Kultura

Plaza utzitakoak, hasiberriak eta trebatuak, taldekako txapelketan

Plaza utzitakoak, hasiberriak eta trebatuak, taldekako txapelketan

Natalia Salazar Orbe

Taldekako Bertsolari Txapelketa jarri dute martxan Bizkaian, lehenengoz. Lurraldeko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuarekin abiatu dute. 30 taldek eman dute izena, eta hiru fasetan jokatuko da. Ekainaren 3an egingo dute finala. Ordura arte, plaza aspaldi utzi zuten bertsolariak zein hasiberriak eta eskarmentu handikoak jarriko ditu oholtza gainean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Kristina Mardaras eta Moises Enbeita nor baino nor gehiago ariko dira, aspaldi ez bezala, bertsotan. Etxahun Lekue Bizkaiko bertsolari txapelduna ere ariko da 200 bertsolari elkartuko dituen lehiaketa horretan.

Helburu argiak ditu proiektu berri horrek, Bertsozale Elkarteak azaldu duenez: Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria eta, era berean, eskualdeak ere aktibatu eta indartzea. Bizkaiko ekosistema osoa eskualdez eskualde eta etenik gabe elikatzeko helburua dauka. Bertsogintzaren oinarriak motibatu, finkatu eta garatu nahi dituzte.

Oinarrietan eragiteko eginahal horretan, bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dituzte. Horretarako, gune ludiko bat eskainiko dute. Izan ere, taldekako txapelketa giro informalean eta jai giroan egingo dute. Horixe da asmoa.

Dinamika horri esker, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztuko diete. Horrez gain, arrazoi askotarikoak direla-eta ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik edo nahirik ez daukatenei beste aukera bat eskainiko die.

Bertsolaritzak barne hartzen duen sare osoa indartzeko bidea ere zabalduko du lehiaketak. Bertsozale elkartearen ustez, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile gehiago sortzea bultzatuko du. Sinetsita daude zaleak aktibatzeko bidea ere irekiko duela. Horrek guzti horrek eskualdeen arteko harremana sendotuko du.

Denetariko bertsolariak

Berrehundik gora parte hartzaileen artean denetariko bertsolariak izango dira: oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertsoetatik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta inoiz parte hartu ez dutenak. Beraz, gauzatu dute aniztasuna lortzeko zuten helburua.

Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza ariko da saioetan. Talde bakoitza, gutxienez, sei lagunek osatu behar dute. Izan ere, bertsotan aritzeaz gain —gutxienez hiruk egin behar dute hori—, gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile lanak ere egin beharko dituzte.

Talde bakoitzak epaile bat izango du kanporaketa bakoitzean. Hala ere, ikus-entzuleen iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko orduan bertan lehiatuko diren hiru taldeetako epaileen balorazioa eta ikus-entzuleena hartuko dira kontuan. Saio horietako bakoitza bukatzean, hiru taldeetatik aurrera zeinek egiten duen erabakiko dute, denen artean. Bertsolariek landuko dituzten gaiak ere hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.

Hiru fasetan banatuko dute txapelketa: lehenengoa, bigarrena eta finala. Kanporaketa gehienetan hiru talde ariko dira norgehiagokan. Horietatik bakar bat pasatuko da hurrengo fasera. Bigarren fasera hamar talde pasatuko dira.

Lehenengo fasea apirilaren 3ra bitartean jokatuko da. Egun horretan jakingo da zein taldek osatuko duten bigarren fasea. Fase hori apirilaren 24an hasiko da, eta maiatzaren bukaerara arte iraungo du. Finala ekainaren 3an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera.

Kanporaketetarako antolatzaileek zenbait ariketa proposatu dituzte, baina taldeek posible dute, hala adostuz gero, beste ariketa batzuk egitea. Bertsolari sorta zabala dakar taldekakoak; aukera ugariz inguratuta bertsolaritzako alor guztiak suspertu nahi dituen txapelketa batean.

Parte sentitu zein ez, guztientzako irekia

Parte sentitu zein ez, guztientzako irekia

Natalia Salazar Orbe

Ez emakume, ez gizon. Binomio zurrun horretatik harago, bien arteko nahasketa eta rolen eta identitateen konbinazio bat dira muxeak. Hirugarren generoa, alegia. Pertsona horietako baten irudia baliatu du aurten Zinegoak jaialdiak bere 14. aldia iragartzeko. Zenbait kulturatan, bost genero ere bereizten dituzte. Eta, Europako zenbait herrialdetan, herritarrak genero neutroko gisa identifikatzea onartu dute. Hala ekarri du gogora Pau Guillen jaialdiko zuzendariak: "Onar dezagun generoei edo genero adierazpenei buruz mintzatzea, denbora luzez izan garenetik harago".

Asko garatu da jaialdia hamalau urtean. Garapen hori gizartearen pare egin dutela deritzo zuzendariak: "Inguruan daukagun errealitatera egokituz goaz". Sexu aniztasuna ardatz hartuta, astelehenean abiatuko da jaialdia, eta 101 jarduera hartuko ditu, filmak, dokumentalak eta bestelako ekitaldiak barne.

Gai nagusia hori izango ez badute ere, Ugandan (Afrika) antolatzen duten Queer Kampala IFF jaialdiak protagonismo handia hartuko du. Hari emango diote ohorezko sarietako bat. Afrikan antolatzen den era horretako ekinaldi bakarra da. Gaur egun, Ugandan legez kanpokoa da homosexuala izatea, eta heriotza zigorra ere ezarri nahi dute. "Zinea alde batera utzi gabe, militantzia eta sentsibilizazio elementu handia du. Herrialde horietan halako jaialdi bat egitea mugarria da".

