Asteburuko proposamena

Emakumeen lanaren erakusleihoa

Emakumeak, hitza eta bizitza. Hala du izena datorren urtarrilaren 10era bitartean Bilboko Ondare aretoan ikusgai egongo den erakusketak. Emakume Abertzale Batza taldearen 90. urteurrenaren harira antolatu dute.

Baina zer da Emakume Abertzale Batza? 1922. urtean sortu zuten Bilbon, eta Eusko Alderdi Jeltzaleko emakumeen elkartea izan zen. Asier Madarieta Bizkaiko foru museoen kudeaketarako erakundearen arduradunak azaldu eran, taldearen sorreran eragin handia izan zuen Irlandako talde batek, Cumann na mBan (Emakumeen Liga) deituak. "Irlandatik Ambrosio Martin O'Daly politikaria hitzaldia egitera etorri zen Bilbora, eta Irlandako emakumeen egoera azaldu zuen. Horixe hartzen da EAB sortzeko puntu gisa. Elkarte horren gainean aipatutakoak, piztu zuen Euskal Herrian EAB sortzeko asmoa".

Denetariko emakumez osaturiko taldea zen EAB. Gehienak EAJko kideak ziren, baina alderdiko kideak eta egitura bera ere nahiko heterogeneoa ziren. Madarietak dioenez, bazeuden emakume aberatsak, eta baita diru askorik ez zutenak ere. Adinari dagokionez, "mitinetan eta irakaskuntzan ibiltzen zirenak 20 eta 30 urte artekoak ziren arren, 40 urtetik gorako emakumeak ere bazeuden".

"Erantzun modura sortu zen EAB". 1922an jaio zen, baina gero, Primo de Riveraren diktadurarekin erakundea galarazita geratu zen. 1930eko hamarkadan, Errepublika garaian, berpiztu egin zen. Garai hartan, emakumeek boto eskubidea lortu zuten; Madarietak esan bezala, nolabait emakumea "plazara" ateratzen da. "Nahiz eta EAJren barruan mugitu, eta euren lana nahiko mugatua izan, emakumeek argi jokatu zutela ikusi izan dugu". EABko emakumeek horretaz konturatuta zirrikitu horiek aprobetxatu zituzten; hartara, euskal emakume abertzaleak plazaratzea lortzeko eta aukera bat emateko. Irakaskuntzan, batez ere. "Garrantzi handia zuen euren soldatak izatea, gero horrek beste ahalmen batzuk ematen zizkielako, baita beste hainbat esparrutan protagonismoa hartzea ere, literaturan eta mitinetan, esaterako". EABk gizarte ekintzan, irakaskuntzan eta politikagintzan egin zuen lan. Betiere helburua andreak euskal abertzaletasunera erakarri eta ikuspuntu horretatik lan egitea izanik.

Hego Euskal Herrian 1937ra arte egon zen aktibo taldea, gerra amaitu zen arte. Gero, erbestera alde egin zuten kideetako askok, eta erbestean eta Ipar Euskal Herrian egon ziren, eta taldearen lanari eutsi. Hegoaldetik joandako umeentzako koloniak sortu zituzten: Donibane Garazin, esaterako. Ipar Euskal Herrian mantentzen da irakaskuntza eta gizarte ekintza, Hegoaldean preso zeudenentzako dirua lortzen, eta abar. Garai hartan, EABk oraindik egitura batzuk mantentzen zituen. Debekua zela eta, beste batzuk desegin egin zituzten.

Emakume askok Ameriketara alde egin zuten. 1980ko hamarkadan, oraindik Venezuelan, Argentinan eta Caracasen, esaterako, mantentzen zituzten EABko egiturak. Hala ere, kulturgintza, gizarte ekintza, irakaskuntza —Euskal Etxeetan euskara eskolak ematen— esparruetan mugitzen ziren, batez ere. Madarietaren esanetan, ez da erraza taldearen lana noiz bukatu zen zehaztea, "gai zalantzazkoa da hori, berez desagertuz joan zen".

