ABELTZAINTZA. Karrantzako hiltegiak aurrera egin ahal izateko, EH Bilduk laguntza ekonomikoa eskatu du Batzar Nagusietan. EAJk kontra bozkatu du, aldundiaren eskumenak gainditzen dituela iritzita; PSE-EE alde azaldu da, eta PP abstenitu egin da.
Sailkatugabeak
Helburuak beteta, ase
Zamudioko Torrelarragoiti inguruek galdu dute Jose Mari Lejardi Gabixola markinarraren presentzia. 47 egunez garraiolarien duintasuna eta eskubideak aldarrikatu ditu, eta astelehenean bukatutzat eman zuen protestaldia. "Euskal Herriko ia hedabide guztiek egin" diote kasu, eta gidarien egoera kaskarraren berri zabaltzea lortu du. Beraz, helburuak beteta amaitu du bere protesta. Horrez gain, sindikatuen gehiengoaren ordezkariek —ELA, LAB, HIRU eta EHNE— ere birritan gerturatu zaizkio denbora horretan. "Banaka lehenengo, eta nire aferari buruz batzartu ostean, elkarregaz". Gose greba bertan behera uzteko eskatu zioten, borroka "eredugarria" izan dela adierazita.
Hain zuzen ere, sindikatuen ustez, horixe da krisiari buelta emateko tresna nagusia: borroka. Joan den zapatuan Eskubide Sozialen Gutuna aurkeztu zuten Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek. Eta testu horrek zerikusia ere izan du Lejardik bere protesta amaitzeko garaian. Mugimendu hori hilabete batzuen bueltan "oso eraginkorra" izan daitekeela adierazi du, eta bidea zabalik geratu dela deritzo.
Lejardik 55 urte ditu, eta erretirorako adina gero eta gertuago ikusten du. Hala ere, ez du uste horregatik mobilizatu ezin denik: "Nik egin dut egin beharrekoa, eta atzetik datorrenak egin dezala bere bidea. Ez da hori nik sinesten dudan bidea". Izan ere, "oraindik erretiroa eta bestelako xehetasunak airean ditugu, eta umeak ere ekarri ditugu mundura. Haien alde ere borroka egin behar dugu", iritzi dio. Belaunaldi berriei egokituko zaien etorkizunagaz kezkatuta dagoela errepikatu du behin eta berriro.
Egoera orokorra aldatu gura badu ere, garraiolarien sektorean aldaketak ere eskatu ditu Gabixola-k. Beharginen "indibidualismoa" behin eta berriro salatu izan du egunotan. Baina bere protestarekin ere bat egin dute garraiolari batzuek, "benetako kontzientziadunak eta, batez ere, porrot egin dutenak". Inguratu zaizkien lankideen artean paradoxa egoerak egokitu zaizkiola azaldu du: "Porrot egin duten guztiek onartu dute nire ahalegina. Denek esaten zidaten: 'Hik bai indarra hik. Guk egin izan bagenu...'. Beharrean daudenek, ordea, nahiz eta egoera prekarioan egon, nire borrokagaz ez dudala ezer lortuko esan didate. Guztiak ziren gogoa kentzeko mezuak", adierazi du.
Hala ere, era horretako protestak abiatzeko "garai aproposa" dela deritzo. "Denok gaudelako oso egoera kaskarrean, irabazteko ahalmena galtzen ari garelako". Hala ere, gizarte osoa 30 urteetan sartu den "kontsumo sistemak herritarrengan beldurra" sortzen duela deritzo: "Hipotekatu egin gara, eta beldur gara: 'Borroka beste batek egin dezala!', pentsatzen dute askok".
Hazia ereinda
Gose grebagaz "hazi bat erein" duela uste du garraiolari markinarrak. "Diruaz haratago, borrokatzeko prest norbait badagoela adierazita" jarri du hazia. "Hogei bazineten, bederen!", esan zion batek protestan zegoela. Lejardik erantzun: "Zatoz zu, bada!". Bere protestaren helburua ideia hori zabaltzea izan da. Baina garraiolarien sektoreko kide izan arren, beste sindikatu guztiak erakartzea ere bazuen xede. Eta baita lortu ere. Hala esan zien sindikatuko kideei, bertaratu zirenean: "Zuek orain ezin duzue gizartea geldiarazi, jendea beldur delako. Ez dute beren lanpostua galdu gura, eta badakite langile bat kaleratuz gero lankideek ez dutela protesta egingo. Beharrean geratuko dira".
Garraiolariek, ordea, badute gizartea geldiarazteko indar hori. "Bost egunean lor genezake guk. Genero gabe utziko genuke dena: Pertsonak, itsasontziak, gasolindegiak, aireportuak... Dena". Hala ere, sektore hori "sakabanatuta" dagoela dio, eta "elkarrenganako konfiantza eza" nagusi dela. Hori dela eta, hilabete batzuetako kanpaina bat antolatzeko deia egin du. "Sindikatuek ere parte hartu beharko lukete horretan".