Sari horren bidez, lan hori babestu eta ikusarazi nahi du Zinegoak jaialdiak. Eta bilbotarrei eta bestelako euskal herritarrei kontatu zer gertatzen ari den beste herrialde batzuetan. "Baita kulturaren alorretik askok zer-nolako lana egiten duten errealitate hori ikusarazteko ere. Kultur jarduera bat baino gehiago da: militantzia kutsu izugarria du, bizitza bera ere arriskuan jartzen baitute antolatzaileek eta egileek".

Hassam Kamoga jaialdiko zuzendariak hartuko du saria Bilbon. Era horretako jaialdi bat Ugandan egiteak zer dakarren azalduko du. Eta haren lan bat ere emango dute: Outed: the painful reality. Zuzendariaren azken lan horrek Alex Kigoziren bizitza kontatzen du. Ugandako egunkariek homosexuala zela lau haizeetara zabaldu ondoren, hainbat arazori egin behar izan zion aurre. "Ugandan gertatzen ari zena erakusten du filmak. Benetan gertatutakoak jaso ditu".

Zine militantea

Beste ohorezko saria Joao Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarrari emango diote. Hark ere "zine konplexuagoa eta militantea du". O ornitologo haren azken lana emango dute jaialdian. "Egin dituen bost filmetan, sexu orientazioarekin eta identitatearekin lotutako gaiak landu ditu, estereotipoetatik harago. Pertsonak euren kontraesanetan erortzen utzita egin ditu lanok, eta arriskatuta". Rodrigues bera izango da emanaldian.

Bi astera luzatu dute aurten jaialdia, eta dokumentalei garrantzia berezia eman diete; bereziki, lehenengo astean. Sariak banatzeko orduan ere nabarituko da garrantzi hori: epaimahai berezia izango dute.

Afrikako errealitateak markatuta egongo da lehen astea. Bigarren astean, ordea, fikzioak lekua hartzen duenean, jaialdiak bere esentzia berreskuratuko du: sexu aniztasuna landuko du, modu globalagoan.

Film edo dokumental kuttunenen bat aukeratzeko orduan, zalantzak sortzen zaizkio Guilleni. "Zaila da". Eta herritarrek katalogoari erreparatzea proposatu du. "Ez da gauza bera zine konplexuagoa gustuko izan dezakeen norbaiti lan bat gomendatzea —O ornitologo, kasurako— edo une atsegin bat igaro, film bat gozatu edo drama batekin negar egin nahi duen bati gomendioa egitea. Biak ala biak dira lan onak, baina, bistakoa denez, ez daude eginda ikus-entzule berarentzat".

Dena den, badu zirrara berezia eragin dion lanik. Besteak beste, Les vies de Therese. Therese Clerk ikono feministaren bizitza kontatzen du. Bizitzaren azkenera iristen ari den unea kontatzen du lan horrek; hiltzeko unea. "40 urtera arte, era bateko bizimodua zuen. Bat-batean, bizitza erabat aldatu zitzaion, eta feminismoaren defendatzaile sutsu bilakatu zen". Hala ere, kontakizuna ez dute egin erreferentzia ikonikoari erreparatuta. Alderantziz: bere egunerokotasunetik eratu dute pertsonaia. "Minean, sentimentaltasunean eta antzekoetan erori gabe filmatuta dago. Egoera horretan, Clerken seme-alabak zelan elkartzen diren ikusten da. Jende askorentzako ikono bat den pertsona horri buruz zelan mintzatzen diren ikusten da. Edozein seme-alaba ama bati buruz mintzatuko litzatekeenaren antzera ari dira. Pertsona bere horretan ulertarazten laguntzen du; alegia, pertsona gisa, ez ikono gisa".

Heriotzari buruz jardutean filma gogorra izan daitekeela aitortu du Guillenek. "Hala ere, oso modu ederrean egiten du. Katalogoan filmak azaltzeko jarri ditugun esaldietan honako hau jarri diogu honi: 'Irribarre bat irudikatuko zaizu aurpegian, eta malkoak agertuko dira zure begietan'".

Antzerkia eta Begiradak

Antzerkiak ere tartea izango du proiekzio horien guztien artean. Magda de Santo argentinarraren Inundación taularatuko dute, Histeria Kolektiboarekin batera ekoitzia: "Antzezlan lesbofeminista da. Zer esan nahi du horrek? Ez dago espresuki sormen lesbiko gisa identifikatuta egonik osagai feminista ere baduen antzerkirik". Bada, horixe bera eramango dute La Fundicion aretora martxoaren 3an eta 4an.

Film laburrak Begirada zikloan bilduko dituzte aurten ere. Lau atal izango ditu: euskal ekoizpenez osatutako zikloa; Berdindurekin batera antolatuta, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzkoa; emakumeek zuzendutako lanena; eta genero identitate eta adierazpenari buruzkoa.

Martxoaren 5era arte iraungo du jaialdiak, eta helburu argia du: "Apurka gizartean zenbait gauza barneratuz joan daitezen nahi dugu. Sexu aniztasunari buruz askorik ez dakiten ikusleentzat pentsatuta daude zenbait film. Eskoletan urte askoan eman diguten sexu hezkuntza ugalketara mugatuta egon da. Gaur egun, zenbait aldaera sartu dituzte. Hasi dira azaltzen zer den orientazioa, identitatea... Eta, apurka, gizartea barneratuz doa. Gure lanak asko ezagutzen ez dituzten horiei zein arlo honetan militanteak direnei jarri nahi diegu arreta".

Duela hamalau urte baino ezagutza handiagoa dago. Ezagutza hori zabaldu ahala, kultur eragileek ere horretara egokitu beharko lukete. "Eta, apurka, gauza gero eta konplexuagoak landu beharko genituzke, errealitatean ere hala dira eta. Eta ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatu". Horretarako aukera zabaltzear da.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.zinegoak.com

Bizkaia ezagutzeko aplikazioa

Bizkaia ezagutzeko aplikazioa

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bizkaiko lurraldearen hiru dimentsioko maketa bat dute Bilboko Euskal Museoaren hirugarren solairuan. Azken urteetan, asko dira 18x11 metroko neurria duen mapa hori ikustera joan diren herritarrak, eta, duen harrera ikusita, beste...

