Kultura

Euskaraz sortu eta loratutako filmak, Campos Eliseos antzokian

Euskaraz sortu eta loratutako filmak, Campos Eliseos antzokian

Natalia Salazar Orbe

Euskaraz sortu eta ekoitzitako lanak euskarazko ikus-entzuleen esku, doan. Horixe eskainiko du, beste urtebetez, Zine Kontari zinemaldiak. Bilbon egingo dute, datorren asteartetik ostiralera. Hirugarren ekitaldi honetan, zazpi proiekzio egingo dituzte, Canpos Eliseos antzokian: film luzeak eta laburrak izango dira. Euskarazko ekoizpen mota hori sustatzea du helburu erakustaldiak: euskaraz idatzitako istorioak euskaraz kontatzea.

Gai askotako lehen mailako sortzaileen lanak jarriko dituzte ikus-entzuleen eskura antolatzaileek. Beti bezperako koplak film laburrarekin emango diete hasiera saioei. Maialen Lujanbioren gidoia ardatz hartuta Ageda kopla taldeak zuzendutako lana da. Genero indarkeriaren salaketa gordina du ardatz.

Hark zabaldutako bidearen ostean iritsiko da euskara ikasleen artean bereziki ezaguna bilakatu den Kutsidazu bidea Ixabel. Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok euskaldun berri batek baserri giroan euskara ikasteko bizi dituen komeriak eraman zituzten pantailara. Joxan Sagastizabalek idatzitako eleberriaren moldaketa da asteartean ikusi ahalko dena.

Zazpi proiekzioen artean denetariko generoak aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Sentimenduen barrenak sakon astinduko ditu, esaterako, Loreak filmak. Ane, Lourdes eta Tereren bizitzak goitik behera aldatuko dira astero-astero ezezagun batek modu anonimoan helaraziko dizkien lore sorten eraginez. Lore horiek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dizkiete. Asteazkenean izango da Jose Maria Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregik idatzi eta lehenengo biek zuzendutako filma ikusteko aukera. Lehenago, Zeinek gehiago iraun film laburra emango dute.

Estreinatu zutenean zalaparta handia sortu zuen Asier ETA biok ere izango da Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan. Aitor eta Amaia Merinok zuzendutako film horrek ideologia desberdinetako pertsonen artean jarrerak hurbiltzeko bide bat zabaldu nahi du. Arantza Ibarrak zuzendutako Betiko film laburraren ostean taularatuko dute.

Azken eguna haurrentzako lan batentzat gorde dute: Aita, zonbia naiz emango dute ostiralean, 18:00etan. Gainerako emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. SGAE Fundazioak eta Euskal Herriko Gidoigile Porfesionalen Elkarteak antolatu dute.

Galdeketaun lehiaketa

Euskara aisialdira eramateko beste jarduera bat ere martxan darabilte Bilbon: Galdeketaun lehiaketa. 12 eta 17 urte arteko gazteentzat egina dagoen aplikazio horren helburua da gazteok euskaraz jardun eta jolas daitezen. Funtzionamendua erraza da: hainbat galderari erantzun beharko diete erabiltzaileek denbora mugatu batean. Aplikazioak berak eskainiko dizkien zenbait erantzunen artean zuzena aukeratu behar dute. Urtarrilaren 31ra arte, nahi beste aldiz aritu ahalko dira jolasean. Hainbat sari eskura ditzakete parte hartzaileek.

Kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo, Bizkaia eta Athletic izango dituzte ardatz galderek. Bilboko Itsasadarra itsas museoaren, Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren parte hartzea izan dute aplikazioa sortzeko Bilboko Udalak eta nontzeberri.com atariak. Beraz, itsasadarra, bertako kultura eta historia ere landuko dituzte galderek. Aplikazioa jaitsi eta jolasean hasteko prest dago.

Atzerako kontuan sartuta

Atzerako kontuan sartuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bost egun baino ez dira falta. Ia prest dute dena: idazleek eta musikariek erakusmahaietan izango diren nobedadeak aurkeztu dituzte azken asteetan, eta Gerediaga elkarteko kideek ondo atonduta utzi dituzte bai agertokia eta bai pr...

