Gau hotzenak igarota ere, lotarako lekua eskatu dute etxebakoentzat

Gau hotzenak igarota ere, lotarako lekua eskatu dute etxebakoentzat

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gogorra izaten ari da aurtengo negua. Hotza etxeko epeltasunerako bidea luze egiten zaienentzat, itzela etxean berogailurik izateko aukerarik ez dutenentzat, eta izugarria kale gorrian bizi direnentzat. Instituzioek eta gizarte laguntzarako elkarteek areagotu egin dituzte egoerarik okerrenean daudenek hotzari aurre egin ahal izateko laguntzak. Hiriburuan batzen dira etxebakorik gehienak, eta han baliatzen dira neurri gehienak. Baina ez direla nahikoak ohartarazi du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Gaurik hotzenak igaro arren, etxerik ez duten pertsonek lo lekuak behar dituztela. “Lotsagarri” jo du “hotzaldiak oparitu dien pribilegioa” amaitutakoan berriro kale gorrira bidaltzea.

Hain zuzen, hotz bolada dela eta, ohi baino lo leku gehiago eskaini ditu Bilboko Udalak etxerik gabekoentzat. Otsailaren 2an jarri zuen martxan neurria, eta asteazkenean amaitu zuen. Udalak egindako “keinua” ondo iruditzen zaio plataformari. “Baina urtearen gainontzeko partean, udal arauek markatzen dituzten baldintzetan salbu kalean gaua pasa behar dutenen egoera” salatu du.

Kalean egoteak esan nahi duena ikusarazteko ekitaldia egin du, udalak neurri berezia bertan behera utzi duen egunean: “Gaur, 2018ko otsailak 14, ehunka pertsona ikusi nahi ez dugun beste alde horretara bueltatzen dira, kaleko hotzak izoztutako gizatasuna ia ikusezina den errealitate horretara. Gure konfort eremuan jarraitzen dugun bitartean, pertsona ugarik, gaur, atarietan, kutxa automatikoetan eta zubi azpietan lo egingo dute”.

Babestu nahi dituztenen egoeran minutu batzuez jarrita egin dute salaketa: kartoizko kutxen gainean etzanda, lo zakuak eta mantak berogailu bakartzat dituztela. Lurrean, kale gorrian.

“Gizatasuna” eskatu dute. Etenik gabeko neurriak, behar duten guztientzat; “ez bakarrik hotzaldia datorrenean”. Eta etxebizitzarik gabeko pertsona askoren “istorio tamalgarrien” artean, guda, gose eta muturreko txirotasunetik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak” daudela gogoratu dute.

348 ohe izan dira egunotan

Etxerik gabeko 230 pertsonarentzako lo lekuak izaten dira urte osoan Bilbon. Neguan, areagotu egiten da eskaintza: beste 80 ohe prestatzen dituzte. Eta, egunik hotzenak datozenerako, eskaintza areagotu egiten dute. Beste 38 lo leku prestatu ditu azken asteetan udalak, hotz boladagatik. Otsailaren 2tik izan dira etxebakoen eskura, asteazkena arte.

Gaua kale gorrian igaro ohi dutenak horietara joan daitezen, sartzeko baldintzarik ez diete jartzen erabiltzaileei hotz handiko bolada horietan. Egonaldiak modu automatikoan luzatzen dira, ohi ez bezala. Ondorio larriak eragoztea da neurriak malgutzeko arrazoia; hiltzea, besteak beste.

Baina erakunde publikoak ez dira etxebakoei laguntza emateko neurriak areagotu dituzten bakarrak. Gurutze Gorriaren boluntario taldeak, esaterako, ohi baino lan gehiagorekin dabiltza, kalean geratzen direnei laguntzeko asmoz. Izan ere, badira gaurik makurrenetan ere aterpeetara joan baino kale gorrian egon nahiago dutenak. Ez daude gustura aterpetxeetan egoteko jartzen zaizkien baldintzekin, eta aterpeetan egoten den jendetza eta zaratarekin ere ez. Kale gorriaren hoztasuna nahiago dutela diote.

Horiei epeltasuna ematen saiatzen da Gurutze Gorria, eta boluntario talde bat du horretarako: Gizarte Larrialdietarako Unitatea. Bilbon, 35 boluntariok osatzen dute taldea, eta behar handiena dutenei kalean bertan ematen diete zerbitzua: edari beroa eta jantziak ematen dizkiete, garbiketa pertsonalerako produktuak, osasun arta, eta laguntasuna. Hain zuzen, kalean bizi direnek sentitzen duten bakardadea arintzeko ahaleginean, haiei entzutea da pertsona horiek gehien eskertzen duten gauzetako bat, boluntarioen beren esanetan.

Hotzari aurre egiteko, “neguko larrialdi kitak” banatu dituzte egunotan, kalea bizileku dutenen artean: motxila, lo zakua, esterilla, parka, eskularruak, galtzak eta kamiseta termikoa. Dagoeneko berrehun kit baino gehiago banatu dituzte. Bero gunea ere jarri du martxan Gurutze Gorriak Jose Maria Olabarri kalean duen egoitzan. Bertan, berotzeko eta edari beroa hartzeko aukera dute gaua kalean igarotzen dutenek.

Eta gune horretara joaten ez direnengana boluntarioak berak joaten dira. Astearte eta ostegunero, salda, kafe beroa eta jatekoa eramaten diete dagoeneko ezagun dituztenek. Ohiko ibilbidea izaten dute, etxerik ez duten horietako bakoitzak bere txokoa bilatzen baitu kalean, eta hori bihurtzen baitu ohiko lo leku. Azken lau hilabeteetan, esate baterako, jatorri askotako 25 etorkin inguruk Errekalde auzoko frontoian igarotzen dute gaua. Baina ez da etxebakoek egunik hotzenetan ere lo lekutzat duten leku bakarra. Gurutze Gorriko boluntarioek Deustura, San Mamesera, Campo Volantinera, Santutxura, Plaza Barrira eta Kale Nagusira joaten segitzen dute, besteak beste, han lo egiten dutenei epeltasuna eramatera.