Aldaketa horiek, gainera, teknologia berriek beharginen etorkizunean izango duten eraginak ekiditeko hartu beharko direla ere uste du. Izan ere, makinek pertsonei lekua kenduko dietela deritzo —GPSak, dendetako makinak, kutxazain automatikoak... aipatu ditu, besteak beste—. Gizateriaren etorkizunagaz oso kezkatuta azaldu da, antropologian adituak direnen iritziak entzun ostean. Teknologia berriek gero eta langabe gehiago sortuko dituztela dio, eta bizirik irauteko batzuek beste batzuk hilko dituztela uste du. "Elitea teknologiak pertsonak ordezkatzeko plana mamitzen ari da", adierazi du.
Pentsatzeko eta batzuegaz eta besteegaz berba egiteko denbora asko izan du Zamudion kanpadenda batean egin dituen egunetan. Jaialdi bategaz eman zion bukaera protestari astelehenean. Bertan, bertsolariak eta Joseba Etxebarria abeslariak egon ziren egunari jai kutsua emateko. Salda banatu zuten ostean, eta "pixka bat" besterik ez zuen hartu Lejardik, medikuak hala gomendatuta. Ia 30 kilo galdu ditu, maiatzaren 1etik ekainaren 16ra.
300
IKASLE IBAIGANE ESKOLANDeustua auzoan dagoen Ibaigane eskolan gehiengoa duen ELAk aste honetan salatu du eskola itxi egingo dutela.38 langile. Behargin eta ikasleentzat irtenbidea eskatu dute.
Solokoetxeko antenen aurka mobilizatu dira
IRRADA. Bilboko Zazpikaleetan, Solokoetxen eta Iturralden Europak baimendutako irrada mailatik gora daudela salatu dute, berriro ere, asteazkenean egindako protestan. Gehiegizko irrada horren eragilea Solokoetxeko igogailuetan kokatutako antenak direl...
“Autobus linearen kontzesio mota aldatzea gura dugu”
Durango eta Gasteiz lotzen dituen autobus zerbitzuaren erabiltzailea da Nekane Rosas (Durango, 1972), duela zortzi urtetik hona. Egunero egin behar du joan-etorria zerbitzu horretan, eta, beste askoren antzera, ez dago batere pozik beragaz.
Kexa ugari eragin ditu autobus zerbitzu horrek. Zein arazo antzeman dituzue?
Linea hau guztiz zahartuta dauden autobus batzuegaz eskaintzen da. Etengabe matxurak dauzkagu. Horiek gertatzen direnetan, normalean, ez dute ordezko autobusik bidaltzen, eta hurrengo ordukoa etorri arte zain egon behar izaten dugu. Bestalde, barrutik ere kaskar daude, zikinduta zein apurtua. Mantentze lana oso eskasa da. Beste arazo bat da ez dagoela bezero arretarako zerbitzu zuzenik. Ez daukagu telefono zenbaki batera deitzerik azalpen eske, esaterako, elurra bada eta autobusa ezin bada etorri, zer gertatu den jakiteko.
Zuen ustez, ordutegiak ere desegokiak dira.
Zerbitzua ez dago egungo beharrizanetara egokituta. Ikasle eta behargin mordoak erabiltzen du zerbitzu hau, baina ordutegiak oso eskasak dira. Urte asko daramatzate ordutegi beregaz, gaur egunera egokitu gabe.
Erabiltzaileak kontuan izan gabe jartzen dituzte ordutegiak, beraz?
Bai. Arabako Foru Aldundiak prestatzen ditu baldintza agiriak, gainera, gugaz berbarik egin gabe.
Zeintzuk dira ordutegiak?
Zazpi zerbitzu daude noranzko bakoitzean. 07:10ean, 08:15ean, 10:45ean, 14:00 inguruan, 15:00etan, 17:00etan eta 21:30ean ateratzen dira Durangotik.
Autobus bat galduz gero, beraz, hurrengoa iristeko asko itxaron behar duzue.
Bai. Eta arazoa are larriagoa da bueltarako. 15:00etako autobusa hartu behar duten ikasleek eta beharginek, zerbait gertatu bada edo beste barik galdu egiten badute, 18:00etara arte ez dute besterik. Eta hori ere hartu ezean, 20:30era arte ez dago besterik. Oso eskaintza eskasa da, eta zerbitzuok ere ez dituzte behar bezala eskaintzen.
Zein ibilbide egiten dute?
Durango, Izurtza, Mañaria, Urkiola, Otxandio, Legutio, Urbina, Luko eta Gasteiz. Ordubete eta bost minutuko ibilbidea, gutxienez. Lehen aipatutakoak gaur egungo ordutegiak dira. Kontzesioa berritzen dutenerako beste batzuk proposatu dituzte. Eta horiegaz ere ez gaude batere ados, desegokiak dira.
