinak. Ikusi ditugu hamar metrotik gorako olatuak eta Greta Thunbergek gidatutako marea bizia. Ekarri dizkigu intermodala eta munduko hiritar izatearen moda. Utzi dizkigu motxiladun umeak eta motxila beteegi duten familiak. Utzi digu itsaso bete gorpu eta gorpuaren garrantzia azalaren arabera neurtzen duen jendea.

Oparitu digu Simone de Beauvoirren Bigarren sexua liburua euskaraz, eta utzi digu nahi duenarekin sexua izateko eskubidea duela uste duen jendilajea. Ezagutu ditugu pailazo maitagarri batzuen beldur diren politikariak eta pailazokeria inkontzientean profesionalak diren agintariak. Askatasun egunak kendu dizkiete Altsasuko gazteei eta inoiz baino altsasuar gehiago dago Euskal Herrian. Erresuma Batuak egin du brexit-erako bidea eta Kataluaniako Tsunami Democraticek ere erreklamatu du exit-erako eskubidea. Utzi digu emakume futbolarien greba, eta ardurarik hartu gura ez dutenek baloia eskuz esku pasa diote elkarri. Ekarri du De Miguel auziko epaia eta ustez kudeatzaile eredugarri direnen lotsa.

Espainiako Gobernua osatzeko bi hauteskunde izan dira, eta bien bitartean diktadore baten hautsek gobernatu dute giroa. Gipuzkoako erresidentzietako grebak 150 egunetik gora batu ditu, eta zaintza erdigunera ekartzeko ahaleginek ez dute etenik izan. Deseraiki eta eraldatu nahi duenarentzat salda badagoela erakutsi digute, eta batzuei salda kontrako eztarritik joan zaie. Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute, eta oraindik ere, basoa erdi beteta ikusten du Frantziak. Kaleak bete dituzte pentsio duinen alde eta gobernuek arazoaren albotik egin dute alde. Utzi dizkigu pintada faxistak, eta bihurtu dute faxismoa iritzia emateko eskubide. Utzi digu listeriosia, eta argi ikusi dugu komunikabideek histeria soziala kontrolatzeko duten boterea.

Bete da BEC lanpostu publiko bat desio duen jendez, eta utzi digu ikerketa beka lotsagarriekin lan harrigarria egiten duen jendea. Urteak Rosaliari begira jarri gaitu, eta Tangana genuen etxean. Gorakada orokorra izan du eskuin muturrak, eta ohartu gara horri aurre egiteko muturra okertzea baino gehiago egin beharko dugula. Izan dugu AHTaren obren jarraipena eta abiadura handiko berotegi efektua. Oparitu digu Egunean Behin jolasa eta egunean eguneko euskalgintzaren lan eskerga. Utzi dizkigu matxismoak eraildako emakumeen odol putzuak, eta odola ikusi arte nekez mugitzen den sistema.

Utziko dizkigu turroia eta behar ez ditugun argiz betetako kaleak, ikusiko ditugu paper kontainerrak Amazoneko kutxetan itotzen, askok kalean egingo dute lo, edango dugu behar baino gehiago, batzuek telebista itzaliko dute bakardadearen izenean, eztabaidatuko dugu mantelaren ertz batetik bestera, topa egingo dugu denon osasunaren alde, bat baino gehiago arituko da familiaren alde eta norbere buruaren kontra… Eta ohartzerako, joan egingo da 2019a.

2020rako dituzuen asmo pertsonalen zerrendan gehitu ezazue asmo kolektibo bat. Bat bakarra. Eta ekin. Bidean elkartuko gara. Urte berri on.