“Egitasmoak jasotako erantzuna hunkigarria izaten ari da”

Sardinerak eta arrantzaleak. Itsasoarekin harremana duten zereginei lotuta bizi izan da Zierbenako Artetxe familia belaunaldi luzeetan. Aisialdian ere, itsasoari begiratzen zioten zierbenarrek. Hala, arraunlari handien artean hazi da Julio Artetxe (Santurtzi, 1964). Aitona gogoan, gaztetan ibili zen arraunetan herriko Itsasoko Ama arraun klubean. Egun, arraunak pabiloian utzi ,eta lehorrean jarraitzen du lanean, klubeko idazkari.

Zalea zen hasieran, baina klubeko bazkide bihurtu zen Artetxe. Orain, modu aktiboan aritzen da bertan. “Azaroan klubean laguntzeko eskatu zidaten, eta hemendik nabil gustura”. Arraunarekiko zaletasuna duela igartzen zaio. “Nire aitita patroi historiko bat izan zen, German Barquin. Zierbenan, Santurtzin eta Sestaon ibili zen. Lehenengo, arraunlari aritu zen, eta, ostean, Zierbenan patroi moduan ibili zen. Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1949an”.

Herriko arraun kluba 1967an jaio zen. “Nahiz eta herria handia izan, Santurtzin betidanik gorde ditugu herrixka arrantzale baten balioak”. 1960ko hamarkadan, arraunaren zaleek, pauso bat haratago eman nahian, taldea sortu zuten herrian. Artetxek azaldu duenez, “herriko sustraiak berpizteko modu bat izan zen, eta arraunarekiko zegoen zaletasuna aprobetxatu zuten”. Egun, kluba asko hazi da, eta ehun arraunlari inguru daude. Horien artean, hainbat emakume ere badira. Baina, idazkariaren arabera, hazten doazen neurrian, kirol hau uzten doaz pixkanaka. Hala eta guztiz ere, egoera alda daitekeela dio: “Emakume arraunlariak ditugu, eta horiek gazteenentzat erreferentzia bihurtzen ari dira apurka”.

‘Kolabogatzen’ ari dira

Urteekin, traineru berri bat erosteko beharra izan dute klubean. Baina, ontzia nahiko garestia denez, laguntza eskatu diete herritarrei. Eta herriak erantzun du. Egitasmoa ezagutzera emateko, Kolaboga kanpaina abiatu dute. Horretarako, film labur bat grabatu zuten martxoan. “Hasiera batean, omenaldi txiki bat izan behar zuen filmak, zaleen laguntza eskertzeko asmoz sortua”. Pelikularen azken segundoak Gernika Parkean grabatu behar zituzten, eta santurtziarrei bertan agertzeko gonbidapena egin zieten. “Harrigarria izan zen erantzuna; mila lagun inguru agertu ziren grabaketara, eta, aurkezpena egin genuen egunean, 4.000 herritar inguru bildu ziren”.

Kanpainari oihartzun handiagoa emateko, kolaboga izeneko bonoak ipini dituzte salgai. Traineruak eta arraunek, gutxi gorabehera, 40.000 euro balio izan dute. Hauen helburua traineru berria ordaintzen laguntzea da. 10, 20 eta 50 euroko kolaboga-k sortu dituzte, eta bakoitzarekin askotariko opariak ematen dituzte klubekoek. Besteak beste, itsasgarriak, txapak, klubeko kamisetak eta bufandak eskura daitezke. Gainera, bono hauek erosten dituzten herritarren argazkiak traineru berriaren alboetan ezarriko dituzte, omenaldi gisa. Kolaboga-k uztailean ospatzen diren Karmengo Amaren jaiak arte erosi ahal izango dira. Egitasmoak jasotako erantzuna “hunkigarria” izaten ari da. “Ekitaldi guztietan herriaren laguntza eta babesa sentitu dugu, baina kanpaina honi emandako erantzuna izan da benetan harrigarriena”.

Maiatzaren 25ean aurkeztuko dute erosi berri duten trainerua eta denboraldi berriko arraunlariak. Ontziak 12 metroko luzera dauka, eta 200 kiloko pisua. Tradizioari jarraituz, kolorea morea izango da. Datorren zapatuan bertan, aurkezpen ekitaldian, zozketa bat egingo dute. Hamahiru saridun egongo dira, eta saridun bakoitzari arraun bat eskainiko zaio. Modu horretan, herritarrek berek estreinatuko dute trainerua. Erabaki hori ere jarraitzaileei begira hartu da. “Ostean, Santurtzin egiten diren ekitaldi garrantzitsu guztietan bezala, sardinak erreko ditugu zaleentzat”, dio Artetxek.

Beste alde batetik, Santurtziko futbol taldearekin batera, bigarren zozketa antolatuko dute irailaren 18an. “Horretan ere auzokideak aktiboki parte hartzen ari dira”.

Txapelketa hastear da, eta gogor entrenatzen ari dira santurtziarrak. “Hau ez da futbolean bezala entrenatzea. Hemen aste osoan aritzen dira, sei egunez; libre egun bakarra daukate”. Batzuetan, itsasadarrean gora doaz; besteetan, Algorta aurretik ibiltzen dira bogan. Ekainaren 22an hasiko da liga, eta aurten Santurtziko bi traineru arituko dira itsasoan lehiatzen. Sotera A ontzia ARC taldean egongo da, eta Sotera B bigarren taldean izango da. Artetxek adierazi duenez, “ligak sortu zirenetik, lehen aldiz aterako ditu bi traineru batera Bizkaiko talde batek”. Klubean gogotsu daude txapelketa noiz hasiko den zain. “Arraunlariak gogor entrenatzen dira, eta herria ematen ari zaigun babesa ikusita, ondo aritzeko indarrak ematen dizkigu”, aitortu du idazkariak. “Santurtziarrak klubaren zati garrantzitsua dira, eta eskerrak eman nahi dizkiegu ematen ari zaizkigun laguntzagatik”.