Larru ontzaileen ondarea gal ez dadin

Larru ontzaileen ondarea gal ez dadin

Natalia Salazar Orbe

Larru onduen usaina giroan. Makina zaharren triki-trakaren erritmoa gogoan. Urteen joan-etorriek aldatu ez duten espazio zabala, bere hartan, geldirik; mutu egonik ere, historiaren aldi baten berri emanez. Duela hamar urte itxi zuten Foruan urteetan martxan egon den Teneria Vascongada larruak ontzeko lantegia. Zirrara berezia eragin dio lekuak Aitor Arana Arruti argazkilariari. "Lehenengoz sartu nintzenean, liluratuta utzi ninduen. Denboran geldituta zegoen. Pentsatu nuen altxor bat zela". Suntsitzeko arriskuan dago orain, eta, barrualdeak duen garrantzi handiaz jabetuta, erabilera bat eman diezaioten, erakusketa deigarri bat antolatu du: Salba dezagun kurtiderixie bihar inauguratuko dute, eta hilaren 24ra arte egongo da ikusgai, Gernika-Lumoko kultur etxean.

Ricardo Arrazola Sagastizabalek 1940ko hamarkadan hartu zuen lantegia. Baina, berez, 1918koa da. Hala ekarri du gogora oñatiar haren iloba Iñaki Arrazolak. Belaunaldi askotako larru ontzaileen familia bateko oinordekoa da. Hura eta haren lehengusuak izan dira tradizioa hautsi duten lehenak. Hala ere, ondotxo daki zein den Foruan egiten zuten lana, Doroteo Arrazola Markiegi aita zuena izan baitzen lantegian lan egin zuen azkena.

Larrua ontzeko prozesu osoa egiten zuten bertan. Larruak hiltegietan jaso, eta biltegietan gordetzen zituzten, gatzetan. Lantegira iritsi bezain laster, gatza kendu, pisatu eta sailkatu egiten zituzten. "Orbainik edo makulu markarik edo antzekorik zuten aztertzen zuten, arrasto horiek larruen prezioa merkatzen zuten eta". Uretan jarri, eta gatz, koipe eta ile arrastoak kendu behar izaten zizkieten. Gustuko lodierara egokitu, eta karetan jartzen zituzten gero. Larrua ontzeko garaia iristen zen orduan. "Bi prozedura zeuden: landare bidezkoa eta kromo bidezkoa. Hemen, normalean, landare bidezkoa egiten zen". Lehortu, lisatu, koipea eman, eta merkaturatzeko prest uzten zituzten.

Madrilen, Salamancan eta Sevillan zeuzkan ordezkari eta bezerorik garrantzitsuenak. "Larru gehienak zapatagintzarako eta zaldi eta abereentzako zelak edo uhaleria egiteko erabiltzen zen".

Gaur egun, pentsaezina da Teneria Vascongada lantegia martxan jartzea. Adinagatik eta belaunaldi berriek lekukoa hartu ez ziotelako itxi zuen Arrazola Markiegik. Baina bestelako arrazoirik ere bazegoen: "Larrugintzan jarraitzeko bete beharreko neurriak ez ditu betetzen era honetako kurtideria tradizional batek: kutsaduraren eta segurtasunaren aldetik, besteak beste. Joan den mendeko industria bat da".

Balio handia

Beharrerako ez, baina jarduera ekonomiko haren lekuko gisa historia egiteko balio handia du lantegiak. "Aitak lanean zegoela utzi zuen bezala dago". Arana argazkilariak makinak martxan ere ikusi ditu. Bera izan da horren guzti horren lekuko. "2012an sartu nintzen lehenengoz lantegian, Iñakiren eta familiaren baimenarekin. Argindarra zuen oraindik, eta bertan lanean aritua zen gazte ezagun batek martxan jarri zituen makinak. Funtzionatzen zuten".

Altxor hura zaindu eta babestu behar zela jakin zuen orduan bertan. "Atentzioa eman zidan lekuaren edertasunak: argiek, lehortegiak... Hiru solairuko eraikina da. Beheko solairuan daude makina gehienak. Eta azkenengoan lehortegia dago".

Bisita bat baino gehiago egin du lokalera. Horietan guztietan argazki saioak egin zituen, materiala jaso eta aurrerago erakusketa egin ahal izateko. Lan hori bihar emango da argitara. 54 argazki aukeratu ditu artistak. "Gehienak larrua ontzeko askotariko arteei buruzkoak dira". Makinak, baloiak eta larruak ikusi ahalko dira, besteak beste.

Larruek protagonismo berezia hartuko dute. Lantegian bertan gordeak izan dituzte, zintzilik. Eta hala jaso ditu Aranak bere argazkietan ere. Lantegitik hartu, eta erakusketa aretoan zintzilikatuko ditu artistak: "Bisitariek larrua ontzeko lantegia zer den usain dezaten nahi dut". Erremintak eta zenbait tresna ere eramango ditu kultur etxera.

Prozesu osoa, bideo batean

Larrua ontzeko prozesu osoa jaso zuten bideo batean, 2006an. Hori ere emango dute erakusketa aretoan. "Azal bat besterik gabe zelan sartu, eta onduta eta ezkoztatuta zelan ateratzen den ikusi ahalko da. Beheko solairutik hasi, eta hirugarren solairura arteko bidea erakusten du".

Argazkietako batzuek beste batzuek baino itxura errealistagoa dute. Hala ere, denak ala denak teknika bera erabilita osatu ditu: HDR edizio estiloa deritzona erabilita, alegia. "Horretan ere izan dudan garapena ikusten da. Erakusketan, 2012an egiten hasi nintzeneko irudiak ikusten dira. Gutxiago tratatuta daude, gutxiago landutakoak dira".

