Asteburuko proposamena

Emakumeen ‘alter ego’-ak

Andrea Abaliaren eta Lide Kaltzadaren margolan eta argazkien erakusketa da Alter Ego, eta asteon inauguratu dute, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. Emakumeak dira sortzaileak, baita lanetako protagonistak ere; askotan, egileak eurak ageri dira obretan. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Batzar Nagusien arteko elkarlanaren ondorioz ikus daitezke Arte Ederretako Fakultateko artista gazteen sormen lanak.

Gogoetarako aukera ematen duten erretratuak dira; ikuspegi kritikoa dute. Hasieran, agian, atzeman ez arren, errealitatearen gaineko gogoeta sakona biltzen dute, eta ñabardura txikiek uste baino garrantzi handiagoa daukate. "Baliteke lehen begiradan koloreak, errealismoak edota teknikak arreta ematea, baina arretaz begiratuz gero, daukaten eduki indartsuaz ohartzen da ikuslea", azaldu du Kaltzadak. Horren erakusgarri dira, besteak beste, bulimiaren inguruko Poderosa báscula eta depresioari buruzko Cara y cruz.

Izan ere, emakumeek gizartean dituzten edota inposatzen zaizkien rolak izan dira margolanen ardatza. Etxeko lanen ardura, bakardadea edo irudiarekiko menpekotasuna salatzen dituzte, esaterako, Kaltzadaren alter ego-ek. Abaliak, ostera, andre lotsagabeagoak eta probokatzaileak irudikatu ditu. Ikusleari begira ipini ditu, gainera; ikuslea, behatzaile bainoago, behatua sentitzeko. "Eszena hauek arretaz aztertzen dute begiratzearen egintza; norberaren buruari begiratzea, irudi batean islatuta ikustea edo pertsonaia baten begiradan", esan du Julian Irujok, erakusketaren komisario eta Arte Ederretako irakasleak.

Protagonistek nortasun konplexua eta aldakorra dute. "Pertsonaiek beren nortasuna aurkitzeko erronka botatzen digute, baldintza sozialen eraginez mozorroturiko nortasunetan arakatzeko. Desirak, traumak eta labirinto emozionalak ezkutatzen direla suma daiteke".

Erabilitako teknika

Abaliak eta Kaltzadak antzeko teknikarekin lan egiten dute. "Teknika mistoa da; argazki batetik abiatuta collage digitalaz baliaturik eginda daude", zehaztu du Abaliak. Kaltzadak ere collagea egiten du lehendabizi, eta gero gainetik margotu. Irudi zinematografikoak dira Abaliarentzat inspirazio iturri. Kaltzada, aldiz, egunerokoan eta aldizkarietako argazkietan oinarritzen da.

ERAKUSKETA

Zer. 'Alter Ego' erakusketan argazki eta margolanak bildu dituzte Andrea Abaliak eta Lide Kaltzadak.

Non. Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6).

Ordutegia. Astelehenetik barikura 09:00etatik 21:00etara, zapatuetan 09:00etatik 13:30era. Sarrera doan da.

Noiz arte. Apirilaren 5era arte.

Hitzaren jolasaz ikasten

Martxoaren 14an abiatuko da 18. Korrika, Andoainen (Gipuzkoa). Baina Korrika Kulturaleko herriz herriko ekitaldiak martxan dira jada. Tartean, Bertso Korrika, aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta AEK-k elkarlanean antolatu dute. Hala, euskara ikasleak bertsolaritzara hurbilduko dituzte beste behin.

Euskal Herriko 25 herritan prestatu dituzte saioak bertako bertso eskolek, bertako euskaltegien laguntzaz. Otsailean egin zituzten Bertso Korrikaren lehendabiziko saioak, baina hilabete honen amaiera bitartean egingo dituzte gehienak. Bizkaian zortzi saio antolatu dituzte. Horietatik bi egin dituzte: martxoaren 2an egin zuten lehena, Markina-Xemeinen, eta bart bestea, Durangoko Plateruenean.

