Sailkatugabeak

Pipermina, kipula errea, olibak eta gazta hanburgerrari

Egoera ekonomikoak eta lehiatu beharrak bultzatuta, sektore batzuetako eta besteetako profesionalek euren produktuak besteetatik bereizteko ahalegina egin beharra dute garaiotan, eta Bizkaiko merkatarien Bizkaidendak elkarteak eta Bizkaiko harakinen Okelbiz elkarteak produktu berri bi aurkeztu berri dituzte: saltxitxak eta hanburger mota bi. Osagai eta gehigarri erabat naturalak dituzte, eta osasungarriagoak dira, Alberto Izarzugaza Okelbiz elkarteko presidenteak azaldu duenez.

Azti-Tecnalia fundazioa aditua da elikadura ikerkuntzan, eta harekin elkarlanean garatu dituzte produktuok. Aztiko adituek egin dituzte ikerketak, eta dastatze bidez aukeratu dituzte elkarrekin Bizkaiko kontsumitzaileari zein gusta dakiekeen gehien. "Gure ingururako zaporerik aproposena iruditu zaiguna aukeratu dugu", azaldu du Victor Martinez de Soriak, harakinen elkarteko irakasleak.

Gatz eta koipe gutxiago

Txahal eta txerri okelaz egindako jakiak dira hirurak, baina, osagai naturalak izateaz gain, ohi baino gatz eta koipe gutxiago daukate. Gatzik gabeko jakiaren zaporeari bizigarria emateko elementu naturalak bilatu dituzte, ordea. Hain zuzen, hanburgerrei dagokienez, batak oliba berde eta beltzak, piper gorria eta kipula errea dauzka, Martinez de Soriak zehaztu duenez. Bigarrenari, bestalde, Idiazabalgo gazta eta pipermina gehitu dizkiote.

Lauzpabost dastatze egin zituzten horretarako, "begiak itxita", Izarzugazaren arabera. Hala ere, osagaiak zeintzuk diren esan ordez, euren nahia bezeroek produktuok dastatu eta zer iruditzen zaien esatea da, Okelbizeko presidentearen esanetan. Horretarako, martitzenean komunikabideen aurrean egin zuten aurkezpen ekitalditxoaz gain, datorren asteko eguaztenean, hilak 18, jendaurrean beste aurkezpen bat egingo dute —Aztiko aditu eta guzti— , Mungian San Antontxu eguneko azoka nagusia izango dutela aprobetxatuta; produktu berriak dastatzeko aukera izango da han ere.

Nutrizio aldetik, hobeak

Nutrizio aldetik ere, gainera, hobekuntza nabarmena izango dela jakinarazi dute. Izan ere, Okelbiz elkarteak emandako datuen arabera, ohiko hanburger batek 100 gramo bakoitzeko 253 kilokaloria ditu, 20 gramo koipe, 17 gramo proteina eta 129 miligramo sodio. Hanburger berriek zazpi gramo koipe daukate, 16,50 eta 19 gramo arteko proteina eta 116 eta 223 miligramo arteko sodio.

Gero eta diru gutxiago dagoela eta herritarren erosahalmena gero eta txikiagoa dela entzutean, "kexatu eta negar egin beharrean", harago egin nahi izan zuten. "Zerbait berria eta hobea egin behar genuela pentsatu genuen". Hala azaldu du Izarzugazak. Proiektuagaz bi urte daramate. Jaurlaritzak SPRIren bitartez emandako diru laguntza bati esker osatu dute Aztiren ikerketa, eta, orain, Bizkaiko harategietan erosteko aukera izango da.

Udazkenean irekiko dute erresoluzio handiko zentroa

GERNIKA-LUMO. Osasun Sailak 2012ko azken hiruhilekoan zabaldu gura du Gernika-Lumoko erresoluzio handiko zentroa. Arduradunek iragarri dute lanak amaituta daudela eta barruko ekipamendua baino ez dela falta. Bermeotik Ondarroarainoko eremua hartuta, 6...

Larrialdiak gainezka, murrizketen ondorioz

Astelehena, 2012ko urtarrilaren 9a. Gainezka daude Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuak. Zazpi gaixo daude ebaluazio pasilloan, zain; beste 35 pertsona, aldiz, ospitaleratzeke. 13:00 dira, eta egoerak egunean zehar txarrera egingo duelakoan dau...