Erakusketa ez da, beraz, ohiko argazki erakusketa bat izango. Ez izango duen itxurari erreparatuta; ezta dituen helburuei erreparatuta ere. "Berezia izango da. Lantegiaren planoak ere jasoko ditut panel batean. Hala, bisitariak ikusi ahalko du zer-nolako irtenbide arkitektonikoa izan ahalko lukeen".

Hasiera bitxia

Inaugurazio ekitaldia bihar egingo dute, 19:00etan. "Ez nuen ohiko erakusketa bat egin nahi. Larrua ontzeko lantegiko elementuez gain, zuzeneko musika ere izango da. Biolontxelista batzuk ariko dira giroa berotzen. Horrez gain, Santurtziko San Jorge lanbide heziketako ikastetxe integratuko ikasleak ere etorriko dira, eta argazki saio batzuetarako nirekin egiten duten lanaren erakustaldia egingo dute: modelo bat makillatuko dute kurtideria bateko langile gisa".

Aranaren lanaren adierazgarri izango da erakusketa. Abandonatutako lekuetan argazkiak egitea maite du: "Etxe abandonatuak, lantegi abandonatuak, errotak...". Etxetik gertu era horretako altxor bat aurkitzea sinestezina iruditu zitzaion. "Erabileraren bat izan behar zuela pentsatu nuen".

Iñaki Arrazolaren aitonaz eta aitaz gain, beste sei-zazpi behargin zituen lantegiak; inguruetako baserrietakoak ziren. Beraz, industria handien eraginik ez, baina, bere neurrian, garrantzia izan zuen herrian. Bizkaian itxi zuten azken kurtideria izan zen, gainera.

1918an, Martin Berasaluzek lantegia eraiki zuen garaian, era horretako leku asko zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala ekarri du gogora Arrazolak: "50 inguru izango ziren. Abeltzaintza gehiago zegoen orduan. Hala, ia herri guztietan hiltegiak zeuden. Beraz, larrua landu eta ontzeko leku horiek behar ziren".

Lantegi barrualdea industria ondare izendatu zuen Jaurlaritzak. Baina Arrazolak eta Aranak gogora ekarri dute eraikina bera behar bezala mantentzen ez bada barrukoa ere hondartzeko arriskua dagoela.

Foruko Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aztertzen ari da, eta hortik zein irtenbide lortuko duten zain dago Arrazola. "Asmoa da kurtiderian jardueraren bat sortzea, eta, nola ez, barruan dauden tresneria eta materialak babestea eta errespetatzea. Museo bat egitea izan liteke aukera bat. Baina zer egin aztertzen ari dira".

Denbora dute kontra, ordea. "Azkar ibili beharko dute", adierazi du ugazabak. "Hamar urte inguru dira itxi zutenetik, eta, teilatua eroriko balitz edo barruan ura sartu, akabo". Bide beretik mintzatu da Arana ere: "Oso egoera ezegonkorrean dago. Erortzeko arriskua du".

Euskarazko sorkuntzaren leihoa

Euskarazko sorkuntzaren leihoa

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Argi dio Ander Lipus Artedrama antzerki laborategiko kideak: "Programatzen ez dena ez da ikusten, eta komunikatzen ez dena ez da iristen". Euskarazko arte eszenikoen sorkuntza bultzatzeko lanetan buru-belarri ari da Artedrama antz...

Errefuxiatuen milaka aurpegi

Errefuxiatuen milaka aurpegi

Aitziber Laskibar Lizarribar
Babes bila ihes egiten duten milaka pertsonaren bizipenak. Heriotzatik ihesi, heriotzaren beraren sokan ibiltzera daramatzaten bidaiak. Helmugara iritsi direla uste dutenean helmugarik ez dagoela konturatzeak dakarren honda...

Bilboko umeek euskara gozatzeko plaza

Bilboko umeek euskara gozatzeko plaza

Alaitz Armendariz

Abian da Bilboko Udalaren Ikusi eta ikasi programaren hamahirugarren edizioa. Egitarauaren barnean 60 ikuskizun eta tailer baino gehiago prestatu dituzte, 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat. Bilboko Udalak Topagunearekin batera antolatutako ekimena astelehenean hasi zen, eta apirilaren 5ean bukatuko da. Ia lau hilabete iraungo du, hortaz. Berrikuntza gisa, helduentzako emozioen inguruko hitzaldi bat egongo da aurten, seme-alabei euren etxeko lanekin laguntzen ikasteko, eta sendabelar tailer bat ere egingo dute. Aurten, hiru auzo gehiagotara helduko dira egitarauaren jarduerak; zehazki, Abusu, San Ignazio eta San Adrianera.

Apirilera bitarte iraungo duen egitarauan askotariko 66 ikuskizun izango dira: antzerkia, magia, txotxongiloak, pailazoak, musika, ipuin-kontalariak... Tailerrak ere egongo dira, hala nola sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelar tailerrak. Tailer eta ekintza guztiak 18:00etan hasiko dira, Deustuko Bidarte udaltegikoak izan ezik, 11:00etan hasiko baitira horiek. Ekintzok hiriko udaltegi, liburutegi eta aretoetan egingo dira.

Ekimenaren xedea aisialdian eta modu dibertigarrian euskara sustatzea da, kulturaren bidez hezkuntza ere sustatuz eta kalitatezko egitaraua eskainiz. Aurten, iaz baino tailer gehiago egongo dira: guztira, 31 ikuskizun, 28 tailer eta zazpi hitzaldi. Jendeak nahi duen tailerrean parte hartzeko "aukera bera" izateko, aurten zozketa bidez aukeratuko dituzte parte hartzaileak. Horretarako, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Hurrengo udaltegi, areto, liburutegi eta eskoletan izango dira ikuskizunak: Abandoko, Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañosko, Santutxuko eta Zorrotzako udaltegietan; Bilborock eta Indautxuko Karmen aretoetan; Abusuko liburutegian; San Ignazioko Euskararen Etxean, eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan.

