Emaztea

Nerea Ibarzabal

Azaroaren 25aren zapore lodia oraindik ahotik ezabatzeke, egutegiaren zerumugan ikus daiteke guganantz datorren abenduaren 6a, askok antsiaz borobildutako astea, oporren aurreko zubi preziatua bera. Espainiako Konstituzioaren jai zabal eta tolerantera deituak gara egun horretan, diktadura baten ahanztura eta inpunitatea ziurtatu zituen artikulu multzoa goraipatzeko, eta, guk nahi ez arren, egun horretan lanera ez joatea jairako gonbidapena onartzea da. Baina, uf, ez naiz gaur horretan sartuko.

Abenduaren 6a eta azaroaren 25a elkarrengandik hain gertu egoteak zer pentsatua eman dit, elkarketa txiki bat egiteko adina. Demagun Espainiak eta Euskal Herriak bikote harreman heterosexual bat osatzen dutela. Har itzazue bost segundo erabakitzeko nor litzatekeen senarra eta nor emaztea. Bai? Ados, bakoitzak bere aukera egin dezake, baina nik nahiko garbi ikusi dut nork ordezkatzen dituen autoritatea, indarra, azken hitza eta gizonezkoei eskatzen zaizkien beste hainbat ezaugarri.

Harreman behartu bat litzateke, nire ustez, bi hauena, ozpindua eta trapu zaharrez betea urteen joanean. Emaztea behin eta berriro saiatu izan da bere nahiak senarrari azaltzen, onean eta txarrean, baina horrek ez entzunarena egin izan du beti. Elkarrenganako gorrotoa areagotuz doan arren, senarrak ezin du onartu emazteari joaten uztea, nahiago du edozer, hura libre ikusi baino.

Eta edozer egin du: jipoitu, hil, kontrolatu, etxetik aldendu, torturatu, isilarazi, espetxeratu. Baina emaztea hor dago oraindik, senarrak jasan ezin duen bere hitz egiteko modu berezi horrekin. Bere ubeldurak erakutsi izan dizkio hainbat epaileri, baina denak senarraren lagunak dira, baita polizia ere. Nazioartera jo izan du, baina han dena doa hain astiro…

Eta dibortzioa borrokatzen du egunero, garrasi egiten dio belarrira. Baina senarrak beti berdina erantzuten dio: “Konstituzioan adostu zen ez zenuela inoiz batasun hau hautsiko”. Etxebizitza eskubidea eta adierazpen askatasuna ahazten ditu, baina batasun nazionalarena gogoan du madarikatuak, pentsatzen du berekiko emazteak. Beste emazte batzuei erreparatu die, dibortzio baketsuak izan dituztenei, edo ihesa prestatzen ari direnei, agian euren eskutik helduta alde egin dezakeelako berak ere. Nazkaz eta kolpeak jasotzeaz aspertuta dagoenaren begiz begiratzen dio senarrari, futbola ikusten sofan etzanda tripa bistan dagoen ergel horri, pijama hori-gorria soinean.

Tradiziorik lizunduenean sustraitutako estatu matxista batek ez gaitu inoiz askatuko, ez emakumeok, ez gure herria. Abenduaren 6a egun ona izan daiteke ihes egiteko.