Haur eskola berri bat ireki dute, bost haurtxogaz

ARTEA. Artean, 21 haurtxorentzako lekua duen haur eskola bat estreinatu dute; oraingoz, bost ume daude han. Hain zuzen, Astuibekoan jarri duten modulu prefabrikatuak urtebetera arteko zortzi haurrentzako lekua du, eta urtebete eta bi urte artean dituz...

Erralde hiltegiari ixteko eguna jarri dio Eusko Jaurlaritzak: urtarrilaren 14a

Erralde Durangoko hiltegia luze gabe itxi dezakete. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikorako zuzendari Mercedes Estebanez Carrillok Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteari telefono bidez jakinarazi dionez, hiltegia ixteko prozedura urtarrilaren 14an hasteko asmoa daukate.

Erralde osatzen duten kideek, baina, ez dute amore emateko asmorik, eta euren esku dagoen guztia egingo dutela jakinarazi du Ansotegik, ixtea saiheste aldera. Izan ere, aurretik ere azaldu dutenez, "lehenengo sektorearentzat izugarrizko kolpea izango litzateke Bizkaian hiltegi bat bera ere zabalik ez geratzea".

Horri dagokionez, Ansotegik adierazi du zalantzak dituela Jaurlaritza jakitun ote den erabaki horrek izan ditzakeen ondorioez. "Abeltzain askori —txikiak eta ertainak, batez ere— ez dakit errentagarri aterako zaien animaliak hiltzera urrutira eraman behar izatea. Izan ere, lehenago ere oso kaltetuta zegoen sektore bat da hau. Beraz, kontuan hartzen baduzu ganadua urrunago eramateko garraio kostuak handiagoak izango direla, abeltzainek denbora gehiago beharko dutela bidaia horiek egiteko... Errentagarritasuna eta lehiakortasuna galduko lituzkete", esan du Ansotegik. "Datu objektiboak eskuan", jarraitu du, "Erralde garai batean itxi zutenean ganaduburuek asko egin zuten behera".

Helegitea jartzeko asmoa

Hori guztia dela eta, pauso batzuk adosten ari dira Erralde osatzen duten kideak, eta zein neurri hartuko dituzten ere pentsatzen hasi dira. Horrez gain, Osasun Saileko Osasun Publikorako Zuzendaritzak egindako hiltegia ixteko prozedura proposamena eskura iristen zaienean errekurtsoa jartzeko asmoa dutela iragarri du Ansotegik. Izan ere, neurria "bidegabea" dela deritzote.

Gogora ekarri duenez, gainera, "neurri eta zuzenketa batzuen bitartez badago aukera Erraldek bere jarduerarekin jarraitzeko". Hain zuzen, hori eskatu diote Osasun Sailari. Hala ere, hiltegiak aldatu edo zuzendu beharreko atalak proposatu beharrean "prozeduraren hasiera" iragarri dietela salatu dute.

Berrizko lanekin, aurrera

Durangoko hiltegiarekin gertatzen dena gertatzen dela ere, Berrizko instalazio berriak martxan jartzeko lanean buru-belarri jarraituko dutela jakinarazi du Ansotegik. "Hiltegi berriaren eraikuntza gaur egun martxan dagoen jarduera honekiko independentea da", esan du. Bata bestearekiko independentea bai, baina Berrizkoa bukatu eta martxan jartzeko modua izan arte Durangokoa ez ixtea lortu gura dute.

Bizkaiko EHNEk ere antzeko irakurketa egin du afera horri buruz. Itxiera eguna Berrizko instalazio berriak zabaldu arte atzeratzea lortzeko ahal duen esfortzu guztia egingo duela jakinarazi du baserritarren sindikatuak. Mobilizazioak egiteko asmoa ere iragarri du, gainera.

Hiltegi eredu horren kontra

Haratago ere joan da, gainera, sindikatua. Hain zuzen, Durangoko hiltegia ixteko saioaren atzean "interes politiko eta ekonomikoak" daudela salatu du. Horren guztiaren helburu bakarra Erraldek ordezkatzen duen hiltegi eredua desagerraraztea dela deritzo: "Bertoko okela sakrifikatu, berton merkaturatzeko. Negozioa egin gura dute prezio baxuan okela inportatu eta gero hemen garesti salduta".

