Arrakalatzen ari den Bilbo

Arrakalatzen ari den Bilbo

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Etengabe aldatzen ari da Bilbo. Hamarkada gutxitan, industria hiri izatetik hirigune moderno izateko jauzia egin du. Jauregia dago Euskalduna ontziola zegoen leku berean, eta salgaiak mugitzeko erraien bide berean eraiki dute Abandoibarreko pasealekua. Bukaerarik ez du hiriburuaren eraberritze prozesuak, eta Museoalde egitasmoa da horren adibide: izen horrekin bataiatu dute Guggenheim museoaren ondoan egingo duten luxuzko hotel eta etxebizitza proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiaren gizarte laguntzaren eraikina zegoen duela gutxi arte toki berean: behartsuei estalpea eman beharrean, aberatsak hartuko ditu Abandoibarreko espazio horrek. Gentrifikazio mota bat da Museoalde egitasmoa, Lorenzo Vicario EHUko soziologia irakaslearen arabera. “Espazioa eraldatu eta gizarteko sektore bat baztertzen ari dira, Abandoibarreko eremua goi mailako herritarrentzako bideratuz”.

Elitizazioari lotuta dago gentrifikazioa. Hain zuzen, Londresko langile auzoek 1960ko hamarkadan izan zuten eraberritze prozesua azaltzeko erabili zuen hitza estreinakoz Ruth Glass soziologo marxistak: hiriko gentry-ek, lur-jabe handiek ala burgesek, balio gutxiko erdiguneko auzoak berritzean, bertako langileak nola mugiarazi zituzten azaldu zuen Glassek. Alokairuak igo eta betiko auzoan bizi ezinik, auzo txiroagoetara mugiarazi zituzten beharginak Londresen. Auzoaren izaera guztiz eraldatu zen prozesu haren ondorioz: langile auzo zena burgesiaren auzo bihurtu zen. Horra gentrifikazioaren muina: “Eraldaketa prozesua da, hirigunea nork okupatuko duen zehazten baitu; hau da, auzoan nor bizi den eta jarduera ekonomikoa zein izango den mugatzen du”. Nazioarteko hiriguneetan gertatzen den fenomenoa da gentrifikazioa jada, eta Bizkaiko hiriburua ez da salbuespena: Bilbo Zaharra izan du Vicariok ahotan: “Boladan dago”.

Sektore publikoarentzat gentrifikazioa hirigunea berrizteko ezinbesteko osagai dela dio Vicariok. “Bilboko Udalak aukera ikusi zuen Bilbo Zaharrean, eta arteari eta kultura bohemioari toki eginda auzoa eraldatzen ari da pixkanaka”. Argi du: ez da berez sortzen den prozesua. “Planifikatuta dago, diruz lagunduta eta erakundeek bultzatuta. Sortzaile berriei laguntzak eman dizkiete bulegoak bertan irekitzeko edota beraien egitasmoak garatzeko. Era horretan auzoaren bizitza eta irudia pixkanaka eraldatzen hasten da”.

Lekualdatzeak

Hipsterrak dira eraldaketa horren ikur nagusia. “Nor doa orain Bilbo Zaharrera? Gentrifikazioaren eredu klasikoa ikusten ari gara bertan: gazte artistei eta sortzaileei diru laguntzak ematen dizkiete, berez, degradatuta dauden auzoetara joan, eta pixkanaka, horien irudia aldatzeko”. Followed the hippies leloa erabili zuten eraikuntza enpresek AEBetako hainbat auzo biziberritzeko, eta antzekoa da gaur egun hipsterrekin gertatzen ari dena. “Lehengo hippyak dira hipsterrak. Baina tranpa bat da. Aldatu nahi diren auzoetan beraiek sartzea bultzatzen bada ere, etxebizitzen balioa handitu ondoren bazter batean geratzen dira, ez dutelako nahikoa baliabiderik alokairuen igoerari aurre egiteko”.

Bilbo Zaharreko gentrifikazio prozesua ez da uste bezain azkarra izan. “Azken urteetan izan den immigrazioak geldotu egin du”. Moteldu eta gelditu ez dira gauza bera, ordea, eta badirudi Bilbo Zaharrean eraldaketa prozesuak sumatzen ari direla jada. Marzana kalearen inguruan ireki dituzten taberna berriak dira horren lekuko, eta baita bertan sortzen ari den giroa ere.

