Bizkaia

Etenik gabeko jai giroa

San Prudentzio jaiak

Abadiño

San Prudentzio jaietako ospakizunetan murgiltzear da Abadiñoko Matiena auzoa. Bihar hasi eta datorren asteko barikura bitartean, etenik gabeko jarduera sorta antolatu dute. Egunotan, bada, ez da girorik faltako.

13:00ean botako du suziria Abadiñoko Xake Taldeak, txosnagunean. Mozorro eta kuadrilla eguna izango da bihar. Herri bazkarian indarberritzeko tartea hartu ostean, 17:00etan kuadrillen arteko jokoen eta lehiaren txanda iritsiko da.

Mozorroek eta janzkera xelebreek beteko dute kalea 19:00etatik aurrera. Izan ere, Turutarra fanfarreak alaituta, kalejiran ibiliko dira Trañabarren etorbidean. 23:00etan, bestalde, mozorrorik onena aukeratuko dute Trañako plazan. Izerdi Gorriaren musikak emango dio bukaera egunari.

Domekakoa ajea kentzeko eguna izango da; eta, horretarako, kirol lehiak prestatu dituzte. 09:00etan, areto futboleko partidegaz hasiko dira. Horren ostean, saskibaloiaren txanda iritsiko da.

Eguerdian, 12:00etan, Ingalaterrako gastronomia ezagutzeko aukera izango dute Laubideta kalera joaten direnek. Han, pintxo dastatzea antolatu du Zalduerreka auzolan elkarteak. Arratsaldean, kirolari egingo diote berriz ere tartea.

Astelehena umeentzako eguna izango da. San Prudentzio egunez, umeentzako jolastokia jarriko dute Trañako plazan. 11:00etan zabalduko dute. Euria bada, pilotalekuan egingo dituzte jarduerak. 16:00etan irekiko dute berriz ere jolastokia, bazkaltzeko tartearen ostean. 18:30ean, umeentzako musika jarriko dute Trañako plazan. Egunari agur esateko, txokolatea banatuko du Geu Be elkarteak.

Eguaztenean ekingo diete berriz ere ospakizunei. Bertso saioa antolatu dute Errota kultur etxean. Unai Iturriaga, Mañukorta, Jon Maia eta Alaia Martinek parte hartuko dute. Onda Futura taldea eta Dj Bull entzuteko aukera ere izango da Trañabarren etorbidean eta Trañako plazan, hurrenez hurren.

Nekazaritza azoka eta Sagardoaren Jaia prestatu dituzte, besteak beste, eguenerako. Eta, barikuan, Babel Covers taldeak amaituko ditu jaiak.

“Eskuoihal batzuk jartzeko lekua baino ez dago, baina gurea da”

Geografiak lurraldetasuna definitzen laguntzen du askotan, eta itsasoa mugak zehazteko erabili ohi da. Baina, ez da beti horrela gertatzen. Iñaki Arestik (Leioa, 1945) argi dauka: "Berangok ere kostaldea du". Urteak daramatza teoria hori frogatuko luketen dokumentuak eta testigantzak biltzen, eta, haren esanetan, Berangoko erribera zati hori Barinatxe hondartza inguruetan legoke. Bitxigilea izan da lanbidez.

Arestik ondo baino hobeto ezagutzen du paraje hori. "Gaztetan beti joaten nintzen lagunekin olagarroak eta nekorak hartzera. Sopelako ezagunekin egiten genuen topo askotan, eta, haiek nondik ibili ziren galdetutakoan, Berangoko erriberan arrantzatzen egon zirela esaten zidaten". Berangoko erribera esaten zioten guztiek Barinatxe hondartzako tarte berezi bati. Arestiren arabera, Sopelak harean argi zehazten duen mugatik, itsas labarreraino helduko litzateke Berangoko erribera. "Getxoren laguntzarekin, Gorrondoatxa puntaraino ailegatzen den aztertu beharko genuke; izan ere, ez dago argi muga zein den eta erribera noraino helduko litzatekeen". Berangoko erribera. Izen hori behin eta berriro entzunda, Arestiri jakin-mina piztu zitzaion eta gaia ikertzen hasi zen. Hasieran, Berangoko Udalera eta Bizkaiko Foru Aldundira jo zuen. "Asko mugitzen naiz, eta argazki asko ateratzen ditut; baina, historialaria ez naizenez, oztopo asko jartzen dizkidate dokumentu historikoak kontsultatu ahal izateko". Laguntza bila ari da. Alberto Diez historialariak Berango liburua argitaratu du, eta Arestiren aspaldiko laguna da. "Albertorekin [Diez] elkartzeko asmoa daukat; nik dauzkadan dokumentuekin eta haren ikerketekin benetako historia atera nahiko genuke argitara, mugak ez daude argi eta".