Hitzek esan ez dutenaren bila

Hitzek esan ez dutenaren bila

Natalia Salazar Orbe

Gorputceco icara / animaco lotsa / cerren eguin ditudan / amalau eriotza, / aditu ezqueroztie / diruaren otsa / bidera irten eta / botateco polsa, / ateraco niola / bestela biotza. Hala diote Xabier Lete, Antton Valverde eta Julen Lekuonak duela 40 urte grabatutako Bertso Zaharrak diskoari esker ospetsu egin zen Hamalau heriotzena bertsoetako baten hitzek. 1970eko hamarkada hartan jendaurrean zabaldu ostean ere izan dute ibilbidea. Hainbat abeslarik kantatu dituzte gerora. Jose Larrañagak 1825eko urriaren 31n Etxebarriko Altzibar baserrian egin zuen hilketa hirukoitza dute ardatz bertsook. Horiek entzuteak eragin zien zirrarak bultzatuta ekin zioten hitzok eta gertatutakoa ikertzeko lanei Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek. Dokumental bat osatzeko lanetan ari dira, baina bi hipotesi argitzen lagunduko dien informazio bila jarraitzen dute. Modestok berak azaldu ditu: "Bertsoen egileari buruzko hipotesia, eta hiru hilketen arrazoi nagusiaren hipotesia".

Jose Larrañaga mendaroarrak hiru pertsona hil zituen Etxebarriko baserrian: Miguel Galdos, 58 urtekoa; Katalina Gandiaga, 61 urtekoa; eta horien alaba Josefa Micaela, 31 urtekoa. Katalina ez zen berehala hil. Hilzorian zegoela kontatu zien inguruko baserrikoei zeinek egin zien eraso. Handik gutxira atxilotu zuten Larrañaga, Santanderren (Kantabria, Espainia). Bilboko kartzelan sartu, eta hurrengo urteko ekainean hil zuten, garrotez.

Jose Larrañagak edo Larrinaga, Bizkaiko agiri guztietan agertzen den bezala aitortu egin zuen bera zela hiltzailea. Hala ere, Arrieta aita-semeek uste dute ez direla argitu familia hura hiltzeko izan zituen arrazoiak. "Arrazoi sakon bat egon zitekeela pentsatu beharrean gaude".

Bertsoetan aipatzen diren datu objektiboetako asko dokumentatu egin ahal izan dituzte. Besteak beste, datak, izenak, lekuak eta gertaerak. Hiltzailea epaitzeko sumarioa ere aurkitu dute. "Bertsoetan dirua aipatzen da hilketen arrazoi moduan. Baina Katalinak berak erantzuten dio hiltzaileari esanez badakiela han ez dela dirurik". Bertsoen egileak jaso zituen adierazpenok.

Iruditzen zaie historia horren atzean bestelako funtsezko arrazoiren bat egon daitekeela. Hala, Larrañagaren profil psikologikoa egiten ari dira. Gertatutakoa hobeto ulertzeko argibideen bila ari dira.

Biktimak laurak izan zirela deritzote ikertzaileek: "Ez bakarrik egun hartan hil zirenak. Baita hilketa haiek egin zituena ere. Aitarik ez zuen, eta ama tabernan zuen lanean. Pobrezia larrian bizi zen, eta batere afektibitaterik gabeko ingurune batean hazi zen. Garai latzetan, gainera. Izan ere, ohikoak ziren gerrak eta goseteak. Baina horrek soilik eraman al zuen hilketa horiek egitera? Ba al dago beste arrazoiren bat?". Horixe da argitu nahi dutena.

Egiletza, bigarren zalantza

Bertsoaren egiletzari buruzkoa da itxi gabe duten beste atala. Hiltzaileak berak egin zituen, ala norbaitek idatzi zizkion? "Kalitatezko bertsoak dira. Antologia guztietan azaltzen dira". Kutsu erlijioso nabarmena ere antzematen zaie. Dialektologoek, bestalde, esan diete bertsoak gipuzkeraz idatzita daudela, Beterriko hizkeran. "Hala ere, Beterriko hizkera hau omen zen garaiko nolabaiteko euskara batua. Beraz, gure bilaketa ezin dezakegu mugatu Gipuzkoara soilik".

