Iritzia

Olentzeroren hiru lapurretak

Igor Elordui Etxebarria

Durangoko Azokaren karietara Korrika-dendan txanda egiten ari ginela, Gabonetako zurrunbiloaz, opariez eta gastuez berbaz gabiltzala bota zidan: "Olentzero lapurtu digute! Hor duzu zeri buru idatzi". Eskerrik asko, bada, Miren, zeri buruz idatzi eman didazulako, nahiz eta susmoa baino gehiago daukadan baten bati, biri edo hiruri ez zaien gustatuko esango dudana. Zeren eta, arrazoi duzu, Olentzero lapurtu digute, baina ez behin, hirutan baizik.

Emaztea

Nerea Ibarzabal

Azaroaren 25aren zapore lodia oraindik ahotik ezabatzeke, egutegiaren zerumugan ikus daiteke guganantz datorren abenduaren 6a, askok antsiaz borobildutako astea, oporren aurreko zubi preziatua bera. Espainiako Konstituzioaren jai zabal eta tolerantera deituak gara egun horretan, diktadura baten ahanztura eta inpunitatea ziurtatu zituen artikulu multzoa goraipatzeko, eta, guk nahi ez arren, egun horretan lanera ez joatea jairako gonbidapena onartzea da. Baina, uf, ez naiz gaur horretan sartuko.

Batzuk

Igor Elordui Etxebarria

Elurra ari zuen 1980ko azaroaren 29ko larunbat gau hartan. Negu parteko larunbat gau arrunta, itxuraz. Baina, batere arrunta ez dena, gaueko hamarretan Euskal Herriko kanpai gehienek batera jo zuten, ozen. Zerbait iragartzen ari ziren. Zerbait handia. Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen Korrikari, lehen Korrikari, hasiera eman zion kanpai-hotsen durundiak. Irudika dezaket negu gorriko gau beltz batean Korrika argitu zeneko momentu hura: bihotz-taupaden din-dana, oihuen danbada, urratsen danga. Badoa.

Zuloak

Nerea Ibarzabal

Haurra amaren sabelean dagoenean, zilborra irekita du, baina gainerako zulo denak itxita: begiak, belarriak, sudurzuloak, ahoa, uzkia, genitaletako zuloak. Jaiotzen denean, ostera, zulo horiek denak zabalduko zaizkio, eta zilborra itxi". Craig Thompsonen Habibi komikia gainbegiratzen dabilela, gure amaren arreta deitu du esaldi horrek. Eta, egia esan, polita da pentsatzea nola une batean gure bizi iturri garrantzitsuena zena funtziorik gabeko orbain bilakatu den; nola zulo denak itxita geneuzkan garai hori gure bizitzetako baketsuena izan zen, eta orain zeinen jasangaitza egiten zaigun, adibidez, belarri bat taponatuta izatea; nola zabaldu behar izan garen mundura, gure jatorria, nitxo bat bailitzan, betirako zigilatuz.

Ebatzi

Igor Elordui Etxebarria

Hamahiru edo hamalau urte izango nituen logelako idazmahaitxoan jarrita, boligrafoa hartu eta orri zuri baten gainean izkiriatu nuenean zer eta nolakoa izan gura nuen hamar, hamabost, hogei... urteren buruan. Pentsatzen dut nerabe askok egin/egiten/egingo duten ariketa izango dela. Ez dakit non egongo den paper zati hura; ez dakit zer egingo nuen harekin eta, esan beharrik ez dago, zerikusi gutxi izango duela gaur eguneko Igorrek —alegia, gaurko nik—, hamahiru urteko Igor nerabeak —alegia, orduko nik— irudikatu zuenarekin.

Jendilajea

Nerea Ibarzabal

Aldatu digute ordua. Domeka goizaldeko 03:00etan 02:00ak ziren berriro, ordubete gehiago lotarako, argi-orduen probetxu handiagoa, elektrizitatearen erabileraren murrizketa, eta nik denborarik izan gabe jarraitzen dut nahi dudan pertsonekin egoteko.

Familiak

Igor Elordui Etxebarria

Maddi —nire 5 urteko alaba— etorri da eskolatik esanez badakiela norekin "ezkonduko" den. Esan barik doa nire alabarentzat ezkontzea ez dela eliza batean, udal batean edota inongo erregistrotan sinatu behar den kontratua; hori baino sinpleagoa eta naturalagoa da (eta, horretxegatik, egiazkoagoa): nire alabarentzat ezkontzea "nagusia" denean norekin biziko den da, alegia, familia norekin eduki eta partekatuko duen. "A, bai? Norekin, ba?", galdetu diot, jakin-minez.

Beranduegi?

Nerea Ibarzabal

Ikasgelak gizartearen maketatxo behinena direla esatea ez da kontu berria, baina, ai ama, zenbat duen egiatik. Estreinakoz jarri nau egoerak 9 eta 11 urte bitarteko umeen eta arbelaren artean —orain denak digitalak—, eta genero estereotipo guztiak begiztatu ditut aurrez aurre, haurrez haur.

