Bizkaia

Mendi Duatloia, Urduñan

Urduñako II. Mendi Duatloia lehiatuko dute domekan, Urduñan, 10:30etik aurrera. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuiturako puntuagarria izango da proba eta aurten, taldeka har daiteke parte.

11,4 kilometro egin beharko dituzte korrika lehiakideek mendiko errepidetik; 20,7 kilometro, bizikletaz, eta, azkenik, 3,060 kilometro egingo dituzte herrigunetik korrika. Informazio gehiago: mendiduatloia.com-en

Korrika eta bizikletaz, median

Domekan, 10:30ean hasiko da duatloia, Urduñan. Informazio gehiagorako, mendiduatloia.com.

Errepidea zeharkatzen hildakoaren heriotzagatik haserre daude Errekalden

Bilboko Errekalde auzoko Camilo Villabaso eta Altube kaleen arteko bidegurutzean, 89 urteko emakume bat harrapatu zuen furgoneta batek astelehenean. Istripua 10:30 inguruan gertatu zen, eta handik ordu batzuetara emakumea hil egin zen.

Istripuan gizon bat ere zauritu zen, autoaren atzerako ispiluak buruan kolpea emanda. Beste emakume bat onik irten zen kalea gurutzatzen ari zela furgoneta saihestea lortu zuelako.

Istripuak haserrea eragin du Errekalde auzoan, hango bizilagunek aspaldi salatu baitzuten bidegurutzea arriskutsua zela eta Bilboko Udalari eskatu zioten egoera konpontzeko semaforoak edo sakanguneak jarrita. Lekukoen arabera, Villabaso kaleko 27. zenbakiaren parean dagoen zebra bidea igarotzen ari zen emakumea furgonetak harrapatu zuenean.

Eskaria 2008tik

Zebra bideaz gain autoen abiada moteltzeko sakangune bat ere jartzeko eskaria 2008tik dator. Urte hartan egin zuen Aida Garcia Errekaldeko auzoak eskabide ofiziala, ikusita bidegurutze horretan oinezkoentzako lau zebra bide daudela baina semafororik edo autoen abiadura moteltzeko sakangunerik ez dagoela eta autoak "oso azkar" pasatzen direla. Inguruan bizi da Garcia, eta 40 urte inguru daramatza Errekalden.

Eskaria aurkeztu eta gutxira jaso zuen Garciak erantzuna: Asier Abaunza Bilboko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak —gaur egun ere ardura horretan dirau— atzera bota zuen eskaera, sakangune bat jartzeko arrazoirik ez zegoela iritzita.

Ondorio horretara iristeko, udaleko teknikariek neurketa bat egin zuten leku horretatik igarotzen ziren autoen abiaduraz. Ikerketa horren arabera, gune horretatik 3.119 auto igarotzen ziren egunero, autoen batez besteko abiadura orduko 27 kilometrokoa zen, eta %99k ez zuten orduko 50 kilometroko abiadura gainditzen. Neurketa astebetean egin zuten.

Gertatutakoagatik haserre bizian dago Garcia: "Sakangune bat jartzea ez da hain garestia, azken finean, porlan apur bat eta plastikozko zati batzuk baino ez dira". Udalak emandako ezezkoak, haren ustez, agerian uzten du erdigunean ez dauden auzoekiko "utzikeria", eta metroa eta tranbia Errekaldera irits daitezen auzoan aspalditik dagoen eskaerarekin lotzen du jarrera hori: "Badirudi turistak igarotzen diren lekuak edertzeko baino ez dagoela dirua, eta inguruetako auzoak ez direla Bilbokoak".

Joan den asteartean, Asier Abaunza zinegotziarekin hitz egitea lortu zuen Garciak, eta zuzenean helarazi zion bere protesta.

Kezka eta atsekabea

Errekaldeko auzoek atsekabez hartu dute albistea. Zendutako emakumea oso ezaguna zen auzoan; istripua gertatu zen lekutik gertu bizi zen. Antza denez, ogia erostera jaitsi zen kalera, egunero egiten zuen moduan. Auzokideek kandela batzuk jarri dituzte istripua gertatu zen zebra bidearen ondoko espaloian.