Egindako lanaren testigantza

Erakusketan emakume horien lana islatzen dela dio Madarietak. Argazkiak, agiriak, EABk erabiltzen zituen banderak... Hiru gunetan banatuta dagoela azaldu du. Lehenengoan, idatzi zein bideo bitartez, EABren ikuspegi orokor bat eta kide batzuen testigantzak jaso dituzte. Bigarrenean, lan politikoa eta hezkuntzan egindako lana azaltzen dute. Eta hirugarrenean, azkenik, erresistentzia eta erbesteratzea.

"Guztia da ikusgarria". Baina, zer edo zer nabarmentzearren, gutun bat aukeratu du Madarietak. Luis Alava espioitza sarea Francoren garaiko erresistentzia sarea zen, eta bertan EABko hiru emakume zeuden sartuta: Teresa Verdes, Itziar Mujika eta Bittori Etxebarria. Hirurak espetxean zeuden, Luis Alavari ezarritako heriotza zigorraren berri eduki zutenean. Orduan, eskutitz bat idatzi zioten, fusilatuko zutela zekitela eta euren laguntasuna eta eskerrak emanez harekin egin zuten lanagatik. "Hunkigarria eta adierazgarria da oso. Karta horren zati bat dago ikusgai erakusketan, originala".

'EMAKUMEAK, HITZA ETA BIZITZA' ERAKUSKETA

Non. Bilboko Ondare aretoan.

Noiz. Urtarrilaren 10 arte.

Adarrak gordeta, eltzera

TxapelketaGorlizBatzuentzat, jainkoen jaki; beste askorentzat, higuingarri. Barraskiloek ez dute inor axolagabe uzten. Horiek prestatzeko prozesua erritual luze bat izan ohi da, gainera. Jaso, lehortu eta ondo baino hobeto garbitu ostean, txorizo, sol...

Zubiek lotutako hiriari begira

Bilbo itsasadarraren hiria da. Hark banatzen du ezker eta eskumako ibarretan. Baina, aldi berean, bilbotarren batasunaren ikur ere bada. Eta, horretan, ezinbesteko garrantzia dute zubiek. Hori dela eta, BilboHistorikok Bilbo Zubiz Zubi egitasmoa jarri...

Trikitilari gazteen saioa

Trikiti txapelketa

Zaldibar

Trikitia eta panderoa. Beste doinurik ez da izango domekan Zaldibarren. Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 21. Txapelketa lehiatuko da egun horretan. Olazar pilotalekuan dute ordua lehiakide eta zaleek, 17:30ean.

Eskarmentu handiko trikitilariek euren abilezia erakutsi beharko dute Euskal Herriko soinu jotzaile onenaren lekua bete gura badute. Aurretik bi kanporaketa izan dira, Azkoitian (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba). Hamabi lehiakide aurkeztu ziren txapelketara, baina etziko finalera zortzi besterik ez dira iritsi.

Lau piezaren interpretazioa

Zaldibarko Udalak eta Koral elkarteak antolatu duten txapelketan lau gai interpretatu beharko ditu bikote bakoitzak. Bizkaiko trikiti batekin abiatuko dute saioa guztiek. Ondoren, porrusaldaren txanda iritsiko da. Hirugarrena, guztientzat berdina izango da. Izan ere, Jose Maria Iriondok egindako Pakean fandangoa jo beharko dute bikote guztiek.

Kanporaketetan lortutako puntuen arabera joko dute bikoteek domekako finalean. Puntu gutxien lortu dituen bikotea izango da oholtza gainera igotzen den lehenengoa, eta puntu gehien dituztenak izango dira azkenak.

Finalean berdinketa gertatuko balitz, Pakean fandangoa jotzean lortutako puntuekin apurtuko luke epaimahaiak berdinketa hori. Kasu horretan ere berdinketa egongo balitz, kanporaketetako puntuazioak erabakiko du sailkapena zelan geratzen den. Julene Otaegi Mungiako pandero jotzailea eta Elizagoien ahizpa nafarrak dira gipuzkoar ez diren finalista bakarrak.

FINALISTAK

Paul Eizmendi eta Eider Manso. 120,4 puntu.

Mirari Jauregi eta Amaia Irazustabarrena. 121,9 puntu.

Andoni Urbieta eta Ibai Urbieta.122,1 puntu.