Horrez gain, hiltegia ixteko asmoak zabaldu zirenean Eusko Jaurlaritzak erabakia Europako Batasunarena zela sinetsarazi gura izan zuela ekarri du gogora Bizkaiko EHNEk. Bruselak, baina, hori horrela ez dela jakinarazi duela gogorarazi dute bai sindikatuak baita Erraldeko presidenteak berak ere. Ansotegik eman ditu azalpenak: "Bruselakoek esan ziguten haiek legedia betetzeko presioa egin egin zutela baina eskumena Jaurlaritzarena zela". Bizkaiko EHNEren ustez, beraz, hiltegia ixteko aitzakiek "ez dute inolako zentzurik".

Horrez gain, batzuek eta besteek deritzote argi geratu behar duela Durangoko hiltegiak ez duela izan osasunarekin lotutako inolako arazorik zabalik ez jarraitzeko. Are gehiago, azaldu dutenez, Erraldekoek eskatu arren zabalik jarraitzeko euren instalazioetan zer-nolako aldaketak egin behar dituzten azaltzeko, Osasun Sailak ez du erantzun.

Animaliek bazkarako larrerik ez dutenean

Euskal Herriko larre eta basoak bizitoki aproposak dira zenbait animaliarentzat. Maiz egoten da aukera behiak, zaldiak eta ardiak hango eta hemengo zelaietan belarra jaten ikusteko, baina abere horien bizilekua ondo egokituta egon behar da, buruhaust...

Sefanitro lantegia zegoen orubea deskutsatzeko bigarren fasea hasi da

Sefanitro ongarri lantegiak Lutxanako auzoaren (Barakaldo) eta Rontegiko zubiaren arteko eremu zabala hartzen zuen, 2006an ateak itxi zituen arte. Bada, fabrikak utzitako hutsunean zabalgunea eraikitzeko proiektuak aurrerapausoa eman du, orubea deskutsatzeko lanen bigarren fasea hasi baita. Lanek 27.560 metro koadroko eremua hartzen dute, eta babes ofizialeko 700 etxe egitea da asmoa —kooperatiba erregimenean 206— , eremua hornitzeko ekipamenduez eta saltokiez gain.

Etxebizitzak erosteko kooperatiba osatzen duten 600 familiek obren atzerapena jasan behar izan dute. Izan ere, duela urtebete hasi zen deskutsatze prozesuaren lehenengo indusketen txanda, 26.145 metro koadroko lur sailean lan eginez. Eusko Jaurlaritzak ateratako lurren analisian ondorioztatu zuenez, garbiketa sakonagoa egin beharko da bertan. Barakaldoko Hirigintza Planak zehazten duenez, babes ofizialeko 700 etxebizitza egingo dira guztira, eta beste 1.200 etxebizitza libre. Horrez gain, 80.000 metro koadroko parkea, eta ekipamenduak egingo dituzte. Fertiberia enpresak, lantegiaren jabea zenak, Afer taldeari saldu zion orubea, proiektuaren alde pribatua eraiki zezan, baina deskutsatze lanak bere gain hartu zituen. Garbiketaren bigarren fasea gutxienez bi hilabetez luzatuko da, "baina horrek ez du ezer esan nahi" Barakaldoko Udaleko komunikazio arduradun Jon Fernandezen iritziz. "Lehenengo fasean ikusi dugun bezala, deskutsatze batean, aurreko analisirik ez dagoenez, ezinezkoa da aurkituko dena jakitea".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak deskutsatzea nahikotzat joko ez balu, beste indusketa bat egin beharko litzateke. Prozedura material kutsatuak desagertu arte behin eta berriz errepikatu egin beharko litzateke. Fernandezek esan duenez, Sefanitrok betetzen zuen lur sailean "era guztietako metalak" daude. Bi enpresa kimiko lan egiten egon ziren orube horretan urte askotan. "Hala ere, ez dira material arriskutsuak, berez; ez dago lindanorik, baina, hainbesteko nahasketa egonda, kontuz ibili behar da".

