Ez naiz ni

Ez naiz ni. Eurak dira; inoiz gu izandakoak. Iluntze aldera San Anton eliza ingurura batzen hasten dira. Gizonezkoak gehienak. Inoiz emakumeren bat ikusi izan dut, baina beti gizonen baten itzalean, babesean, atzean. Errealitate guztietan, atzean beti. Abaro beroaren zain egoten dira. Denbora zigarroa egin artekoa da. Gauaren sikupea aurkitu dute hemen, mundu azpiko zurkulu honetan. Posta eta errolda helbidea. Egun osoan ikusten ez dituzten lagunekin topo egiteko sasoia bihurtzen zaie. Lagunekin, edo beharbada, soilik giza kidea da bilatzen dutena; eurak bezala arnasten duen gizakia edota hotz/gose den gizakumea. Topo egin, edo beharbada elkarrizketa bat izateko aukera. Agian hauxe da eurek sentitzen duten gizartearen laztan bakarra, eguna errari eman ostean jaso ohi dutena. Erne egoteko beharrik ez duten espazioa eskaintzen dio txoko honek. Gerra iluntzean geldituko balitz bezala. Eraikinaren bazterretik sartzen dira, bazterreko saihetsa baitira, bazterrekoak beti bazterreko direlako. Eurei, barriz, bost inporta zaie. Zokondo hori baita etxetik hurbilen dutena, etxetzat har litekeen bakarra. Eurak; egun batean gu izan ziren haiek. Ozen egiten dute berba. Txilioka, sarri. Kalearen alde batetik bestera oihukatzen dute. Hizpideak ez dira mugaren alde honetakotik asko aldentzen. Arazo existentzialistak ere ez. Hemen eta han txakurrak ortozik. Gauza berberek arduratzen dituzte gizonok. Giza marraskiloak dira, etxea non bizitza han. Ez naiz ni, ez. Bertatik pasatzerakoan neure buruari esaten diodan letania da. Ez bainaiz ni. Eurak dira. Albotik pasatzen natzaie. Isilik. Eta begiratzen ditut. Eurek, baina, sekula ez naute ikusten. Ez nautelako begiratzen. Bai, izan liteke, ikusten naute baina ez naiz euren intereseko. Eta egiten dutenean badakite ni eurak naizela. Letaniarik esango ote diote euren buruei? Ez dakit nork sortu duen erdibitzen gaituen faila sakon hori, beharbada gu, agian eurak. Akaso aspalditik zegoen amildegiak ezinbestean izan behar du alde bat eta bestea. Goizegi pasatzen naizenean goiztiarrenak ikusten ditut. Zigarroak egiten edota behearen gainean jesarrita pentsamenduren batean eskegita. Beranduegi banoa, ostera, argia piztua duten leiho bi baino ez zaizkit azaltzen. Leiho azpitik pasatzen naizenean euren berbaroa entzuten dut. Eta kafe usaina zabaltzen da. Kafe egin berriaren usaina iruditzen zait etxearen adierazle nagusia, alegia, nagoen tokian egonda etxera naramala usain honek. Eurak dira, bai; eta ez ni.