Julen Alonso eta Eneritz Aulestia. 123,7 puntu.

Josune Arakistain eta Alaitz Eskudero. 124,8 puntu.

Beñat Ganboa eta Julene Otegi. 127,6 puntu.

Ander Beldarrain eta Nerea Lertxundi. 132,9 puntu.

Itsaso Elizagoien eta Irune Elizagoien. 136,4 puntu.

Lapikoko onenaren bila

Gastronomia

Bakio

Enkarterri aldean hain errotuta dauden putxerek handik kanpo ere badute arrakasta. Barnealdeko sustraietatik kostalderako bidea egingo dute asteburu honetan. Izan ere, Bakion Bizkaiko Putxeren IV. Txapelketa antolatu dute. Bihar egingo dute lehiaketa, hango ostalariek udalaren laguntzarekin antolatuta.

Indaba gorriak, porruak, tipulak, berakatzak, piperrak, azenarioak, txorizoak, saiheskiak, urdaiak eta odolosteak. Osagai horiek batu eta lapikoko onena zeinek osatu lehian ariko dira txapelketan parte hartzen dutenak.

Lehiaketan parte hartzeko izena aurretiaz eman behar da 666-78 86 06 telefono zenbakira deituta —Jon Pelirengatik galdetu behar da—. Bihar bertan ere badago horretarako aukera, dena den. 08:30etik 11:00etara bitartean izena eman daiteke lehiaketarako. Horretarako interesa dutenek moila puntan jarritako gunera jo beharko dute.

Izena emateko, gainera, bost euro ordaindu behar dituzte lehiakideek. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bi putxera aurkeztu ahal izango dituela zehaztu dute antolatzaileek.

Epaimahaiak 13:15etik 14:00etara bitartean hartuko ditu lehiaketara aurkezten diren putxerak. Sukaldari ezagunek osatutako epaimahaia izango da biharkoa, eta Kepa Landak zuzenduko ditu guztiak.

Putxerak prestatzeko giroa alaituko duten jarduerak ere ez dituzte alde batera utzi. Txapelketan bertsolariak eta trikitilariak ariko dira. Horrez gain, putxera bat zozkatuko dute, eta opariak banatuko dituzte parte hartzaileen artean.

SARIAK

Lehenengo saria. 500 euro, txapela, urrezko putxera eta ikatza.

Bigarren saria. 300 euro, zilarrezko putxera eta ikatza.

Hirugarren saria. 150 euro, brontzezko putxera eta ikatza.

Laugarren saria. 100 euro, garaikurra eta ikatza.

Bosgarren saria. 50 euro, garaikurra eta ikatza.

Seigarrenetik 35.era. Garaikurra.

Bakiotarrentzat. Hiru bakiotar onenei Olabarriren eskultura bat emango diete.

Trikiti doinu eta pandero artean

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatuta, Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute bihar, Getxon. Trikitia jotzeko modu eta estilo desberdinak erakutsiko dituzte parte hartzaileek. Halaber, trikitia beste musika tresna batzuekin nola uztartzen duten ikusteko aukera egongo da.

Arratsaldeko zazpietan hasiko da jaialdia, eta Euskal Herriko zein kanpoko trikitilariek parte hartuko dute. Sarrerak bihar bertan leihatilan erosi ahalko dira, bestela Algortako Kultur Etxean edota BBKren kutxetan eskura daitezke, 8 euroan.

Bertokoen artean, besteak beste, Agurtzane eta Ion Elustondo legazpiarrak daude. Urte mordoa daramate herriz herri, plazaz plaza trikiti doinuak astintzen, eta txapelketetan ere hainbat sari irabazitakoak dira.

Ruben Isasi, Xabier Valle eta Argibel Euba ere Getxon arituko dira. Isasi eta Valle institutu garaitik dabiltza elkarrekin jotzen. Ehunka joaldi eskaini dituzte hainbat talderekin, eta Sorbeltz eta Kukuma taldeak sortu zituzten. Euba Sorbeltz taldeko partaide zenetik dabil beraiekin. Hainbat kulturatako musika tradizionalak dituzte gustuko, eta horiek bestelako musika estiloekin nahastea ere atsegin dute.

Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze Leturia ere ez dira faltako Nazioarteko Trikitixa Jaialdian. Ibilbide luze bezain emankorra dute. Aspalditik Euskal Herriko plazetan oso ezagunak dira. Erromerietan bikote moduan zein Tapia eta Leturia Band taldearekin kontzertuetan saio ugari izaten dituzte urtean. Beraien kantak dira, esaterako, Maitatzen zaitudalako eta Galdurikan nago kanta ezagunak.

Kanpoko parte hartzaileen artean daude Javier eta Jose Manuel Tejedor asturiarrak. Espainiako zein nazioarteko txapelketetan hainbat sari lortutakoak dira. Asturiasko musika tradizionala landu zuten hamar urtez, eta, egun, beraien errepertorioa dute. Lau lan kaleratu dituzte orain arte, eta, horietan, besteak beste, Oreka TXk eta Kepa Junkerak parte hartu dute.

Bestalde, Mirabel taldeak Okzitaniako (Frantzia) aniztasun musikala erakutsiko du bihar. Rafeu Sichelek —ahotsa eta trikitia—, Ermengol Marcosek —ahotsa eta biolina— eta Joan Codinak —ahotsa, txirula eta pandereta— osatzen dute taldea.

Jaialdia amaitu ostean, urteroko Trikisession saioa egingo dute Areetako Glass tabernan. Jaialdian parte hartuko duten musikariak arituko dira modu informalago batean elkarrekin jotzen eta inprobisatzen. Sarrera doakoa da, eta bertara hurbiltzen direnek musikariekin jotzeko, kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango dute. Horrela, denen artean, giro ederrean eta musikaz gozatuz amaituko dute eguna.

TRIKITIXA JAIALDIA

Zer. Nazioarteko Trikitixa Jaialdia.

Non. Areetako Andres Isasi musika eskolan.

Noiz. Bihar.

Ordua. 19:00etan.

Trikisession. Jaialdia amaitzen denean, Glass tabernan.

Industriaren ikuspegiak

Artearen eta industriaren inguruko erakusketa bat dago Barakaldoko Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren aretoan. Arte+i Industria. Todo el futuro cabe en un cubo izeneko jardunaldien barneko erakusketa da. Urtea bukatu arte egongo da irekita.

Burdiña kolektiboak eta Barakaldoko Udalak antolatu dute erakusketa. 21 artistaren lanak daude, eta guztiek dute industriarekin nolabaiteko harremana.

Hainbat adierazpide artistikotako lanak uztartu dituzte: pintura, poesia, argazkia, eskultura eta bideoa. Alabaina, denek gai berari heldu diote: artearen eta industriaren arteko harremanari. Horrela, industriaren historia eta garapena islatzen dira; Labe Garaietako industria zein gaur egungoa.

David Abajo Burdiña kolektiboko presidenteak azaldu duenez, erakusketaren helburua arteak eta industriak "betidanik" izan duten lotura erakustea da. Lotura egon arren bi eremuak elkarri "bizkarra emanez" egon direla zehaztu du. "Industriari oso gutxi interesatu izan zaio artea, eta artistek beraien lan eremutik urrun ikusi izan dituzte beti industriako langileak". Erakusketak harreman horri buruzko gogoeta egitera darama bisitaria.

Burdiña kolektiboko kideen lanak dira gehienak. Tartean daude elkarteko presidentearen beraren bi lan: Interior de la llama margolana eta El virus.Texto libre lan grafikoa.

Lehenengoan, Labe Garaietako altzairu ekoizpeneko garraldi bat ageri da. Egilearen berbetan, "sentipen bisualak" eragiteko sortu du. Haren asmoa garraldiaren indarra transmititzea da, baita garraldi horren inguruan dagoen indarra ere. Bigarrenean, ordenagailuko birus batetik irudi bat sortu du, eta irudi horri testu bat gehitu dio artistak.

