Ziminoa xapeletan

Aurora Arechiga kartzelatu zutenerako ez zen inor bizi Los Angelesko Chavez Ravine auzoan. Bueno, teknikoki, Aurora barroteen atzean ezkutatu zutenerako ez zen Chavez Ravine existitzen, oso minutu gutxi behar izan baitzituzten bulldozerrek han geratzen ziren lau-bost etxeak birrintzeko. 1959ko maiatzaren 9an izan zen, goizeko hamarrak bueltan.

Bertan jaioa zen Aurora, eta bertan gura zuen bizi eta, akaso, familia osatu. Eta bere ondorengoen sustraiak lur horietara lotu, bere gurasoek berarekin egin zuten moduan. Baina Los Angelesko hiritarrek ez zuten oso ondo ulertzen mexikar haiek “txabola” haietan bizitzeko zuten beharra.

Hiru auzo txikik osatzen zuten Chavez Ravine: Palo Verde, La Loma eta Bishop. Eskola zuten bertan; haientzat garrantzizkoa zen eliza ere, barazki dendak eta harategi pare bat; abereak hazten zituzten zenbait familiak, eta gehientsuenek ortu txiki bat ere bazuten etxaldean. Baserri-giro lasaian bizi ziren bertako familiak.

Arazoa zen bizimodu ezohikoegia zela hura, dagoeneko porlanaren bidea hautatua zuen hiri baten parte izateko. Garapena hautatu zuen Los Angelesi auzo lotsa eragiten zion auzo lotsagarri horrek. Begi bistatik kendu nahi zuten “barride” hura, eta, hamaika trikimailuren ostean, beisbol estadioa bertan egitea deliberatu zuten udalean. Zibilizatuen xantaiari men egin ez zioten azkenak izan ziren Arechigatarrak. Horregatik sartu zuten kartzelan Aurora.

Orain aste pare bat, Chavez Ravinen inguruko emanaldia antolatu zuen Los Angelesko ganbara orkestrak. Musikariekin batera, jatorri mexikarra duen Richard Montoya antzerkigile satirikoak bete zuen oholtza. Montoyak duela mende erdi gertatutakoaren inguruko antzezlana idatzi zuen 2001ean. Ezin zuen gonbidatu hoberik izan orkestrak.

Emankizuna bukatuta, entzule batek saioaren antolatzaileari galdetu zion zergatik komunitate mexikar xume haren bizipenak kontatzeko DvoÞák bezalako autoreen musika aukeratu zuen, Mexikoko herri-musika aukeratu beharrean. Emanaldiko arduradunak, Margaret B. andereñoak, prestigio handiko hainbat unibertsitatetako tituluen jabeak, Ameriketako orkestra entzutetsuenek usu gonbidatutako biolin joltzaile iaioak, naturaltasun osoz, erantzun zion: “Montoya bezalako idazle handi baten testuak laguntzeko benetako musika nahi genuen izan”. Auzokide lotsa nabaritu zitzaion Montoyari aurpegian.

Nago garapenarena irudikatzen duten Margaretek ez dutela ulertzen, oraindik, Chavez Ravinen izpirituak bizi dituzten Montoya bezalako chicanoak. Ziminoa, xapeletan ere zimino.