Errekaldeko Gazteleku garapen komunitariorako elkarteko Miguel Angel Gomezek ez zuen 2008an egindako eskariaren berri, baina adierazi du Errekaldeko Barrutiaren Kontseiluaren bileretan inoiz aipatu direla Villabaso kaleko zirkulazioaren inguruko arazoak, "autoen abiaduraren ingurukoak ez ezik, zaratari buruzkoak ere bai", eta gaineratu du istripuaren ostean "kezka" dagoela auzoan.

Beste aldetik, Errekaldeberriz Errekaldeko auzo elkarteak adierazi du ez daukatela gertatutakoaren inguruko informazio askorik. Hori dela eta, nahiago izan dute horren inguruan oraingoz baloraziorik ez egin. Baina elkarteko Maria Jose Fernandezek baieztatu du lehenagotik ere kexak egon direla kale horretatik igarotzen diren autoen abiadura dela eta.

EH Bilduk aberatsenentzako onurak salatu ditu

BILBO. Diru bilketaren azken datuekin kezkatuta azaldu da EH Bildu. Bereziki kezkagarria deritzo sozietateen zergak izan duen jaitsierari. Enpresa txikiek "irabazien %20 ordaindu dute, eta irabazi handienak dituztenek, berriz, %6 soilik", adierazi du...

Ama, handitan, ‘inputatua’ izan gura dot

Lagun bat zurtz eginda etorri jata zortzi urteko semeak "inputatua" izan gura dauala esan deutsalako. "Inputatua, Leire, ez diputadua, in-pu-ta-tu-a". Antza danez, etxeko txikiak politikari ustelen glamourra ikusi dau telebistan: auto dotoreetan doaz epaitegira, traje dotorea jantzita, etxe handi eta dotoreetan bizi dira....

Atzen datuak dinoenez, Estatu espainiarrean 500 persona baino gehiago dagoz inputatuta politikeagaz lotutako korrupzino edo ustelkeria kasuakatik. Eta 20 bakarrik dagoz kartzelan. [...]

Halanda be, inputatu edo akusatu izan, danak usain bera daukie: inpunidadearena. Aurrezki kutxetako eta politika munduko personajeak lapurreta handiak egin dabez, diru publikoa neurri barik erabili dabe, eta beti euren edota gitxi batzuen mesederako.

Froga asko eta zalantza gitxi dagoz horren inguruan, baina zigor txikia ipinten jakie. Edo zigorrik ez. Kartzelan sartzean diranak, atoan urteten dabe barriro kalera. [...]

Bale, ba, ez gaitezan hipokritak izan. Ea, nor ez dabe noz edo noz inputatu? Ni neu, adibidez, askotan. Lehenengoa, zazpi urte neukazala; ikastolako andereñoak gelatik urteteko esan eustan, klasean (eta deskuido baten, gura barik) berba larregi egiteagaitik. Hortxe, nire lehenengo inputazinoa, akusazinoa eta epaia: erruduna. Hori bai zala justizia express, ikastolako andereñoarena.

Eta hortxe hasi nintzan inputatu-akusatua izatearen abantailak ikusten: lagunak klasean egozan, ariketak egin eta egin, eta ni, pasilloan, ederto barrez!, kolperik jo barik. Lehenenegi esperientzia horregaz, zelan ez jatan ba gustauko okerkeritan ibiltea? Zigorra ez, saria zan pasilloan trankil-trankil egotea!

Baina nire inputazinoaren alde gozoak laster topau eban bere gazia: aste osoko arrasti guztiak aititak baserrian ebagitako bedarrak batuten pasa nebazan. Inputatu-akusatu-errudun izateaz gain, reinzidentea nintzalako.

Zigorrak atera ninduan bide txarretik. Eta zigorra da, neurrikoa, beti, inpunidadeagaz amaituteko bide bakarra.

Jaume Matas Balear irletako presidente ohia da zigorra hartu eta kartzelan sartu dan atzenetakoa. Epaileak Matasek berak orain 15 urte inaugurautako kartzelan sartu dau. Justizia astiro doa, baina bizitzak ez dau oindino bere ironia puntu berezia galdu.

Eskerrak.