Gurasoentzako hitzaldiak

Helduentzako tailerrak Iñaki Eizmendi hezitzaileak eta Eukene Larrea psikologo eta terapeutak eskainiko dituzte. Eizmendik gaztelaniazkoak emango ditu, helduei orientabideak emateko: euskaraz ez dakiten gurasoei seme-alabei etxeko lanetan lagundu ahal izateko gomendioak emango dizkie. Larreak, berriz, euskaraz emango ditu. Horiek gurasoak emozioetan heztea eta emozioen kontrol ona edukitzea izango dute xede, seme-alaben etorkizunerako "gako" delako. Hitzaldietara joateko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, baina lekuak mugatuak izango dira.

Umeentzako antzerkien artean, bi nabarmendu daitezke. Errekaldeko Udaltegian Zirtaka antzerki taldea arituko da Zu eta ni, sudurluze bi antzezlanarekin, otsailaren 10ean. Robustiana eta Zeledonio pertsonaien gorabeherak kontatzen ditu ikuskizunak, eta nola moldatuko diren bien artean egoera dibertigarrien bidez dirua lortzeko. Beste antzerkietako bat Bapatean Zirko izango da: zirkua eta antzerkia nahasten dira bertan. Pon eta Pa pertsonaiek Ponen urtebetetzea ospatuko dute malabare, akrobazia eta xaboi ponpa artean, Errekaldeko Udaltegian, otsailaren 10ean.

Magia ikuskizunak ere ez dira faltako. Besteak beste, Madiber Magoa Begoñako udaltegian arituko da otsailaren 9an, eta Kidam Magoa, berriz, Errekaldekoan, otsailaren 24an. Udaltegietatik kanpo, Bilborocken ere egongo da magia ikuskizunik: martxoaren 10ean, Eriz Magoa egongo da. Horrez gain, ipuin kontaketak ere izango dira gozagai. Otsailaren 26an, Ameli ipuinen jostuna ipuina irakurriko dute Abandoko udaltegian.

Iaz, 6.505 pertsonak parte hartu zuten lau hilabeteko egitarauan, euskararen erabilera bultzatzeko jarduera guztietan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

ikusietaikasi.net

Industria iraultzarako bidaia

Industria iraultzarako bidaia

Natalia Salazar Orbe

Artilea jaso, hari bihurtu, eta hari horrekin ehundutako produktuak ekoitzi. Horixe egiten zuen La Encartada lantegiak. 1892ra atzera egin, eta industrializazio garairako bidaia eskaintzen du izen bereko museoak Balmasedan. Hala azaldu du Begoña Ibarra zuzendariak: "Fabrika bat da ikus daitekeena". Lantegi bat, museo bihurtuta. Hamar urte bete berri ditu era horretan.

1892an sortu zen lantegia, hiribilduko Marcos Arena Bermejillo indianoaren ekimenez. Ehun urte egin zituen martxan, 1992an itxi zuten arte. Oso garai onak, oparoak, ezagutu zituen. Baina zenbait erabaki eta arrazoi tarteko, krisian sartu zen: "Makinetan eta bestelakoetan ez zuten inbertsiorik egin. Azken urteetan, gainera, produktu bakarra egiten zuten: txapela. Eta salmentek behera egin zuten". Ehun urte horietan ekoizpen eredu berari eutsi zioten, gainera: "Ez zen espezializatu, eta produktua garesti samar ateratzen zen".

Izan ere, ekoizpen prozesu osoa La Encartadan bertan egiten zuten. "Lehengaia, artilea, sartzen zen, eta produktua bukatuta ateratzen zen. Prozesu guztiak batean eginda, hainbat lantegi batera egongo balira bezalakoa zen". Hori ere izan zen itxiera eragin zuten arrazoietako bat.

1992a iritsi eta ateak itxi behar izan zituztenean, aldundiak eta Balmasedako Udalak pentsatu zuten "industria ondare garrantzitsua" zegoela han, eta babestu eta mantendu egin behar zutela. 2002an monumentu multzo izendatu zuten. Bost urte geroago zabaldu zituen ateak museo gisa, gizarteari ondare hori erakutsi ahal izateko.

Hilean gai bat da ardatz

Aurtengoa urteurren berezia izanik, hainbat jarduera antolatu dituzte hamar urteko ibilbidea ospatzeko. Museoaren egitekoa ondo ulertaraztea da aurten duten eginbeharretako bat. "Jendeak sarri pentsatzen du tailer txiki bat dela. Inondik inora ere ez. Museoan ikus daitekeena fabrika bat da". Makina guztiak zeuden lekuan kokatuta daude, lantegi gisa dagokien lekuan, alegia.

2017ko hilabete bakoitzean gai bat landuko dute, eta, hori oinarri hartuta, museoko ohiko programazioaz gainera, askotariko jarduerak egingo dituzte. Bihar bertan egingo dute eurenean arrakasta handia izaten duen horietako bat. Familientzako edo heldu eta umeentzako tailerra da: Zer egingo zenuke zuk orain 100 urteko fabrika batean? Bisitariak garai hartako arropekin jantzi, eta, sexuaren eta adinaren arabera, garai hartan egokituko litzaizkiekeen araberako lanetan jartzen dituzte. "Ume txikiek fabrikan ez zuten lanik egingo, baina eguerdian gurasoei edo, bereziki, amari, bazkaria ekartzera etorri beharko zuten". Bisitariei asko gustatzen zaiela kontatu du.

