Ikusten ez den hori

Nerea Ibarzabal

Nola masturbatzen gara emakumeok? Zein teknika dira erabilienak, zein mugimendu gozagarrienak? Aste honetan BERRIAn idatzitako Alu izua zutabean opari txiki bat utzi digu Samara Veltek: emakumeok geure buruari plazera emateko erabiltzen ditugun moduei buruzko ikerketa landu bat —www.omgyes.com webgunean dago, baina osorik ikusteko/ikasteko ordaindu egin behar da—.

Lehen aldia da emakume bat bere masturbazio teknikak zehatz-mehatz azaltzen entzuten dudana —bideoz bada ere—, eta nahiz eta ziur badiren beste hainbat adibide Interneten atzaparretan, gaur arte ez zait begiratzea otu. Bizitza osoa hankartean alu batekin eta hankartean alu bat duten pertsonaz inguratuta, eta gaztetxotan, kasualitatez, bizikletaren jarlekuarekin, dutxako txorrotarekin, izaren marruskadurarekin deskubritutako plazer debekatu hura neure modura kudeatu eta isilpean mantendu dut, teknika berriak ezagutzeko esperantzarik eta interesik gabe. Neure teknikarekin oso gustura nagoelako izan daiteke, edo agian Interneten orrialde horiek begiratzen harrapatu nazaketela pentsatze hutsak izugarrizko lotsa ematen didalako oraindik.

Harrituta geratu naiz ezagutzen ez nituen hainbeste modu eta mugimendu ikusita; binakako sexurako —plazer onarturako— ehunka truko ezagutzen ditugu, ordea. Agian subkontzientean masturbazioa nahikoa bekatu iruditzen zaigu jada, gainetik plazer horren forma berrietan sakontzen hasteko. “Emakume askok gehiagotan ikusten dute euren dentista euren hankartea baino”, dio Veltek, eta zer pentsatua eman dit esaldiak, ikusi nahi ez den horrek zail baitauka osoki existitzen. Hortik datoz bere ezaugarri naturalak kamuflatzeko nahiak, hilekoaren tabuak, usainak, ileak; masturbatu izanaren ukazio eternalak lagunarteko aitortza jolasetan, baita neska artean ere; norbaitek sexu orala egiten digun bitartean zer ikusten ari ote den pentsatu eta hasieran lotsa sentitzea.

Gogoan dut behin amak gure familiako emakume baten istorio sexuala kontatu zidala. Bere lehen orgasmoa garbigailu batekin izan zuen, zentrifugatze prozesuan sortutako bibrazioaren ondorioz —ezkondu eta lehen umea izan ondoren, datu esanguratsua—. Paradoxikoa, emakumeari ukatutako plazera emakumeari inposatutako zereginean aurkitu zuen. Pasatuko dizkiot webguneko pare bat bideo, energetikoki jasangarriagoak direnak; pozik eta balay hartuko ditu.