Proiektuaren alde pribatuari dagokionez, hirigintza planean kristalezko bi dorre eraikitzea aurreikusten da. 150 eta 120 metro izango lituzkete, eta elkarri konektatuta egongo lirateke. Afer taldeak ekonomia eta zerga aldetik hainbat arazo izan zituenez, BBK-k eta La Caixak bere gain hartu zuten zati pribatua eraikitzeko ardura, euren eraikuntza enpresen bitartez. Fernandezek argitu duenez, "hirigintza planak bi dorreak eraiki behar direla ezartzen du. Gero, promotoraren eskuetan dago, baina udalean ez dugu aldaketak egiteko eskaririk jaso". Egun, Udalak hasierako proiektua betetzea nahi du, baina "justifikatutako aldaketak" onartzeko prest agertu da.

Arriskua eta alternatiba

Barakaldoko Eguzkikoek azaldu dutenez, orubeko lurzoruan "metal astunak, amonioa eta konposatu organokloratuak daude". Lurpeko uretan, ostera, "metal astunak, trikloroetenoa zein tetrakloroetenoa aurki daitezke". Aipatutako substantziek ingurumenean eta gizakien osasunean kalteak eragiten dituztela informatu du Eguzkik. Hala ere, euren ustez, "oso zaila" da kutsatzaileen eragin zuzena zehaztea. "Izan ere, eraginak luzera nabaritzen dira". Gai kimikoek inguruko herritarrengan izan duten eragina zehazteko, analisi epidemiologikoa egitea eskatu dio Eguzkik Udalari "askotan".

Proiektua bera kolokan jartzen du erakunde ekologistak. "Barakaldon 2.000 etxebizitza baino gehiago hutsik daude; beraz, ez dago berriak eraikitzeko beharrik". Bi eskari egin dizkiete udalari eta orubearen jabe pribatuei: "erabateko deskutsatzea aurrera eramatea eta eremua Lutxanako auzokideen beharrak asetzeko erabiltzea". Eremuan aisialdirako gune berdeak eta eraikin publikoak egitea proposatu du Eguzkik.

Durangon zirkulazioa arintzeko, semaforoak kanpora

Zirkulazioa arindu eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murrizteko helburuarekin jarraitzen du Durangoko Udalak, besteak beste, eta lan hori burutzeko datozen hiletan hamalau semaforo kenduko ditu. 2006az geroztik 60 semaforo kendu dituzte; azkenak, Ermodo eta Frai Juan Zumarraga kaleen artean zeudenak.

Mari Jose Balier hirigintza batzordeko buruaren arabera, udalak "buruhauste handiak" izan ditu azken urteotan zirkulazioak gora egin izanaren ondorioz. Hori dela eta, ahaleginak eskatu ditu "hiri politikaren esparruan garapen iraunkorra lortzeko, ibilgailu partikularrik gabeko mugikortasuna sustatzeko eta berotegi efektua eragiten duten gas isurketak murrizteko". Helburu horiek lortzeko azpiegitura sarea planifikatu behar dela adierazi du, "ibilgailuek bide gurutzeetan egiten dituzten geldialdiak murrizteko —semaforoak kenduz, esaterako—". Hori da, haren ustez, "hiriko zirkulazioa arintzeko eta eragingarriagoa bilakatzeko irtenbiderik egokiena".

Helburu hori lortzeko bidean, Durangoko sarreran, Iurretako zubiaren ondoan egiten ari diren biribilgunea amaitzen dutenean —Frai Juan Zumarraga eta Alluitz kaleen artean egingo duten biribilgunean— kenduko dituzte hamalau semaforook.

Irtenbidea zirkulazio arazoei

Biribilgune horren bidez zirkulazio arazoei irtenbidea emango dietela uste du udalak. Bidegurutze horretan ibilgailu asko egon ohi direla ekarri du gogora; izan ere, Frai Juan Zumarraga kalea hiri antolaketaren ardatz nagusienetakoa dela azaldu du, eta, era berean, hirirako sarbide garrantzitsuenetako bat.

Biribilgune horrek ibilgailuei "mugikortasun handiagoa" emango diela deritzo udalak. Bide batez, oinezkoen segurtasuna areagotuko duela azaldu du.