Ahots bat, orkestra bat eta hamaika aria

Opera gau berezia antolatu dute Euskalduna jauregian datorren asteko martitzenerako. Oholtza gainean, Euskal Herriko ahotsik ederrenetako bat ariko da: Ainhoa Arteta sopranoa; eta, harekin batera, Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Zeelanda Berritik etorri berri den Emmanuel Joel-Hornak ibiliko da zuzendari lanetan. Turandot, La Bohème, Manon Lescaut, La Wally, Tosca, Adriana Lecouvreur eta beste hainbat lanetako ariak interpretatuko dituzte. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Sarrerek 15 eta 45 euro artean balio dute, eta eskuragarri daude kutxa automatikoetan.

459

IAZKO PARTE HARTZAILEAKXV. arrantza lehiaketan 459 neska-mutilek hartu zuten parte; horietatik 225 haur 4 eta 8 urte artekoak izan ziren.Ondarroatik kanpokoak. Parte hartzaile gehienak ondarroarrak diren arren, aurten 30 bat herritako umeak lehiatuko ...

“Jende asko erabat analfabetoa da bere buruaren zainketan”

Osasun arazo arinak kudeatzeko norbere gorputza ezagutzeak duen garrantziaz mintzatuko da Lourdes Galarraga erizaina eguenean (Elgoibar, 1956); hitzaldi bat egingo du Ondarroako Etxelilan, 19:00etan. Hain zuzen, Automugatutako prozesu arinak eta Osasun Karpeta hitzaldia emango du, Gurutzne Osagaz batera. Duela bi urte Ondarroan abiatutako metodologiaren xehetasunak kontatu ditu osasun zentroko erizainak. Abadiño, Etxebarri eta Arrigorriagan ere badarabilte.

Zein helburugaz antolatu duzue egueneko hitzaldia?

Herritarrek gure lana ezagutzeko helburuaz. Erizainok, sendaketa beharrez gain, bestelako eginkizunak ere badauzkagu: besteak beste, pazienteak zaintzea. Prozesu arin eta mugatuetan aholkuak eman ditzakegu, sendagairik gabe konpon daitezkeen prozesuetan.

Zein da, zehazki, Ondarroan abiatu duzuen metodologia?

Prozesu asko erizainok bidera ditzakegu: eztarriko mina eta eztul prozesu bat, esaterako. Irizpide batzuk ezarrita dauzkagu, eta horren arabera erabakitzen dugu zer gomendatu edo pazientea sendagilearengana bideratu edo ez.

Egunetan sukarragaz egon den gaixo bat iristen bazait, medikuarengana bideratzen dut; edo eztarriko minez, txistua irentsi ezinik badator, berdin.

Zein da zuen metodoaren helburua?

Jendeari erakustea zelan zaindu. Jabekuntza lana egin behar dugu; norbanako bakoitzak jakin egin behar du prozesu arinak kontrolatzen. Eta nire lana da niregana datozenean erakustea zenbateraino zaindu daitezkeen etxean eta noiz jo behar duten osasun etxera.

Zergatik da garrantzitsua norbere gorputza ondo ezagutzea?

Norbera da bere gorputzaren jabe; norberak daki noraino eta zelan zaindu gura duen. Guk aholkuak besterik ez ditugu ematen. Pazienteek jakin behar dute eurak ere zain ditzaketela euren gorputzak, gure amamek egiten zuten antzera.

Jende asko hona etortzen da Betadine pixka bat emateko ere. Hori ezinezkoa da; jabetasuna izan behar du norberak. Guk geuk irakatsi diegu, ordea, edozertarako guregana jotzen. Beraz, jende asko erabat analfabetoa da bere buruaren zainketan. Berriz ere ekin beharko diogu herritarrei euren gorputza zaintzen irakasteari.

Zelan identifika daitezke aipatzen zenituen gaixotasun arinak, eta zer egin daiteke sintomak arintzeko?

Sukarra edo gripea, eztul arrunta, eztarriko mina, bizkarreko mina eta botaka edo beherakoa edukitzea dira prozesu arinok, eta etxean bertan bidera daitezke.

Pazienteei azaltzen diegu zer diren prozesu horiek, zein ondorio eragiten dituzten, zein sintoma izango dituzten, zelan kutsatzen diren eta zelan zain daitezkeen; azken batean, zer egin daitekeen etxean eta noiz jo behar duten osasun zentrora.

