MENDEXA. Karraspio hondartzan egin gura duten aparkalekuaren aurkako eguna antolatu dute domekarako.11:00etan, ibilaldia hasiko dute eraikiko den ingurutik. Gero, bertsolariek eta trikitilariek lagunduta, hamaiketakoa egingo dute.
Sailkatugabeak
Orozkoko Udalak uraren kalitatea hobetuko du
OROZKO. Orozkoko Udalak edateko uraren kalitatea hobetuko du, herriko urak kalifikazio "eskasa" jaso baitzuen Osakidetzak 2007 eta 2011 artean egindako neurketetan. Udalak 65.000 euroko diru laguntza jaso du aldundiaren eskutik, Ibarra eta Urigoitiko ...
Auto elektrikoak alokatzeko aukera jarri dute Bilbon eta Barakaldon
BEC erakustazokako aparkalekuan, Bilboko Alondegian eta Zabalburun auto elektrikoak jarri dituzte, alokatzeko. Orotara, 14 auto dira: 8 elektriko eta 6 hibrido —orduko 130 kilometroko abiadura har dezake elektrikoak, eta 150ekoa hibridoak—. Erabiltzaileek 10 euroko hileko kuota ordaindu beharko dute —erabiltzaile egiteko 50 euro ordaindu behar dira—. 9 euro balio du ordubeteko alokairuak, eta 63 egun osokoak. Epe laburrera beste 11 ibilgailu ekarriko dituztela iragarri dute.
Barakaldon, gainera, autoak argindarrez kargatzeko Bizkaiko aurreneko gunea inauguratu dute asteon. Auto elektrikoa dutenek bertara jo ahal izango dute argindarra hartzera.
Informatika arloko lan baldintzak salatzeko foroa
BILBO. Bizkaian informazio eta komunikazio enpresetan lan egiten duten ordezkari sindikalek Adeteik sortu dute, informatikaren arloko langileen baldintzak "gero eta okerragoak" direla salatzeko. Adierazi dutenez, sektoreko langileek "prekarietatea eta...
Turtzioz ere, biomasa planta baten proiektuan sartuta
Turtziozen, biomasa planta bat eraikitzeko proiektua abiatu dute. Bertako alkate Jose Manuel Coteronek adierazi duenez, bi urteren buruan martxan izatea espero dute.
Tramiteak aurreratuta daude, gainera. Izan ere, planta hori martxan jartzeko prest dagoen enpresa bat aurkitu du udalak. "Enpresa serioa" dela esan bai, baina izenik ez du aurreratu nahi izan alkateak.
Gordon auzoan
Non kokatuko duten ere pentsatuta daukate. Hain zuzen, Gordon auzoko baso inguru bateko eremu zabal batean eraikiko dute azpiegitura, "herri gunetik urrun". Bertan planta bera eta zabortegi bat jartzeko asmoa iragarri dute, egurra erreta sortutako hondakinak uzteko.
Proiektuak aurrera egin dezan, baina, hiri antolamendurako plan orokorra moldatu behar dute Turtziozen, lursailari industriarako erabilera eman ahal izateko, hain zuzen ere. Udala plan hori moldatzeko lanean ari dela jakinarazi dute, eta bidenabar aldaketa hori jasotzeko asmoa dutela iragarri dute.
Eraikuntza lanei ekin aurretik, baina, planta horrek ingurumenean izan dezakeen eraginari buruzko azterketa ere egin behar dute. Udalak, dena den, tramite horiek guztiak bi urtean amaitzea aurreikusi du.
Ekonomia suspertzeko
Turtziozko Udalak planta horren bitartez herriko ekonomia suspertu nahi du. Hain zuzen ere, egitasmoak aurrera egiten badu, hamalau eta hamasei lanpostu finko bitarte sortuko liratekeela azaldu du alkateak. Izan ere, proiektuaren alde gogora ekarri nahi izan du, bertako eta eskualdeko ekonomiak premiazko konponbideak behar dituela.
Eskualdeko baliabideak aprobetxatu beharrekoak direla uste du Turtziozko Udalak. Horren harira, herrian baso eremu handiak daudela aintzakotzat hartuta —30 kilometro koadroko azaleran 537 pertsona bizi dira—, arbolen hondakinak energia elektrikoa sortzeko erabiltzearen aldeko apustua egin dute. Baliteke, gainera, denbora gutxian Enkarterrin biomasa planta berri bi eraikitzea. Izan ere, Turtziozkoaz gain, Zallako Aranguren papertegia erosi gura duten enpresek antzeko asmoa azaldu dute.
Animalien ordenantzaz, informazio batzar bat
ELORRIO. Elorrioko Udalak animalien inguruko ordenantza berri bat egingo duela iragarri ondoren, Bildu koalizioak informazio batzar bat egingo du Arriola kultur aretoan, martitzenean, 19:30ean, eta parte hartzera "animatu" ditu Elorrioko herritarrak, ...
Errigoiti-Arrieta Garbik helegitea jarri dio biomasa plantaren baimenari
Beste aurrerapauso bat eta beste eten bat egin du Olabarriko (Errigoiti) Malluki industrialdean Bioforest Bost enpresak jarri gura duen biomasa zentralak. Hain zuzen, abenduaren bukaeran Eusko Jaurlaritzak eman zion ingurumen baimen bateratuaren aurka...
