Sailkatugabeak

Euskara plan berria ipini dute martxan Zaldibarren

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztu dute Zaldibarren, eguazten honetan. 2016 arte egingo dituzten ildo nagusien eta ekintzen berri eman dute. "Udal guztiok egin behar dugun plana da, datozen lau urteetan zer egin nahi dugun islatzen duena", a...

Bihar zabalduko dute Bilborako sarbide berria

Lau urte eta erdiko iraupena izan dute obrek, baina jada amaitu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Bihar, goizeko lehen orduan, Bilborako sarbide berria zabalduko dute. Hala, gidariek, hego-mendebaldetik Bilbora sartu edo irteteko, San Mamesetik doan ibilbidea erabili beharko dute, eta ez Sabino Aranakoa, orain arte bezala.

Gaur goizean, Zabalburura doan Juan de Garaiko sarrera ireki dute berriz, Barakaldo aldetik datozenentzat —azken urteetan, Malmasin aldetik zetozenek erabil zezaketen soilik—. Izan ere, San Mameseko sarbidea ez da gai izango orain arte Sabino Aranak hartzen zuen ibilgailu kopurua bideratzeko. Hala, hegoaldetik sartu eta Indautxu aldera joan gura dutenek San Mameseko sarbidea erabiliko dute; Abando ingurura joateko, berriz, Juan de Garai hartuko dute. Gaur gauean, ostera, Sabino Aranako zubibidea behin betiko itxiko dute.

Bilbora sartzeko beharrezkoak diren berme tekniko eta argibideak ezarri dituzte. Foru erakundeak adierazi duen moduan, Donostiarako eta Kantabriarako noranzkoak eta saihesbide guztiak argi eta garbi adierazita daude.

Aldundiak 215 milioi euro bideratu ditu azpiegitura honetara. Horietatik, 156 milioi obra zibilari dagozkio. Gainontzekoa tunelekin loturiko instalazioak sortzeko, laguntza teknikorako, desjabetzeetarako eta beste mota batzuetako zerbitzuetarako erabili da. Horrez gain, suteen aurka instalatu den ur lainoztatu bidezko sistema konplexuan egindako inbertsioa azpimarratu behar da. Munduko hamar errepidek baino ez dute erabiltzen sistema hori.

Azpiegituran 110 eta 340 metro arteko luzera duten lau tunel faltsu egongo dira (Santa Ana, Santiago, San Nikolas eta Bentazarra). Altamira azpian beste tunel bat sortu dute, eta horrek 351 metroko luzera izango du. Tunel horietan zirkulatzeko abiadura muga orduko 40 eta 80 kilometrokoa izango da. Beste alde batetik, 57 eta 323 metro arteko luzera duten lau zubibide ere izango dira.

Sarbideen birmoldaketaren ostean, 70.000 metro koadroko azalera libre geldituko da aisialdirako espazioak sortzeko. Modu horretan, Lezeaga, Bentazarra, Santa Ana, Altamira, Basurtu eta Olabeaga auzoek zirkulaziorik gabeko gune berriak izango dituzte. Bentazarrari dagokionez, A-8 autobidearen enborra lurperatzeak Lezeaga auzoarekin bat egiteko aukera emango dio.

Bide nagusiaren birmoldaketak erronka tekniko handiak planteatu ditu. Izan ere, lanek zirkulazio bolumen handia zuen bide zati bati eragin diote. Gainera, obrak garatu bitartean, zirkulazioa mantendu behar izan dute, eta horrek prozesua zaildu du. Halere, ibilgailurik eza berehala nabarituko dute A-8ko inguruetan bizi diren auzokideek. Bestalde, Sabino Aranako zubibidea botatzeko obrak udan abiatuko dira.

Sexu askatasun eta aniztasunaren aldarri

Hirugarren urtez jarraian, abian da Bizkaiko Foru Aldundiaren homofobiaren aurkako kanpaina. "Bizkaia bidezkoa eta berdintasunezkoa izango bada, sexu eskubideak errespetatu behar dira. Eskubide horiek giza eskubideak dira eta", adierazi du Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak kanpainaren aurkezpenean. Aurten, erakundeen arteko lankidetzari esker, kanpainak eduki "zabalagoa" daukala zehaztu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EHUko Errektoretzak eta Ikasle Kontseiluak eta Bizkaiko Lesbiana,Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteek parte hartu dute kanpainan.

Foru aldundiak, Homofobiarik ez lelopean, genero identitate eta orientazio sexualaren diskriminazioaren aurkako konpromisoa helaraziko die bizkaitarrei: "Edozein sexu bereizketaren kontra sentsibilizatzea eta borrokatzea da gure helburua". Bizkaia "justuago eta berdintasunezkoagoa" lortzeko bidean sexu eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela dio Ardanzak, "horiek ere giza eskubideen barruan daudelako".

Urtez urte kanpaina "indartsuagoa" egiten saiatu direla esan du Xabier Legarreta foru aldundiko Berdintasunerako zuzendariak. "Kartelak eta iragarkiak egitea beharrezkoa da kanpaina ikustera emateko, baina gaia sakonago landu behar da". Neurri batean, elkarlanari esker lortu dute hori, eta, horregatik, parte hartu duten erakunde eta elkarteen laguntza eskertu eta nabarmendu du: "Erraztasunak baino ez dizkigute eman".

Iaz, kirol arloan jarri zuten arreta; aurten, berriz, hezkuntzarako material didaktikoa prestatu dute. Ikastetxeek "leku seguruak eta errespetuzkoak" izan behar dutela esan du Ardanzak, eta honako datu hau eman du: 2012ko irailean, Espainiako Lesbianen, Gayen, Transexualen eta Bisexualean Federazioaren Hezkuntza Batzordeak egindako ikerketa baten arabera, 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoetan hasten dira homofobia jazarpenak. Txostenean zehazten da egoera horretan dauden zenbait nerabek beren burua hiltzen saiatzen direla. "Gaur egungo gizarteak ezin du onartu hori".