Eta noiz jo behar da sendagilearenera?

Prozesuaren arabera, baldintza batzuk edo besteak daude. Batzuetan, sukarra 48 orduz luzatzen bada, etorri egin beharko da. Besteetan, 38,5etik gorako sukarragaz, etorri egin behar dute. Eztarriko minagaz ere, sukarrak goraka jarraitzen badu edo egunetan hobekuntzarik nabaritu ezean, osasun zentrora jo behar da.

Paziente horiek nola bideratzen dituzue?

Administraziotik pasatzen dira. Hango beharginak galdera batzuk egiten dizkie: fluxu diagrama bat daukagu horretarako, eta, erantzunen arabera, badaki nora bideratu.

Etxeko botika kutxa ere lantzen duzue; zein botika eta nola eduki behar ditu botika kutxak?

Tuper normal bat nahikoa da. Leku lehor batean gorde behar da; komunean ez, hezetasunak alferrik galaraz baititzake sendagaiak. Etxeko sendagaiek, gaixo kronikoenek, esaterako, bereizita egon behar dute.

Sendaketak egiteko bendak, iodoa eta antzekoak, umeentzako Apiretala edo aspirinak, Parazetamola... Horiek bai; baita termometroa ere. Merkurioduna ez du izan behar, kutsakorrak direlako. Digitalak izan behar dute, eta pilak kargatuta eduki behar dituzte. Erredurentzako botikak izatea ere komeni da.

Denon eskura egon behar du botika kutxak; umeen eskura ez, noski. Eta etxeko denek jakin behar dute non dagoen, edozein unetan hartu ahal izateko.

Osasun karpeta ere mintzagai izango duzue eguenean. Zer da?

Hori ere oso garrantzitsua da. Norbere historia konsultatzeko eskubidea du paziente orok. Pazientea bera da bere historiaren jabe. Pazienteak analisiak, txostenak eta antzekoak ikus ditzake sarean.

Nola lor daiteke informazio hori?

Osasun etxera etorri behar da, eta administrazioan eskaera egin. Horren ostean, Internet bidez ere kontsulta daiteke.

Sua eta kea Deustuko zubian

Hamar urte nituen langileen borrokak aurrez aurre ikusi nituen lehen aldian. 1984. urtea zen. Goizero ikastolara joateko Deustuko zubia gurutzatu beharra genuen. Sua eta kea ikusten genituen zubian eguna argitzen zen ikasturte horretako lehehengo egun...

Arrantzale belaunaldi berriak

Uda agurtzeko era berezia dute Ondarroan. Ohitura zaharrei eutsiz, XVI. Umeen Arrantza Lehiaketa egingo dute irailaren 27an. Egun gutxi falta dira txapelketarako, baina Arrigorri itsas arrantza elkarteko kideak jada buru-belarri dabiltza azken antolakuntza lanetan. Izan ere, 4 eta 14 urte bitarteko ia 500 lagunek parte hartu ohi duten lehiaketa prestatzea ez da bat ere lan erraza.

Aurtengoa Arrigorri arrantza elkarteak lehiaketa antolatuko duen 16. urtea izango da, baina aurretik ere hainbat urtez beste hainbat elkartek antolatu izan zuten lehiaketa. "Gu umeak ginenean, Jose Mari eta Dito aritzen ziren arrantza lehiaketa antolatzen. Arrantzan oso zaleak ziren, eta, urtero, uda bukaeran, umeentzako arrantza lehiaketa antolatzen zuten. Gerokoan, Aurrera kirol elkarteak ere antolatu izan zuen lehiaketa", azaldu du Juan Arostegi Arrigorri itsas arrantza elkarteko kideak.

Lehiaketa urte batzuk egin gabe egon ostean, Arrigorri itsas arrantza elkartea hasi zen berriro antolatze lanetan, 1999. urtean hain zuzen ere. Elkartearen estatutuetan dagoen puntu bati jarraiki erabaki zuten berriro lehiaketa antolatzea. "Hain zuzen ere, herriari eta hurrengo belaunaldiei arrantzarekiko zaletasuna zabaltzeko nahia jasotzen du estatutu horrek", gaineratu du Arostegik. Orduz geroztik, zailtasunak zailtasun, urtero antolatu dute lehiaketa, etenik gabe.

