Esperantza aitzurkadak

Esperantza aitzurkadak

A. Larrabe Arnaiz

Ferra itxura du Burdin Hesiak Bizkaiko mapan marrazten denean. Bilbotik hamabost kilometro inguruko perimetroa hartzen du defentsa lerroak, eta Luzuero lurmuturretik Plentziara doan lurrezko suge baten itxura du. 50 milioi pezetako aurrekontua izan zuen egitasmoak, eta 8.500 gizon eta emakume aritu ziren jo eta ke lanean —hastapenetan, 13.000 behargin ere izan zituen—. Alferrikakoak izan ziren ahaleginak, ordea. Defentsa lerroak izan behar zituen 80 kilometroetatik %40 baino ez zeuden bukatuta 1937ko ekainean faxistak defentsa lerroaren posizioetara gerturatu zirenean, eta lubakien %28 besterik ez zeuden eginda.

Handizalea zen Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa. Altxamendu militarretik hiru hilabete eskasera abiatu zituzten Burdin Hesia egiteko lanak. Hamahiru arkitektok, hamabost ingeniarik, hiru aparejadorek eta hamasei kontratistak hartu zuten parte; eta eraikuntza lanei buruzko inolako jakintzarik ez zuten milaka herritarren eskulanak eman zion forma defentsa lerroari.

Lurraldeko aldearen arabera, bost ataletan banatu zuten Bilboren defentsa sistema. Bat: Zierbenako Luzuero lurmuturretik Galdamesera bitarteko tartea. Bi: Galdamesen hasi eta Ganekogorta mendi ingurura. Hiru: Ganekogortatik Galdakaoko Arteganera. Zollo, Ugao eta Upo mendia ere hartzen zituen hirugarren alde honek. Lau: Galdakaoko Arteganetik Larrabetzuko Gaztelumendi mendiguneraino. Eta bost: Gaztelumendiko tontorretik itsasora doan tartea. Larrabetzuko mendatea Fikako Urrusti mendigunearekin eta Artebakarragarekin lotzen zen —Derio eta Mungia arteko mendatea—. Eta Getxo, Sopela eta Barrika ere zeharkatzen zituen defentsa lerro horrek.

Larrabetzu eta Fika arteko gune horretatik arrakalatu zuten faxistek Burdin Hesia, 1937ko ekainaren 12an. Bazekiten Gaztelumendi inguruan defentsa lanak amaitu gabe zeudela, hegazkinetatik egindako behaketei eta Alejandro Goikoetxea azpiegituraren zuzendariak emandako informazioari esker. Ahulguneaz baliatu, eta azpiegiturak parez pare zuen Urkulu mendigunetik egin zuten erasoa faxistek; kilometro eskasera zituzten errepublikanoak.

Defentsa lerroaren akatsak zerrendatzean, bada historialari gehienek aipatzen duten bat: mendigune garrantzitsuak Burdin Hesitik kanpo utzi izana. Hura diseinatzean, babes lerrotik kanpo geratu ziren Bizkaiko gainalde nagusiak; tartean, Gorbeia, Bizkargi, Lemoatxa eta Sollube. Orografiak eskaintzen dituen talaia naturalak dira mendiak gerretan: etsaia goragune batetik kontrolatzeko begiratokiak. Jaurlaritzak ez zuen aukera hori baliatu.

Denbora eta baliabideak aurka zituen Jaurlaritzak faxisten tropen aurrean. Baina eginahaletan aritu zen zortzi hilabetez, hala ere. Pinu enborrak, metalezko txapak, harriak eta betoi altzairuduna oinarri hartuta egin zituzten Burdin Hesiaren defentsa elementuak. Sei elementu nagusi zituen: lubakiak, babesguneak, metrailadora habiak, gotorlekuak eta bideak mozteko murruak. Elementu guztien aurrealdean alanbre arantzaduna jartzen zuten beti. Gaur egun, horien arrastoak aurki daitezke Bizkai guztian.

