Asteburuko proposamena

Bilbo, Huelva eta Cadizera begira

Duela zazpi urte hasi ziren Bilboko Udala eta Sonikete elkartea Una Ria Con Duende flamenko jaialdia antolatzen. Ordutik, indarra hartuz joan da, eta aurten egitarau oparoarekin dator. Asteon ekin diote, eta irailaren 30a bitarte kontzertu, tailer eta bestelako ekintzekin gozatzeko aukera izango dute flamenkozaleek. VII. ekitaldi honetan, bereziki, Huelva eta Cadiz (Andaluzia, Espainia) aldeko cante hondo garaikideari erreparatuko diote. Euskal Herrian sortutako flamenkoak ere izango lekua, urtero bezala. Aurten, Juanjo Calderon gasteiztarrak hartu du ordezkaritza hori betetzeko egitekoa.

Dantza, gitarra, cante hondo eta txalo erritmo tailerrak egongo dira asteotan. Martitzenetik gaur arte egin dute, adibidez, txalo eta konpas tailerra. Gitarra jotzen ikastekoa, cante hondoarena eta dantzarakoa, berriz, datozen asteetan egingo dira. Parte hartzeko, www.bilbao.net udalaren web orrian edo 010 udaleko telefono zenbakian eman behar da izena.

Bihar dauka ekitaldi nagusia, bestalde, Euskal Herriko flamenko sorkuntzak. Juanjo Calderonek, beti bezala, Javier Antoñana izango du lagun gitarrarekin. Elizbarrutiaren museoan emango dute kontzertua, eta sarrera doakoa izango da. Tradizio flamenkoak bere jatorrizko mugetatik kanpo ere baduela indarra erakutsiko dute bi musikariek.

Jaialdiaren beste ataletako bat emakumezkoek sortutako flamenkoak ordezkatzen du. Aurten, Huelvako Peña Flamenca Femenina de Huelva taldea ekarri dute Bilbora; 12 urte pasatxoko ibilbidea dute. Jaialdiaren antolatzaileen arabera, "flamenkoa gizonezkoen kontua dela esaten duen beste garai bateko uste hori haustea lortu du talde horrek, eta flamenko munduaren aintzatespena eta errespetua lortu ditu, talentuaren, lanaren eta jakituriaren bitartez". Andreek egindako flamenkoan, ahotsik azpimarragarrienak dira talde hau osatzen dutenak. Bihar zortzi gozatu ahal izango da haien kantu, dantza eta musika ikuskizunaz.

Jaialdia bukatzeko, Cadizko flamenkoa iritsiko da Bilbora, irail bukaeran. Gainerakoetan baino flamenko tradizio ahulagoa dago Andaluziako probintzia horretan, baina indartzen ari da azken urteetan. Miguel Rosendok eta Keko Baldomerok taularatuko dute kresalak eta eguzkiak indartutako flamenkoa.

UNA RIA CON DUENDE

Zer. Bilboko flamenko jaialdia: emanaldiak, tailerrak eta erakusketak.

Noiz. Irailaren 30a bitartean.

Soinean papera jarrita

Erakusketa

Gueñes

Moda erakustaldi berezia izango dute egunotan Gueñesko Sodupe auzoko kultur etxean. Paperezko jantzien erakusketa bisitatzeko aukera izango da, hain zuzen ere, gaur hasi eta datorren azaroaren 5era bitartean.

Ez da gueñestarrek era horretako arteaz gozatzen duten lehen aldia. Izan ere, paperezko jantzien erakusketak eta lehiaketak tradizio handia dute herrian.

Mollerusatik (Lleida, Herrialde Katalanak) eraman dituzte moda artelan horiek Gueñesera. Erakusketa hori Gurutzeko jaien barruan egin ohi duten paperezko jantzien nazioarteko lehiaketaren harira jarri dute, aurten ere. Txapelketa bihar egingo dute.

"Aurreko urteetan, 2005az geroztik, aurreko egunean desfilea egiten zen Mollerusako museotik ekarritako diseinuekin. Horrekin batera, Roberto Comas zenaren lanen erakusketa ere egiten zen. Horregatik berreskuratu nahi izan ditugu desfile horiek. Oraingo honetan, ordea, jantziak erakusketa baten bitartez aurkeztuko ditugu, paperaz egindako artelan horiek ikusteko denbora gehiago izan dezan jendeak", azaldu du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak.

