Beste hiru frankistaren izenak kenduko dituzte Bilboko kale izendegitik

Beste hiru frankistaren izenak kenduko dituzte Bilboko kale izendegitik

Alaitz Armendariz

Memoria historikoaren legea betez, Bilboko Udalak hiriko zenbait kaleren izenak aldatzeko prozesua hasi zuen urte hasieran. Prozesu horren ondorioz, otsailean bi kaleren izenak aldatu zituzten: Espainiako Printzea zubia zena Salbeko zubia bihurtu zen, eta Begoña auzoko Remigio Vilariño kalea izena Julita Berrojalbiz izenarekin ordezkatu zuten. Orain, bigarren fasean, beste hiru kaleren izenak aldatuko dituzte. Olabeagako Alfonso Txurruka kaia Zirgarien kaia izango da; San Ignazioko Eusebio Garcia Alonso kalea, Benita Asas kalea, eta Zorrotzako Hermogenes Rojo kaleari izena kendu eta Clara Campoamor izango da otsailetik aurrera. Aurtengo otsailean abiatutako prozesuan herritarrek proposatu zituzten emakume izenak ezarriko dituzte horrela.

Nahiz eta kaleak izenez aldatzeko erabakia aste honetan hartu den, 2017ko otsailaren 1era arte ez da aldaketarik gauzatuko. Ordura arte, aldaketak eragindako pertsonei informazioa emango die udalak; besteak beste, auzoko merkatariei eta eraikinen jabeei. Gainera, epe horretan udalari aldaketei buruzko galderak eta zalantzak helarazteko aukera izango dute auzokoek.

Orotara, beraz, Bilboko bost kaleren izenak aldatu dituzte Memoria Historikoaren Legea betetzeko, eta beste bi kaleri izena jarri zaie auzokoen erabakia aintzat hartuta. Kale izenen aldaketa EHUk egindako txosten bateko aholkuei jarraiki egin dute.

600 proposamenetik gora

Udalak abiarazitako partaidetza prozesuan kale eta plazen izenak aldatzeko 600 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte hiritarrek. Bilboko kale izendegian emakume ospetsuen izenak sartuko dituzte aipatutako hiru aldaketekin. Alfonso Txurruka enpresari frankistaren izena kendu eta aspaldi gabarrak narras eramaten zituzten emakumeak gogoratuko dituzte, Zirgarien kaia izena ezarrita. Benita Asas Manterola pentsamendu eta militantzia feministaren ikur garrantzitsuenetarikoa izan zen XX. mendean. Clara Campoamor, berriz, emakumeen sufragioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen.