Mende eta laurden ospatzeko

Mende eta laurden ospatzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Inoiz baino dotoreago egongo da aurten. Sekula baino alaiago eta erakargarriago, mende eta laurden dituenean. Bizkaiko Zubiak 125 urte beteko ditu, eta ospakizunak izango ditu nagusi inguruan urte osoan: kultur ekitaldiak, kirolarekin lotutakoak, gastronomikoak. Foro profesionalak ere bai. Hori guztia, helburu nagusi batekin: turismoa erakartzeko baliatzea urteurrena.

Protagonistari dirdira berezia emanda egin zuten asmoen aurkezpena sustatzaileek asteazkenean: Bizkaiko Transbordadorearen, Portu Agintaritzaren, Portugalete eta Getxoko udalen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailaren ordezkariek. Burdinazko zubi erraldoia bereziki apainduta, urrunetik ere aise ikusteko moduko argi distiratsuekin jantzita. Halaxe iragarri zuten urtea berezia izango dela. Ospakizun ekitaldi asko izango direla iragarri zuten, baina horien berri zehatzik eman gabe. Egun handia zein izango den esan zuten: zubia martxan jarri zen urteurren egunean, uztailaren 28an, “ekitaldiz betetako festa handia” egingo dute.

1893ko uztailaren 28an inauguratu zuten arkitekturaren artelantzat jotzen den burdinazko zubi hori. Azpiegitura berritzailea izan zen. 45 metroko altueran eraikita dago, 160 metro luze da, eta Ibaizabal itsasadarraren bi aldeak lotzen ditu: Getxoko Areeta auzoa eta Portugalete. Burdinaren gogortasunaren erakusle, 61 metro garai diren lau dorrek bereizten dute, eta bi teknika uztartu zituen, modu harrigarrian: egitura finkoa eta garraiorako sistema mekanikoa.

Industrializazio betean itsasadarrean zehar izaten zen garraio etengabeak oztopatu gabe, erabat desberdinak ziren bi aldeak lotzea zuen helburu erronka berritzaileak: Portugalete hiribildu aberats eta garrantzitsua, eta Areeta, artean eraiki gabea. Gerora eraiki zen Portugalete pareko areatza ingurua, nobleziarentzako atsedengune izan zedin.

Bistara ere pisutsua den industrializazio garaiko azpiegitura berritzailea burdin kulturaren ikono bihurtu da. Munduko lehen zubi transbordadorea da; gaur egun Argentinan, Frantzian, Ingalaterran eta Alemanian dauden beste zazpien eredu. 1984an, monumentu historiko-artistiko izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak; 2002an, Europa Nostra saria jaso zuen; eta 2006an, Gizateriaren Munduko Ondare izendapena eman zion Unescok. Izendapen hori duen industria ondare bakarra da.

Aitortza horiek guztiek goretsita ospatuko dute zubi bereziaren 125. urteurrena. 2018a Kultura Ondarearen Europako Urtea izendatuta dagoenez, hori ere baliatuko dute, turismoa erakarri nahian.

“Zubiaren ingurunea kultura, kirol eta festa jardueren gune izango da”, iragarri dute. Kultur arloan, musika jaialdiak eta folklorearekin, bertsolaritzarekin, literaturarekin eta arte plastikoekin lotutako ekitaldiak izango direla azaldu dute. Kirol ekitaldien artean, estropadak, herri lasterketak eta erakustaldiak iragarri dituzte. Eta, jardun ludikoen artean, gastronomia eta festa.

Foro profesionalak ere antolatu dituzte: uztailean, Munduko Zubi Transbordadoreen Kongresua egingo dute, eta, urte amaiera aldean, Industria Turismoaren Foroa. www.puente-colgante.com webgunean emango dute ekitaldien berri antolatzaileek.