Beñat Vidal Bertsozale Elkarteko kide eta AEK-ko Mintzapraktika arduradunak azaldu duenez, Bertso Korrikaren helburua argia da: "Euskara ikasleak lehen aldiz bertso saio bat entzutera erakartzea, eta, ahal dela, saioarekin gozatzea, etorkizunean bertsoarekin zaletu daitezen".

Izan ere, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak dioenez, egungo bertsolarien artean ere badaude euskaldun berriak euskara ikasleentzat eredu direnak. "Bertso munduan asko dira etxetik euskara jaso gabe bertsolaritzarainoko bidea egin dutenak: ikastoletatik zein euskaltegietatik hasi eta bertso eskoletaraino zein plazaraino iritsi direnak. Eta bertsolaritza aberastu dutenak".

Halaber, bertsoek ikasleei egiten dieten ekarpenaz ere mintzatu da Edurne Brouard, Korrikaren arduraduna: "Bertsolaritzak, hitzaren jolasa den heinean, ekarpen polita egiten die ikasleei euren euskara maila hobetzeko, hitzarekin jolastuz egin dezaketelako aurrera". Halaber, bertso saioak topagune ere badirela nabarmendu du, euskara ikasleak euskal hiztunekin elkartzeko lekuak.

Hain zuzen ere, Bertso Korrika zer den egoki laburbildu du Vidalek bertso honetan: "Euskaltegian lantzen ditugu/ aditza eta baldintza/ baina jolastuz bertsolariek/ nola darabilte hitza?/ Bertso Korrika iritsi zaigu/ da zuretzako ekintza/ euskara ikasten zabiltzan horrek/ behar zenuen argi printza/ denek ulertu eta gozatu/ dezagun bertsolaritza".

Bertso saio didaktikoak

Vidalek zehaztu du euskara ikasleentzat egokituriko saioak egingo dituztela, gai-jartzaileen azalpenak eta bertsolarien jarduna ikasleek ondo ulertzeko. Hori lortzeko, ekitaldien aurretik euskaltegietan bertso saio "didaktikoak" egingo dituzte gai-jartzaileekin. Bertsoen sorkuntza, ariketa motak eta saioa nolakoa izango den azalduko diete gai-jartzaileek, eta egun horretarako ikasleek haiekin batera prestatuko dituzte hainbat gai eta ariketa.

Euskaltegietan saio didaktikoak ematen eta bertso saioetan gaiak azaltzen 20 gai-jartzaile arituko dira. 25 bertso saioetan ehun bertsolarik jardungo dute. Hala, plazaz plaza ibilbidea egina dutenek eta esperientzia gutxiago duten bertsolari gazteek elkarrekin kantatuko dute.

BERTSO KORRIKA

Martxoak 12, Zornotza. 18:00etan, Zelaieta zentroan.

Martxoak 13, Algorta. 19:30ean, Fadurako areto nagusian (udal kiroldegian).

Martxoak 13, Santutxu. 20:00etan, Arbidea euskaltegian .

Martxoak 14, Barakaldo. 20:00etan, Ibarra Kaldun.

Martxoak 15, Erromo. 20:00etan, bertso poteoa tabernetan.

Martxoak 19, Derio. 20:00etan, Kultur Birikan.

Emakumeak nagusi

6
Liburu azoka

Bermeo

Bermeok liburu azoka antolatu du Lameran, igandera arte. Horretan, emakumeak protagonismo berezia izango du, literatura ardatz hartuta.

Azokara joaten diren pertsonek hainbat liburu eskuratzeko abagunea izango dute. Gainera, ekitaldi ugari antolatu dituzte. Adibidez, Euskal emakume idazleak izeneko erakusketa egongo da ikusgai, eta emakumeak historian literaturan zenbateko garrantzia izan duen erakutsiko du, kartel, argazki eta liburuen bidez. Horrez gain, emakume idazleen zeregina XV. mendetik gaur egunera nola aldatu den ere azaltzen du erakusketak.

Beste alde batetik, gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatutako Narrazio Laburren XVIII. Lehiaketaren sari banaketa egingo da udaletxean. Ekitaldi horretan, Virginia Berasategi triatletak hitzaldi bat egingo du.