Erakusketa bisitatzeko ordutegiari dagokionez, goizetan 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik; arratsaldez, bestalde, 17:00etatik 21:00etara. Hiru sailetan banatuta egongo da, gainera: Gaur egungo moda, antzinakoa eta fantasiazkoa. Atal horietan beretan banatuta dago abenduoro Mollerusan egiten duten paperezko jantzien lehiaketa.

Sodupetik Gueñesera

Bestalde, Arenatzarte parkean, paperezko jantzien erakusketa iraunkorra dagoen eraikinean, paperezko jantzien 2012ko nazioarteko lehiaketako diseinu irabazle guztiak ikusteko aukera ere izango da. Domekatik aurrera izango da hori, Artaraz alkateak zehaztu duenez. "Lehiaketa egin eta hurrengo egunean diseinu irabazle guztiak jarriko ditugu ikusgai. Erakusketa bi hauekin —Sodupekoa eta Gueñeskoa— paperezko jantzien inguruan herrian bisiten zirkuitu bat eratzea da helburua".

Ermitak ezagutzea, mendian ibiltzeko aitzakia

Bihar, urtero legez, Zeanuriko (Bizkaia) Ermiten Mendi Martxa egingo dute. Aurten, hogeita bosgarren aldia izango da, eta dagoeneko ohitura bilakatu da inguru horretan. 1988an antolatu zuen lehenengo aldiz Joko Alai Elkarteko mendi sailak

Sortzean zituen helburu berberei eusten die martxak: goiza naturarekin harremanetan eta kirola eginez igarotzea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ondare kulturala ezagutaraztea. Izan ere, ez dira gutxi inguru horretan sakabanaturik dauden ermita eta elizak: hogei, hain zuzen.

Ibilaldia herriko frontoitik hasiko dute, 07:30ean, eta ibilbide osoa egiten dutenek, 35 bat kilometrotan, hemeretzi ermita eta eliza bisitatuko dituzte, aurten ere Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo utzi dutelako.

Mendian ibiltzeko ohitura gutxiago dutenentzat, berriz, 15 kilometroko eta 27 kilometroko ibilbideak prestatu dituzte: San Joanetik eta San Migeletik helmugara joatekoak, hurrenez hurren. Parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira egunean bertan.

MENDI MARTXA

Noiz. Bihar, 07:30ean.

Unamuno haurtzarotik ezagutuz

Miguel Unamunok bere bizitza osoan haurtzaroarekiko interes nabarmena erakutsi zuen. Harentzat, "arimaren erabateko hondatzea eragozten duen ukendua" zen haurtzaroaren oroitzapena. Argi zeukan bere arimaren geruza sakonenak Bilboko Zazpikaleetan izandako lehendabiziko esperientziekin sortuta zeudela. Horregatik, bere hondo erromantiko eta malenkoniatsuenetan urte haiekiko nostalgia agertu zuen behin eta berriro. Goiz agertu zuen gomuta multzo hori uneoro gogoratzeko asmoa, bere ariman eta bere irakurleenean eror zedin, eta testigantza horiek aurki daitezke berak idatzitako liburuetan —Recuerdos de niñez y mocedad eta Paz en la guerra, besteak beste—, hainbat artikulutan eta gutunetan.

Bilbao izan programaren bidez eta Miguel Unamunoren heriotzaren 75. urteurrena omentzeko asmoz, bertako idazle eta filosofo ospetsuaren bizitzan eta pentsatzeko moduan eragina izan zuten hainbat toki ezagutzeko ibilbideak antolatu ditu Bilboko Udalak. Horretarako, hiru bisita gidatu antolatu dituzte, maiatzean, ekainean eta irailean. Hilonetan egingo direnetan, bada, Unamunoren haurtzaroan eta gaztetasunean oinarritu dira, Jose Antonio Ereño Altuna Deustuko Unibertsitateko Historia doktorearen laguntzarekin. Parte hartu nahi izanez gero, 94-401 00 10 telefono zenbakian eman behar da izena, aurrez. Euskaraz ostiraletan 18:00etan baino ezin daiteke egin.

