Frontoian leku egiteko prest

Peru Azpillaga

Gaur bertan hasiko da Emakumezkoen I. Bizkaia Torneoa; Euskal Herriko pilotari amateur onenak bilduko dituen emakumezkoen txapelketa. Pixkanaka bada ere, gero eta emakume gehiago aritzen dira kirol munduan. Orain arte, gizonezkoentzat soilik hartzen ziren zenbait modalitateetan ere, gero eta presentzia handiagoa dute emakumeek. Horren adibide garbia da esku pilota. Historian zehar, gizonezkoak izan dira jaun eta jabe; baina urteetako lanari esker, emakumeak euren tokia egiten ari dira.

Gaur bertan estreinatuko den torneoan, gainera, pilotariak, lehen aldiz, kirol kontratu profesional batekin arituko dira, eta emakumezkoen esku pilotan orain arte zegoen errealitatea irauliko dute. “Kalitatezko torneo bat egin nahi izan dugu, garantia guztiekin”, azaldu du Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak. Txapelketa “eredu” bilakatzea espero duela adierazi du Bilbaok: “Torneo hau emakumezkoen esku pilotan erreferente bilakatzea nahi dugu, eta emakume guztiei frontoian aritzeko beharrezko bultzada ematea”. Sei bikote arituko dira txapelketan, eta jardunaldi bakarreko ligaxka formatua izango du.

Beraz, lau jardunaldi izango ditu guztira torneoak. Lehenengo hiruretan, multzo bakoitzeko partida bana jokatuko da. Multzo bakoitzeko bikoterik onenak finala jokatuko du, eta hurrengo biak 3. eta 4. postua erabakitzeko lehiatuko dira. Egun berean izango dira bi partidak, hain zuzen ere, azaroaren 17an. “Emakume eta neska gazteentzako eredu izatea espero dugu, neska gazteek pilotari horien pausoei jarraitzea eta pilotaren afizioa emakumeen artean ere hedatzea”, azpimarratu du kultura diputatuak. Halaber, ETBk finaleko partidak emango ditu zuzenean.

Bizkaia Frontoian

Partida gutziak Bizkaia Frontoian jokatuko dira. Txapelketako lehiakideen aburuz, positiboa bezain negatiboa izan daitekeen erabakia: “Beteta badago, zoragarria da han jokatzea; baina hutsik badago, tristea. Nahiago nuke erratzea, baina ez dut uste beteko denik, eta, beraz, errespetua ematen dit”, adierazi du Ainhoa Urien pilotariak. Emakumezkoen esku pilotarekin lotuta, torneoak beste berrikuntza bat ekarriko du: sarrerak ordainpekoak izango dira. Hala ere, Bilbaok aurreratu du “prezio herrikoiak” izango dituztela. Emakumeen I. Bizkaia Torneoan arituko dira ere Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz, besteak beste; Emakumeen Master Cup txapelketako azken bi edizioetako irabazleak. Oraingoan, ordea, ez dira batera ariko.

Arrizabalagak, berriz, ontzat jo du kontratuarekin lehiatzearen berritasuna: “Urte osoa aritzen gara kontraturik gabe, eta, beraz, kontratua izatea aurrerapauso bat da”. Emakumezko pilotariak amateur mailan aritzen dira, eta beraz ezohikoa da lehiaketetan kontratuak izatea. “Gogoan dut, joan den urteko sanferminetako pala txapelketako finalaurrekoetan eta finaletan kontratua egin zigutela”, erantsi du Miren Larrartek, torneoan arituko den beste pilotarietako batek. Frontoian aritzen diren pilotari gehienek, palarekin tartekatzen dute esku pilota.

Aurreratu dutenez, esku pilotako txapelketaz gain, palako txapelketa ere aurki jokatuko da: abenduaren 8tik 28ra bitartean. Txapelketa horren formatua berbera izango da, eta sei bikote arituko dira.