Emakumea protagonista

La Encartadako langile gehienak emakumeak ziren. Beraz, andrea protagonista duen hilabete bat ezarri dute. Martxoa aukeratu dute horretarako. Hainbat jardueraren bitartez islatuko dute zer-nolako baldintza eta egoeratan aritzen ziren beharrean. "Besteak beste, gizonek baino soldata txikiagoak zituzten, eta lan ordu mordoa zuten".

La Encartada 1918an bisita antzeztuan ikusi ahalko da, besteak beste, garai hartako emakumeen egunerokoa. Balmasedako herritar boluntarioek 1918rako bidaian murgilarazten dituzte bisitariak. "Garai hartako hainbat egoera sozioekonomiko azalaraziko dituzte".

1918ko gizartearen errealitatea fabrika batek sortutako ekosistemaren barruan islatuko dute. Eta emakumearen zapalkuntza ere, normaltzat hartzen zena, presente izango da. "Emakume ezkongabe bat da protagonistetako bat. Oso txikia zela sartu zen lantegian beharrean, bertako norbaiten loba zelako. Fabrikan sartu zenetik 40 urte egin dituenera arte dirua berak ez duela sekula ikusi kontatuko du".

Ikastetxeentzako programazioari ere helduko diote. Berdintasunean hezi programa bi emakumek gidatzen dute. "Bata joan den mendeko emakume baten gisan irudikatzen dugu; eta bestea gaur egungoa da". Antzinatik gaur egunera arte egon diren aldaketak azalduta, ikasleek hausnarketa eta eztabaida prozesua zabaltzen dituzte.

"Gaur egungo emakumeak kontatzen die txikia zenetik kontu korronte bat izan duela, eta 18 urte betetzean berak ekin ziola bere dirua kudeatzeari. Besteak ez. Ezkondu aurretik aitari eman behar zion; eta, ostean, senarrari. Ikasketarik ez zeukan, ezin izan zuen ikasi, txikitatik lanean hasi behar izan zuelako. Besteak, aldiz, unibertsitate ikasketak ditu, eta beste lan batzuk egiteko aukera du".

Lekukotasunak

La Encartada museora egiten diren bisita guztiak gidatuak dira, "makina batzuk besterik gabe ikusteak ez daukalako zentzurik; bisita gidatuetan prozesu guztia azaltzen dugu".

Fabrikan antzina zeuden bulegoak ere ikus daitezke. Baita ugazabek bertan zuten etxebizitzaren erreprodukzioa ere. Bulego, etxebizitza eta lantegiari ez zieten nahikoa iritzi museoaren arduradunek lantegi haren erraiak ezagutzera emateko, ordea. "Konturatu ginen fabrika batek pertsonak ere badauzkala: langileak, jabeak, saltzaileak...". Eta horien denen lekukotasunak bideo batean jaso zituzten. Ez dira igaro horrenbeste urte lantegia itxi zutenetik. Beraz, langile ohi asko aurkitu dituzte laguntzeko prest. "Hunkigarria da. Bideoan ikusten da garai onak izan zirela. Euren hitzetan eta keinuetan alaitasun hori nabaritzen da. Lantegia ixtea oso gogorra izan zen. Garai hartan, lantegietan familia osoak aritzen ziren lanean. Penaz hartu zuten itxiera". Urteek baretu dute samin hura. Eta lantegiak ez, baina La Encartada izan zenaren oroitzapenak eta ondareak, behintzat, zutik diraute.

Andreen begirada munduari

Andreen begirada munduari

Natalia Salazar Orbe

Zein da argazkiko emakumea? Non dago? Zeri begira? Zeini begira? Zer ote du gogoan? Zer egin du justu argazkia atera aurretik? Zer egin du justu argazkia atera ondoren? (...)" Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileari Maria Concepcion, argazkilariaren alaba lanak sortzen dizkion galderak dira; argazkiko emakumeari begira jarri, eta hausnarketa sakon batek iradokitakoak. "Zer dela eta aukeratu du Eulalia Abaituak? Nola ezagutu zuten elkar?" Garaiari erreparatutako galderak ere sorrarazi dizkio. Eta hala helarazi dizkie irakurleei: "Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretrata zaitzaten? Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretratatzeko? (...) Zer uste duzu zuk, irakurle?"

Emakume baten ikusmirak jasotako hamasei argazkiren bilduma osatu du Euskal Museoak; beste hamasei emakumek irudiok iradokitako pentsamenduak eta sentimenduak gaur egunera ekarri dituzte. Horixe jasotzen du Estereoskopiak: 16+16 erakusketak. Bi eduki bat eginez osatu dute lagina. Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilariak (Bilbo 1853-1943) ateratako argazkiak, batetik. Eta hark jasotakoei begiratuta, gaur egungo beste hamasei emakumek egindako hausnarketak, bestetik.

Duela ia ehun urteko egunerokoaren ondarea iritsi da gaur egunera, Abaituari esker. Iraganari buruzko ia begirada guztiak gizonen ikusmiratik aterata iristen dira, gehienetan. Gainera, sarri asko, begirada horien bidez historiako pasarte garrantzitsuak edo gertakari historiko handiak besterik ez dira islatzen. Horien bidez, ordea, zaila da arbasoen egunerokoari, haien lanari, esfortzuari eta aisialdiari buruzko daturik eskuratzea.

Protagonista ezezagunak

Eulalia Abaituaren lanak horixe eskaintzen du. Eta Euskal Museoak apustu egin du XX. mendearen hasierako pertsona ezezagunen keinuok jasotzeko. Harrituta begiratzen diote askok kamerari. Eta kamera horrek atzean zuen emakumeak begirada berezia eman zien. Horri guzti horri formatu bitxia eman diote museoan, ohikoarekin hautsita. Hiru dimentsiotan ikusteko argazkiak paratu dituzte hormetan. Erakusgai jarri dituztenak anaglifo kopiak dira. Alegia, erliebezko irudiak retro argiztatutako pantailen barruan erreproduzitzeko teknika baliatu dute. Hiru dimentsioko irudiok ikusteko, betaurreko bereziak erabili behar ditu bisitariak.