Ibilbidea Zazpikaleetatik

Bisitak Arriaga antzokiaren aurreko plazan hasten dira, Unamunorentzat bere Bilbo (Zazpikaleak) eta Abando banatzen zituen tartean. Idazlearentzat Bilbo Zazpikaleek baino ez zuten osatzen, eta 1870eko hamarkadan hiriak Abandoko Elizatea udalerriko zabalgune gisa anexionatu zuenean, garatu berri zen auzo hori beste mundutzat hartu zuen Unamunok. Zubiak bi ideia horiek banatzen zituen; alde batetik, mundu karlista, eta bestetik, liberala. Izan ere, garai horretan, Bizkaia osoa karlista zen, Abando barne; baina Bilboko Zazpikaleak liberalen aldeko gunea ziren.

Bisitaldiaren bigarren geltokia Zazpikaleetako Erronda kalea da, Unamuno jaio zen etxearen parean. Bertan udalak jarritako plaka bat ikus daiteke, idazlearen jaiotze datarekin. Jose Antonio Ereño historialariaren esanetan, "plakan idatzitakoa Unamunori gustatuko litzaiokeen moduan adierazita dago: 29 de setiembre de 1864, p hizkia sobera ikusten zuelako hitz horretan".

Unamunorentzat toki hori Bilboko tokirik goibelena zen, kaleetara ia argi izpirik ailegatzen ez zelako. Hala ere, bere oroitzapenetan mantentzen zuen gunea izan zen, handik gertu dauden Begoñara igotzeko Mallonako eskailerekin batera. Eskailera horiek "heriotzaren bide" gisa oroitzen zituen. Izan ere, aita Felix hil zenean, lurperatu zuten hilerrira ailegatzeko horiek igo zituen, ama Salomerekin.

Ibilbidearen hurrengo geldialdia Joan Santuen eliza da. Unamunok ez zion bere bizitzan erreferentzia handirik egin eraikin horri, baina, bertan bataiatu zuten, eta ondoan dagoen Gurutze kalera bizitzera joan zen, haurra zela. Bizileku berri horretan, bizipen ugari izan zituen, eta hala adierazi zuen idatzi askotan. Izan ere, eraikin horretako behealdean, aitonak gozotegi bat zuen, eta hirugarren karlistaldiaren garaiko bonbardaketetan, bertako sotoan babesten zen. Goiko solairuan, berriz, margolari bat ezagutu zuen, eta, horregatik, margotzeko zaletasuna hartu zuen.

Jarraian, Posta kalean zegoen Iginio eta Sandalio irakasleen eskolan egiten dute geldialdia, Unamunoren ikasle garaiko uneak gogoratzeko. Irakasleak oso gogoan izan zituen, bertan bizitako abenturekin batera. Adibide moduan, Ereñok azaldutakoaren arabera, Unamunok idazkietan haurtzaroko hitzak erabiltzen zituen sarri, hala nola mokordo, memelo eta txotxolo.

Bisitak Santiago katedrala, egungo Unamuno plaza eta Plaza Barrian egiten ditu geltokiak, fede krisiak, institutuko garaiak eta amodio kontuak gogorarazteko, hurrenez hurren.

BISITA GIDATUAK

Noiz. Irailaren 29a bitarte.

Astelehen eta astearteetan. 17:00etan eta 19:00etan.

Ostegun eta ostiraletan. 10:00etan eta 18:00etan.

Larunbatetan. 10:00etan eta 11:45ean.

Birziklatzeko azoka

Trukerako merkatuaSopuertaProduktuak erosteko orduan berrerabiltzearen edo birziklatzearen aldeko apustua egin gura duten kontsumitzaileek aukera ezin hobea izango dute bihar, Sopuertan. Erosi, trukatu edo opari jasotzeko aukera izango dute, hain zuze...

Lehen Osasun sailburuaren bizitzaren nondik norakoak Basurtun

Alfredo Espinosa Oribe (Bilbo, 1903 - Gasteiz, 1937) Eusko Jaurlaritzako lehenengo Osasun sailburuaren bizitzari buruzko erakusketa dago ikusgai Bilboko Basurtu ospitaleko kontsultategien sarreran. Ordena kronologikoari jarraiki, Espinosaren bizitzari gainbegiratua egiten dioten 25 panelek osatzen dute erakusketa. Haren jarduera politikoa ere ez dute alde batera uzten.