LUBAKIAK

Burdinazko Hesiaren oinarrizko egitura izan ziren lubakiak. Lurrean egindako 1,40 metro koadroko zuloak ziren; hortaz, eraikuntzak ez zuen aparteko zailtasunik. Behin lubakiak eginda, inguruan jartzen ziren bestelako defentsa egiturak; tartean, metrailadora habiak eta babeslekuak. Gudariei babesa ematea zen lubakien funtzio nagusia, eta handik egiten zuten kontrako bandoaren aurka tiro. Gaur egungo mendigune askotan ikus daitezke horien arrastoak.

Hiru motatako lubakiak bereizten dira: sinpleak, kapotadunak eta komunikaziokoak. Milizianoek sinpleak erabili ohi zituzten borrokatzeko. Fusilean, tiroketak egiteko koska bat izaten zuten, eta lurrez betetako zakuak jartzen ziren aurrealdean, parapeto gisa. Kapotadunek lubaki sinpleen ezaugarri antzekoak zituzten, baina pinuen enborrez osatutako sabaia ere jartzen zieten. Hegazkinek egiten zituzten behaketetatik ezkutuago izaten ziren mota horretakoak. Komunikazio lubakiei dagokionez, etsaiaren begi bistara agertu gabe toki batetik bestera mugitzeko erabiltzen ziren. Edonola ere, praktikan, eraso egiteko ere erabili ziren komunikaziorako zirenak. Sigi-sagan, lerro zuzenean edo mendiaren orografiari jarraituz egin zituzten Burdin Hesiko lubakiak.

Toki askotan, lerro bikoitza edo hirukoitza zuen defentsa lerroak, eta, lanen arduradun teknikoen arabera, 100.000 metro inguru lubaki egin ziren guztira. Kalkulu horien arabera, 140.000 metro kubo lur atera zuten lubakiak egitean. Hortaz, Burdin Hesiko lanean aritu ziren beharginen %66 lubakien lurrak mugitzen aritu ziren; %27, alanbre hesiak jartzen, eta %7, bestelako eraikuntzak egiteko betoi lanetan.

BABESLEKUAK

Lurpean egindako zuloak dira babesguneak, eta etsaiaren bonbardaketetatik eta artilleriaren erasoetatik babesteko egin ziren. Mea zuloak egiteko teknologia berarekin egin zituzten zuloak: ginbaletarekin. Horren faltan, pikotxa erabiliz zulatzen zuten lurra. Lubakietan jarri ziren lur azpiko babesleku gehienak. Baina baziren babesleku blindatuak ere. Betoi altzairudunezkoak ziren, eta tiro egiteko gezi leihoak zituzten.

METRAILADORE HABIAK

Izenak berak adierazten du metrailadore habien funtzioa zein zen: metrailadoreak jartzeko defentsa elementuak ziren. Aurrealdean, kanoi zuloa zuten, eta handik egiten zuten tiro. Babeslekua ere izaten zuten gehienek, materiala gorde eta borrokalariei babesa emateko. Jaurlaritzaren asmoa 400 metroko metrailadore habia bat eratzea zen. Guztira, 1.400 jarri nahi zituen Euzko Jaurlaritzak. Baina 180 besterik ez ziren egin.

BIDEAK MOZTEKO MURRUAK

Gutxi egin baziren ere, errepideak mozteko hormatzarrak eraiki zituzten hainbat tokitan. Betoi altzairudunezko murruak ziren, eta hiru metroko altuera zuten. Hormaren bestaldera tiro egin ahal izateko, gezi leihoak ere bazituzten. Gutxi dira gaur egun zutik dauden murruen arrastoak. Larrabetzun daude kontserbatu diren horietako bi. Egun, garaje baten eta zerratoki baten pareta dira 36ko gerran Morgarako errepidea ixten zuten defentsa egiturak.

GOTORLEKUAK

Defentsa multzo osoak ziren gotorlekuak. Metrailadore habia batek eta babesgune blindatuek osatutakoak dira Burdin Hesian gehien erabili ziren gotorlekuak. Metrailadore habia erdigunean jartzen zuten, eta, haren bi aldeetan, babesgune blindatuak, hango gezi leihoetatik fusilekin tiro egin ahal izateko.