Sailkatugabeak

Urritasuna dutenentzako bisita gidatuak, Gernikan

GERNIKA-LUMO. Urritasun intelektuala eta funtzionala duten pertsonentzako bisita gidatuak eskaintzen hasiko da Gernika-Lumoko Udaleko turismo bulegoa. Ibilbideak egokituak eta doakoak izango dira. Lantegi Batuakekin egindako elkarlanari esker, martxoa...

Bilboko lur azpiko autobus geltokia 2015erako bukatuko dute

Termibus ordezkatuko duen Bilboko lur azpiko autobus geltoki berria 2015erako egongo da burututa, Bilboko Udalak egindako aurreikuspenen arabera. Lan eta Zerbitzu zinegotzi Jose Luis Sabasek azaldu duenez, urte bukaera aldera adjudikatuko dute geltokiaren eraikuntza eta ustiapena. Sabasek gaineratu du bi adjudikazioak enpresa berberari emango zaizkiola. Lanak 2013ko lehen hiruhilabetean hastea espero dute, eta aurrekontua 65 milioi euro izango da, guztira. Geltoki berria eraiki bitartean, gaur egungo geltokia martxan egongo dela argitu du Sabasek.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak iragarri du hemendik bost urtera prest izango dela Bilbo eta Loiuko aireportua lotuko dituen trena. Hala, bidaiariak bederatzi minutuan iritsiko dira Zazpikaleetatik aireportura. Garraio sailburu Iñaki Arriolak asteazkenean ikuskatu zituen Artxandako tunelean egiten ari diren indusketa lanak, bi aldeetako zulaketek bat egingo zutela baliatuz. Tunelak osatzen du trenbide berria eraikitzeko lanen lehen fasea, eta hogei milioi euroren aurrekontua izan du. Tunelak bi bide izango ditu: aireportua eta hiriburua lotuko dituen trenaz gain, metroaren 3. lineak Txorierrirekin izango duen lotura ere handik igaroko da.

"Murrizketak" salatuz

TCSA enpresako langileek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eskatu dute konponbide bat bilatzeko Bizkaibuseko zenbait autobus linearen maiztasunak berrikusteak ekarriko lukeen lanpostu "murrizketari". Aldundiaren bozeramaile Juan Maria Aburtok ezeztatu egin du foru erakundeak kendu egingo dituela Basauri eta Galdakao Bilborekin lotzen dituzten linea batzuk, TCSAko enpresa batzordeak salatu duen legez. Bizkaibusi zerbitzua ematen dion enpresa horretako langileek hainbat mobilizazio egingo dituzte egoera hori salatzeko. Egin dituzten kalkuluen arabera, aldundiak iragarritako maiztasun berriek zazpi lanpostu galtzea ekarriko lukete.

Ganekogortan parke eolikoa ez egiteko eskaera onartu dute Batzar Nagusiek

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute gura Eusko Jaurlaritzak parke eoliko bat jartzerik Ganekogortan, Bilbo hegoaldean dagoen mendian. Hala adierazi zuten joan den eguazteneko osoko bilkuran; izan ere, bi proposamen egon baziren ere, batzarkideek parke eoliko horren aurka bozkatu zuten.

Hain zuzen, EAJk eta Bilduk arauz besteko proposamen bat aurkeztu zuten elkarrekin, eta PPk, bere kasa, beste bat. Oinarrian, baina, biek eskatu diote Eusko Jaurlaritzari bertan behera utz dezan parke eolikoaren asmoa.

EAJren eta Bilduren ustez, "ez dago justifikaziorik" balio handiko inguru horretan parke eoliko bat jartzeko. Haien ustez, lehentasuna du Bizkaiko lurralde historikoaren ingurumen baliabideei eusteak "energia etekin eskasa izango duen proiektu baten aldean". Salaketa egin dute, gainera: "Ez dira aztertu ingurumenarekiko errespetu handiagoa izango luketen beste kokaleku batzuetarako alternatibak".

