Iragana oroituz, geroaren atea ireki

Iragana oroituz, geroaren atea ireki

Natalia Salazar Orbe

Bero handia zegoen, sabaia oso baxua zelako. Ez zegoen aireztatze sistemarik. Ezta argirik ere. Minutu gutxira zail egiten zen arnasa hartzea. Airea arnasten saiatzen nintzen, baina ez zen iristen biriketara. Itota hilko ginela pentsatu nuen. Eraikitzen ari zirela erori zen babeslekua ere gogoan nuen, eta ikaratu egin nintzen, lehergailu bat gainean eroriz gero zer gerta zitekeen pentsatuta”. 1937ko apirilaren 26an Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen Luis Iriondoren oroitzapenak dira. El chico de Gernika lanean jaso zituen. Datozen egunetan Gernikako Bakearen museoak babesleku horietara egingo dituen bisitetan parte hartzen dutenek norbere erraietan sentituko dituzte beldur eta estutasun horiek. Hegazkinen erasoen aurkako babeslekuak eta herrian bonbardaketa eta biktimak gogoan egin diren monumentuak ezagutzeko ibilbideak jarri dituzte martxan bertan.

Bisitarien gogoeta ere eragin gura dute ibilbide horiek. Hala azaldu du Idoia Orbe museoko Hezkuntza teknikari eta gidak. “Gaur egun ere, oraindik era horretakoak pasatzen dira. Nahi dugu hausnar dezaten guk zer egin dezakegun horien aurrean”.

Eginbehar horixe hartu baitu museoak. 1998an zabaldu zuten bonbardaketan gertatutakoak azaltzeko. Handik gutxira erabaki zuten historia museoa bake museo bihurtu behar zutela. “Ez gara geldituko biktimismoan edo martiriak izaten. Gerra edo indarkeria erabili gabe, gauzak konpontzeko mila modu daudela esan nahi genuen”.

Bizipen horietara gerturatzeko asmotik abiatu zituzten babeslekuen bisitak, iaz. Oraintsu, berriz, Monumentuak eta Memoria bisita gidatuak jarri dituzte martxan. 1980ko hamarkadatik gaur egunera Gernikako biktimak omentzeko egin diren monumentuen errepasoa eta horien historia aztertuko dituzte. Maiatzean herriaren berreraikuntza ardatz duen ibilbidea hasiko dute. Eta uztailean, azkenik, Picasso eta Gernika margolana izango dituzte aztergai. Memoritour Gernika proiektua osatzen dute laurek.

BABESLEKUAK

5.000 biztanle inguru zituen Gernikak 1936an, gerra hasi zenean. Kale estuek eta egurrezko egitura eta adreiluzko hormak zituzten etxeek osatzen zuten herri zaharra. Industria jarduera anitza zegoen: makineria, arma eta mahai-tresna lantegiak, urregintza, zerrategiak, zapatila lantegi bat eta txokolate eta gozokiak egiteko fabrika ere bai. Astelehenak ziren asteko egun handiak. Merkatua egiten zuten herrigunean egun horietan. Pasealekuan elkartzen ziren emakume baserritarrak. Gaur egungo Juan Kaltzada kalearen bestaldean, berriz, ganadua jartzen zuten.

1937ko apirilaren 26a ere horietako egun bat izan zela azalduko dute ibilbidean. Bakearen Museoaren aurrean emango diote hasiera bisitari. Garai hartan Gernika zer-nolakoa zen azalduko dute, argazki zaharrez baliatuta. Andra Mari eliza erreferente bihurtuko da irudi horietan. Bonbardaketetatik salbatu zen, eta gaur egun han jarraitzen du, zutik.

Gerraren bilakaerari erreparatuta, babeslekuak eraikitzeari ekin zioten herrian. “Defentsa pasiboa egiteko agindua emanda zegoen. Hau da, herritar guztiak babesteko lekuak eraikitzeko agindua. Eraikuntza horiek egiteko lanak bereziki azkartu zituzten 1937ko martxoaren 31n Durango bonbardatu zutenean”.

Babesleku publikoak eraiki zituen udalak, baina enpresek ere egin zituzten euren kabuz, pribatuak, euren langileak babesteko. Udaletxearen eraikinean egin zuten bat. “Andra Mari kalean beste bat eraikitzen ari ziren, baina bukatu gabe zegoen, eta bonbardaketan apurtu egin zen. Barruan zegoen jenderik gehiena hil egin zen”.

Pasealekura abiatuko dira handik. Babeserako lau tunel eraiki zituen udalak bertan. Horietako bi barrutik ikusteko aukera izango da. Bonbardaketen unean han barruan zeudenek zer sentitu zuten ulertu ahalko dute bisitariek. Txikian sartuko dira lehenengo. “Sentituko dute zer den babesleku txiki batean egotea, estu-estu”. Ostean joko dute tunel handira. “Hor konturatzen dira zer den tunel baten barruan egotea aireztatze sistemarik gabe, komunik gabe, ikaratuta, umeak negarrez ari direla…”. Izan ere, ikus-entzunezko batek osatzen du egonaldia. Kanpaia eta sirena hotsen ezkutatzeko deia. Eta bat-batean, hegazkinak gerturatzen hasten dira, bonbak jausten. “Labur-laburra da, baina une batez bizi dezakezu zer izango zen tunel horretan bizi izandakoa”. Luis Iriondoren lekukotzaren pasarte bat ere irakurriko dute.

Tuneleko tentsioaren ostean, handik atera eta herria bonbardaketaren ostean zer-nola geratu zen erakutsiko diete argazkien bidez. 82 urte lehenago han ziren gernikarrek aurkitu zuten hondamendiaren lekuko izango dira. Sugarrik ez da izango. Heriotza usainik ere ez dute nabariko. Baina suntsiketaren arrastoak ikusiko dituzte.

Astrako babeslekurako bidea hartuko dute orduan. Industrialdean dago arma lantegia izandakoa. “Industrialdea ez zuten bonbardatu, arma fabrikak martxan izan nahi zituztelako”.

Egun hartako sarraskia aztertzeko modu berezia eskainiko dute ibilbide gidatuek. Betiere, kontuan izanik herri gehiago bonbardatu zituztela eta gerrek munduan ez dutela etenik izan.

MONUMENTUAK

Museoan du abiapuntua bigarren ibilbideak ere. Handik George Steer kazetariaren monumentua ikustera joango dira. “Berari eta beste hainbat kazetariri esker munduan jakin zuten zer gertatu zen Gernikan”.

Nestor Basterretxeak egin zuen eskulturan egingo dute hirugarren geldialdia. “1980ko hamarkadaz geroztik biktimen omenezko eskultura egitea zuen buruan”. 2012an egikaritu zuen. Suak eragindako agonia deritzo, eta leku sinbolikoan dago kokatuta: “Han erori omen zen lehenengo bonba”. Eskulturak ez du batere itxura gozoa. “Bonben biolentzia erakutsi nahi du, eta bere itxura agresiboa da”.

1937an alkate zen Jose Labauriaren busto ondotik igarota, Marimeta eskultura parera abiatuko dira. “Adreiluz eginda dago, baina belar siku meta bat irudikatzen du, eta euskal kulturarekin egin gura du lotura”. Emakumeei omenaldia egin nahi die: baserritarrak direnei zein besteei. Sinbologia handia ere badu: “Bonbardaketa bizi izan zuen emakume baten ilobak kutxan sartutako amonaren argazki bat dauka barruan”.

Sinbolismoz betetako geldialdia izango da hurrengoa ere. Picassoren Gernika koadroaren erreplikaren parean koadroa Gernikara ekartzeko urteetako eskaeraren berri emango dute.

Europa parkeak zer gogoratu ugari emango die bisitariei. Txillidaren eta Henry Mooren eskulturak izango dituzte aztergai.

Txillidak bonbardaketaren 50. urteurrenerako egin nahi izan zuen bere lana, baina ez zuen izan astirik. Gure aitaren etxea izenburuarekin aipamen egiten dio Gabriel Arestiren olerkiari. “Eskulturak etxea irudikatzen du, baina baita itsasontzi baten branka ere. Branka Gernikako arbolara begira dago, eta leiho batetik Gernikako arbola ikusten zen. Orain ez, zuhaitz ugari daudelako tartean”. Bi hegaletan beste bi zulo ditu brankak; horietako bat, Santimamiñeko kobara begira. “Ez zegoen hala pentsatuta, baina horrek ere indarra ematen dio, gure arbasoekin lotzen gaitu”.

Henry Mooren Gernikako eskultura gerraren kontra egin zituenetako bat da. Ez zuen egin propio Gernikako biktimen omenez. “Madrilek eta Jaurlaritzak hala erabakita erosi zuten”. Dirutza ordaindu zuten, eta polemika ugari sortu zen. “Askok leporatu zieten eskultura hori ekartzea eta Gernika ez. ‘Euskal Herriak bonbak jaso eta Madril artearekin geratzen da’ bezalako leloak nagusitu ziren”. Ibilbide gidatua, ganadu azoka egiten zen inguruan bukatuko dute.