Horrez gain, Sareginek, Bermeoko Feministen Sareak, Lilijira: Emakumiok jabetzara goaz! kalejira antolatu du. 19:30ean hasiko da, Lamerako kioskoan. Ostean, portutik eta alde zaharretik zehar ibiliko dira parte hartzaileak. Era berean, hiru hilerik behin kaleratuko den aldizkari berri baten lehen zenbakiaren banaketa egingo dute.

Txikientzako lekua ere izango du azokak. Modu horretan, gaur arratsaldean, udal liburutegian, umeen ipuin kontalaria izango da 18:00etan, eta Apika taldeak emakume eta gizonen arteko berdintasuna lantzeko askotariko ipuinak kontatuko ditu. Saio hori 4 urtetik gorako umeentzat prestatuta dago, eta gehienez 50 haurrek parte hartu ahal izango dute.

Egun hauetan idazle eta musikaririk ez da faltako Bermeon. Bihar, Juan Karlos Irizar piano jotzaile eta musikariak diskoak sinatuko ditu. Irizarrek bere 34. diskoa (Oñati eta Oñatiko auzoak) bere jaioterriari berari eskaini dio, Oñatiri (Gipuzkoa).

LIBURU AZOKA

Non. Bermeon, Lameran.

Noiz. Domekara bitarte. 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.

Parte hartzaileak. Hamabost liburu denda, argitaletxe eta banatzaile izango dira.

70 kontzertu hiru egunetan

Gaur hasi eta domekara bitartean, Bilbo musika klasikoz beteko da. Euskalduna jauregiko aretoetan, 70 kontzertu entzuteko aukera egongo da, 12. Musika-Musica jaialdian. Aurten, Elkar Begira izena jarri diote. "Goi mailako kontzertuez gozatzeko aukera egongo da, sinfonikoak, koralak zein ganberakoak", aurreratu du Begoña Salinasek, Bilbao 700 fundazioko presidenteak.

XIX. mende erditik hasi eta XX. mende erdira bitartean Europan izan ziren musika sortzaile onenen lanak interpretatuko dituzte. Gehienak ezagunak izango dira, musika klasikoaren izen handiak: Albeniz, Granados, Turina, Falla eta Debussy, besteak beste. Baina izango dira kalitate handikoak izanagatik hainbesteko sona lortu ez zutenak: Toldra, Poulenc, Chabier, Lao eta Chausson, adibidez. Tartean, euskal konpositoreen lanak ere izango dira: Jesus Guridi arabarrarenak, Maurice Ravel lapurtarrarenak eta Pablo Sarasate nafarrarenak.

Urtero bezala, lirikari ere lekua egin diote egitarauan. Alegia, zarzuela emanaldirik ez da faltako: Romanzas de amor de la zarzuela, Concierto de orquesta y coros de la zarzuela eta El Madrid de Chueca; lehen biak Bilboko Koralak interpretatuko ditu.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaz gain, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Poitou-Charentes eskualdekoa (Frantzia), Asturiaskoa (Espainia), Vallesekoa (Herrialde Katalanak) eta Varsoviakoa (Polonia) arituko dira hiru egunotan. Bilboko Koralarekin batera, Ensemble Vocal Loussane abesbatzak abestuko du. Andeka Gorrotxategi tenorra eta Olatz Saitua soprano euskalduna ere Bilbon izango dira, kantuan. Musikari eta abeslari garrantzitsu horien ondoan, hasi berriak ere igoko dira, tarteka, agertokietara.

Aurrekontua %10 murriztu behar izan duten arren, kalitateari eusten ahalegindu direla dio Salinasek. "Maila bertsuko eskaintza ekartzeaz gain, diru gutxiagorekin iaz baino kontzertu bat gehiago emateko gai izan gara", gaineratu du. Ziur dago jaialdi arrakastatsua izango dela, eta onartu du iazko 30.000 entzuleak gainditzea gustatuko litzaiekela.

Kontzertuak goizean hasi eta gauera arte emango dira. Sarrerek 5 eta 9 euro artean balio dute, eta dagoeneko salgai daude BBKren kutxetan eta Euskaldunako txarteldegietan.