Duela hiru urte bertso sorta horren jatorrizko bertsopaperaren kopia aurkitu zuten Arrieta aita-semeek Euskaltzaindiaren liburutegian. 1826an argitaratu zuten jatorrizkoa, Tolosako La Lama inprimategian. Ezagutzen den jatorrizko bertsopaper bakarra Chicagoko Unibertsitatean daukate. Luis Lucien Bonaparte printzearen alargunak enkantean saldutako liburutegia haiek erosi zuten. Eta liburutegi hartako piezetako bat ziren Etxebarriko gertakari haietan oinarria duten bertsopaperok.

Altzibar baserrian gertatutakoak oihartzuna izan du geroago, musikan ez eze, antzerkigintzan ere. "Duela 27 urte, Etxebarriko gazte talde batek istorio hau antzeztu zuen, Yolanda Arrietaren zuzendaritzapean, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan. Eta arrakasta handia izan zuen". Fikziora eramandako jazoera haiek argitzen lagunduko dieten lekukoen oinordekoen testigantzen bila ari dira orain Modesto eta Bertol. Larrañaga, Gandiaga zein Galdos zirenen ondorengoekin hitz egin nahiko lukete. Lekuko haietako batzuen ondorengoak Mungian, Bermeon, Bilbon eta Gamizen bizi direla badakite. "Denbora asko pasatu da hilketa horiek gertatu zirenetik; 200 urte ia. Baina, azken finean, sei belaunaldi besterik ez: gure aitona-amonen aitona-amonek ezagututako gertakizunak dira. Informazioren bat duenari dei egin diote eurekin harremanetan jartzeko hamalauheriotzena@gmail.com helbidean zein 690-35 97 02 telefono zenbakian.

Martetarren hurrengo belaunaldia

Martetarren hurrengo belaunaldia

Natalia Salazar Orbe

Atzean geratu dira tenis partida bat irudikatuta, jokalari bana marratxo gisa eta pilota bezala karratu ñimiño bat zituen bideo jokoaren tankerakoak. Jokalariek gora eta behera mugitzeko aukera besterik ez zuten horietan, pilota harrapatu eta aurkariaren zelaira botatzeko. Bideo jokoen historiaurrea irudituko zaie hori grafiko eta istorio ikusgarri eta erakargarriz osatutako jokoetan murgiltzen diren erabiltzaileei. Teknologia berriak izugarri garatu dira urte gutxian. Hastapen horiek atzean utzita, azken sormen lanak ikusi eta ezagutzeko aukera eskainiko du, beste urtebetez, AZPlay jaialdiak. Hain zuzen, Bideo-joko Independenteen Nazioarteko VIII. Lehiaketa egingo dute Azkuna zentroan, azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean.

Bi helburu nagusi ditu jaialdiak. Hala azaldu du Jose Maria Martinez Burgos jaialdiaren koordinatzaileak. "Bideo joko indie-ari [independentea] hedapena ematea eta azken sormen lanak ezagutaraztea da bat. Eta bigarrena, bertako garatzaileei babesa eman eta nazioartera begirako tranpolin bihurtzea".

Bideo joko sortzaileen lanak ezagutarazi eta onenak aurkitu eta aukeratzeko topaketa izateaz gain, zale eta familientzako jaialdia ere bada AZPlay. Lehiaketa gauzatuko dute batetik, eta, bestetik, Medialab aretoan Jokuplay espazioa atonduko dute. Bisitariek bideo joko horiek bertatik bertara ezagutu ahalko dituzte. Gero eta presentzia handiagoa hartzen ari den kultur fenomeno gisa bideo jokoen aldeko apustuari eutsi dio sariketak.

