Datozen urteetan benetako hondamendia gertatuko da Euskal Herriako gizartean. Hala, ezinbestekoa da herritarrek honako hau jakitea: botere ezarriaren kontrako alternatiba sortu ahal izateko ordaindu beharreko salneurria izango da gerta daitekeen asaldaketa. Benetako alternatibaz ari gara, ez botere txandakatzeaz. Egoera zail honetan, gai izango al dira indar ezkertiarrak alternatiba hura eraikitzeko? Alternatiba feminista izango al da edota traizio berri baten aurrean kokatuko gaitu, ezker klasikoaren eta feminismoaren arteko talka gertatuta, historian hainbestetan gertatu den bezala, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeko borroka aldarrikapen zerrendaren amaieran kokatu den honetan? Zantzu guztien arabera, gatazka saihetsezina izango da ezkerrekoek eztabaida politiko sakona eta lasaia egiteari ihes egiten badiote, beren postulatuetan gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna benetan —eta ez formalki— txertatzearen inguruan. Hausnarketarako zenbait elementu proposatuko ditugu, egun premiazkoa dugun eztabaida euskal ezker desberdinen agenden azken orrietan ageri den arren.
Egungo zibilizazio krisia gainditzeko alternatibaren eraikuntza, hain zuzen, feminismo antikapitalistarentzat zailtasun handiko testuinguruan gertatzen ari da, gutxienez bi ahultasun handik markatutakoan. Batetik, feminismoaren instituzionalizazioa, eta, horri lotua, aukera berdintasunarekiko sinesmen itsua, sistema oso-osorik zalantzan jartzea oztopatzen duen ikuspegia izanik. Pentsa liteke hegemonikoa bilakatu dela feminismoaren diskurtso zein jarduera liberal bat, zeinak ez duen bestelako menpekotasun sistemekin ——klasea, arraza, egoera ekonomikoa zein soziala— bat egiteko asmorik, eta azterketa estruktural eta sistemikoetan oinarritzen ez dena, egungo egoeran oinarrizkoak badira ere; patriarkatua, kapitalismoa, kolonialismoa, produktibismoa eta demokrazia formala, izan ere, errealitate bateragarriak eta beharrezkoak dira.
Bestetik, bere burua alternatibotzat duen ezkerraren erradikaltasun faltak, egun, sistemaren eraldaketa osoa proposatu eta exijitzen duen feminismoaren bultzada oztopatzen du. Eremu politikoa eskumara mugitu da, eta ezkerrak ez dio horri ihes egin. Prozesu hori, gau neoliberal luzean garatutakoa, biluztu egin zen 2007ko eztanda finantzarioaren ostean. Globalizazio kapitalista 20 urtez nagusi izan ostean, bizi garen egoerari aurre egiteko erantzuna eman nahi dugunean, konturatu gara bere garaian etsai genituen horien proposamenak babesten ari garela! Liberal ohiak eskumako posizioetan kokatzen dira orain; sozialdemokrata ohiak liberalismoan; ezkertiar izandakoak… sozialdemokraziaren posizioetan kokatzen dira! Horretan, ezkerrak, bere begirada emantzipatzailea klasetik haratagoko borroka esparruetara bideratu beharrean, joera erreformistari eusten dio.
Hala, eskuinerako joera orokor hori, feminismo liberalaren instituzionalizazioarekin batera, feminismo antikapitalistarako oztopo handi bilakatu da. Ezkerrak sozialdemokraziara egin duen eraldaketa horren inguruko premiazko eztabaida dugu. Ongizate estatua al da azken helburua, edota trantsizio emantzipatzailerako hasierako urratsa besterik ez? Norvegia al da helburua? Berregin daiteke Norvegiako esperientzia mundu osoan? Eta batez ere, ez al da Norvegia zapalkuntza eta menderakuntza bere maila gehienetan ezinbestekoa duen gizartearen eredugarria? Ez al da garaia aurrerakoia denaren, kapitalismoaren eta demokrazia liberal eta ordezkatzailearen eremutik (Norvegiatik alegia) at gizarte eredu berriak proposatzen hasteko?
Krisialdia ez da baliatu sistemaren kontraesanak auzitan jartzeko aukera gisa, alternatiba erradikala eta integrala martxan jartzeko asmoz; aldiz, eta oro har, maila apalagoa eta sistemarekiko jarrera bateratzaileagoa duen agenda eragin du. Izan ere, egungo ezker hegemonikoak izan dezakeen aurkari nagusia ez da sistema kapitalista, ezta, are gutxiago, kapitalismo patriarkala ere, baizik eta finantzen kolapsoa, gure bizitzengan eragina duten gaitz guztien sorburua. Ekonomia "finantzarioa" deabrutzeari aurre egiteko, ezkerraren hautua ekonomia "erreala" muturreraino defendatzea izan da, alegia, "produktiboa". Sistema kapitalista babesteari ekin dio, bere ildo produktibistan izan arren eta horren oinarriak goratuta: soldatapeko enplegua eta lana. Estrabismo produktibista horren eskutik datoz sozialdemokraziaren aldarrikapen nagusiak, estatu indartsua eta arautzailea, eta ongizate estatua berreskuratzea lehentasun nagusi gisa.
Proposamen politiko honek, agenda neoliberalari bakarrik aurre egiten dionez gero, gainerako krisi estrukturalak (zaintzarena, ekologiarena, elikagaiena) lagatzen edo besteen menpe jartzen ditu, borroka feminista berriz ere bigarren mailan jarrita, lehentasunetatik urrun. Hareazko gazteluen gainean eraikitako alternatiba proposatzen digute, baina, politika publiko industrial eta gizarte babeserako neurri horiek guztiak martxan jartzeko behar beste baliabide ekoizteko benetako aukerarik ba al dago? 50eko eta 60ko hamarkadetako hazkundea berregiterik ba al dago? Eta egingarria izanda ere, desiragarria al da? Galdera horiei guztiei erantzuteko eztabaida atzeraezina da! Ezin gara erresistentziara mugatu, egun existitzen ez den alternatiba hausnartu eta eraiki behar dugu.