Sopela eta Berango arteko mugak zehazten dituen txostena aurkitu du; 1999koa da. Haren arabera, Berangori dagokion partea Getxorena dela uste den zatian dagoela pentsatzen hasi da. Hori dela eta, Getxo eta Berango arteko mugei buruzko txostenak bilatzen dabil orain.

Gainera, ezagun askoren testigantzak batu ditu Arestik. Berangoko kostaldetik oso gertu, Mendi izena duen eremua dago. Han, hainbat baserri daude, Larrondo eta Landaluze tartean. Bizilagunekin hitz egin du, eta arbasoen istorio ugari kontatu dizkiote. "Berangok kostaldea duela sinesteko motibo gehiago eman dizkidate". Gainera, baserrien inguruetan, hondartzara eta itsasertzera eramaten duten bide batzuk daude. Etxe horiek Berangori dagozkio; beraz, Arestiren ustez, esparru hori udalerrikoa bada, eta itsasoan badu bukaera, hondartza zati horrek Berangokoa izan beharko luke.

Zenbait gertakizun ere bildu ditu. Azaldu duenez, 1920. urtearen inguruan Alemaniako itsaspeko batek Bilboko portutik irteten ari zen lurrun itsasontzi bati torpedoz eraso zion, eta, ondorioz, Berangoko kosta aurrean urperatu zen. "Landaluze eta Larrondo baserrikoei utzi egin zieten itsasontziaren txatarra hartzen", ekarri du gogora.

1920az geroko osoko bilkurak ere aztertu nahi ditu Arestik. Horietan, gaia jorratzen duten dokumentuak eta froga gehiago aurkitzea espero du. Ageriko idazkiak topatu ditu. Hala eta guztiz ere, Berangoko erriberaren inguruan esames asko daudela aitortu du; nahiz eta istorio horiek beretzat zentzurik ez duten. "Batzuek esaten dute Berangoko alkate batek hondartza galdu zuela mus partida batean. Beste batzuek diote, behin batean, itotako bat agertu zela zonalde horretan eta Berangok ez zuela ardurarik hartu nahi izan. Getxo egoera hartaz arduratu zenez, hondartza zati hori bereganatu zuela esaten dute". Kontakizunak kontakizun, oraindik ikertzeko asko dagoela azpimarratu du Arestik.

Dokumentuak eskuan dituela, Berangoko Udalarekin hitz egin nahiko luke. "Mahai gainean ipiniko dut aurkitutakoa, eta haiek erabakiko dute zeintzuk diren eman beharreko hurrengo pausuak galdera hori erantzuna aurkitzeko". Hala ere, Arestik ez dauka zalantzarik. "Pistak jarraitu ditut, eta hondartzako zati txiki bat udalerriarena izan beharko lukeela argi daukat. Eskuoihal gutxi batzuk jartzeko tokia baino ez dago, hogei inguru, baina Berangori dagokio. Gurea da".

Gero eta herri gehiago, sexu aholkularitza zerbitzuagaz

Sexu aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute Bizkaiko hainbat udalek. Bestek beste, Zornotza, Bermeo, Erandio, Leioa, Portugalete, Sestao, Gernika-Lumo eta Sopelan dago zerbitzua, herri horietako gazte bulegoan. Kontsultak aurrez aurre, telefonoz edo ...