Informazio gehiago bildu eta egitarau zehatza zein den jakin nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.musika-musica.net

Ahoak eztitzeko jaia

Karolina EgunaGaldakaoGaldakaok Bizkaiko Gozogintzako Artisauen Jaia ospatuko du bihar, VI. Karolina Eguna. Aurten, udalaren lankidetzarekin eta Galdakaoko Dendari Elkartearen parte hartzearekin antolatu dute festa.Pastelak jai honen protagonista nagu...

Itxaropenaren begiradak

Ekuatore Ginea. Esperantzaren begiak izeneko erakusketa dago Portugaleteko Santa Klara kultur etxean. Herrialde horren errealitatea islatzen duten hainbat argazki daude, eta, horiekin batera, bideo bat ere ikusgai dago. Hala, erakutsi ez ezik, protago...

Lapurdiko portuetatik

Erakusketa

Bilbo

Arrantzak Lapurdin izan duen bilakaera, joan den mende hasieratik gaur egunera. Hori aztertuko du datozen hiletan Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak. Itsasturiak izeneko erakusketa zabaldu zuten martitzenean, eta ekainaren 30a arte egongo da zabalik.

Euskal Kultur Erakundeak antolatutako ikus-entzunezko erakusketa. Bilakaera historikoaz gain, gaur egungo erronkei ere erreparatzen die. Arrantzaleekin, haien emazteekin, saregileekin, arrain saltzaileekin, ontzietako erizainekin eta arrantza sektorearekin lotura duten beste hainbat lagunekin hitz egin dute, eta bideoan jaso.

Erakusketa sei eremutan banatuta dago, gai zehatz batzuen arabera. Lehen moduluan arrantzalearen lanbidea aztertu dute. Itsasturien eta haien familien bizitza zelangoa den azaltzen dute. Hurrengo ikus-entzunezko sortan arrantza teknikei buruz hitz egiten dute. Besteak beste, sardinak eta atunak arrantzatzeko erabili dituzten tekniken berri ematen dute, baita gaur egungoei buruzko azalpenak ere.

Arrantzaleontzat itsasontzia da bigarren etxea. Zer motatakoak izan daitezkeen, mendeak aurrera egin ahala zelan aldatu ziren eta eraikitzeko zein teknika erabili izan diren ezagut daiteke hirugarren zatian.

Laugarrenean, arrantzaleenaz gain portuaren inguruan sortu diren lanbideak hartu dira gogoan. Hau da, arrain saltzaileek, saregileek, kai mutilek eta kontserba industriako beharginek euren bizipenak kontatuko dituzte. Laugarren zatia alturako arrantzari eskainita dago, Senegal inguruan egin izan dutenari. Azken zatian, Donibane Lohizuneko portuaren antolaketaz egiten dute berba.

Erakusketaz gain, hitzaldi sorta bat ere prestatu dute. Informazio gehiago www.itsasturiak.com webgunean aurki daiteke.

HITZALDIAK

Otsailaren 28an, 19:00etan. Ipar Euskal Herriko arrantza, lehen eta orain, Mikel Epaltzak.

Martxoaren 14an, 19:00etan. Itsasoaren irudia Iparraldeko artean, Jean-François Larraldek.

Apirilaren 4an, 19:00etan. Iparraldean, zertan dira euskara eta euskal kultura?, Pantxoa Etxegoinek.

Mozorroentzako bigarren aukera

Herri gehienetan, joan den martitzenean bukatu ziren aratusteak. Hala ere, Bizkaian badira inauteriak geroago ospatzen dituzten herri eta auzoak. Hartara, festa gosea ase gabe geratu direnek bigarren aukera izango dute gaur hasi eta domekara bitartean. Besteak beste, Sondikan, Algortan, Santurtzin, Sestaon eta Bilboko Santutxu eta Bilbo Zaharra auzoetan izango dira mozorro jaiak asteburu honetan. Hona hemen zer prestatu duten.