Besteak beste, errepublikazaletasun bilbotarrari buruzko historiari eta Espinosak egin zuen lan humanitariorari erreparatu diote. Espinosak berak sortu zuen Euskadiko Gurutze Gorria, eta umeak atzerrira bidaltzeko ebakuazioak ikuskatu zituen. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza fakultatea sortzeko lanetan parte hartu zuen. Alor horiek guztiak islatuta agertzen dira erakusketan.

Alfredo Espinosa II. Errepublika garaian euskal errepublikazaletasunaren liderretako bat izan zen. Garai hartan, zinegotzi izan zen Bilboko Udalean, Burgos eta Logroñoko gobernadore zibil gisa ere aritu zen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan zen. Erakusketan liberalismo, demokrazia eta errepublikazaletasunarekiko zuen konpromisoa islatzen da.

XVI. mendeko Muñatones gaztelua, bisitarien zain

Muskizko Muñatones gaztelua ikusteko aukera izango dute bisitariek irailaren 9ra bitarteko domeka guztietan. XVI. mendeko jauregia ikusteko bisita gidatuen programa abian da.

XIV. eta XV. mendeetan eraiki zuten jauregia, garai hartan Euskal Herria astindu zuten leinuen arteko borroken erdian. Kanpoaldean dituen harresien sistema dela eta, gaztelutzat jo daitekeen dorretxea da Muñatones. Bizkaian dagoen era horretako dorretxe bakarra da, gainera.

El Pobaleko burdinola bisita berean ikusteko aukera eskainiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatuak azaldu duenez, bi eraikin horien bitartez ezagutu ahal izango dute bisitariek nola bizi zen landa eremuko noblezia.

Bisita gidatuak euskaraz egin nahi dituenak 11:30erako txandara joan behar du. Ordubete geroago, gaztelerazkoei emango diete hasiera. Sarrerak hiru euro balio du. Sarrera murriztuak, bestalde, bi euro —hamar lagunetik gorako taldeentzat, 25 urtetik beherakoentzat, erretiratuentzat, langabeentzat eta elbarrientzat—. Gaztelua eta burdinola ikusteko sarrerak euro bat balio du. Erreserbak egiteko 629-27 15 16 zenbakira deitu behar da.

Robotek hartu dute Encounter

Abian da Internet, ordenagailuak eta bideo jokoak gustuko dituztenek luze itxarondako hitzordua. Barakaldoko BEC hartuta daukate informatikazaleek. Duela zenbait hilabete bete ziren antolatzaileek Euskal Encounterrerako zabaldutako 4.096 ordenagailuen...

San Ignazio mendizalea

Mendira igoeraGorbeiaUrtzahar eta Urteberri egunetan bezala, San Ignazio egunean ere hainbat eta hainbat herritarrek Gorbeiara igotzeko ohitura dute. Bereziki, Arratialdean eta parke naturalaren inguruko herrietan gertatzen da hori.Beraz, datorren ast...

‘Burnizko Bideak’ argazki erakusketa jarri dute Abandoko geltokian

Trena, trenbidea, geltokiak eta horren inguruan sortzen diren egoera eta harremanak islatzen dituzten argazkien erakusketa bisita daiteke egunotan Bilbon, Abandoko Indalecio Prieto geltokian. Etzira arte egongo da bertan ikusgai Burnizko bideak erakusketa.

Argazki lehiaketa batetik abiatutakoa da erakusketa. 26. Burnizko bideak lehiaketako irudiak dira, hain zuzen, Abandon ikusgai daudenak.

Lehiaketa irabazi duen Simone Maestra Italiako argazkilariaren Once Upon a Time (Behin batean) argazkiaz gain, Bilboko bertako Emilio Muñozen lan bat ere ikusgai dago. Izan ere, saritu egin dute Cuarto de herramientas (Erreminten gela) deritzon lana. Hain zuzen, accesita lortu du txapelketan argazki horri esker.

Ez da erakusketan bere lanetako bat duen euskal herritar bakarra. Izan ere, Josu Izarra gasteiztarraren lan bat ere jarrit dago.

Burnizko Bideak-en 26. erakusketa banakako 57 argazkik eta 11 seriek osatzen dute. 60 egileren lanak ikus daitezke.

Argazkiak bertatik bertara ikusi ezin dituztenek webgune batean ikusteko aukera ere badute: www.caminosdehierro.es webgunean, hain zuzen ere.