115

Bizkaitar bakoitzak eguneko kontsumitzen duen ura. 115 litro ur kontsumitzen ditu, batez beste, bizkaitar bakoitzak egunero. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa faktura apurka igotzea aztertzen ari da, Europako zuzentarauetara egokitzeko asmoz. KPIa eta "apur bat gehiago" izango dela aurreratu dute.

Aholkularitza ez, heziketa

Sexu aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute hainbat udal, gazte bulego eta ikastetxeetan. Sexu harremanen inguruan informazioa eman, zalantzak argitu edo prebentzio lanak egitea da helburua. Aholku sorta eskaini baino, ordea, sexu heziketa saioak egi...

Ziminoa xapeletan

Aurora Arechiga kartzelatu zutenerako ez zen inor bizi Los Angelesko Chavez Ravine auzoan. Bueno, teknikoki, Aurora barroteen atzean ezkutatu zutenerako ez zen Chavez Ravine existitzen, oso minutu gutxi behar izan baitzituzten bulldozerrek han geratzen ziren lau-bost etxeak birrintzeko. 1959ko maiatzaren 9an izan zen, goizeko hamarrak bueltan.

Bertan jaioa zen Aurora, eta bertan gura zuen bizi eta, akaso, familia osatu. Eta bere ondorengoen sustraiak lur horietara lotu, bere gurasoek berarekin egin zuten moduan. Baina Los Angelesko hiritarrek ez zuten oso ondo ulertzen mexikar haiek "txabola" haietan bizitzeko zuten beharra.

Hiru auzo txikik osatzen zuten Chavez Ravine: Palo Verde, La Loma eta Bishop. Eskola zuten bertan; haientzat garrantzizkoa zen eliza ere, barazki dendak eta harategi pare bat; abereak hazten zituzten zenbait familiak, eta gehientsuenek ortu txiki bat ere bazuten etxaldean. Baserri-giro lasaian bizi ziren bertako familiak.

Arazoa zen bizimodu ezohikoegia zela hura, dagoeneko porlanaren bidea hautatua zuen hiri baten parte izateko. Garapena hautatu zuen Los Angelesi auzo lotsa eragiten zion auzo lotsagarri horrek. Begi bistatik kendu nahi zuten "barride" hura, eta, hamaika trikimailuren ostean, beisbol estadioa bertan egitea deliberatu zuten udalean. Zibilizatuen xantaiari men egin ez zioten azkenak izan ziren Arechigatarrak. Horregatik sartu zuten kartzelan Aurora.

Orain aste pare bat, Chavez Ravinen inguruko emanaldia antolatu zuen Los Angelesko ganbara orkestrak. Musikariekin batera, jatorri mexikarra duen Richard Montoya antzerkigile satirikoak bete zuen oholtza. Montoyak duela mende erdi gertatutakoaren inguruko antzezlana idatzi zuen 2001ean. Ezin zuen gonbidatu hoberik izan orkestrak.

Emankizuna bukatuta, entzule batek saioaren antolatzaileari galdetu zion zergatik komunitate mexikar xume haren bizipenak kontatzeko DvoÞák bezalako autoreen musika aukeratu zuen, Mexikoko herri-musika aukeratu beharrean. Emanaldiko arduradunak, Margaret B. andereñoak, prestigio handiko hainbat unibertsitatetako tituluen jabeak, Ameriketako orkestra entzutetsuenek usu gonbidatutako biolin joltzaile iaioak, naturaltasun osoz, erantzun zion: "Montoya bezalako idazle handi baten testuak laguntzeko benetako musika nahi genuen izan". Auzokide lotsa nabaritu zitzaion Montoyari aurpegian.

Nago garapenarena irudikatzen duten Margaretek ez dutela ulertzen, oraindik, Chavez Ravinen izpirituak bizi dituzten Montoya bezalako chicanoak. Ziminoa, xapeletan ere zimino.