Zergatik?
Zerbitzu kopurua bera izango da, baina ordutegiak aldatu egingo dituzte. Esaterako, lehenengo autobusa 06:30ean aterako da Durangotik. Eta geldialdi kopurua handitu egingo dute; ordu laurden gehiago esan nahiko du horrek. Ez dakigu zeri erantzuten dion zerbitzu horrek; gure beharrizanei ez, behintzat.
Zer eskatzen duzue zuek?
Kontzesioa bukatu egingo da, eta datorren urte hasierarako enpresa berri batek hartuko du. Hauxe da unea, beraz, linea honetako udal guztiak eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundietako ordezkariak koordinatu eta zerbait egiteko: baldintzak begiratu eta benetako beharrizanetara egokitzeko garaia, hain zuzen. Egun zerbitzu hau Arabako Foru Aldundiaren esku dago, nahiz eta linearen erdia Bizkaia izan. Beraz, agian euren artean hitzarmenen bat egin lezakete linea bultzatzeko. Zerbait egiten saiatu egin beharko lukete, gutxienez.
Durangoko Udalak erabiltzaileen kexak jaso ditu, eta arazo honetan zerikusia duten administrazio guztiegaz batzar bat antolatu du uztailaren 1erako. Zer espero duzue batzar horretatik?
Ez daukagu informazio handirik, egia esan. Prentsaren bitartez irakurritakoa besterik ez dakit.
Ez dira harremanetan jarri zuegaz horren berri emateko?
Ez, gugaz zuzenean ez dira jarri inoiz harremanetan. 2012az geroztik ari gara gu mugitzen. Hainbat ekintza egin ditugu, eta ez dute inoiz harremanik izan gugaz.
Zehatz, zer eskatzen duzue, ordutegi zabalagoaz gain?
Kontuan hartu behar da egun zerbitzua mentura eta arrisku ereduan esleituta dagoela: dena dago kontzesioa daraman enpresaren eskuetan. Kontzesio mota aldatzea gura dugu, beraz. Ez uztea enpresaren eskuetan zerbitzu osoa. Hala inork ez duelako kontrolatzen. Beste mota bateko kontzesioagaz, kontrolatuago legoke. Bestalde, ordutegi zabalagoak jartzerik badago, primeran. Eta, ezin bada, gutxienez, eskaintzen dena hobeto eskain dezatela; gaur egunekoa jasanezina delako.
Erabiltzaile gisa, zer sentitzen duzue?
Ikasle eta beharginez gain, Otxandio inguruan medikuarengana sarri doan jende asko dabil. Durangotik Bilbora zein Otxandiotik Gasteizera unibertsitatera zein medikuarengana doan erabiltzailearentzako zerbitzuak aukera berdinak eskaini beharko lituzke. Baina ez da horrela. Erabiltzaileek desberdintasun handiak pairatzen dituzte, kalitateari zein prezioari dagokionez, lurralde batean edo bestean.
Elkartasuna liburuetan
Irakurtzeko kultura eta elkartasun proiektuak bateratzen dituen azoka zabalik dago Algortan: Bigarren Eskuko Liburuen IX. Azoka da, hain zuzen, eta eguaztenaz geroztik bisita daiteke.Algortako kultur etxean kokatu dute. 11:00etatik 14:00etara bitartea...
S& P’s agentziak A- mailara igo du Bizkaiaren maila
FINANTZAK. Standard & Poor's kalifikazio agentziak azaldu duenez, Bizkaia moldagarriagoa da egoera txarretan lurraldeak duen autonomia handia eta finantzatzeko kudeaketa ona dela eta. Horregatik, kalifikazioa A- mailara igotzeko erabakia hartu du.
Rosa Calzadaren ‘Giza izaera’
Rosa Calzada artistaren Giza izaera erakusketa ikusgai dago Igorreko kultur etxean. Hilaren 30era arte egongo da bisitatzeko aukera, astelehenetik barikura, 10:00etatik 20:45era bitartean.Hainbat sentsibilitate eta gorputz esperientzia jasotzen ditu e...
Garagardoaren festa, Balmasedan
Garagardoaren festa ospatzen ari dira Balmasedako San Joan plazan. Antolatzen duten era horretako bosgarren jaialdia da aurtengoa. Domekara bitartean egongo dira bertan.Saltxitxak, okelazko pastela eta ukondo errea dastatzeko aukera dute bertaratzen d...
Bilboko hiribildua atletismo topaketa
Bilboko Hiribildua Nazioarteko XIV. Atletismo Topaketa egingo dute, bihar, Zorrotzako kiroldegian. 16:15ean hasiko dira probak.Europako Atletismo Promozioaren egutegiaren barruan jasota dago Blboko proba. Hiru ordutik gorako programa da, eta denetarik...