Oroimenerako aztarnak

Bada historia bat ez dena historia liburuetan agertzen, eta soilik berreskura daitekeena emakumeen marmarrak entzunez”. Rosa Montero idazleak proposatutako helduleku horri tiraka, Ermuko Emakumeen Asanbladak Aztarna Feministak izeneko egitasmoa garatu du joan den asteburuan. Jendez betetako Lobiano kultur aretoan, Zaida Fernandez soziologo eta batzordeko kideak herri horretako mugimendu feministarentzat esanguratsuak diren edo izan diren leku eta garaien bilduma aurkeztu du.

Fernandezek aurkezpenean azaldu bezala, “zerbaiten aitorpena egiteko, lehendabizi hura ezagutu behar da”. Eta, alde horretatik, feminismoaren nortasunaren barnean “amnesia larria” dagoela salatu du. Amnesia horri aurre egiteko, Ermuko feminismoaren historian leku garrantzitsua izan duten lau emakumek beren testigantzak eman dituzte ezagutzera aurkezpenean. Maria Isabel Garikagoitiak, Amelia Gonzalezek, Anabel Sanzek eta Maria Rosario Arrizabalagak herri mugimendu horrek herri horretan izan duen garrantzia nabarmendu dute.

Hala ere, ez da horrelako zerbait egiten den lehen aldia. Fernandezek eginak ditu antzeko proiektuak Basaurin eta Ondarroan; baita Errenterian ere (Gipuzkoa). Baina aitortu du Ermukoa “bereziagoa eta konplexuagoa” izan dela. Ikerlaria eta, aldi berean, aztertu duen batzordeko militantea izatean, espero ez zituen emaitzak lortu ditu. Alde horretatik, onartu du ezagutzen ez zuen errealitatea begien aurrean agertu zaiola, eta, horregatik, ondorio argi bat atera du: “Behar-beharrezkoa da guztion artean partekatutako historia eraikitzea”.

Esperientzia partekatze horretan, Fernandezek emakume guztien garrantzia nabarmendu du: “Feminismoaren izarrak handiak dira, bai, baina ez dugu ahaztu behar egunean eguneko mugimendua dela. Ikaslea, zortzigarren solairuko bizilaguna, irakaslea, gurasoen zaintzarengatik borrokatzen dena, martxoaren 8an herriko plazan dantzatzen dena… Horiei guztiei esker gara gaur egun garena. Haiek izan direlako gara, baina ez dugu ahaztu behar bide luzea daukagula benetako berdintasun batera iristeko”.

Azkenaldian abortuaren inguruko lege berriak sortu duen polemikaren harira, Fernandezek adierazi du “garai ona” dela emakumeen presentzia aintzat hartzeko. “XX. mendea emakumeen mendea zela esan ohi da, 300 urte luzetan borrokatutako eskubideak lortu genituelako. Orain, eskubide horiek berriz ere urratzen hasi dira”.

Feminismoarekiko irrika

Maria Isabel Garikagoitiak aurreko mendeko 1970eko hamarkadan ezagutu zuen Ongarai auzoko Emakumeen Sustapenerako Zentroa. “Garai hartan, umeak askatasunean hezi behar zirela esaten ziguten”. Eta izena ematera animatu zen. Orduan sortu zitzaion feminismoarekiko irrika. Gogoan du emakumeen eskubideak aldarrikatzeko berak eta bere kideek errepidea bi orduz itxi zutenekoa. Ekintza horren ondorioz, orduko Bizkaiko gobernadore zibilak zentroa ixtea erabaki zuen. “Ez dakit ausartak edo ezjakinak ginen, baina aurrerapauso handiena lotsari dagokiona izan zen. Ordura arte edozerk ematen zigun lotsa, baina apurka-apurka galtzen joan ginen”.

Amelia Sanz 1973an sartu zen lehen aldiz lantegira. Gogoan du gizonezkoen lan baldintza berak izateko egin behar izan zuten borroka. Lantegi barruan erre ahal izatea horietako bat izan zen: “Gizonek lantegi barruan erre zezaketen, baina guk ez. Egun batean haien alboan erretzen hasi ginen, eta nagusiak esan zigun ezin genuela erre, produktuari kalte egiten genion aitzakia ipinita. Guk erretzen jarraitu genuen, legeak ez baitzuen horrelako ezer esaten. Egun horretatik aurrera guk ere barruan erretzen jarraitu genuen; gizonezkoekin batera”, gogoratu du.

Aztarnak zeintzuk diren ezagutarazteko asmoz, Lobiano kulturguneko korridoreek taula informatiboak bildu dituzte. Orain hasitako egitasmoari jarraipena emateko, datorren ikasturtean, urritik aurrera Ermuko ikastetxeetako ikasleentzako bisita gidatuak prestatu dituzte.