Kondor Legioaz harago doan parte hartzea aztergai

"Francok Ju 52ari oroitarria altxatu beharko lioke". Adolf Hitler Alemaniako diktadoreak esandako berbak dira. Garraio hegazkina da Ju 52a. Horiek erabili zituzten altxamendu militarreko kideak Marokotik penintsulara eramateko, Klaus A. Maier historia...

Armañongo pake naturalak badu informazio gune bat

Aste Santutik aurrera, Armañongo parke naturalean bidaiarientzako informazio gune bat zabaldu dute. Turtziozen dago, eta aurrerantzean asteburu guztietan egongo da zabalik. Horrez gain, Aste Santuan, udan zein Gabonetan, martitzenetik domekara egongo da irekita, edozein zalantza argitzeko.

BOXEOLARI ONENAREN TITULUA, LEHIAN

Casilla plazako kiroldegia boxeo zaleentzako topagune bihurtuko da bihar, egun osoan. Eguaztenean aurkeztu zituzten han jokatuko diren Euskadiko txapelketako finalak —irudian—. 19:00etan egingo dituzte kadete, junior eta elite mailetako gizon eta andreen txapelketak. 11:00etan, Boxeolari ezezaguna delako lehiaketa abiatuko dute. Hogei borrokaldi inguru ikusteko aukera izango da, 10 euroren truke, sarrerak aurretik erosita; bertan hartuta, 15 euroan.

Basque Fest jaialdiak 51.000 lagun erakarri ditu Aste Santuan

51.000 pertsona baino gehiago elkartu ditu euskal kulturaren erakuslehio den Basque Fest jaialdiak, Bilboko Udalak emandako datuen arabera. 150 plan eta proposamen baino gehiago eskaini ditu jaialdiak Aste Santuan eta Pazko astean.

Jaialdiak "helburu guztiak bete" dituela deritzo udalak. Hain zuzen, honako hau izan da asmoa: "Hiria bizirik, aktibo eta erakargarri mantentzea jaiegunetan, bai turistentzat, bai bertokoentzat, bai inguruko herrietatik eguna Bilbon pasatzera etorri direnentzat".

Kalejirek eta animazio talde eta bandek 19.640 lagun elkartu dituzte Zazpikaleetan, Ledesman, Albiako lorategietan, Mazarredo zumarkalean, Poza kalean, San Mames zumarkalean eta Egaña kalean. Itsasadarrean egindako ibilbide antzeztuak ere zenbatu dituzte kopuru horretan. Eguen, bariku eta zapatuan ekitaldi horietarako sarrerak amaitu egin ziren.

Bestalde, Erriberako eta Zabalguneko merkatuetan 17.250 sarrera zenbatu dituzte lau egunetan. Herri kirolen erakustaldiek ere ikusle asko bereganatu dituzte. "Bereziki, nazioarteko turistek erakutsi dute interes handia". Ikuskizuna ere ez da ohikoa izan, gainera. Harrijasotzaileek itsasadarrean egin dituzte indar eta tekniken erakustaldiak; hain zuzen ere, itsasontzi baten gainean jaso dituzte harriak. 1950eko hamarkadako tradizioa berreskuratu dute.

Aizkolariak Areetako pasealekuan ibili dira enborrak mozten. Eta Esperantzako pilotalekuan, pilotariak palan eta zesta-puntan jokatzen ikusteko aukera izan da.

Proba horietan guztietan, 7.450 zaletik gora elkartu dira. Horien artean, seme-alabekaz batera gerturatu diren familiak izan dira. Kasu horietako askotan, gaztetxoek bertan ezagutu dituzte hainbat jolas; besteak beste, lehen aldiz zaku lasterketetan, igel tokan eta artaburuak jasotzen aritzeko aukera izan dute.

Alondegiari dagokionez, kontzertu txikiak eskaini dituzte. Audience, John Berkout, Bakelite eta Wills Drummond taldeak igo dira oholtzara. Indie, american rock, country rock eta pop rock estiloak euskal taldeen bitartez entzuteko beta izan dute ikusleek, Plaza Barrian. Oreka TX, Kukai eta Kalakan taldeek eratutako ikuskizunak ere arrakasta handia izan zuen.