“Orain gorputzak eskatu egiten dit”

Ohiko osasun kontrola egitera joan zen Joseba Arozena (Getxo, 1960) Algortako osasun etxera, duela bi hilabete. Baina ezohiko proposamena egin zion medikuak. Beti bezala botikak hartzeko agindua emateaz gain, kirol errezeta jarri zion mahaiaren gainean. Ez zuen askorik pentsatu Arozenak. Sendagileak egindako proposamenari baiezkoa eman zion, berehala. Ordutik, egunero pilulak hartzeaz gain, bestelako zeregina ere badu osasuna zaintzeko: kirola.

Gaixotasun kronikoa du Arozenak: diabetesa. Duela bi urte antzeman zioten. “Ordutik, elikadura zaintzeko dieta berezia jarraitzen dut, eta gaixotasuna zaintzeko botikak hartzen ditut”. Beste asko bezala, gaixotasunaren kontrola egiteko medikuarenera joaten da tarteka. “Kontrol horietako baten ondoren, medikuari analisiak erakutsi eta nire mediku txostenean gordetzeko joan nintzen Algortako osasun zentrora”. Erizainarekin ohiko probak egin zituen, eta ondoren eman zion egitasmoaren berri. 2014ko Kirolaren Europako Hiriaren programaren barnean, Osakidetzan ere berrikuntzak egin zituztela azaldu zioten. “Kirol errezetaz hitz egin zidan. Esan zidan, nahi izanez gero, informazioa emango zidala, inolako konpromisorik gabe”. Ondo iruditu zitzaion Arozenari, eta programan sartzea erabaki zuen.

Errezeta osatzea izan zen lehen pausoa. “Kirol errezetan nire kasuan lortu nahi ziren helburuak zein diren idatzi zuen erizainak”. Haren kasuan, bi izan ziren: batetik, pisua galtzea; bestetik, artikulazio arteriala baldintza onetan mantentzea. Errezetan Getxo Kirolak herriko kirolguneak kudeatzen dituen erakundearen telefono zenbakia agertzen zen. Hara deitu behar zuen, hitzordua eskatzeko. “Biharamunean deitu ninduten, eta bilera egin nuen Gorka Zabalarekin”. Getxo Kirolak elkarteko kirol teknikaria da. Arozenak adierazi du errezetan jarritako helburu biei erantzuteko kirol ekintzen proposamenak egin zizkiola kirol teknikariak. “Hirurehun ekintza baino gehiago proposatu zizkidan”, gogoratu du irribarretsu. Ez zeukan aitzakiarik.

“Baina ekintza gehienak ezin nituen egin, lanarekin bateraezinak zirelako. Goizez egiteko ekintzak ziren gehienak, eta arratsaldeko eskaintza urriagoa da. Aurretik kirolarekin izan nuen esperientzia zein izan den kontatu nion. Esan nion ordura arte igeri egitera joaten nintzela noizbehinka”. Eta Zabalaren proposamena jaso zuen: errezetan agertzen ziren helburuak betetzeko, oinez ibiltzea eta igeri egitea ona zela esan zion. Horrela bada, egitarau horrekin hastea adostu zuten. “Era horretan, nik neuk antola dezaket noiz egiten ditudan ariketak. Gutxienez, astean hirutan egiten saiatzen naiz, ordutegiaren arabera”.

Arozenaren semea futbol talde batean dabil, eta entrenatzera eroaten du. Ondoren, bila joaten zaio. Tarteko denbora hori aprobetxatzen duela adierazi du. “20 eta 30 minutu egiten ditut oinez, eta, gero, beste horrenbeste egiten dut igerilekuan”. Kirol teknikariarekin bi edo hiru astean behin hitz egiten du. “Jarraipena egiteko deitzen nau. Galdetzeko ea zer moduz daramadan eta ea beste edozein ariketa egiteko aukerarik dudan”.

Zabalak ez ezik, berak ere egiten du tarteka bere ibilbidearen balantzea. Pozik dago. “Bi hilabete daramat kirol errezetarekin, eta nabaritu egiten dut”. Lehen ez zeukan ohitura bat sortu duela dio, eta gorputzak nabaritu egiten duela. “Kirolik egiten ez dudanean ere, gorputzak eskatu egiten dit. Ez da erritmo handia”.

Aitortu du kirol errezetaren egitasmoak asko lagundu diola. “Bulego batean lan egiten dut, eta nire egunerokoa nahiko sedentarioa da. Noizean behin kirola egiten nuen arren, zaila zitzaidan ohitura jarraikorra sortzea”. Baina orain egoera bestelakoa da. “Aurretik ezagutzen ez nuen beste pertsona batekin konpromisoa hartu dut kirola egiteko, eta horrek, nolabait, zeure burua behartzen du esandakoa betetzera. Zabalari eman diodan hitza bete behar dut”.

Getxo Kiroletan jasotako gomendioak betetzen jarraitzeko asmoa daukala dio. Eta ez hori bakarrik. Inguruan dituenei ere kirola egiteko gomendioa egiten hasi da. Berak lortu dituen onura horiek besteentzat ere gura ditu. “Lagunei esaten diet gaixo egon ez arren kirola egitea garrantzitsua dela eta ondo sentitzen zarela. Nirekin etortzeko gonbita egin diet askori”. Bat edo beste animatu omen da.