Ez da kasualitatea Bilbo Zaharrean gertatzen ari dena. “Gentrifikatzen diren eremuek ezaugarri zehatzak dituzte, eta kokalekuak izan ohi du garrantzi handiena; izan ere, azpiegituren balioa handitzeko aukera duten eremuak aukeratu ohi dira. Bilbo Zaharra, adibidez, erdigunean dago, eta estetikoki berrerabil daitezkeen etxebizitzak ditu, beirate eta fatxada koloretsuekin”.

Olabeaga auzorako ere antzeko egitasmoa zuen Bilboko Udalak buruan. “Abandoibarreko eredua zabaldu nahi zuten Olabeagara. Tradizioz portuko jarduerara lotutako espazio hori goi mailakoentzako eremu bihurtu nahi zuten, baina auzokideek aurre egin zioten proposamenari, eta bertan behera utzi dute oraingoz”.

Abandoibarreko eraldaketa prozesua da orain arte Bilbon izan den gentrifikazio eredu nabarmenena. 1990eko hamarkadan itsasadarrean zegoen industriaren gainbehera aprobetxatu, eta zerbitzu eta aisialdirako eremu bihurtzeko egitasmoa egin zuen Bilboko Udalak. “Zegoen guztia kendu eta azpiegitura berriak eginez gauzatu zen gentrifikazioa. Eraikuntza horiek guztiek gizartearen sektore bati bideratuta daude, hasieratik”. Hiri antolamenduko plan orokorrean babes ofizialeko etxeak eraikitzea aurreikusten bazen ere, Amezagan eraiki zituzten. “Ez da kasualitatez gertatzen. Herritarrak lekualdatzeko saio bat dago hor; espazioa nork okupatuko duen zehazteko neurria da”.

Vicariok azaldu du ildo berari jarraitzen diola udalak Abando ingururako duen asmoak ere. “Bilbo Zaharra eraberritzeko azken bultzada da egitasmoa”. Gaur egun Abandon dagoen trenbidea desagerrarazi eta lur azpian eraikitzeko egitasmoa egina du udalak, eta errailak lurperatzearen ondorioz auzoen arteko mugak ezabatuko dituela azaldu dute behin eta berriz. “Dena lotu nahi da: Guggenheim, Abandoibarra eta Bilbo Zaharra elkartu eta erdigune bihurtu nahi dituzte. Itsasadarra batzeko aukera dela diote, eta aukera baino gehiago, ametsa dela esango nuke nik: eraikuntza enpresentzako amets goxoa”.

“Kolonializazio berria”

Gentrifikazio prozesu guztien atzean interes ekonomikoak daudela dio. “Ez da edozein tokitan bultzatzen, baizik eta errentagarritasun ekonomikoa lortzeko aukerak daudenetan. Kasu guztietan, gizarte klaserik ahulenak joaten dira auzotik. Alokairuei aurre egin ezinik, hiriko beste auzo batera joatea beste erremediorik ez dute”.

Herritarren arteko gizarte ezberdintasunak areagotu besterik ez dira egin azken urteetan, eta gentrifikazioari lotuta doan errealitatea da. Auzoen per capita errentek izan duten joera aztertzea besterik ez dago: Abandon hazi egin da urtean auzokideek dituzten irabazien batez bestekoa: 69.910 eurokoa da. Kontrako joera izan da, aldiz, Otxarkoagan, adibidez: jaitsi egin da kopurua, eta 21.305 euroko batez bestekoa du. “Bilboren eraberritze prozesuetan herritarren arazoak ez dira konpondu. Norbaitek uste du pobreziaren arazoa hobetu dela? Inondik inora ere ez. Horren ikusgarriak ez diren tokietara lekualdatu da; Otxarkoaga, tartean. Gizarte talde zehatz batentzako Bilbo eraikitzen ari dira, eta, horregatik, gentrifikazioa kolonizazio berri bat dela diote askok: hiriguneaz bidegabe jabetzearen antza duelako”.