Sondika

Gaur arratsaldean hasiko dira Sondikako aratusteak. 16:00etan botako dute txupinazoa. Horren ostean, umeentzako jolasak egongo dira. 18:00etan, kalejira hasiko dute, sardinarekin. 20:30erako, pintxo dastatzea prestatu dute. Gauean, berriz, kontzertuak izango dira: 23:00etan, Gansos Rosas taldearena, eta 01:30ean, La Fugarena. Goizaldean, berriz, Oihan Vegaren diskofestarekin dantzatuko dira mozorroa jantzita Sondikara joango diren guztiak.

Bihar, goizez eta arratsaldez, hainbat ekintza izango dira umeentzat. 12:00etan, txigorki lehiaketa egingo da. 18:30ean, umeen mozorro desfilea hasiko da. Sariak bukaeran banatuko dira. Gainera, hotzari aurre egiteko, txokolate beroa banatuko dute.

Zo-zongo perkusio taldea kalejiran abiatuko da 20:30ean. Ordubeteren buruan, sardinaren hilketa antzeztuko dute sondikarrek, inauteriak agurtzeko. Hala ere, gaur bezala, bihar ere musikak jarriko dio bukaera egunari. 23:00etan, Enkore taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, eta, gero, Oxabi taldearen erromeria doinuak dantzatzekoa.

Algorta

Biharkoa izango da aratuste eguna Getxoko Algorta auzoan. 13:00etan hasiko da mozorro jaitsiera Telletxen. Handik abiatuta, Algorta osoa zeharkatuko dute. 15:00etan, desfilean parte hartu dutenek herri bazkarian elkartzeko aukera izango dute. Telletxen egongo dira mahaiak zain. Bazkalostean, gainera, erromeria izango dute.

Arratsaldean, poteoa egingo dute Algortako kaleetan barrena. Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da mozorrotuta joatea. Eguna erromeriarekin bukatuko dute, 22:00etan. Atsedenaldian, mozorro txapelketako sariak banatuko dituzte.

Santutxu

Domekan izango dute aratusteetako egun handia Bilboko Santutxu auzoan. Hala ere, gaur arratsaldean, umeentzako pailazo ikuskizuna egongo da Karmelo plazan, eta, iluntzean, albokariak ibiliko dira auzoko kaleetan. Bihar, 19:30ean, Gaztedi dantza taldeak egingo du kalejira.

Domekan, 12:00etan hasiko da mozorro desfilea. Santutxu kalea izango du abiapuntua. Arratsaldean, berriz, Arsuagan, DJ batek jarriko du musika, dantzatzeko.

Bilbo Zaharra

Bihar ospatuko dute inauteria Bilbo Zaharra auzoan. Goizean egingo dute mozorro desfilea. Urtero bezala, gai bat proposatu dute aurten ere: euskal mitologia. Eguerdian, auzo bazkaria egingo dute kultur etxean.

Santurtzi

Gaur arratsaldean egingo dute Santurtziko Kabiezes auzoan inauterietako desfilea. 18:30ean abiatuko dira kiroldegitik, eta, hainbat kaletatik igaro ostean, plazan bukatuko da. Iritsitakoan, sari banaketa egingo dute.

Bihar, berriz, Santurtziko erdigunean egingo da desfile nagusia. Ordu berean hasiko da, Sardinera parketik. Gernika parkean bukatuko da, 21:00etan, sari banaketarekin. Hala ere, 23:00ak arte diskoteka izango dute dantzatzeko.

Sestao

Bihar izango da Sestaoko aratusteetako egun handia. Goizean, animalien lehen inauteria egingo dute. 13:15ean ikusi ahal izango da txakurren mozorro desfilea, Kasko plazan. Leku horretan bertan, diskoteka doinuekin dantzatzeko aukera egongo da arratsaldez. Eta bertatik abiatuko da mozorro desfilea, 18:30ean. Herriko kaleak igaro ostean, 21:00etan banatuko dituzte sariak. Domeka arratsaldean bukatu dira Sestaoko aratusteak Piñata jaiarekin eta sardinaren hiletarekin.

Pailazoekin barrezka

AntzerkiaBilboPirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna aurkeztuko dute asteburuan, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Orotara, sei saio eskainiko dizute hiru egunean. Gipuzkoako pailazo taldea bere 25. urteurrena os...