"Ikasgeletan agertzen den homofobia aztertzea erabaki dugu. Jakin badakigu belaunaldi berrien hezkuntza garrantzitsua dela. Eskola eremuan, genero edo identitatearen kontrako adierazpen zein jokabide orok desagertu behar dute", azaldu du Gizarte Ekintzako foru diputatuak.

Bizkaiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan banatuko dute materiala, tutoretza orduetan lantzeko. Berritzeguneen bitartez —hezkuntzako prestakuntza eta berrikuntza garatzeko zentroak— , 500 CD banatu dituzte. Berdintasunerako zuzendariak esan duenez, oinarrizko material didaktikoa prestatu dute: homofobia zer den, zer den dibertsitatea, homosexualitatea zer den, sexu eskubidea giza eskubidea dela... "Eta horrekin batera, gaian sakontzeko lotura batzuk jarri ditugu, osagarri moduan".

Kanpainarekin, eskoletan zegoen hutsune bat ere bete dute: "Kanpaina egiten hasi ginenean, Hezkuntza Sailekoek komentatu ziguten irakasleek gai hauek lantzeko orduan zailtasunak topatzen zituztela, ez zekitela zelan landu", esan du Legarretak. Zeregin horretan LGTB elkarteen laguntza funtsezkoa izan dela dio. "Aldarte eta Guztiok elkartekoek hezkuntzan zuten esperientzia oso lagungarria izan da materiala prestatzeko".

Adierazpen instituzionala

Hezkuntzarako materialaz gain, Bizkaiko LGTB elkarteekin adostutako sexu aniztasunari buruzko adierazpen instituzionala eta Homofobia iraganeko kontua da izeneko erakusketa ibiltaria ere prestatu dituzte gaurko aldarrikapen egunari begira.

Sexu askatasunari eta dibertsitateari buruzko adierazpen instituzionalarekin bat egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek, hainbat udalerrik eta mankomunitatek. Hala, diskriminazio afektibo-sexualaren zein genero identitatean oinarritutakoaren kontrako borrokan duten konpromisoa berretsi dute. Gainera, manifestuaren aldeko konpromisoa agertzeko eskatzen diete hezkuntzako erakundeei, eskola kontseiluei, guraso elkarteei eta gizarteari.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiaren laguntza ere izan dute. Kanpainaren kartelean Goirizelaia ageri da, bost gazterekin batera. "Bere irudia emanez parte hartu du, ikastetxeetan eraso, komentario edo ekintza homofoboak geldiaraz daitezen eskatzeko", zehaztu du Ardanzak. Horretaz gain, EHUren Bizkaiko campusetatik pasatuko da hamahiru panelez osaturiko erakusketa. Apirilaren 22an hasita, astez aste lekualdatu dute. Orain, Leioako liburutegian dago, baina astelehenetik aurrera Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultatean egongo da. Maiatzeko azken astean Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ipiniko dute.

Karteletan informazioa eta argazkiak bildu dituzte; tartean, sexu eskubideei buruzkoak. Sexu askatasunari dagozkion eskubideak ageri dira, eta, aldi berean, urteetako garapena azaltzen dute: "Lehen zelan geunden, gaur egun zelan gauden eta etorkizunerako zer gura dugun azaltzen dute". Besteak beste, sexu eskubideak giza eskubide unibertsalak direla diote. Era berean, urteotan herrialde batzuek bazterketaren aurkako legeak egin arren, oraindik egiteko geratzen den bideaz pentsatzera eramaten du. Gay, lesbiana, transexual eta bisexualei bizitzeko eta aske izateko eskubideak ukatzen dizkieten estatuen jarrera gaitzesten du, "hiltzen, jazartzen eta mehatxatzen dituzten herrialdeak baitaude", dio Legarretak. Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak oraindik ez du aitortu Homofobiaren Aurkako Eguna, zeina gaurko egunez izaten den.

Giza eskubideen defentsa lan "gogorra" dela dio, egunero "borrokatu behar da" horren alde. Berdintasun Zuzendaritza sail zabala dela dio, baina betiere giza eskubideak bermatzearen alde eta bazterketaren aurka dihardutela. "Helburuak ez dira egun batetik bestera lortzen, baina eman dira pausoak".

Sute txikiei beldurrik ez

Sute bat edonon piztu daiteke. Etxeko sukaldean, zartaginak sua hartu dezake bat-batean, ohartu gabe. Su garrek eta urduritasunak elkar topo egiten dutenean, garrantzitsua da azkar erantzuten jakitea, istripu larriago bat saihesteko. Hala ere, herrita...

Mungialdeko udalek enplegu plan berria onartu dute eskualderako

Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Jatabe, Laukiz, Meñaka eta Mungiako udalek Mungialderako enplegu plan bat onartu dute. Eskualdeak %11,9ko langabezia dauka, Bizkaiko baxuenetakoa. Hala ere, gero eta jende gehiagoren arazoa dela ikusirik, neurriak hartzea erabaki dute. Autoenplegua laguntzera, prestakuntza eskaintzera eta bazterketa arriskuan dauden herritarrak laguntzera bultzatzen ditu plan berriak eskualdeko udalak.

Hiru lantalde sortu dituzte, eta, udalez gain, eskualdeko eragileen parte hartzea bultzatuko dute. Talde horiek bazterketa arriskuan daudenen lan munduratzea, langabeen eta enpresa sarearen prestakuntza eta eskualdearen garapen ekonomikoa aztertuko dituzte, besteak beste.