Ikuskizun polita

Irailaren 27an, mareagora dela, egingo dute XVI. Umeen Arrantza Lehiaketa. Urtero bezala, kalejirarekin hasiko da. 14:30ean, danbolinteroak aurretik dituztela, Musika plazatik kalejiran irtengo dira lehiaketan parte hartuko duten ume zein gaztetxoek. Hain zuzen ere, garai batean egiten zen antzeko ibilbidea egingo du kalejirak. Musika klazatik, Kale Handira joango dira, gerokoan Artalekutik jaisteko. Handik Erribera aldera salto-saltoka eta irribarre artean joango dira denak, ibilbidea Itsas Aurren amaitzeko. Behin Itsas Aurren, bolandera bota, eta parte hartzaileetako bakoitza Zubi Zaharretik portuko puntarainoko tartean bere lekua hartzera abiatuko da arin-arinka.

Egun horretan, polita izaten da Artibai ibaiko alde bietan gaztetxo piloa arrantzan ikustea. Batzuk, gurasoekin, eta beste batzuk, lagun artean, denek sekulako ilusioarekin ekiten diote arrantza lehiaketari. Parte hartzaileek ez ezik, antolatzaileek ere ondo pasatzen dute eguna. "Parte hartzaileak ilusioz eta pozik ikusteak geu ere asko pozten gaitu. Guk ere ondo pasatzen dugu".

Eremuka banatuta, Arrigorri itsas arrantza elkarteko 33 lagunek dena koordinatzen dute. Eremu bakoitzaren arduraduna bere ingurua zaintzen ibiltzen da, eta hango kontuak hartzen ditu. 16:30ean inguruan, arduradun bakoitzak kontrol berezi bat egiten du. "Eremu bakoitzeko arduradunak parte hartzaile bakoitzak zenbat arrain dituen ikuskatzen du, eta kopurua apuntatuz joaten dira. Gerokoan, inork tranpatxorik egin ez dezan". Adibide bat ipini du Arostegik: "16:30ean lehiakide batek lau arrain baldin baditu, ia ezinezkoa da ordubete geroago, 90 arrainekin etortzea. Horrelako tranpatxoak egin ez daitezen, inguruko kontrol bat egiten saiatzen gara".

Lehiaketa antolatzen aritu diren azken 15 urteetan, hamaika pasadizo xelebre ere izan dituzte elkartekoek, eta haien artean, honako hau berezia dela diote. "Batek behin paneka bi ekarri zituen. Sekulako pozarekin etorri zen gaztetxoa, gainera. Ekarri zuenari erreparatu, eta panekak garbituta, erdibituta eta irin eta guzti zeuden! Umeari begiratu, galdetu, eta baietz! Orduantxe harrapatutakoak zirela baieztatzen zigun behin eta berriz", dio irribarre artean Juan Arostegi elkarteko kideak.

Antolatzaileek kontuan izaten dituzte Ondarroako uretan ibil daitezkeen arrain guztiak, lazuna izan ezik: muxarra, barbarina, txitxarro txikia, aingira, olagarroa… denetarik arrantzatu ahal izango dute parte hartzaileek. Hori bai, bakoitzak arraba bat eta gehienez bi amurekin. Arrain gehiago harrapatzeko, parte hartzaile bakoitzak bere teknika eta amarruak erabili beharko ditu.

17:30ean, dena jaso eta Musika plazan agertu behar izaten dira parte hartzaileak euren arrantzuarekin. Behin han, elkarteko kideak arrainak zenbatzen hasten dira. Kontaketa egin bitartean, eta, batez ere, "txikitxoenak asper ez daitezen", pailazoek girotzen dute arratsaldea.

Parte hartzaile guztiek izaten dute euren saria. Hala ere, arrain gehien harrapatzen duenak sari berezia izaten du. Adinaren arabera, bi taldetan banatuta ematen dira sariak; alde batetik, 4 urtetik 9 urtera bitartekoak, eta, bestetik, 10 urtetik 14 urte bitartekoak. Horrez gain, parte hartzailerik gazteenak ere sari berezia izaten du. "Lau urteko neskato eta mutiko gazteenak izaten du bere saria".