Plan berri baten eskean

Horrez gain, azaldu dute energia eolikoa sortzeko parke bat eraikitzeak eta hori martxan jartzeak eragin txarrak izango lituzkeela ingurumenean. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote onar dezala Haize Energiaren Lurralde Sektore Plan berria, ingurumenarekiko eragina ere kontuan izango baitu.

PPk ere antzeko iritzia azaldu du. Hain zuzen, kontuan hartzea nahi dute Ganekogortak balio natural handia duela, herritarrek sarri erabiltzen dutela eta haientzako eremu garrantzitsu bat dela: "Hori garrantzitsuagoa da parke eoliko batek eman dezakeen etekina baino". Hala azaldu zuen Arturo Aldekoa PPko batzarkideak. Hark ere uste du aztertu egin behar dela parkea beste leku batean kokatzeko aukera.

Ekologistak, pozik

Ganekogorta Aurrera plataformak pozik hartu du Batzar Nagusien erabakia. Gogora ekarri dute hainbat erakunde publiko agertu direla, Batzar Nagusien antzera, proiektu horren aurka. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak parkearen aurkako alegazioak aurkeztu zituela azaldu dute, eta Arrankudiaga, Alonsotegi,Gueñes, Ugao, Okondo eta Laudioko udalek ere parkearen aurkako mozioak aurkeztu dituztela. Esan dutenez, sei udalek —Bilbokoa barne— proiektuaren kontrako testu bateratua sinatu zuten.

Plataformak hauxe gaineratu du: "Makroproiektu horrek gure mendia industrializatuko luke, eta hango paisaia, natura eta gizarte balioak erabat galduko lirateke". Gainera, uste dute haize bidezko energiak eta halakoak galtzen ari direla naturari kalterik ez egiteko daukaten berezko izaera.

Epaileari azalpenak eman beharko dizkio Errigoitiko alkateak

Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak (EAJ) joan den maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan gertatutakoari buruzko azalpenak eman beharko ditu epailearen aurrean. Gernika-Lumoko lehen auziko epaitegiak inputatu egin du hauteskunde delitu batengatik.

Iragan urrian, alkatearen aurkako kereila kriminala aurkeztu zuen Bilduk. Salatu zutenez, Madariagak zenbait lagun erroldatu zituen herrian, "botoa eman ziezaioten". 32 pertsona erroldatu ziren, ustez, modu irregularrean: "Alkatearen etxean bertan edo eraitsita dauden eraikinetan". Erruduntzat jotzen badute, hauteskunde delitua egotziko diote.

“Bideo jokoekin, gaixoek ez dute pentsatzen terapia egiten ari direla”

Pedro Carrascal (Bilbo, 1973) Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteko zuzendaria da, 1998az geroztik. Haren ustez, Deustuan martxan ipiniko duten sistema berria modu on bat izan daiteke terapiako ariketak egin nahi ez dituztenak horiek egitera bultzatzeko. Bizkaian, 1.100 pertsona inguruk daukate esklerosi anizkoitza.

Errehabilitazio birtualerako gune bat abian jarriko duzue datorren hilean. Zertan datza?

Sortzen ari garen gune hori laborategi bat izango da. Orain, Kinect teknologian oinarritutako bideo joko batzuk diseinatzen ari gara, errehabilitazioa egiteko. Mugimendua antzematen duen sistema bat sortzen ari gara. Bideo jokoa diseinatuta daukagu: pertsona bat pantaila handi baten aurrean jartzen da, eta kamera batek detektatu egiten du. Bide horri esker, errehabilitazioa makinarekin zuzenean egin dezake gaixoak. Besteak beste, fisioterapia egin dezake.

Joko hori probatzen ari gara. Bi hiletan, esklerosi anizkoitza duten hogei pazientek probatuko dute, egiaztatzeko funtzionatzen duela oreka, espasmoak eta gainerako sintomak hobetzeko egin dugun diseinuak. Zentroa inauguratzen dugunean, hori izango da han izango dugun lehenengo aplikazioa.

Horrez gain, ikerketa zentro eta errealitate birtualerako laborategi bat ere izango da, bideo joko gehiago diseinatzeko. Batez ere, gure errehabilitazio sistemak modernizatzearen eta teknologia berriak aprobetxatzearen aldeko apustu bat da, esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitateari etekin handiagoa ateratzeko.

