Asteko Hitza

Hegazti migratzaileen bidaide

Hegazti migratzaileen bidaide

Ander Zarraga

Neguaren bukaerarekin batera antzarek urtero egiten duten iparralderako migrazioan, Nils Lagerlof txikia zeramaten beraiekin antzarek, Suedian zehar itzulia egitera. 1909an Nobel saria jaso zuen Selma Lagerlofen istorioa da. Bird Centerrekoei atentzioa eman zien. Bidaia polita iruditu zitzaien antzarekin egitekoa, eta eurek ere antzeko zerbait antolatzea erabaki zuten. Liburu horrek bultzatu zituen Bird Centerrekoak Birdflyway egitasmoa sortzera.

Hegaztien migrazio bidea esan nahi du Birdflyway hitzak, eta izen horixe hartu du Urdaibai Bird Centerrek sortu duen egitasmo berritzaileak, Gautegiz Arteagan. Migratzean Europako herrialdeetatik pasatzen diren hegaztien geralekuak erakargarri turistiko bateratu gisa bultzatzea da egitasmoaren asmoa. Txoriak aitzakia hartuta, natur turismoa bultzatzeko helburuarekin sortutako egitasmoa da Birdflyway.

Bisitariei emango zaien pasaportea izango da abiapuntua. Liburuxkan, bisitatzen dituzten tokien zigilua jarriko zaie parte hartzaileei. "Txoriekin lotuta dagoen erromesen bide bat egitea bezalakoa izango da, baina bizi osoan zehar egin daitekeena". Horrela azaltzen dute laster izango duten zeregin berria Urdaibai Bird Centerreko kideek.

Maiatzaren 8an, Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunarekin batera jarriko da martxan proiektua: ingurumen naturala eta hegaztien behaketa ezaugarri komun dituzten zentroak elkarlanean arituko dira turismoa elkarlanean bultzatzeko, eta horretan arituko da Urdaibai Bird Center ere.

Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Portugalgo, Herbehereetako, Ingalaterrako, Eskoziako, Galesko, Finlandiako eta Suediako hamasei zentro batu dira ekimen horretara. Oraingoz, herrialde guztietako zentroen erantzuna oso positiboa izan dela azaldu dute antolatzaileek, eta etorkizunean antzeko espazio gehiago batzea espero dute.

Txorien ibilbidea

Hasiera batean, antzarek Iberiar Penintsulatik Eskandinaviara egiten duten migrazioaz baliatzea pentsatu zuten sustatzaileek. Baina horrek Ingalaterrako eta Eskoziako zentroak loturarik gabe uzten zituela eta, arrano arrantzalearen ibilbidea ere gehitzea erabaki zuten. Ondorioz, antzararen eta arrano arrantzalearen migrazio bidaia dira Birdflyway-ren ikurrak; hori bilakatu da zentro guztien lotura.

Horren guztiaren xedea ingurumenari lotutako familia turismoa erakartzea da. Izan ere, 2015ean Arteagako behaketa zentroa bisitatu zuten 28.000 pertsonetatik %90 familiak izan ziren. Bestalde, hegaztien behaketa urteko sasoi guztietan egiten denez, udako eta Aste Santuko denboraldietatik kanpo ere erakarri nahi dituzte turistak egitasmo horren bitartez.

Erronkak

Erronka zehatzak izango dira horretarako amua: zentro bakoitzak argazkiak oinarri dituen erronka bat proposatuko die bisitariei, bertako zigilua lortu ahal izateko. Hala, bisitariek argazkiak atera behar izango dituzte proposatzen zaizkien tokietan, bertan izan direla frogatzeko. Hori egindakoan, zigilua eta opari txiki bat lortuko dute sari modura.

Busturialdearen kasuan, sei toki esanguratsu bisitatzeko proposatuko zaie parte hartzaileei; horietako lau bisitatu direla frogatu, eta orduan jarriko zaie zigilua liburuxkan. Santimamiñeko kobazuloak, Foruko herrixka erromatarra, Atxarreko San Pedro basetxea, Gernikako Arbola, Elantxobeko portua eta Urdaibai Bird Center dira bertan proposatzen diren tokiak. "Ibilbide historikoa antolatu dugu hemen", zehaztu dute interpretazio zentrokoek.

Bestalde, Urdaibai Bird Centerren Europan zehar partaide diren beste zentroak emango dira ezagutzera, eta alderantziz. Panel informatiboak jarriak dituzte zentro batzuetan, bisitariak egitasmo berria eta horren parte diren espazioak ezagutzen has daitezen.

Aurrerapen gisa, streaming bidez eta pantaila handietan beste zentroetan gertatzen dena zuzenean ikusi ahal izango dela aurreratu dute Bird Centerrekoek: "Neguan hemen egon diren txoriak udan Suedian habia jartzen ikusi ahal izango ditugu zuzenean".

Errentagarritasuna

Antolatzaileen lehen kalkuluen arabera, Andaluziako Doñana, Avilako El Oso, Palentziako La Nava eta Busturialdeko zentroen artean hiru milioi euroren diru sarrerak jasotzea espero dute, lehen urtean. "Egindako merkatu ikerketak oso emaitza onak eman ditu", azaldu dute Urdaibaikoek.

Busturialdean bakarrik turistek 225.000 euro utziko dituztela aurreikusi dute Bird Centerrekoek. Diru sarrera horiek ostalaritzaren eta eragile turistikoen artean banatuko direla aurreikusten dute. Eta, egitasmoak sor dezakeen erakartze efektua dela eta, gero eta atxikimendu gehiago biltzea espero dute Bird Centerreko kideek. Jada, Espainiako Gobernuaren laguntza jaso dute proiektua aurrera eramateko, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere espero dute.

Ez hori bakarrik; inguruko enpresen babesa izaten ari direla ere azaldu dute Bird Centerreko sustatzaileek, eta Itsasmendi Txakoli bodegarekin elkarlanean hasi direla, haien botiletan bertako hegaztien irudiak ager daitezen.

Martxoan egin zen Monfragueko Nazioarteko Ornitologia Azokan aurkeztu zuten Bridflyway, eta bertan turismoaren inguruko enpresa askok aintzakotzat hartu zuten, berritzaile eta original gisa. Familia eta talde bidaiak herrialde edo eskualde multzo batean sartzeko aukerak enpresen arreta erakarri zuela diote sustatzaileek, eta epe laburrean elkarlanean hasteko aukerak ere sortu zirela.