Javier de las Heras eta Roberto Zalbidea ere Burdiña kolektiboko kideak dira, eta biek dituzte margolanak erakusketan. De las Herasena margolan handi bat da, karratu bat duena, eta karratu horren inguruan pertsonak daude eskean baleude bezala. Abajok dioenez, egungo krisi egoeraren isla da. Zalbidearen lanak Las Catedrales du izena. Itsasontzi baten ekoizpen prozesua du oinarri. Ikusten ez diren elementuak, egurra, burdina... itsasontziaren egitura osatu, bai, baina lehen begiradan antzematen ez direnak. Nolabaiteko hoztasuna adierazi nahi izan du artistak, eta hoztasun horrek eragindako zalantzen inguruan hausnarketa bideratu. "Katedralak bezain handiak diren zalantzak", azaldu du Abajok.

Beste eremu artistiko batzuk jorratzen dituzte, esaterako, Mikel Orrantia eta Javier Perez elkarteko kideek ere. Orrantiak langileriaren inguruko olerkiak jarri ditu erakusketan. Perezen argazkiak ere ez dira argazki soilak; hausnarketari bidea ireki nahi diote. Horretarako, elementu desberdinak erabili ditu, itxuraz, elkarrekin zerikusirik ez duten elementuak: alanbre arantzaduna eta txotxongiloak, adibidez. Denak baitu lekua erakusketan. Artista bakoitzak ikuspegi pertsonala helarazten du, eta sentipen batzuk transmititu. Baliteke, ordea, bisitariak beste ikuspegi eta sentipen batzuk topatzea.

Marce Arnaiz artistak bi eskultura ekarri ditu Barakaldora. Zeramikazko eskulturak dira, eta + eta - ikurrekin jolasten du; yin eta yangen inguruan hausnartzeko artelanak dira Arnaizenak.

Hitzaldiak abenduan

Arte+i Industria. Todo el futuro cabe en un cubo jardunaldien barnean, abendurako hitzaldiak antolatu dituzte. Hainbat kontu izango dituzte hizpide, besteak beste, artearen, industriaren, komunikabideen eta Interneten arteko lotura eta artearen eta enpresen arteko harremana. Hitzaldiak abenduaren 11n, 13an, 18an eta 20an egingo dituzte.

ERAKUSKETA

Zer. Arte+i Industria. Todo el futuro cabe en un cubo izeneko erakusketa.

Non. Barakaldoko Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren aretoan.

Noiz arte. Abenduaren 28ra bitartean.

Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara.

Musikarien zaindariaren omenezko ekitaldiak

Azaroaren 22an Santa Zezilia Eguna da; musikarien zaindariaren eguna, alegia. Aurten, Barakaldon, doako 29 musika saio izango dira egun horren bueltan. Gaur hasi eta hilaren 28ra bitartean, gustu eta estilo guztietarako doinuak entzungai izango dira.

Asteburu honetan, kontserbatorioko ikasleek eta herriko abesbatzak emanaldi batzuk egingo dituzte. Herriko musika elkarteek, bestalde, herri abestien kontzertuak antolatu dituzte.

Santa Zezilia Eguna

Ostegunean, Santa Zezilia Egunean, musika doinuek girotuko dute herria. Goiz eta arratsaldez, Barakaldoko sei lekutan musika talde batzuen saioak egongo dira. Arratsaldean, auzoetaraino helduko dira musika hotsak, zazpi taldek emanaldiak egingo baitituzte.

Datorren asteburuan, organo eta koral kontzertuez gain, lau talde hasiberri ere arituko dira. Organo kontzertua Aquilino Amezuaren omenez izango da. Gainera, herriko musika bandak 28an —asteazkenez— egingo du saioa, Barakaldo antzokian.

MUSIKA EMANALDIAK

Zer. 29 musika saio egongo dira Santa Zezilia jaien barruan.

Non. Barakaldon, 16tik 28ra.

Lore Jokoen historiaren lekuko

Mungiako Udaleko erakusketa aretoan Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa dago. Lore Jokoen historia biltzen duten hemeretzi argitalpen dira. Hendaiako Abadia gaztelutik ekarri zituzten urrian, eta abenduaren 3ra arte egongo dira ikusgai jarrita.

Hendaian, 2011ko apirilean omendu zuten Anton Abbadia, eta omenaldi horretarako egin zituzten faximilak —originalen kopiak— dira. Izan ere, argitalpen originalak Parisko Liburutegi Nazionalean daude.