Bideo jokoen sistema bera erabiliko duzue, beraz.

Bai, Xbox Kinect sistema da. Pantailaren aurrean jarrita, pazienteek eskuak mugitu, gauzak ukitu, eta lurra zapaltzen dute makinak jarritako koloreetan, besteak beste. Gaixoaren erreakzio eta mugimendu ahalmena aztertzeko aukera ematen digu sistemak.

Zein arlotan izango da lagungarri terapia berri hori?

Oso alor garrantzitsuan izango du eragina: atxikidura eta motibazioan, hain zuzen ere. Gaixo guztiek ez dute izaten errehabilitazioa egin eta norbere gaixotasuna hobetzen saiatzeko lanerako prestutasuna. Sarritan, gaixotasunaren diagnosia egiten dizutenean, hori da eman beharreko lehenengo pausoa eritasuna onartu eta hari aurre egiteko, eta teknika horrek erraztu egiten du hori.

Nola?

Gertatu izan zaigu, adibidez, errehabilitazio terapietara joan nahi ez duen pertsonaren bat egotea. Orduan, esan genion bideo joko bat prestatzen ari ginela, eta ea prest zegoen hura probatzeko. Baietz erantzun zigun, probatuko zuela. Ariketa berberak egiten ditugu ohiko errehabilitazio teknikak erabilita eta errehabilitazio birtual horren bitartez.

Bideo jokoek, baina, pazienteak harrapatzea lortzen dute —"oso ondo ari zara, atzoko puntuen bikoitza lortu duzu"... esaten dizute—. Sistema hori erakargarriagoa da, terapeuta batekin beso bat mugitzen edo pilota bati bueltak ematen aritzea baino. Terapeuten lana oso garrantzitsua da, eta emaitzak oso eraginkorrak dira, baina, bideo jokoen bitartez, gaixoak gehiago dibertitzen dira; ez dute horrenbeste pentsatzen terapia egiten ari direla euren gaixotasunari laguntzeko. Hori oso garrantzitsua da.

Nola prestatu zenuten bideo jokoa?

Gure erakundeko fisioterapia sailak diseinatu zituen bideo jokoaren bitartez lortu nahi genituen mugimenduak, hau da, errehabilitazio gimnasioan lantzen ditugun ariketa eta mugimenduak: kargen transferentzia, belaunak mugitu eta altxatzea, besoak mugitzea... Hori guztia jaso genuen, eta bideo jokoaren programatzaileek garatu egin dute.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun kronikoa da. Degeneratiboa ere bada?

Bai; kontzeptualki ez dakit hala jasota dagoen, baina, denborarekin, garatuz joaten da. Izan ere, sendabiderik ez daukanez eta agerraldiak gertatuta pazientea sarri gaixotzen denez, endekatuz joaten da.

170 urte dira eritasun horri esklerosi anizkoitz esaten zaiola, baina oraindik ez dauka osabiderik. Gero eta sendagai eraginkorragoak aurkitzen ari dira, eta, apurka, ondorioak motelduz joatea lortu dute.

Eta terapia berri horrek laguntzen al du gaixotasunaren areagotzea eragozten ?

Orain artekoarekin alderatuta, gehiago laguntzen du, bai. Lehen, terapien eragina %30 zen, eta, azken datuen arabera, orain %50 eta %70 baino handiagoa da. Kasu batzuetan, gainera, eten egiten da gaixotasunaren areagotzea. Sasoi itxaropentsua dugu hau tratamenduaren alorrean, baina oraindik zer egin asko dago, denengan ez baitu eragin bera.

Medikuek ba al dakite zergatik agertzen den esklerosi anizkoitza?

Ez. Ez dakite jatorria zein den, zergatik agertzen den, ezta sendabidea zein den ere. Iparraldeko latitudeetan sarriago agertzen dela bakarrik dakigu, eta emakumeei eragiten diela gizonei baino gehiago. Ikerketari eusteko eskatzen diegu zientzialariei.

