“Jende asko erabat analfabetoa da bere buruaren zainketan”

Osasun arazo arinak kudeatzeko norbere gorputza ezagutzeak duen garrantziaz mintzatuko da Lourdes Galarraga erizaina eguenean (Elgoibar, 1956); hitzaldi bat egingo du Ondarroako Etxelilan, 19:00etan. Hain zuzen, Automugatutako prozesu arinak eta Osasun Karpeta hitzaldia emango du, Gurutzne Osagaz batera. Duela bi urte Ondarroan abiatutako metodologiaren xehetasunak kontatu ditu osasun zentroko erizainak. Abadiño, Etxebarri eta Arrigorriagan ere badarabilte.

Zein helburugaz antolatu duzue egueneko hitzaldia?

Herritarrek gure lana ezagutzeko helburuaz. Erizainok, sendaketa beharrez gain, bestelako eginkizunak ere badauzkagu: besteak beste, pazienteak zaintzea. Prozesu arin eta mugatuetan aholkuak eman ditzakegu, sendagairik gabe konpon daitezkeen prozesuetan.

Zein da, zehazki, Ondarroan abiatu duzuen metodologia?

Prozesu asko erizainok bidera ditzakegu: eztarriko mina eta eztul prozesu bat, esaterako. Irizpide batzuk ezarrita dauzkagu, eta horren arabera erabakitzen dugu zer gomendatu edo pazientea sendagilearengana bideratu edo ez.

Egunetan sukarragaz egon den gaixo bat iristen bazait, medikuarengana bideratzen dut; edo eztarriko minez, txistua irentsi ezinik badator, berdin.

Zein da zuen metodoaren helburua?

Jendeari erakustea zelan zaindu. Jabekuntza lana egin behar dugu; norbanako bakoitzak jakin egin behar du prozesu arinak kontrolatzen. Eta nire lana da niregana datozenean erakustea zenbateraino zaindu daitezkeen etxean eta noiz jo behar duten osasun etxera.

Zergatik da garrantzitsua norbere gorputza ondo ezagutzea?

Norbera da bere gorputzaren jabe; norberak daki noraino eta zelan zaindu gura duen. Guk aholkuak besterik ez ditugu ematen. Pazienteek jakin behar dute eurak ere zain ditzaketela euren gorputzak, gure amamek egiten zuten antzera.

Jende asko hona etortzen da Betadine pixka bat emateko ere. Hori ezinezkoa da; jabetasuna izan behar du norberak. Guk geuk irakatsi diegu, ordea, edozertarako guregana jotzen. Beraz, jende asko erabat analfabetoa da bere buruaren zainketan. Berriz ere ekin beharko diogu herritarrei euren gorputza zaintzen irakasteari.

Zelan identifika daitezke aipatzen zenituen gaixotasun arinak, eta zer egin daiteke sintomak arintzeko?

Sukarra edo gripea, eztul arrunta, eztarriko mina, bizkarreko mina eta botaka edo beherakoa edukitzea dira prozesu arinok, eta etxean bertan bidera daitezke.

Pazienteei azaltzen diegu zer diren prozesu horiek, zein ondorio eragiten dituzten, zein sintoma izango dituzten, zelan kutsatzen diren eta zelan zain daitezkeen; azken batean, zer egin daitekeen etxean eta noiz jo behar duten osasun zentrora.

Eta noiz jo behar da sendagilearenera?

Prozesuaren arabera, baldintza batzuk edo besteak daude. Batzuetan, sukarra 48 orduz luzatzen bada, etorri egin beharko da. Besteetan, 38,5etik gorako sukarragaz, etorri egin behar dute. Eztarriko minagaz ere, sukarrak goraka jarraitzen badu edo egunetan hobekuntzarik nabaritu ezean, osasun zentrora jo behar da.

Paziente horiek nola bideratzen dituzue?

Administraziotik pasatzen dira. Hango beharginak galdera batzuk egiten dizkie: fluxu diagrama bat daukagu horretarako, eta, erantzunen arabera, badaki nora bideratu.

Etxeko botika kutxa ere lantzen duzue; zein botika eta nola eduki behar ditu botika kutxak?

Tuper normal bat nahikoa da. Leku lehor batean gorde behar da; komunean ez, hezetasunak alferrik galaraz baititzake sendagaiak. Etxeko sendagaiek, gaixo kronikoenek, esaterako, bereizita egon behar dute.

Sendaketak egiteko bendak, iodoa eta antzekoak, umeentzako Apiretala edo aspirinak, Parazetamola… Horiek bai; baita termometroa ere. Merkurioduna ez du izan behar, kutsakorrak direlako. Digitalak izan behar dute, eta pilak kargatuta eduki behar dituzte. Erredurentzako botikak izatea ere komeni da.

Denon eskura egon behar du botika kutxak; umeen eskura ez, noski. Eta etxeko denek jakin behar dute non dagoen, edozein unetan hartu ahal izateko.

Osasun karpeta ere mintzagai izango duzue eguenean. Zer da?

Hori ere oso garrantzitsua da. Norbere historia konsultatzeko eskubidea du paziente orok. Pazientea bera da bere historiaren jabe. Pazienteak analisiak, txostenak eta antzekoak ikus ditzake sarean.

Nola lor daiteke informazio hori?

Osasun etxera etorri behar da, eta administrazioan eskaera egin. Horren ostean, Internet bidez ere kontsulta daiteke.