Muino txiki batean dago Sondikako udaletxea. Eraikineko balkoitik herri osoa begi bistan du Iñaki Carro alkateak, baina, batez ere, noren alde lan egin behar duen ikusten duela azpimarratu du; herriaren eta herritarren alde, alegia. Alkatetzan aritu baino lehen, ez zuen inoiz bere burua kargu horretan imajinatu, eta proposatu ziotenean kosta egin zitzaion erabakia hartzea. Dagoeneko hirugarren agintaldian buru-belarri sartuta dago jadanik Carro.
Aireportuari esker entzun izan du jende askok herriaren izena, eta azpiegitura hori izan zen hain zuzen, 50eko hamarkadan herria guztiz itxuraldatu zuena. Carroren arabera, eliza, eskola, azken finean erdialde osoa, eraitsi zen pistak eraikitzeko, eta beraz, Sondika berri bat altxatu behar izan zen. "Garai hartan, nekazari eremuak nagusi baziren ere, gaur egun nortasun hori ia galduta dago;pare bat auzok besterik ez dute mantentzen".
Bilbotik oso hurbil dago Sondika, eta, Carroren hitzetan, hiriburuarekin ondo komunikatuta dago, gainera. "Trena eta autobusa ditugu bertara joateko, baita inguruko hainbat herritara ailegatzeko ere, Mungiara edo Larrabetzura, esaterako". Hain zuzen, hori da, alkatearen iritziz, gaur egun inguru horrek dituen desabantailetako bat: kanpotik bizitzera joandako jende askok Bilbon egiten du eguneroko bizitza. "Gertutasun horren eraginez, Sondikak ematen dituen aukera asko ez dituzte antzematen azken urtetan bertora etorri direnek".
Hala ere, Sondika ez dago hilik, ekintza kultural ugari antolatzen baitira, horietako asko kultur etxean. Eraikin hori da hain zuzen, Carrok bere agintaldian martxan jarri duen proiekturik garrantzitsuenetako bat. "2008an inauguratu genuen, eta bi ludoteka eta auditorium handi bat daude bertan". Horrela, hiru urte inguru darama udalak astebururo zinema eskaintzen, eta maiztasun urriagoarekin, baina baita umeentzako zein helduentzako antzerkia ere. "Hasieran, ez zen herritar askorik hurbiltzen, halako ekimenetara herritik kanpora joateko ohitura baitzuen jendeak, orain nabaritu dugu gero eta jendetsuagoak direla antolatutako ekintzak".
Beste ekimen asko herriko elkarteek antolatzen dituzte. Hainbat direla aipatu du Carrok: kirol arlokoak, dantza taldea, bi abesbatza, euskara elkartea... Jaien antolaketa ere, euren esku dagoela dio; udalaren laguntza jasotzen dute, inauteriak zein sanjuanetako ospakizunak egiteko.
Kultur etxeaz gain, azpiegiturei dagokienez, azken urteetan skate pistak ere eraiki dituzte Sondikan, gazteen eskaerei kasu eginez. "Futbol zelaian ere egin ditugu konponketak, belar artifiziala jarri dugu".
Dena dela, Carrok azpimarratu du eskola publikoa handitu izana dela agintera iritsi zenetik eskuratutako lorpen handiena. "Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua izan arren, udalak laga zizkion lurrak, eta gu ibili ginen bitartekari lanetan". Gainera, eskolako patioa estaltzeko egitura udalak berak eraiki zuen. "Alkate gisa, proiektu horrek eman zidan poztasun handiena".
Ekonomiak baldintzatuta
Agintaldi honetarako asmoa haur eskola eraikitzea da: "Proiektua onartuta dago, eta orain lehiaketa prestatzen gabiltza. Espero dugu bi urteko epean amaituta egongo dela". Horrela, 0-1 urte arteko umeentzako gelez gain, eskolaz kanpoko ordutegian erabiltzeko txokoa, zein adin guztietako umeentzat jolasak izango dituen jolastokia, egongo dira Sondikan.
Dena den, azpiegiturei dagokienez, ez dute lan erraldoirik gauzatuko. Iazko hauteskunde kanpainan, egoera ekonomiko larriaz jakitun, "proposamen errealistak" bota zituztela dio, hirugarren adinekoentzako ariketa egiteko makinak ezartzeko ideia, kasu. Aurreikusitakoak egingarri direla uste du. "Gauza txiki horiek apurka-apurka jarriko ditugu martxan". Inbertsio handiak egiteko, ordea, Bizkaiko beste hainbat udal bezala, ezindurik daudela azaldu du: "Diru sarrerak jaitsi egin dira, nabarmen". Baina gaineratu du orain ere jasotzen ari direla krisia heldu baino lehen egindako lanaren fruituak.
Herritarren kezka nagusien artean, krisiak eragindako langabezia, edo etxebizitzaren arazoa alde batera utzita, Sondikan automobilen erabileraren ondorioz sortutako tirabirak badirela aipatu du alkateak. "Aparkalekuak badaude, baina oso erosoak gara: etxe edo taberna aurrean utzi nahi izaten dugu ibilgailua".
Era horretako edo bestelako kezkak sondikarrengandik zuzenean jasotzeko arazorik ez duela dio alkateak. Berriro dio, oso hurbil sentitzen ditu denak. "Noren alde lan egin behar dudan ikusten dut balkotik begiratzean". Izan ere, herri txikien xarma hori badu Sondikak, eta elkar ezagutzen dute herritar gehienek.