Zenbat urterekin agertu ohi da?

20 eta 40 urte artean egiten da diagnosia, batez beste.

Batzuei eta besteei modu desberdinean erasaten die, ezta?

Guk esaten dugu mila aurpegiko gaitz bat dela. Batzuei leunago erasaten die; beste batzuei, gogorrago. Ez daude esklerosi anizkoitzeko bi kasu berdin. Gainera, sendagai berriei esker, gero eta pertsona gehiagok dute gutxi gorabehera kontrolpean.

Zelan eragiten du gaixotasunaren piztualdi batek?

Bakoitzari modu desberdinean eragiten dio. Gaixotasunaren puntu gogor bat da, eta askotariko sintoma neurologikoak eragin ditzake: ikusteko arazoak izatea, oreka galtzea, sentsibilitatea galtzea... Nerbio sistemaren komunikazioak hondatzen dira, eta orduantxe eragiten du kalterik handiena gure organismoan.

Piztualdi horiek ez dituzten bitartean, bizimodu normala egin dezakete gaixoek?

Pertsonaren araberakoa da. Batzuk erabat sendatzen dira piztualdien ondoren, beste batzuk ez dira %100 osatzen... Berrehun urte biziko bagina, azkenean, piztualdi horien ondorioak nabarituko genituzke; beti gelditzen da zerbait.

Zertan dago gaixotasunari buruzko ikerketa?

Tratamendurik ez dugu izan duela hogei urte ingurura arte. Orain, berriz, bi urtean behin agertzen dira berriak —lehenago, hamar-hamabost urtean behin ateratzen ziren—. Beraz, ikerkuntza askoz azkarrago doa, eta garai itxaropentsua da hau.

Gaixoak pozik al daude osasun publikoak egiten duen lanarekin?

Neurologoak oso profesional onak dira. Hala ere, gustatuko litzaiguke —eta hala jakinarazi diogu, behin baino gehiagotan, administrazioari— esklerosi anizkoitza artatzeko modua organikoki aldatzea, eta estatuko beste leku batzuetan egin duten bezala gaurkotzea. Besteak beste, arreta unitate bat sor dezatela, neurologoez gain beste baliabide batzuk jar ditzatela...

Alor horietan lanean ari gara. Izan ere, gu neurologoaren kontsulta monografikoarekin gabiltza oraindik, baina beste leku batzuetan esklerosi anizkoitzarentzako unitate bereiziak dituzte, espezializazio handiagoarekin, erizaintza eta psikologia zerbitzuekin... Garai berrietara egokitu behar dugu, gaixoen esku dagoen guztiari probetxua ateratzeko.

“Noren alde lan egin behar dudan ikusten dut balkoitik begiratzean”

Muino txiki batean dago Sondikako udaletxea. Eraikineko balkoitik herri osoa begi bistan du Iñaki Carro alkateak, baina, batez ere, noren alde lan egin behar duen ikusten duela azpimarratu du; herriaren eta herritarren alde, alegia. Alkatetzan aritu baino lehen, ez zuen inoiz bere burua kargu horretan imajinatu, eta proposatu ziotenean kosta egin zitzaion erabakia hartzea. Dagoeneko hirugarren agintaldian buru-belarri sartuta dago jadanik Carro.

Aireportuari esker entzun izan du jende askok herriaren izena, eta azpiegitura hori izan zen hain zuzen, 50eko hamarkadan herria guztiz itxuraldatu zuena. Carroren arabera, eliza, eskola, azken finean erdialde osoa, eraitsi zen pistak eraikitzeko, eta beraz, Sondika berri bat altxatu behar izan zen. "Garai hartan, nekazari eremuak nagusi baziren ere, gaur egun nortasun hori ia galduta dago;pare bat auzok besterik ez dute mantentzen".

Bilbotik oso hurbil dago Sondika, eta, Carroren hitzetan, hiriburuarekin ondo komunikatuta dago, gainera. "Trena eta autobusa ditugu bertara joateko, baita inguruko hainbat herritara ailegatzeko ere, Mungiara edo Larrabetzura, esaterako". Hain zuzen, hori da, alkatearen iritziz, gaur egun inguru horrek dituen desabantailetako bat: kanpotik bizitzera joandako jende askok Bilbon egiten du eguneroko bizitza. "Gertutasun horren eraginez, Sondikak ematen dituen aukera asko ez dituzte antzematen azken urtetan bertora etorri direnek".

