Tren geltokia, museo

Tren geltokia, museo

Ibai Maruri Bilbao

Trenbidearen Lagunen Bilboko Elkartearen aldarrikapen historikoa da: “Bilbok, Bizkaiak, trenbidearen museo bat behar dute”. Elkarteko lehendakariorde Javier Garciak gogoratu du Ametzolako trenbideak lurperatu zirenean inguru hura leku aproposa iruditu zitzaiela, eta Bilboko Udalak ere begi onez ikusi zuela proposamena. 1996ko osoko bilkura batean onartu zuten alderdi politiko guztiek aho batez tankera horretako museo baten premia. “Trena Bizkaiko ekonomiaren eta gizarte garapenaren motorra izan da urte luzez, eta aitortza hori merezi du”. Atxuriko tren geltokiak joan den irailean utzi zion trenak eta bidaiariak jasotzeari. Uste dute eraikina eta inguruan geratuko diren trenbideak leku ona izan daitezkeela. Egunotan Bilboko Eliz Museoan ikusgai jarri duten erakusketa aprobetxatuko dute euren eskaera berresteko. Euren aldarrikapenarekin liburuxka bat banatuko diete erakusketara joango diren bisitariei.

Garciak esan du elkarteak urte luzez eskuratu, zaindu eta mantendu duen material garrantzitsua duela. Besteak beste, XIX. mendeko lokomotor bat dute, 1882koa. “Uste dugu horrek guztiak museo batean egon behar duela ikusgai, herritarrek ezagutu eta gozatu dezaten”. Azpeitiko (Gipuzkoa) Trenbidearen Euskal Museoa ireki zenean, akordio bat egin zuten, eta hara eroan zuten euren materiala behin-behinean. “Asmoa zen Bilbora bueltan ekartzea, hemengo museoa irekitzean”. Baina oraindik ez da museorik egin. Dena den, gaur egun material hori guztia elkarteko kideen eskuetan dago, ez Azpeitian.

Elkarteko kideak ez dira Atxuriko tren geltoki zaharra begiz jo duten bakarrak. Eusko Trenbide Sareak da ugazaba. Euskotrenen lineak kudeatzeko gunea du eraikinean, eta eremu hori handitu nahi du. Horrez gainera, tranbia Atxuritik Boluetara arte luzatzeko erabiliko dute geltoki atzeko trenbidea. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzaren mendeko enpresa publikoak uste du ez dagoela gehiagorik egiteko lekurik. Horrez gainera, Atxuriko Lokomotorak elkartea ere badago leku eske: auzoak espazio publiko falta duela salatu izan dute sarritan, eta iruditzen zaie geltokia izan daitekeela konponbidea. Lokomotorak elkarteko kideek ez dute begi onez hartu museoa sortzeko proposamena. “Gure ustez, zalantza barik, Atxuri da tokirik aproposena, trenbideari esker museo bizia egin dezakegulako, trenez bidaiak antolatu ditzakeena Donostiara edo Bermeora”.