Urritasuna dutenentzako bisita gidatuak, Gernikan
GERNIKA-LUMO. Urritasun intelektuala eta funtzionala duten pertsonentzako bisita gidatuak eskaintzen hasiko da Gernika-Lumoko Udaleko turismo bulegoa. Ibilbideak egokituak eta doakoak izango dira. Lantegi Batuakekin egindako elkarlanari esker, martxoa...
Bilboko lur azpiko autobus geltokia 2015erako bukatuko dute
Termibus ordezkatuko duen Bilboko lur azpiko autobus geltoki berria 2015erako egongo da burututa, Bilboko Udalak egindako aurreikuspenen arabera. Lan eta Zerbitzu zinegotzi Jose Luis Sabasek azaldu duenez, urte bukaera aldera adjudikatuko dute geltokiaren eraikuntza eta ustiapena. Sabasek gaineratu du bi adjudikazioak enpresa berberari emango zaizkiola. Lanak 2013ko lehen hiruhilabetean hastea espero dute, eta aurrekontua 65 milioi euro izango da, guztira. Geltoki berria eraiki bitartean, gaur egungo geltokia martxan egongo dela argitu du Sabasek.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak iragarri du hemendik bost urtera prest izango dela Bilbo eta Loiuko aireportua lotuko dituen trena. Hala, bidaiariak bederatzi minutuan iritsiko dira Zazpikaleetatik aireportura. Garraio sailburu Iñaki Arriolak asteazkenean ikuskatu zituen Artxandako tunelean egiten ari diren indusketa lanak, bi aldeetako zulaketek bat egingo zutela baliatuz. Tunelak osatzen du trenbide berria eraikitzeko lanen lehen fasea, eta hogei milioi euroren aurrekontua izan du. Tunelak bi bide izango ditu: aireportua eta hiriburua lotuko dituen trenaz gain, metroaren 3. lineak Txorierrirekin izango duen lotura ere handik igaroko da.
"Murrizketak" salatuz
TCSA enpresako langileek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eskatu dute konponbide bat bilatzeko Bizkaibuseko zenbait autobus linearen maiztasunak berrikusteak ekarriko lukeen lanpostu "murrizketari". Aldundiaren bozeramaile Juan Maria Aburtok ezeztatu egin du foru erakundeak kendu egingo dituela Basauri eta Galdakao Bilborekin lotzen dituzten linea batzuk, TCSAko enpresa batzordeak salatu duen legez. Bizkaibusi zerbitzua ematen dion enpresa horretako langileek hainbat mobilizazio egingo dituzte egoera hori salatzeko. Egin dituzten kalkuluen arabera, aldundiak iragarritako maiztasun berriek zazpi lanpostu galtzea ekarriko lukete.
Ganekogortan parke eolikoa ez egiteko eskaera onartu dute Batzar Nagusiek
Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute gura Eusko Jaurlaritzak parke eoliko bat jartzerik Ganekogortan, Bilbo hegoaldean dagoen mendian. Hala adierazi zuten joan den eguazteneko osoko bilkuran; izan ere, bi proposamen egon baziren ere, batzarkideek parke eoliko horren aurka bozkatu zuten.
Hain zuzen, EAJk eta Bilduk arauz besteko proposamen bat aurkeztu zuten elkarrekin, eta PPk, bere kasa, beste bat. Oinarrian, baina, biek eskatu diote Eusko Jaurlaritzari bertan behera utz dezan parke eolikoaren asmoa.
EAJren eta Bilduren ustez, "ez dago justifikaziorik" balio handiko inguru horretan parke eoliko bat jartzeko. Haien ustez, lehentasuna du Bizkaiko lurralde historikoaren ingurumen baliabideei eusteak "energia etekin eskasa izango duen proiektu baten aldean". Salaketa egin dute, gainera: "Ez dira aztertu ingurumenarekiko errespetu handiagoa izango luketen beste kokaleku batzuetarako alternatibak".
Plan berri baten eskean
Horrez gain, azaldu dute energia eolikoa sortzeko parke bat eraikitzeak eta hori martxan jartzeak eragin txarrak izango lituzkeela ingurumenean. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote onar dezala Haize Energiaren Lurralde Sektore Plan berria, ingurumenarekiko eragina ere kontuan izango baitu.
PPk ere antzeko iritzia azaldu du. Hain zuzen, kontuan hartzea nahi dute Ganekogortak balio natural handia duela, herritarrek sarri erabiltzen dutela eta haientzako eremu garrantzitsu bat dela: "Hori garrantzitsuagoa da parke eoliko batek eman dezakeen etekina baino". Hala azaldu zuen Arturo Aldekoa PPko batzarkideak. Hark ere uste du aztertu egin behar dela parkea beste leku batean kokatzeko aukera.
Ekologistak, pozik
Ganekogorta Aurrera plataformak pozik hartu du Batzar Nagusien erabakia. Gogora ekarri dute hainbat erakunde publiko agertu direla, Batzar Nagusien antzera, proiektu horren aurka. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak parkearen aurkako alegazioak aurkeztu zituela azaldu dute, eta Arrankudiaga, Alonsotegi,Gueñes, Ugao, Okondo eta Laudioko udalek ere parkearen aurkako mozioak aurkeztu dituztela. Esan dutenez, sei udalek —Bilbokoa barne— proiektuaren kontrako testu bateratua sinatu zuten.
Plataformak hauxe gaineratu du: "Makroproiektu horrek gure mendia industrializatuko luke, eta hango paisaia, natura eta gizarte balioak erabat galduko lirateke". Gainera, uste dute haize bidezko energiak eta halakoak galtzen ari direla naturari kalterik ez egiteko daukaten berezko izaera.