Hala ere, Sondika ez dago hilik, ekintza kultural ugari antolatzen baitira, horietako asko kultur etxean. Eraikin hori da hain zuzen, Carrok bere agintaldian martxan jarri duen proiekturik garrantzitsuenetako bat. "2008an inauguratu genuen, eta bi ludoteka eta auditorium handi bat daude bertan". Horrela, hiru urte inguru darama udalak astebururo zinema eskaintzen, eta maiztasun urriagoarekin, baina baita umeentzako zein helduentzako antzerkia ere. "Hasieran, ez zen herritar askorik hurbiltzen, halako ekimenetara herritik kanpora joateko ohitura baitzuen jendeak, orain nabaritu dugu gero eta jendetsuagoak direla antolatutako ekintzak".

Beste ekimen asko herriko elkarteek antolatzen dituzte. Hainbat direla aipatu du Carrok: kirol arlokoak, dantza taldea, bi abesbatza, euskara elkartea... Jaien antolaketa ere, euren esku dagoela dio; udalaren laguntza jasotzen dute, inauteriak zein sanjuanetako ospakizunak egiteko.

Kultur etxeaz gain, azpiegiturei dagokienez, azken urteetan skate pistak ere eraiki dituzte Sondikan, gazteen eskaerei kasu eginez. "Futbol zelaian ere egin ditugu konponketak, belar artifiziala jarri dugu".

Dena dela, Carrok azpimarratu du eskola publikoa handitu izana dela agintera iritsi zenetik eskuratutako lorpen handiena. "Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua izan arren, udalak laga zizkion lurrak, eta gu ibili ginen bitartekari lanetan". Gainera, eskolako patioa estaltzeko egitura udalak berak eraiki zuen. "Alkate gisa, proiektu horrek eman zidan poztasun handiena".

Ekonomiak baldintzatuta

Agintaldi honetarako asmoa haur eskola eraikitzea da: "Proiektua onartuta dago, eta orain lehiaketa prestatzen gabiltza. Espero dugu bi urteko epean amaituta egongo dela". Horrela, 0-1 urte arteko umeentzako gelez gain, eskolaz kanpoko ordutegian erabiltzeko txokoa, zein adin guztietako umeentzat jolasak izango dituen jolastokia, egongo dira Sondikan.

Dena den, azpiegiturei dagokienez, ez dute lan erraldoirik gauzatuko. Iazko hauteskunde kanpainan, egoera ekonomiko larriaz jakitun, "proposamen errealistak" bota zituztela dio, hirugarren adinekoentzako ariketa egiteko makinak ezartzeko ideia, kasu. Aurreikusitakoak egingarri direla uste du. "Gauza txiki horiek apurka-apurka jarriko ditugu martxan". Inbertsio handiak egiteko, ordea, Bizkaiko beste hainbat udal bezala, ezindurik daudela azaldu du: "Diru sarrerak jaitsi egin dira, nabarmen". Baina gaineratu du orain ere jasotzen ari direla krisia heldu baino lehen egindako lanaren fruituak.

Herritarren kezka nagusien artean, krisiak eragindako langabezia, edo etxebizitzaren arazoa alde batera utzita, Sondikan automobilen erabileraren ondorioz sortutako tirabirak badirela aipatu du alkateak. "Aparkalekuak badaude, baina oso erosoak gara: etxe edo taberna aurrean utzi nahi izaten dugu ibilgailua".

Era horretako edo bestelako kezkak sondikarrengandik zuzenean jasotzeko arazorik ez duela dio alkateak. Berriro dio, oso hurbil sentitzen ditu denak. "Noren alde lan egin behar dudan ikusten dut balkotik begiratzean". Izan ere, herri txikien xarma hori badu Sondikak, eta elkar ezagutzen dute herritar gehienek.