Hamasei idazleek ere betaurrekook jantzita osatu dituzte argazkien kontaketak. Irakurketok ez dituzte jaso idatziz. Bisitariak ez ditu aurkituko argazkien ondoan. Emakume baten ahotsean entzungo ditu, audiogiden bidez. Ahots bera erabili dute irakurketa guztiak ozen azaltzeko. Bakar bat da desberdina: Uxue Alberdiren hausnarketa. Egilearen beraren ahotsean kantatutako koplen bidez jarri dio musika Atsoa argazkiari.

Sarriugartez eta Alberdiz gain, ondoko beste hamalau emakume hauek jarri dizkiete berbak irudiei: Katixa Agirrek, Aurelia Arkotxak, Yolanda Arrietak, Leire Bilbaok, Itxaro Bordak, Tere Irastorzak, Karmele Jaiok, Mariasun Landak, Miren Agur Meabek, Laura Mintegik, Lourdes Oñederrak, Eider Rodriguezek, Ana Urkizak eta Arantxa Urretabizkaiak.

Erakusketa ikusteko ibilbide finkorik ez dago zehaztuta. Gerturatzen denak nahi duen norabidean abia dezake XX. mende hasierarako bidaia.

Ikusle ugari erakartzen ari da eskaintza bitxia. Museoak Eulalia Abaituari erakusketa bat eskaintzen dion zazpigarren aldia da ondokoa. Eta, hala ere, askok ezagutu ere ez du egiten Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zena. Formatuaren bitxikeriak harrapatu egiten ditu haur eta helduak. Begi batean kolore urdina eta bestean gorria duten betaurrekoak jantzi, eta, argazkietako pertsonak gerturatzen ikusita, irribarre urduriak ateratzen zaizkie iraganeko irudien ordez efektu bereziak ikustera ohituta dauden gazteei ere.

Hausnarketarako tartea

Deskribapen hutsak zein interpretazio eta irakurketa sakonak egin dituzte idazleek. Eider Rodriguezek eman dio azalpena Lurra lantzen laiekin argazkiari, eta gaur egungo egoerarekin ere parekatu du laian ari den taldeak iradokitzen diona. Gizon eta emakumeak ari dira bi ziriak lurrean sartu, oinarekin zanpatu eta soroaren barrunbeak ukitu ostean lurra altxatu eta biziberritzen. Denak elkarrekin. "Gu ez gara aldizkari femeninoetan agertzen den mundu murritz horretan kabitzen, ez gara txapeldunari lore sorta emateaz edo balkoiko geranioak ureztatzeaz arduratzen garenak, geure lur eremua loreontzi baten azalera baino askoz handiagoa baita, begira bestela lurraren izerdia gure besapeetan behera korritzen, errekatan, ur jauzietan". Emakumeen egitekoak eta egunerokoak askotan zabaldu nahi diren estereotipoez harago doazela azaldu du hala. Ez gaur egun soilik; iraganean ere, oraindik aitortu ez zaizkien lan ugari eta nekezak egiten zituztela emakumeek. Abaituak irudiz jaso zuena berbaz azaldu du Rodriguezek.

Bi emakume errekan ageri dira beste batean. Haitzen gainean jarrita: bata, oihalez betetako otzara bat buru gainean duela, zutik; bestea, makurtuta, ura hartzeko itxuran. Gizonak protagonista dituen irudirik ere badago. Peoiak eremu basogabetu batean beharrean lana da horren eredu bat. Beharginak lanean ageri dira. Batzuk geldi, Abaituaren kamerari begira, harrituta. Itxuraz eraikitzen ari diren bidea gaur egungo herritarrek zapaltzen dutena balitekeela pentsaraztera bultzatzen du bisitaria Katixa Agirrek.

Idazleak aitzindaritzat ditu protagonistak. Bai beharginak eurak, bai Eulalia Abaitua. Argazkilariak merezi duen protagonismoa aitortu aldera, haren bizitza markatu zuten Bilboko lekuetan barrena ibiltzeko bisita gidatua antolatu du museoak, biharko. 11:30ean abiatuko da Eulalia Abaituaren Errepublika independentea, Begoñako katedraletik.

Argazkiek gaur egun sortzen duten jakin-mina nagusi da irakurketetako askotan. Hala transmititzen diote hausnarketek bisitariei ere. Nortzuk ote ziren, zehatz, Eulalia Abaituak erretratatu zituen protagonistok? Zergatik eta nola aukeratu zituen? Egindako argazkien kopiarik eramango ote zuten etxera? Argazkirako jarrita daude denak, ala batzuk benetan harrapatu zituen eguneroko eginbeharretan? Eta argazkiaren ostean, zer? Zer-nolakoa zen garai hartan bizitzea? Iragan hark sortu du gaur egungo ondarea; eta etorkizunekoa eraikitzeko bidea ere bada. Hausnarketarako eta gozamenerako irudi sorta zain izango du orok, martxora bitartean.

Mundua, eder eta gordin

Mundua, eder eta gordin

Natalia Salazar Orbe

Azeri baten itzalaren babesean ezkutatzen dira hegaztiak, landareak, itsaspeko mundua, ugaztunak, bestelako animaliak eta paisaiak. Natura bizia, basatia, gordina zein gizakiaren esku hartzeak sortutakoa jasotzen du Izadiaren argazkilariak 2016 erakusketak, Bilboko Ondarearen Aretoan. Aurtengo Wildlife Photographer of The Year lehiaketan parte hartu eta saritu dituzten edo aipamenak jaso dituzten lanak daude ikusgai bertan: 85, denera.