Mirenbe Bilbao Mungiako Udaleko Kultura zinegotziaren berbetan, aurtengo Lore Jokoen jaia prestatzen zebiltzala pentsatu zuten erakusketa hau antolatzea. "Orduan, Hendaiako Udalekoekin adostu genuen afixak ekartzea", azaldu du. Bilbaok zehaztu du afixak gaztelutik ateratzen dituzten lehen aldia izan dela.

2005ean hasi ziren Mungian Lore Jokoak antolatzen; Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrenean, hain zuzen. Ordutik, urtero, gai historikoren bati buruzko antzezpena egin dute mungiarrek. Aurtengoa urriko azken domekan egin zuten, eta garai bateko Lore Jokoak antzeztu zituzten. Abesbatzen lehiaketa, bertsolariak, dantza txapelketa, poesia, antzerkia... Hainbat ekitalditan parte hartu zuten herritarrek.

2012an Mungiako Udalak Euskal Pizkundea osatzen zuen belaunaldiaren omenez antolatu duen programaren barruan egin dute. Belaunaldi horretakoa izan zen Lauaxeta "herriko semea" ere; eta guztiek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana omendu nahi izan dute.

Garai batekoak eta egungoak

Iragana eta oraina bildu dituzte erakusketan. Izan ere, Hendaiatik ekarritako argitalpenekin batera, azken urteetako zortzi kartelak daude bertan. Baita egun horretarako egiten dituzten fikziozko egunkariak ere. 100 urte atzera egin eta asmaturiko albistez eginiko egunkariak dira.

1851. urtean Urruñan (Lapurdi) Anton Abbadiak antolaturiko lehenengo Lore Jokoetatik, egungoetara; ibilbide hori egiten du erakusketan bisitariak. "Ordena kronologikoan antolatu ditugu" azaldu du Kultura zinegotziak.

Baigorriko (Nafarroa Beherea) 1857.urteko kartela, Saran (Lapurdi) 1864.urtean egindakoa, Berako (Nafarroa) 1895.urtekoa eta Azkainen (Lapurdi) 1900. urtean egin ziren Lore Jokoena, besteak beste. Tartean dago, esaterako, Hego Euskal Herrian egindako lehenengo Lore Jokoen kartela. Hain zuzen ere, Elizondon (Nafarroa) izan zen, 1879. urtean.

Era berean, aretoan badaude data jakinik gabeko afixak ere; Markinan eta Iurretan egindako jaienak, besteak beste. Alabaina, badakite hemeretzi argitalpenak XIX. mende erdialdetik XX. mende hasiera bitartekoak direla.

Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa garaian garaiko eta tokian tokiko hizkeraren erakusgarri da, Bilbaok dioenez: "Egun euskaraz idazten dugun bezala idatzita egon ez arren, oso ondo ulertzen dira". Halaber, tokiko euskalkian idatzita ageri dira; Euskal Jaiak, Euskal Festak edota Euskal Bestak gisa iragartzen zituzten. Bestalde, batzuk euskera hutsean daude; beste batzuetan, berriz, gaztelaniazko edota frantsezezko berbak ere ageri dira. Fiestas euskaraz edo Pais basque eta antzeko berbak.

Bestalde, XIX.mende amaierako eta XX.mende hasierako gizartearen isla ere badira kartelak. Izan ere, emakumeen eta gizonezkoen desberdintasuna nabaria da. Mungiako Udaleko Kultura zinegotziaren berbetan, emakumeentzako sariak gizonezkoenak baino "apalagoak" ziren.

Bitxikeriak ere ez dira falta afixetan. Horren adibide da 1886.urtean Urnietan egin ziren Lore Jokoetako kartelaren amaieran ageri dena. Ohar modura, jartzen du c asko agertzen direla, k nahikorik ez zutelako eta c letra agertzen den lekuan k behar zuela. "Horrek erakusten du garaiko inprentak nola funtzionatzen zuten", esplikatu du Bilbaok.

LORE JOKOEN KARTELAK

Zer.Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa.

Non. Mungiako Udaleko erakusketa aretoan.

Noiz arte. Abenduaren 3ra bitartean.

Ordutegia. Barikuetan, 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 17:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara.