Desoreka memorian eta hiriko espazioan

Begoñako Andra Maria kalea, Pinudiko Andra Maria kalea, Montserrateko Andra Maria kalea… Ama Birjinaren hainbat deiturari eskainitako kaleak daude Bilbon. Santa Ana, Santa Zezilia, Santa Monika… Elizak santu bihurtu dituen andreei eskainitakoak ere badira. Oro har, gutxi dira emakume izena duten kaleak, eta gehientsuenak gisa horretakoak dira. Are gutxiago dira izen eta abizena duten andreen izena dutenak. Lurralde historikoko gainontzeko herrietan antzekoa da egoera. Eustat euskal estatistika institutuaren arabera, 6.653 kale, errepide, parke, lorategi eta enparauek dute izena Bizkaian; horietatik 64k bakarrik dute andrazko izena, Ama Birjina, santa eta komentuei eskainitakoak tartean direla.

Marta Brancas kazetari eta historialari bilbotarrak 1999an aztertu zuen Bilboko egoera, hiribilduaren 7. mendeurrenerako liburu bat argitaratzeko. “Andre baten izen eta abizena zeukaten zazpi kale eta plaza bi baino ez zeuden. Hau da, Bilboko espazio publikoen %1,1. Horiei ordena erlijioso femeninoen izenak, komentuenak, santenak eta Andra Mariaren deiturenak gehituta, %4ra igo zitzaidan proportzioa”, ekarri du gogora.

Izen-abizendun horiek, bereziki, ongintzan ibilitakoak dira. Kasu deigarria da Casilda Iturrizarrena. Leku bi eskaini dizkiote Bilbon: haren izena daroan parkea eta Areatza ondoko kalea. Bigarren horrek, baina, Epaltzaren alargunaren kalea du izena. Tomas Epaltza zen senarra, lehengusuekaz batera Bilboko Bankua sortu zuena. “Alargun geratu zenean herentzia ederra jaso zuen, eta higiezinen merkatuko enpresari garrantzitsuena bihurtu zen Casilda Iturrizar. Besteak beste, Epaltzaren alargunaren kalearen sustatzailea izan zen”. Iturritzar hil eta haren omenez izena aldatu zitzaion arte, Berogailu kalea zen.

Brancasek dioenez, berak azterketa egin zuenetik desoreka hori zuzentzen hasteko ahalegina egin da. Kale batzuei andre izena ipini diete, baina gutxi dira. Eta kasu batzuetan “haserrea eragiteko modukoak” izan direla dio. Dolores Ibarruri Pasionaria-ri eskainitako kalea jarri du adibide. Ametzolako trenbideak lurperatuta sortu zen auzoan dago. “Estrata triste bat da. Etxebizitzetako aparkalekuetara joateko baino ez du balio. Ez dauka irteerarik. Auzoan eraiki zen etorbide berriari, ordea, Santi Brouard ipini zioten izena. Nik ez dut esango kale eder bat merezi ez duenik, eta eskultura eder bat behar ez duenik. Baina alderatzen badituzu, bidegabekeria bat dagoela ohartuko zara”. Beste kasu batzuetan erabakia zuzenagoa izan dela dio. Adibidez, Eulalia Abaitua argazkilariari bere jaiotetxetik gertuko kale bat eskaini diote. Eta Leah Manning Ingalaterrako parlamentari laboristari Txurdinagako parke bat. 1937an gerrako umeak Erresuma Batura eroateko proiektuaren sustatzailea izan zen.

Izenak aukeratzeko prozesuan ikusten du akatsa. “Gaur egun eskumena alkatearena dela esaten da. Baina osoko bilkuretan eztabaida sutsuak egon izan dira historikoki. Nire ustez, ez da zuzena erregimen eta ildo politiko bakoitzak bere nahierara izenak aldatzea”. Aldaketarik esanguratsuenak frankistek egin zituzten. Eta diktadura bukatzean alderdi politiko bakoitzak bere interesekoak goraipatzeko presioa egin duela salatu du. “Hiribilduaren memoria ordezkatu behar dute izenek. Garai historiko guztietako izenak egon behar dira, andre eta gizonenak, gizartearen arlo guztietakoak”.

Bereziki mingarria iruditzen zaio, kasurako, Clara Campoamor politikari eta abokatu feministari kale bat eskaintzeari muzin egin izana Bilbok. Espainiako II. Errepublika garaian sufragio unibertsalaren sustatzaile nagusia izan zen. Madrilen jaio eta Suitzan hil bazen ere Euskal Herriarekin lotura zuzena izan zuela azpimarratu du Brancasek. “Donostian dago lurperatuta”. Andreen elkarteen aldarrikape- netako bat izan da hori. Eta baita Azaroaren 25ari, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunari, plaza bat eskaintzea ere. “Lekua aukeratzeko orduan desadostasunak egon ziren. Baina, azkenean, Bailen kalearen hasieran ipintzea erabaki genuen. Eta udalak izen aldaketa inposatu zigun. Arazoaren 25a plaza izan beharrean, Azaroaren 25a Emakumeen plaza ipini diote izena”.

Herritarren eta eragileen eskaerei entzungor egiten zaiela iruditzen zaio. “Errekaldeko bizilagunek plazari Filomena Baldezate izena ipintzeko eskatu zuten. Auzoko erditze guztietan esku hartu zuen emagina izan zen. Agintari frankistek haren bizitza sakon aztertu zuten, eta semeak Errusian egondakoak zirela jakin zuten. Parrokoak ere izendapena babestu zuen. Eta, azkenean, denbora asko pasatakoan, kale txiki bat eskaini zioten, baina goi-goian, Larraskiturako bidean”.

Izen hutsak

Erdigunean kalea daukan andre bakarra Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreari eskainitakoa da. “Kale Nagusia baino zabalagoa da, baina ez du hark duen garrantzia. Azken batean, Kale Nagusia Diego Lopez Harokoari eskaini zitzaion. Osabak titulua eta kalerik garrantzitsuenaren izena lapurtu zizkion”. Kexatu da inor gutxik dakiela nor den Maria Diaz Harokoa. Portugaleten ere badu kalea.

Bizkai osoan egoera igualtsua dela dio Brancasek. Ezkerraldeko kale izendegiak ezagutzen ditu, eta Sestao aipatu du: “Dauden andreen izen bakarrak ongintzan ibilitakoenak eta maistra izandakoenak dira. Azken batean, maistrak izan dira luzaroan intelektualak izan diren emakumeak”. Baina kaleei andreen izenak jartzea ez zaio nahikoa iruditzen. Haien memoria mantendu behar dela uste du. Hainbat herritan emakumeen aztarnak bilatzen, identifikatzen eta seinaleztatzen dabiltza Bizkaian. Ondarroak, Basaurik eta Ermuak, berbarako, egin dute lan hori, kolektibo feministen beharrari esker. Brancasek Bilboko udal araztegien kasua aipatu du. Gehienak eraitsi egin direla salatu du; eta bakarren batzuk udaltegi moduan mantendu dira. “Emakumeek hirian izan duten presentzia, egin duten lana, ezkutuan gordetzen da. Andreek eremu publikoa eta memoria berreskuratu behar dituzte”.