Arte Garaikidearen Zentro gisa, artea eta teknologia garatzeko helburua dauka Azkuna zentroak. "Bideo jokoa testuinguru horretan gauzatzen diren hainbat adierazpen modu erakusteko erreferentea da. Mestizaje hori gertatzen den eremua bideo joko indiea da". Ezaugarri argi batzuk dituzte lan horiek: "Sormen lanak berritzaileagoak eta esperimentalagoak dira. Aurrekontu handirik ez duten bideo jokoak izan ohi dira". Horiek baliatuta, ikus-entzuleak mundu horretan hezi gura ditu jaialdiak: "Bideo jokoak ez dira indarkeriari lotutako erremintak soilik, eta eurei buruz izan beharreko ideia ezin daiteke mugatu horien mende dauden jokalari sutsuen irudira. Alde iluna izan dezakete, baina oso erabilgarriak ere izan daitezke". Erreminta horiek eskaintzen dituzten aukerak plazaratuko dituzte AZPlay jaialdian.

Baliabide gutxirekin lanean diharduten bertako enpresei babesa eta bultzada ematen die jaialdiak. Eurentzako baliagarri izan daitekeen industria ehuna sortzen du, eta sektoreko enpresen nazioarteko proiekzioa ahalbidetzen. "Produkzio handiak egiten ari den enpresarik ez dago Euskadin". Sinetsita daude haientzat lagungarria dela bideo joko independenteen jaialdian bertako sortzaileentzako sariketa propio bat antolatzea.

Jokoak, bisitarien esku

Azken joerak erakusten dituzten sormen lanak eskura izango dituzte bisitariek. Izan ere, aurten hautatu dituzten 25 garatzaileren bideo jokoak probatzeko aukera eskainiko dute. Munduko hainbat txokotatik iritsitako sormen lanak dira, eta plataforma ezberdinetan landuak. Sormenak du lan horietan indarrik handiena, ezin baitaitezke lehiatu ekoizpen etxe handiekin. Ezustez betetako munduak irudikatzen dituzte, eta istorio bitxiak kontatu.

Lanok ezagutu eta probatu ez eze, bideo jokook egin dituzten sortzaileek euren produktua ekoitzi bitartean egindako prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eskainiko du AZPlayk. "Finalistei gonbita egiten diegu bideo jokoa nola sortu duten azal dezaten. Eragina sortuko duten hitzaldi didaktikoak nahi ditugu. Izan ere, gerturatzen diren ikus-entzule gehienak ikasleak izan ohi dira".

Bideo joko ikasleak, goraka

Euskal Herrian gero eta gehiago dira bideo jokoekin lotuta eskaintzen diren ikasketak. "Bizkaian soilik, 200 ikasle baino gehiago ari dira bideo jokoak egiteko ikasketak gauzatzen. Hitzaldi horiek oso irakasgarriak dira ikasleentzat. Eurentzako oso gertuko erreferentea dira hizlariak. Eurei hurrengo emango duten pausoa erakustea bezalakoa da".

Beraz, erakusketa, sari banaketa, hitzaldiak zein epaimahaikideen konferentziak eta tailerrak hartuko dituzte jaialdiak irauten duen sei egunetan. Hain zuzen ere, tailerrak dira bereziki bisitarientzat antolatutako jarduerak. Lau tailer eskainiko dituzte aurten. Bideo-jokoaren Historia eta Etorkizuneko Bideo-jokoa Diseinatzen izango dira horietako bi. Carlos Gonzalezek emango ditu biak.

Beste biak Pantallas Amigas ekimenaren eskutik iritsiko dira. Batean, sakelako telefonoen eta bideo-jokoen neurrigabeko erabilerak eragin ditzakeen jokaera arriskutsuei buruz hitz egingo dute. Tailerraren lehen atalean landuko dute hori. Bigarrenean, era horretako aparatuak modu egokian eta neurri aproposean nola erabili erakutsiko diete parte hartzen dutenei. Ekimen horrek prestatu duen bigarren tailerrean, genero rolei buruzko hausnarketa egingo dute.

Azken urtean hainbat mugimenduk aldarrikatu dute emakumeek bideo jokoen industrian duten lekua. "Azter daiteke zer-nola tratatzen den emakumea bideo jokoen barruan, baina baita industria horren barruan duen papera ere". Tailer horrek lagunduko du lan horretan egiteke dagoen bidea zehazten.

Zortzigarren urtea du AZPlayk. Urte horietan guztietan jaso dituzten bideo jokoei dagokienez, aldaketa nabarmena aurkitu dute. "Hasieran, 40 bideo joko besterik ez genuen jaso. Apurka, hedatze lana egin dugu, eta gaur egungo 432etara arte iritsi gara". Kalitate aldetik ere nabari da aldaketa. Aurtengo partida hastear da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

Azkunazentroa.eus

Izarren sorreren lekuko

Izarren sorreren lekuko

Natalia Salazar Orbe
Musika jaialdietako karteletako protagonistak gertutik areto batean entzutea. 500 ikus-entzule baino gutxiagoren artean beste bat. Musikariekin ia kontaktu zuzena. Agertokia metro gutxi batzuetara. Anplifikadorearen dardara bihotze...

Atzamarrak berotzen

Atzamarrak berotzen

Natalia Salazar Orbe
Belaunaldi gazteek lanean dihardute Euskal Herriko tradizioei eusteko. Ohi baino parte hartzaile gutxiagorekin bada ere, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 26. Txapelketako finalean lehiatuko dira datorren astean, Zaldibarren. Sei ...

Iraultzaz betetako agertokia

Iraultzaz betetako agertokia

Natalia Salazar Orbe
Barazki eta fruituetatik energia atera eta musika egiten duen sortzaileak; josteko makina baten doinuak baliatuta kontzertua ematen duen artistak; edota, bestelako trikimailurik gabe, garunaren energia baliatuta, makina batera kone...

Isilarazitakoen bozgorailu

Isilarazitakoen bozgorailu

Natalia Salazar Orbe

Musika eta denetariko arte diziplinak herri baten tradizioaren parte dira. Zeregin garrantzitsua dute, eta ohitura eta emozioetan eragina ere izan dezakete. Denetariko mezuak zabal ditzakete: maitasuna, gorrotoa, beldurra, iraultza zein mezu sozial eta politikoak. Botereak badaki ahalmen hori badela, eta kontrolpean nahi du arte adierazpen oro, zentsuraren aurkako lanean dabiltzanen hitzetan. Haien ustez, estatuek eta presio taldeek zentsura erabiltzen dute eskubide gisa aitortuta dagoen adierazpen askatasuna geldiarazteko. Asko dira lanak eta adierazpen moduak zentsuratu dizkieten artistak. Hain zuzen, ideia horretatik abiatuta sortu zuen Producciones Serranok Zentsura At jaialdia. Astelehenetik larunbatera zentsura pairatu duten artisten edo zentsuraren aurka borrokatzen diren erakunde zein norbanakoei hitza eta agertokia emango die.

Helburu argia du aurten XII. aldia beteko duen jaialdiak. Hala azaldu du bertako behargin Josune Albonigak: "Artistei babesa ematea. Edonon edo edozergatik zentsuratuak izan diren artistei laguntzea. Ikusten ez diren artistak ikusaraztea da xedea".

Erakusketak, antzezlanak, kontzertuak eta mahai inguruak eskainiko dituzte Bilboko hainbat areto eta gunetan. Santi Otxoaren erakusketarekin abiatuko dute jaialdia: Kamiseten gerra. Jantzietan jar daitezkeen leloen zentsuraren aurkako ekinbidea da. "Harrigarria da nola gaur egun isun bat jaso dezakezun kamisetan daramazun leloaren arabera. Mozal legearen ondorioz, ezin dezakegu edozer eraman gure jantzietan".

Zentsura horiek, bereziki, estatuaren segurtasun indarren aurkakotzat jotzen diren kasuetan zigortzen direla azaldu du Albonigak. Titeres Desde Abajo konpainiari egindako gonbita ere bide horretatik doa. "Non geratzen da adierazpen askatasuna era horretako kasuetan? Bi artista kartzelatu zituzten antzezlan bat egiteagatik soilik". La bruja y Don Cristobal zentsuratu zieten, eta lan horixe ikusteko aukera emango du jaialdiak.