Espero nuen, baina ez dakit ba; bataiatu kopurua murriztu den bezala, beste zentzu batzuetan ere aldaketa nabarmenagoak aurkituko nituela uste nuen. Nire umetako ikasgelaren hain antzerakoa ez zen zerbait, behintzat. Baina kontu zaila da, guk beraien adinean baino erreferente kutsagarri gehiago —eta batez ere eskuragarriago— dituztenean.

Nork hitz egiten du ozenen, nork gutxiesten du nor. Nork ematen du erantzun zuzena bakarrik oso-oso ziur dagoenean, eta nork ematen dio bere buruari hanka sartzeko lizentzia, barre egitekoa eta barre eragitekoa. Nortzuek erabiltzen dute biolentzia, nortzuk egiten dute negar lasai jendaurrean. Salbuespenak daude, noski —eta eskerrak—, baina, oro har, irudikatu duzuen generoari dagokio deskribapen bakoitza.

Beraien adinean jaso ez nituen azalpenak ematen saiatzen naiz horregatik, eta estereotipoak zalantzan jartzen dituzten bertso-sortak erakusten dizkiet, eta nire hitzak neurtzen ditut ezer esan aurretik, inertziak saldu ez nazan, eta XV. mendean kalean bertsotan egiten zuten emakumeei —profazadorei— kantatzea debekatu zitzaiela kontatzen diet.

Eta "zergatik debekatu zitzaiela uste duzue?" galdetzerakoan, ia beti dago norbait "emakumeak bertsotan txarrak direlako", "gizonak hobeak direlako" edo "gizonak indartsuagoak direlako" erantzuten duena. Eta beti dago bere generokoen partetik irritxoren bat, edo isiltasuna, onarpen bilakatua. Batzuen interesa eta besteen jarrera defentsiboa. Beti pitilinari kantatu nahia —baita neskek ere—, eta aluari inoiz ez.

Kontu basikoak eta esperotakoak dira agian umeekin esperientzia gehiago dutenentzat. Ni larritu egin naiz, keinu txiki horien ondorio handiak ikusten baitira nagusiongan, eta belaunaldi berriengan daukadalako itxaropena jarrita. Baina 10 urterekin beranduegi ote da jada ume bat kontzientziatzeko? Edo goizegi da, eta kutsatuago daudenean jasoko dute feminismoa beste iturriren batetik, besteok egin behar izan dugun bezala?

Haziko dira, eta agian haziko zaie noizbait entzundakoaren hazia, edo agian ez. Sekula entzun gabe haziko direnena baino egoera hobea iruditzen zait, hala ere.

‘What’s up?’

Igor Elordui Etxebarria

Goizeko seiak dira. Hamar minutu barru bideoa sare sozial guztietan ibiliko da. Bederatzi eta erdietan Marinak ohartaraziko dit bere lagun guztiek ikusi dutela eta bere whatsappeko lagun-talde guztietara birbidali dutela. Eguerdirako nire fakultatearen erdia bideoa ikusten egongo da; komentatzen eta konpartitzen. Eta arratsaldean nire neba txikiari helduko zaio, eta ordu pare bat geroago aitaren futboleko lagunei (eta erakusten diotelarik: "begira, zure neskatoa"). Nire amak ezingo du sinetsi. Hiru egun beranduago albistea egunkarian agertuko da, irratian aipatuko dute eta telebista saioren batean ere bai. Udako bideoa. Lanera noanean denek begiratuko didate eta ahapeka hitz egingo dute horri buruz; konturatuko ez banintz bezala. Gero ezagutzen ez ditudan morroiak hasiko zaizkit erasotzen Facebooken. Oihu egingo didate eta kalean geratu egingo naute. Datorren udara arte bideoari buruz berba egingo da; ni ezagutu ere egin barik. Eta zu, zu horren parte izango zara?

Aurreko paragrafoko testua nire whatsappeko talde batean pasa den astean jaso nuen bideo baten transkripzioaren itzulpena da. Bideoaren hasieran neska-mutil bi ikusten dira musuka eta zirriak egiten. Gerora, sarea miatzen, jakin dut Uruguaiko Pensamiento Colectivo izeneko gazte-talde batek egin zuela, #YoRespeto izeneko kanpainaren barruan. Kanpainaren —eta bideoaren— helburua sare sozialetan partekatzen diren edukiei buruz internautak ohartaraztea da; batez ere, intimitatean oinarritutako egoerak direnean, tartean sartutako pertsonei sekulako kaltea eragin diezaieketelako.

