Elkartasuna liburuetan

Irakurtzeko kultura eta elkartasun proiektuak bateratzen dituen azoka zabalik dago Algortan: Bigarren Eskuko Liburuen IX. Azoka da, hain zuzen, eta eguaztenaz geroztik bisita daiteke.

Algortako kultur etxean kokatu dute. 11:00etatik 14:00etara bitartean eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, gaur eta bihar; etzi, bestalde, goizez baino ez dute irekiko.

Han salgai dauden liburuetako bat erosten duenak elkartasunezko proiektu bati emango dio ordaindutako dirua: hain zuzen, Taldeka Lagunduz gobernuz kanpoko erakundeari emango diote jasotako guztia aurten. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, erakunde horrek Indiako dalit kastako haurrak eta gazteak gizarteratu eta hezteko proiektuetara bideratuko du ematen dioten dirua.

Egunotan Algortako txoko horretara joaten direnek eskuragarri izango dituzte hainbat gairi buruzko liburuak. “Literatura liburuak zein gai desberdinetakoak, alde batetik; eta gazteentzako lanak, bestetik. Denetarik izango da”, azaldu du Anabel Regalado liburuzainak. Jakinarazi du salgai dauden liburu gehienak partikularrek liburutegiei emandakoak direla. Guztira, 27.000 liburu prestatu dituzte salmentarako. Asko dira, beraz, liburutegietara iristen diren liburuak. “Guretzat arazo larriena da urte osoan iristen zaizkigun liburu horiek guztiak gordetzea azoka iritsi bitartean”, azaldu du Regaladok.

Prezio sinbolikoak

Antolatzaileek jakinarazi dute salmenta prezioak sinbolikoak direla. Hain zuzen ere, liburuak euro baten truke daude salgai. Aldizkariak eta koadernotxoak gura dituztenek hiru ale eskuratu ahal izango dituzte euro bat ordainduta. Entziklopediei dagokienez, bestalde, osorik saltzen dituzte. Liburuzainak azaldu du zer eta non aukeratu ugari dagoela. Halaber, domekarako eskaintza bereziak prestatu dituzte. Liburu sortak erosten dituztenek izango dute beherapen horiez gozatzeko aukera.

Oraindik ez dakite zer-nolako arrakasta izango duen aurtengo azokak. Iaz 8.000 lagun inguru joan ziren, antolatzaileen arabera. Horrez gain, 17.000 liburu saldu zituzten.

Lehendabizikoz duela bederatzi urte jarri zuten martxan jarduera hori. “Getxoko hiru liburutegietan urtero partikularrengandik jasotzen dituzten dohaintza guztiegaz zer egin ez zekitelako abiatu zuten. Liburuok “aprobetxatzeko moduak aztertzen” ari zirela, azoka egiteko aukera bururatu zitzaien. Dena den, jasotako liburu horietako batzuk udako liburutegietan eta kaleko jardueretan ere erabiltzen dituzte.

Hala ere, “sobera asko” geratzen dira, eta azokara bideratzen dituzte. “Saltzea erabaki genuen, baina modu solidarioan”, esan du Regaladok. Lehenengo urtean uste zuten ez zituztela salduko edo gutxi salduko zituztela. Hala ere, “oso ondo atera zen” esperientzia, eta “pozik” daude antolatzaileak.

Garapenerako Lankidetza arloan erabakitzen dute zein elkartasun proiekturi eman jasotako dirua. Regaladok jakinarazi du dirua entregatzeaz gain proiektua aztertu ere egiten dutela.

Bigarren eskuko liburuen azoka

Gaur eta bihar, goizez zein arratsaldez bisita daiteke, Algortako kultur etxean; etzi, goizez bakarrik.