Lan hori bukatu eta semaforoak kendu ostean, norabide aldaketa egin ahal izango dute ibilgailuek Iurretaraino edo Landako eta Frantzisko Ibarra kalearen arteko biribilguneraino joan beharrik gabe. Horrez gain, oinezkoei lehentasuna emango dietela jakinarazi du udalak, haientzako pasabideak jasota. Obrak maiatzean hastea espero du udalak, eta abuztuan bukatzea. 275.000 euro gastatuko dituzte horretan.

Igorreren etorkizuna herritarrak eurak hasi dira idazten

Zer-nolako herria gura duten herritarrek eurak erabakitzeko bidea abiatu dute Igorren. Dagoeneko, udalerriko parte hartzea antolatzeko bi foro egin dituzte abenduan. Iñaki Iturriotz Zuluaga Komunikazioa, Herri parte-hartzea eta Herritarrekiko Harremanak arloko zinegotziak jakinarazi duenez, 70 herritarrek hartu dute parte foro horietan —30 emakumek eta 40 gizonek—.

Herriak 4.200 biztanle inguru dituen arren, balorazioa "oso ona" dela azaldu du, Igorren inoiz egin den "parte-hartze ekintzarik handiena" izan dela gogora ekarrita. "Udala —zinegotziak—, teknikariak eta herritarrak, hiru erpin horiek bat egitea" lortzea garrantzitsutzat jo du.

Foro horietan gai jakin baten inguruan erabaki zehatzik ez dutela hartu azaldu du Iturriotzek. "Gehien motibatzen gaituena aurrekontuak dira, eta orain mahai gainean daukagun hirigintza alorreko plan orokorrerako ere baliagarria izango zaigu bi foro horietan ikasi duguna", esan du.

"Auzoetara jo behar dugula, jendearengana geu hurbildu behar garela; arlokako eta auzokako banaketa egin behar dugula; lekuak ondo aukeratu behar direla eta komunikazio kanpainak garrantzi handia duela" ikasi dute, besteak beste.

Martxo aldera parte-hartze foroak berriro ere martxan jartzeko asmoa iragarri du zinegotziak. Hain zuzen, hirigintzako plan orokorra herritarrei erakutsi, eta Igorre zortzi urte barru zelakoa izango den ikus dezaten gura dute. Arlo horretan, foroetan ikasitako teknikak erabiltzea pentsatu dute.

Igorreko herriarentzat garrantzitsuak diren alorrak erabakitzeko orduan herritarrek parte hartu behar dutela ebazteaz gain, auzolana berreskuratzeko erabakia hartu zuten bi foroetan eztabaidatzen ari ziren herritarrek. Iñaki Iturriotzen ustez, "oso garrantzitsua" da alor hori. Gogora ekarri du, gainera, lehenago Igorre inguruan ohitura zegoela, besteak beste, "bideak auzolanean garbitzeko".

Eta lan hori berreskuratzeko helburuagaz, aurrera begira egin daitezkeen eginbehar batzuk pentsatu dituzte jada: "Nahiko abandonatuta dagoen zubi bat daukagu herrian, eta handik ibilbide bat egin daiteke; bestalde, erreka urtero garbitzen da auzolanean; guraso talde bat prest dago haurtzaindegia bera ere auzolanean berritzeko... Beraz, gure ustez, auzolana bide bat da parte hartzerako, eta, batez ere, aurrera begira erabili beharreko tresna gisa ikusten dugu", adierazi du, egoera ekonomikoari ere aipamen eginez. Horrez gain, Udalaren eta herritarren arteko integraziorako bide bat ere badela azaldu du.

Parte hartzea bultzatzeko lan horretan hasierako pausoak besterik ez dituztela eman uste du Iturriotzek. "Badakigu proiektu honek bigarren fase bat behar duela, eta, proiektua behar bezala gauza dadin, beharrezkoa da aurrekontuetan horretara bideratutako partida bat egotea". Bigarren fase hori 2012an garatzeko asmoa agertu du.

Getxoko Udala, animalien eskubideak babestearen alde

Animalien eskubideez behin eta berriz hitz egiten den garai honetan, Getxoko Udalak urrats bat gehiago egin du arlo horretan. Izan ere, Equo alderdiak proposatutako egitasmo bati jarraituz, udalak abereen tratu egokia bultzatzeko mozio bat onartu zuen...