Bada, kasualitatea! Hurrengo egunean Eibar futbol-taldeko bi jokalarik neska batekin daukaten sexu-harremana erakusten duen bideoa jaso nuen beste whatsapp talde batean. Gauza jakina denez, futbolariek agiri bat kaleratu zuten hiru aldeek libreki izandako hartu-emana izan zela azpimarratuz eta barkamena eskatuz Eibar futbol-taldeko zaleei. Bidenabar bezala eskatzen zioten barkamena neskari, oharreko hirugarren lerrokadan. Eta gauza jakina denez, neskak salaketa ipini du, ez baitzuen ez grabatua izateko ez bideoa partekatzeko baimenik eman. Antzik ere ez.

Gauza asko esan daitezke —eta esan dira— afera honi buruz. Hasteko, ez dela berria. Badakizue, teknologia berriek, onura askoren artean, halako gaiztakeria mota berriak ere badakartzate: sexting, grooming... Hau kasua sexting ei da, hain zuzen ere. Gauza asko esan daitezke, halaber, futbolari(arr)ei buruz, zenbait hedabideren jokabideari buruz... Baina, komeni da gugan, erabiltzaileongan, ere arreta jartzea. Zer gertatzen ari da? Zertan ari gara? Alegia, what's up?

Oharra: hausnarketa sakonago baterako abiapuntu egokia izan daiteke eta, atsegin baduzue, zuen whatsappeko taldeetan partekatu dezakezue (nik egin dut, bazegokidan eta).

Ez erantzi nire maskara

Nerea Ibarzabal

Beti iruditu izan zait deigarria pertsona bakoitzarekin harremanak izateko dugun modu ezberdina. Nortzuk garen gure amarekin, nortzuk gure aitarekin; nola jokatzen dugun umetako lagunekin eta nola unibertsitatean ezagututakoekin —eta zein arraro gauden bi taldeak elkartzen diren parrandan-; nor garen gure herriko jendearen begietan, eta nor Erasmusen. Maiz —maizegi- aztertzen dut neure burua kanpotik, drone baten begiradatik bezala, eta izutu egiten nau izan naitekeen pertsona kopuruak. Benetako ni-a zein den esaten saiatu naizen arren, ez naiz gai izan; ulertu dut maskaraz osatutako matrioxka infinituak garela, bata erantzi eta beste bat agertzen dela azpian, eta denekin bizitzen ikastea dela autentikotasunera gerturatzeko modu bakarra.

Pertsona batek gure jarrera edo maskara alda badezake, zer gertatzen ote da publiko jendetsu baten aurrean aritzen diren horiengan? Supermaskara bat behar izango dute askok, ezkutu gogor bat, itxura sendoagoa emateaz gain, babesleku ere izango dena. Identitatea edo izena aldatzea izan daiteke supermaskara horren aukeretako bat —antzezleek edo sare-sozialetako iritzi-emaileek bezala-, edo, izenik aldatu gabe, jarrera jakin bat mantentzea.

Jendaurrera atera izan naizenetan, ez dut izan ez mozorrorik, ez ezizenik, ez gorputza mugitzeko tarterik; bertsolaritzan, leku gutxi daude ezkutatzeko. Duela hilabete galdetu izan balidate, esango nuke ez dudala uste bertsotan ari naizenean rol bat jokatzen dudanik —gaiak eskatutako rolaz gain-; erantzungo nuke benetan pentsatzen dudanari lotutako diskurtsoa darabildala, eta ez dagoela alde handirik oholtza gaineko eta azpiko pertsonaren artean.

Ez nintzen gai nire publiko aurreko maskara zein zen zehazteko, erantzi behar izan nuenera arte. Publikoaren eta gure artean distantzia bat dago, eta hori fikzioak markatzen du: gai-jartzaileak beste norbaiten azalean sartzen nau, eta jada ez naiz ni —nire galbahetik pasatuko den arren-. Baina, kasualitatez, gaiak norbere bizitzako gertaera erreal bati erreferentzia egiten dionean, zer? Horrelako kasualitate batean ohartu nintzen existitzen zela ez nekien maskara bat hautsi zitzaidala, ogi birrinen moduan desegin zena. Publikoaren lorratzak ikusi nituen inork zapaldu behar ez lukeen nire lursailean.

Eta jendaurrean biluzik geratzen garela amesten dugunetan bezala, ez nuen jakin non ezkutatu nire ahulezia. Nola eutsi fikzioari, nola atera jende hura guztia nire eremutik? Orduan ikusi nuen nire oholtza gaineko maskararen funtzioa egunerokotasuneko beste maskara guztiak estaltzea dela, nire gurasoekin, bikoteekin, lagunekin darabiltzadan ni zalantzati horiek guztiak; errazagoa zaidala gai-jartzailean proposatutako pertsonaia baten azaletik ideia ziurrak kantatzea. Ahulezien eta kontraesanen defendatzaile sutsu honek bere bertsolariaren maskara behar du, ahuleziak oholtza azpian utzi ezean, ez litzatekeelako sekula gora igoko.