Urte zaharrak berri

Nerea Ibarzabal

Egutegi zaharra argal-argal ageri da sukaldeko loza zuriaren gainean. Eguzkia distiratsu baina urrunegi, aire hotza sudur-zuloetan barrena; baserrietako ke usaina darie urte bukaerei, eta iazko urte bukaerako sentsazio bertsua oro har: urtearen errepasoa egin nahi eta ezer gutxirekin oroitzea, bizitza pertsonaleko gorabeherez aparte. Milaka albiste astebetez “bua, bua, bua, ze gogorra!” izandakoak, abendurako “a, egia, hau ere gertatu da aurten” bat bilakatzen dira. Azkenean aldaketak dira oroitzen ditugunak, egunerokotasuna baldintzatuko diguten aldaketak, eta horrelako errotiko bira gutxi eman dizkigu 2016ak —pertsona zuri okzidentaloi— gaur arte.

Dena izan da ia-ia, ui, kasik aldatu da, baina ez. Espainiako Gobernua, dena aldaketa eta berritasuna promesten zuena, dena erregimen zaharraren erorketa, laranja, more, arrosa gorri arantzatsu, bat-batean denak mutu eta lehengora. Aldaketari beldurra, zer oroitua izateari beldurra. Silvio Rodriguezek kontzertua eskaini zuen Donostian.

Arnaldo Otegi aske geratu zen, eta bakoitzak bere esperantza mota jarri zuen EAEko hauteskundeengan, baina ai, ui, EAJ-ren ohiko garaipen pisutsu hori beste behin. Aldaketari beldurra, historia eraikitzeari beldurra. Xabier Amurizak bertso-plazetatik erretiroa hartu du.

Gipuzkoa zutik jarri zen erraustegiaren aurka, eta proiektua geldiaraz zitekeela zirudien, baina aldundiak urte amaierarako hautatuak ditu hori eraikiko duten enpresak. Ia-ia. Eta Nafarroako polizia kopuru gehiegizkoari buruz hitz egiteko garaia gertu egon zitekeela zirudienean, edo gerturatzen behintzat, hainbat gazte atxilotu dituzte tabernako eztabaida bat zela medio. Kasik.

Renzik dimititu egin du Italiako Konstituzioan aldaketa bat proposatu eta ezetza jaso ondoren. Donald Trump da AEBetako presidente berria, eta askok pentsatuko du “begira zer dakarten aldaketek”. Eta agian arrazoi du, baina olatuak baino beldurgarriagoa ez ote da ur geldoa?

Gaurko egunera arte 96 feminizidio zenbatu dira Espainiako estatuan —gizonezkoek hildako emakumeak, eta ez soilik harreman sentimental frogagarri bat zutenak, genero-biolentziaren legeak jasotzen duen bezala—. Milaka hildako Egeo eta Mediterraneo itsasoetan, iaz bezala, aldaketarik ez, presentzia mediatiko urriagoa ez bada. Eta horiek ere ez dituzte olatuek hil, gure pasibotasunaren ur geldoek baizik.

Rita Barbera hil eta ezin, ba, patuak hori berdindu gabe utzi. Fidel Castro komandantea joan zen, beste ko-mangantearen atzetik. Ia-ia.

Uste dut urteek funtzio bat dutela: orria pasatu eta hutsetik hasten garen sentsazioa edukitzeko bitartekoa dira, zerbait aldatu dela pentsarazteko. Urteak 10.000 egunekoak balira, hilabeterik gabe, seguru antsietateak gehiago eginda aldaketak nahiko genituzkeela. Baina 365 egun jasan daitezke hiru aldiz jarraian.