Kontzertuei dagokienez, zentsuraren eta boterearen indarkeriaren aurkako aldarriak zentzu desberdina hartuko du agertokira igoko den musika taldearen arabera. Mendebaldean blues gisa ezagutzen den musika mota mendeetan esklabo ontzien sotoetan garraiatu zen Amerikako lurretaraino. Maliko (Afrika) Vieux Farka Toure gitarrista eta kantariak gerra oihu hura taularatuko du BBK aretoan.

Bestalde, gai korapilatsuei modu eder eta ausartean heltzen dieten abestiak aurkeztuko ditu Moddi Norvegiako artistak. Unsongs bilduman dozena bat lan jaso ditu. Hamabi abesti horiek isilarazteko asmoz debekatu dituzten edo bertan behera utzi behar izan dituzten artistenak dira. Pussy Rioten Punk prayer eta Kate Bushen Army Dreamers abestien bertsioak eskainiko ditu, besteak beste.

Bertako artista batek emango die bukaera kontzertu saioei. Enrique Villarreal El Drogas nafarrak Barricada taldearen La Tierra está sorda diskoarekin osatutako proiektuari helduko dio. 1936ko gerrako zenbait gertakariri buruzko informazioa aztertu eta bilduta, hamazazpi abesti sortu zituen. Disko hura liburu batekin batera argitaratu zuten, memoria historikoa lantzeko. Orain, abesti haiek berreskuratu ditu El Drogas-ek, moldatu egin ditu, eta, bere taldearekin batera, formatu berritzailean eskainiko ditu: gaiarekin lotutako irudiek lagunduko dituzte abestiak. Alzheimer diskoko abesti batzuk ere sartu ditu, memoria eta memoriarik eza uztartuz. Gaixotasun mental hori abiapuntu duten abestiek gaixoen eta haien zaintzaileen ikuspegia azaleratzen dute. Musika eta arte eszenikoa uztartuko ditu bere ikuskizunean.

Musika arloko zentsura zuzen-zuzenean jasan izan dute Producciones Serranokoek ere. "Euskal taldeekin egiten dugu lan. Euskal Herritik kanpo joan garen bakoitzean, edo ahalegindu garenean joaten, mota guztietako zentsurak pairatu ditugu: politikoa, artistikoa... Kasu batzuk auzitegietara ere iritsi dira, eta gure musikarien hainbat eta hainbat kontzertu bertan behera geratu dira. Arrazoia oso sinplea da: euskaldunak izatea eta euskaraz abestea".

Musikak eta arte adierazpen orok duen garrantzia azpimarratu du Producciones Serranoko langileak. "Konturatu gara zer-nolako indarra duen musikak jendearengan. Herrialde bateko edo besteko izateak eta norbere kulturak eragina dute. Musikari batzuek eta besteek har dezaketen ospearen beldur da boterea".

Musikaz harago, edozein arlotan gero eta muga gehiago eta zentsura handiagoa ezartzen ari direla sinetsita, eskubide murrizketa horien aurka jardun beharraz konbentzituta daude jaialdiaren antolatzaileak. Jaialdira joateko orduan, ordea, zentsura hitzak berak ikus-entzule askori ekitaldietara ez gerturatzeko traba sorrarazten diela nabari dute. Irudimenak sorrarazten dien oztopo horri aurre egin beharraz mintzatu da, eta errealitate gordina marraztu du: "Eskubideen murrizketa gero eta handiagoa da. Estatuko gobernuaren lege berriak ikustea besterik ez dago. Sinestezina da gaur egun era horretako gauzak ikustea. Fikzioak errealitatea gainditu du".

10 urte metala handi egiten

10 urte metala handi egiten

Olaia Zabalondo
Ameriketako Estatu Batuetako kulturan errotuta dagoen jaia da Halloween, eta, hedabideei esker, munduko beste hainbat lekutara iritsi da. Euskal Herrian aspalditik ospatu izan den jaia da Halloween; hemen, baina, Arimen Gaua deitu izan ...