Itzal eta silueta ikusgarriak islatu dituzte egileetako askok. Erresuma Batuko Richard Peters egilearen Ibiltaria itzalen artean argazkiak egiten dio harrera bisitariari aretoaren sarreran. Hura da lehiaketako argazki irabazlea. Azeri bat janari eta abentura bila hirian murgildu den antzera abiatzen da erakusketaren bidaia ere.

Begiak aretoko argiztapenera egokitu bezain laster jakin-minaren gosea pizten da. Hula ibaiean arrantzan arratsean Juan Carlos Muñozen lanean, zankaluze bat janari bila ari da arrain haztegi batean, sakonera gutxiko uretan. Zer dago ur azpian? Zer ezkutatzen du ilunabarrak? Hegaztiaren ikusmiraren inbidia sortzen da naturak ezkutatzen duena sumatu nahiez.

Itzalek kolore biziei eman diete lekukoa barnealdean. Harrituta begiratzen duen zingira hontzak areto zabalerako bidea zabaltzen du, bere begi sakonen bidez, barrenera sartzeko gonbita eginez. Matteo Lonati italiarraren Argituta izeneko lan horrek ematen dio bukaera hegaztien atalari.

Natura hila

Natura bizia gailentzen da erakusketan, baina natura hilak ere leku garrantzitsua hartzen du. François Nowickiren Zutik lana da horren adierazle nagusietako bat. Hontza bati atera zion argazkia, zuhaitz hil baten barrenean. Hontzek habiak egiteko zuhaitz hilek urte luzez izan duten garrantzi handia azpimarratu nahi zuen artistak berak: "Espero dut aurrerantzean ere horrela izatea, eta zuhaitza ez botatzea", adierazi du.

Gauez ibiltzea maite duen hegaztiak ortzadarraren koloreak lumetan zabaltzen dituen basoilarra du atzetik. Eguzkiaren izpiek basoilarraren lumetan islatuta sortutako dirdirak jaso ditu Bernt Ostus norvegiarrak. Barrurago, lehoien arteko Maitasuna euripean argazkiak xehetasun osoz irudikatzen ditu abereon keinuak, eta baita burua astintzean askatzen diren euri tantak ere.

Mundua iruditan, eta, aldi berean, hura deskubritzeko bidea. Horixe bera azaltzen du argazki lagin horrek. Bizitzaren zikloa dakar gogora Alemaniako Dirk Funhoffek Lehen begirada munduari lanarekin. Itsas txakur gris bat erditzen ageri da. Irudia ez da nolanahikoa, ordea: zaku bitelinoaren barruan dagoen arren, kumeak begiak zabalik ditu. Mundua ezagutzeko irrikaz dago, datorrenaren jakin-minez. Hala sentiarazten du bisitaria bera ere.

Ekosistemen garrantzia eta iraupena ezin era horretako lagin batetik kanpo geratu. Kamtxatka penintsulako Kurika aintziran (Siberia, Errusia) hartz arre bat ageri da, izokinak harrapatu nahian. Uda guztietan hartz mordoa elkartzen dira han, urtaro horretan milioi eta erdi izokin baino gehiago joaten baitira arrautzak errutera. Hartzek ondo elikatu behar dute hibernatzeko nahikoa baliabide izateko. Hori dela eta, 25 arrain baino gehiago hartu behar dituzte egunean. Argazkiko hartz gazteak ez dauka behar besteko trebetasunik oraindik, ordea. Izokinek alde egiten dioten unea harrapatu du argazkilariak.

Beraz, argazki aproposa, profesionalak hausnartu ostean lortu nahi zuen perfektua, ez da bat-bateko klik batekin ateratzen. Lan ordu asko eta esfortzu handia dituzte atzean erakusgai dauden argazkiek. Laurent Geslin frantziarrak milaka ordu eman zituen Suitzan katamotz herabe bat kamerarekin harrapatu nahian.

Gizakiaren esku hartzea

Hegaztiak eta ugaztunak ez dira protagonista bakarrak. Armiarmak, barraskiloak, Komodoko dragoiak, dortoka gazteak itsasorako bidean hondar beroa zeharkatzen... Denetariko espezieak biltzen ditu erakusketak, euren habitatean. Eta gizakiaren esku hartzea ere ezin zen kanpoan gelditu. Batzuetan, naturaren isla magikoa itzali eta gizakiaren zakarkeria geratzen da agerian. Murtzian, izkirak harrapatzeko sare batean harrapatuta geratu den itsas zaldia da horren eredu.

Bestalde, kontzentrazio esparruak gogorarazten ditu foka batek. 2001. urtera arte, Errusiako Medni uharteko itsas lehoiak zenbaki batzuekin markatzen zituzten, haien jokabidea kontrolatu eta migrazio ibilbideak aztertzeko. Argazkikoak M352 hizkia eta letrak dauzka; Sergei Xaninena da obra.

Argazkien edertasuna eta zabaldu gura duten mezuari buruzko informazioa emateaz gain, azalpen tekniko eta artistikoak ere jaso ditu Ondarearen Aretoak lan bakoitzaren ondoan. Hala, trebakuntzarako funtzioa ere betetzen du erakusketak, argazkilaritza zaleei teknika askotarikoak erabilita lor ditzaketen emaitzak ikasteko aukera ere emanez. Gero eta gehiago baitira munduaren irudiak jasotzeko argazkilaritzara jotzen duten zaleak.

Ozeanoak izar koloretsuak zelan besarkatzen dituen; marrazki bizidunetakoa dirudien inurri bat goroldio baten zurtoinetik ur tantak edaten; eta ekinodermo izeneko itsasoko izaki bizidunaren egitura bitxia, batetik. Aurrez aurre, zaborrez betetako eremu batean janari bila ari diren zikoina zuriak ageri dira. Mundua bera da: eder eta gordin.