Sopela Kosta Fest jaialdiak surfa eta musika batuko ditu asteburuan

Peru Azpillaga

Atzo abiatu zuten V. Sopela Kosta Fest jaialdia, eta, igandera bitartean, Sopelako kaleak eta hondartzak musikaz eta surfez beteko dira. Mota guztietako ekintzak dituen egitarauaren barruan, ikastaroak, lehiaketak, bisita gidatuak eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. Ekintza guztiak dohainik izango dira, eta adin guztietako pertsonentzat dira.

Surf Business Meeting jardunaldiekin eta Film Laburren Lehiaketarekin abiatu zuten jaialdia, atzo. Lehenengo egitasmoan, surfaren industriak duen garrantziaz aritu ziren. Bertan, surfaren munduan arrakasta izan duten zenbait enpresako ordezkariak izan ziren. Film laburren lehiaketan, ostera, hiru film sarituen proiekzioa izan zen.

Gaur, musikari emango diote bidea jaialdian, eta, Sopela Kantari taldea kalerik kalek ibili ostean, lehenengo kontzertuak izango dira Udaletxeko plazan. Bihar eta etzi, berriz, ekintza eta jarduera andana izango dira egun osoan, denak dohainik; hala ere, batzuetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Bihar, umeak izango dira nagusi goiz osoan, eta hainbat tailerretan murgiltzeko aukera izango dute: aztarnategi baten indusketa, Egiptoko zibilizazioa, gozogintza ekologiko eta osasuntsua edota kometagintza izango dira landuko dituzten gaietako batzuk. Horretaz gain, ikastaroek ere egunaren zati handi bat beteko dute, eta, surfean, kayaksurfean, surf egokituan eta parapente hegaldietan trebatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Igandeko egitarauak ere antzeko ekintzak eskainiko ditu. Larunbateko tailerrak ez ezik, hareazko eskulturen tailerra, marinel korapiloen tailerra edota ortu ekologikoak sortzeko eta apaintzeko tailerrak ere izango dira. Gainera, goiz osorako garagardo festa antolatu dute Euskal Garagardo Elkarteko ekoizleek Udaletxeko plazan. Igandean ere surfarekin lotutako ikastaroetan parte hartzeko aukera izango da, eta, eguna biribiltzeko, MarkeliƱe antzerki konpainiak familiarentzako ikuskizun bat eskainiko du. Gauean, jaialdiari amaiera emateko, Earth Songs Project umeen eta emakumeen abesbatzak rockaren inguruko abesti historikoak landuko ditu Udaletxeko plazan.

Lehiaketarentzako tartea

Urtero bezala, Sopela Kosta Fest jaialdiarekin batera, itsas kirolekin lotutako lehiaketak ere egingo dituzte. Surfa izango da nagusi, baina bestelako itsas kirolek ere izango dute lekua. Itsas kirolek arrakasta handia dute Euskal Herriko kostaldeko txoko askotan, eta Sopelako jaialdian antolatzen diren lehiaketak horren adierazgarri garbia dira.

Hala, bihar eta etzi bitartean surf txapelketa andana izango da: Euskal Herriko surf elkarteen arteko txapelketa, euskal surf zirkuituaren II. eta III. probak, Euskal Herriko surf txapelketa eta beteranoen txapelketa. Horretaz gain, euskal bodyboard zirkuituko I. proba eta kayaksurf txapelketa ere egingo dituzte bi egun horietan. Bihar arratsaldean, Euskal Herriko surf elkarteen arteko txapelketako sari banaketa izango da Udaletxeko plazan.