Olentzeroren hiru lapurretak

Igor Elordui Etxebarria

Durangoko Azokaren karietara Korrika-dendan txanda egiten ari ginela, Gabonetako zurrunbiloaz, opariez eta gastuez berbaz gabiltzala bota zidan: “Olentzero lapurtu digute! Hor duzu zeri buru idatzi”. Eskerrik asko, bada, Miren, zeri buruz idatzi eman didazulako, nahiz eta susmoa baino gehiago daukadan baten bati, biri edo hiruri ez zaien gustatuko esango dudana. Zeren eta, arrazoi duzu, Olentzero lapurtu digute, baina ez behin, hirutan baizik.

Hasieran, zuk esan zenidan bezala, kristautasunak lapurtu zigun (beste ospakizun gehienak bezala, portzierto). Olentzeroren antzinako jatorria paganoa da, neguko solstizioko ospakizunetako pertsonaia da, nahiz eta pertsonaia moduan kristautasunaren berri emaile edo mezulari izatera kondenatu duten. Barandiaranek Ataunen bildu zuen bertsio baten arabera, Kixmi —tximino esan gura ei zuen eta hala ipini zioten Jesukristori goitizena— jaio zela eta, jentilak, amildegi batetik behera euren buruak bota, eta hil egin ziren. Denak bat izan ezik. Bizirik geratu zen jentila haranera jaitsi omen zen Kixmi zelako haren jaiotza iragartzera. Horixe omen Olentzero.

Baina kontsumismo basatiak ere lapurtu digu Olentzero. Sekularizazioaren eraginez aspaldi galdu du kristau izaera —aukeran hobeto, kontsola gaitezen— eta Hiru Errege Magoekin eta Bizarzurirekin parekatu dugu. Haien izaera eta ezaugarriak aitortu dizkiogu eta gizarte kontsumista honen ikur bilakatu. Are gehiago, elkarren arteko lehian oparien txapelduna da egun —aukeran hobeto, kontsola gaitezen berriro—Euskal Herriko etxerik… gehienetan?. Gurean, gutxienez, Hiru Errege Magoak, beraien gamelu, zaldi, paje eta guzti; hiru izanagatik ere, turroia eta koñaka ederto hartu bai, baina galtzontzilo eta galtzerdietatik harago inoiz ez dira joaten.

Hirugarren lapurreta batek nauka asaldatuta aspaldian. Onkeriak (buenismoa, lizentzia hartu dut itzulpenarekin) lapurtu gura du Olentzero. Badakigu, kanta dakigularik, Olentzero mendian bizi dela eta ikazkina dela, pipa hortzetan duela, kapoiak erre dituela arrautzatxoekin meriendatzeko; buruhandia dela, ardozalea, tripaundia… Eta ostera, nonbait, zaldi hegalari magiko baten gainean dabil, ez du erretzen, mehetuta dago, laguntzaile andana dauka, Erdi Aroko arropa garbi dotorez janzten da eta ez da bakarrik bizi, ez horixe. Mari Domingirekin bizi da. Eta inor ez da konturatu, antza, Olentzerori mutilzahar, homosexual edota, beste barik, bakartia izateko eskubidea ukatu diogula. Eta emakume bat —Mari Domingi— gizonezkoaren itzalean bizi den bigarren mailako pertsonaia izatera behartzen ari garela. Besteak beste.

Nik, zer nahi duzue esatea, nahiago dut Olentzero jatun, edale, erretzaile, lohi, bakarti eta politikoki ez-zuzen hura. Gutarragoa deritzot.