Autogestioa babestera deitu dute biharko

Autogestioa babestera deitu dute biharko

Natalia Salazar Orbe

Kultura eredu askea; hutsik eta utzita dagoen eremu baten erabilera auzoarentzat; herritarrak elkartu eta euren aisia eta auzolana partekatzeko gune aberatsa. Errealitate hori ikusten dutenekin aurrez aurre, okupazio delitu bat ikusten dute beste batzuek. Eta, erabat abandonatuta egon arren, eraikin pribatuak babesteko beharra. Autogestioa babesteko eta husteko arriskuan edo mehatxupean dauden hainbat gune defendatzeko, manifestazio batera deitu du Okupazio Mugimenduak. Bihar aterako da okupazioa, autogestioa eta erresistentziaren aldeko aldarria, 17:30ean, Bilboko Zabalburu plazatik.

Bilbon bertan barrutik ezagutu dituzte autogestioaren aurkako politika eta jarduna. Adibideak ugariak dira. Sona handiena izan zuena Errekaldeko Kukutza III gaztetxea izan zen. 1998an okupatu zuten, eta hamalau urtez lan egin zuen auzoak zuen kultura azpiegituren faltari aurre egiteko. 2011n desagerrarazi zuten, eraitsita. Manifestaziorako deialdian gogoan izan zituzten Errekaldeko Etxarri gaztetxearen eta Iralako Izar Beltz Ateneoaren husteak ere. Baita udalaren mehatxupean dauden Deustuko Gazte Lokala eta Santutxuko Karmela ere.

EAJ alderdiak era horretako espazioen kontrako “dinamika argi eta bortitza” hartu duela deritzo mugimenduak. Herria turismora begira jartzeko erakusleiho bihurtu dutela esan dute, eta estrategia horretan “alternatiba kultural eta politikoak inolako lekurik gabe” utzi dituztela gaineratu.

Bilbon eta Bizkaian ez eze, Euskal Herri osoan era horretako proiektuen aurka darabilten politika gaitzetsi dute manifestazioaren deitzaileek. Hala, gogoan izan dute, besteak beste, Gasteizko Errekaleor ere.

Bizkaian bertan husteko arriskuan dauden Tosuko ortu okupatua eta Zornotzako Ziztada gunea ekarri zituzten gogora. Biak ala biak egunero eraso eta mehatxuei aurre egin beharrean daudela azaldu zuten. Gune autogestionatu gehienetan antzeko errealitatea dago, horietan lanean diharduten eragileek azken urteetan azaldu dutenez. Ziztada gunean, esaterako, hamar urtez itxita egon ostean ekin zioten hura erabiltzeari. Egoitza “zikinkeriaz beterik eta egoera txarrean” aurkitu zutela ekarri zuten gogora, duela zenbait hilabete, horko kideek, abenduan jabearen salaketa jaso ostean. “Beharrezko konponketak egin eta erabilgarri” jarri zuten. Hitzaldiak, ikastaroak, liburuen aurkezpenak, kontzertuak eta bestelako jarduerak egiten aritu dira 2015eko maiatzean gunea okupatu zutenetik. Lehenago, eraikina konpontzeko hainbat lan egin zituzten: itoginak, eta argindar sarea eta komunak konpondu, besteak beste. “Kapitalismoaren kontsumo kulturari eta kultura elitistari aurre egiteko alternatiba” eskaintzea dute helburu. Alegia, “edonori zabalik dagoen eta doakoa den bestelako kultura bat eskaintzea”.

Tosuko eredua

Getxon tinko eusten diote Tosu kaleko berdegunea hiru solairuko aparkaleku ez bilakatzeko borrokari. Badakite hondeamakinak edonoiz sar daitezkeela herriko nekazaritza gunearen erresistentzia sinbolo bilakatu den eremua husteko. Hori dela eta, kanpaldia eta hainbat jarduera antolatu izan dituzte.

Testuinguru horretan, EAJren estrategia politikoa kritikatu zuten manifestazioaren deitzaileek. Gaztetxeak husteaz gain, gazte eta ez hain gazteen aisialdia kontrolatu nahi dutela deritzote. Horrez gain, Bilbon mila etxebizitza huts egon arren, “hirigintza proiektu diruzaleak” gauzatzen dituztela diote.

Eredu alternatiboak bultzatzen dituzten “eragileen kontrako mehatxu zein ekintza onartezinen” aurrean orain artean bezala lanean jarraitzeko deia egin dute. Tinko eta amorruz erantzuteko prest azaldu dira. Argi adierazi dute “autogestioaren izpiek” bultzatzen dituztela bizitzeko era ezberdin bat eraikitzera. “Bizitza aske bat, euren erasoetatik at, euren zapalkuntzatik at”. Indartsu azaldu dira, “udaletik datorren mehatxu bakoitzak gure pausoak indartzen baititu, amorruz erantzutera eramaten gaitu”. Sinetsita daude “huste bakoitzak beste okupazio bat ekarriko duela, beti”. Hutsik dauden espazioak berreskuratzen jarraituko dute, “grina baitago hiri kapitalista honi aurre egiteko”. Ez daude prest haien arabera eredu kapitalistak sortzen duen errealitatea onartzeko. Ezinbesteko deritzote estrategia horren alternatibak garatzeari. Horiek dituzte inguruko espazioak kritikotasunez eraldatzeko aukeratzat. Eta horixe erakutsiko dute bihar.