Gizartea

Terrazak arautzeko deia

Terrazak arautzeko deia

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Kaleari tokia kentzen ari zaizkio terrazak Bilboko Zazpikaleetan; berez publikoa den espazioa berenganatzen ari dira. "Oztopo lasterketa" bihur liteke hainbat kaletan dauden mahai eta aulkiak zeharkatzea, Javier Rodriguez Bihotzea...

Organikoa birziklatzeko edukiontzia ipini dute Lea-Artibain

Organikoa birziklatzeko edukiontzia ipini dute Lea-Artibain

Mikel Santiso

Organikoa birziklatzeko edukiontzi bereziak jarri dituzte Lea-Artibai eskualdean. Bizkaian eskualde batean hondakin organikoak horrela birziklatzen diren lehenengo aldia izango da. Urratsa Amankomunazgoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egin dute. Hala, martxan jarri dute Lurretik lurrera izeneko proiektu pilotua, Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak eta Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak azaldu dutenez. Proiektu pilotua da, baina sistema Bizkai osora zabaldu edo ez aztertuko dute, bideragarria den edo ez ikusi ondoren.

Proiektu pilotua eskualdeko sei herritan jarriko da martxan hurrengo hilabeteetan: Berriatuan, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Lekeition, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren, hain zuzen. Herri horietan 24.000 biztanle bizi dira, eta birziklatze tasa %70era igotzea da asmoa. Oraingo birziklatze tasaren helburua %30 da eskualdean. Erakundeetako arduradunak baikor agertu dira, helburuak beteko direlakoan.

Hori lortzeko bidean, herritarrei behar bezalako informazioa eskaintzeko lanean ari dira orain. Eluk Berriatuko Merelludi auzoko instalazioetan azaldu zuenez, "hezitzaileak etxez etxe joango dira, herritarrei sistemaren nondik norakoak azaltzeko". Haren arabera, herritarrengana ailegatzeko biderik zuzenena hori izango da. Hezitzaile horien zeregina, hauxe: hondakin organikoak birziklatu ahal izateko materiala banatzea eta herritarrek eduki ditzaketen galderak edota zalantzak argitzea.

Hondakinak biltzeko sistema berria ez da bakarrik Amankomunazgoaren eta Foru Aldundiaren arteko adostasun baten emaitza izan. Eluk esan zuenez, eskualdeko udal ordezkari guztiak bat etorri ziren sistema berria martxan jartzeko. Baina ez da eskualdean organikoa batzen den lehen aldia izango: zenbait bizilagunek lauzpabost urte daramatzate etxean sortutako hondakin organikoak birziklatzen.

Erakundeen inbertsioak

Sistema berria martxan jartzeak hainbat inbertsio egin behar izatea ekarri die Lea-Artibai Amankomunazgoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Bi erakundeek emandako datuen arabera, Amankomunazgoak 159.775 euro inbertitu ditu komunikazio lanetan, etxez etxe banatutako materialean eta edukiontzi berriak erosten. Edukiontziak ez dira betiko arruntak, txartel pertsonalizatuen bidez zabaltzen baitira. Horrez gain, Eluk zuzendutako erakundeak urtero 166.804 euro gastatuko ditu hondakinen bilketan. Azkenik, tratamenduan jasotako hondakin tona bakoitzeko kanona gehitu beharko zaie kopuru horiei. Eluk azpimarratutakoaren arabera, "inbertsioa handia bada ere, datozen urteetara begira ekonomikoki jasangarriagoa izango da". Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, 68.545 euro inbertitu ditu Milloiko hondakinen gunean teilatu bat jarri eta 30 metro kubikoko biltegia ezartzeko.

Zenbait bizilagunek esandakoaren arabera, erabiltzeko errazak dira bai edukiontzia eta bai Amankomunazgoak emandako materiala: "Hamar litroko edukiontzia eta plastikozko poltsak eman dizkigute, eta etxean lau lagun bizita, bi edo hiru egunetik behin botatzen dugu edukiontzira organikoa". Animalia jatorriko janari hondarrak —kozinatuak zein gordinak—, haien hezurrak, fruitu, barazki eta lekaleen hondakinak dira, besteak beste, organikoen edukiontzira bota beharrekoak.

Bitartekaririk gabeko denda

Bitartekaririk gabeko denda

Lander Muñagorri Garmendia

Kanpotik begiratuz gero, ez dago ezberdintasun handirik. Ohiko elikagai denda bat ematen du, bere apal eta produktuekin. Finean, hori da Labore, elikagai denda bat. Baina, kanpotik barrura begiratuz gero, eroslea jabetuko da asmo eta helburu jakin batekin abiatutako denda bat dela: "Elikadura negozio izatetik eskubide izateko asmoarekin abiatu dugu proiektu hau". Bertan dago Alaitz Ajuriagerra, Labore dendako bazkide eta kudeatzailea, eta dendaren filosofiaren berri eman du. Joan den ostiralean zabaldu zituen ateak Laborek, bestelako kontsumo ohitura bat sustatzeko asmoz.

Azken batean, kontsumo elkarteen ideiatik edaten du Laborek. "Erosleak ekoizleekin elkartu eta zuzeneko salmenta bideratzeko leku bat da", azaldu duenez. Ekoizleekin harremanetan jartzen dira dendako arduradunak, eta bitartekaririk gabe jartzen dituzte salgai bertan. Barazki ekoizleek eskaintzen dituzten saskien filosofiaren antzera, beraz; baina kontzeptu hori denda batera eraman nahi izan dute. "Kontsumo taldeak oso ondo daude, eta existitzen jarraitu behar dute, baina honekin beste aurrerapauso bat eman nahi izan dugu; kontsumo hori astean zehar egun bakar batean bakarrik egin beharrean beste denda batek bezalako zerbitzua eskaini nahi izan dugu". Hau da, zuzeneko kontsumo hori norberak ahal duen momentuan eta dituen beharren arabera egitea.

Ekoizleekin zuzenean

Asmoa elikagai denda bat izatea den arren, ez da denda arrunt bat izango. Inguruko ekoizleen produktuak eta produktu ekologikoak daude salgai, baina horiek erosi ahal izateko Laboreko bazkide izan behar da. 20 euroko matrikula bat ordaindu behar da lehenengo, eta ondoren urtero 60 euroko kuota. Hau da, hilean bost euro. Ostiralean, dendak ateak zabaldu zituzten egunean, 300 bazkide zituen Laborek, baina zabaldu bezperan izena emateko mezu ugari jaso zituzten. "Behin ateak zabaldu ditugula jakinda jende gehiago inguratuko zaigula aurreikusten dugu, asko denda noiz zabalduko zain baitzeuden bazkide egiteko".

Hala ere, oraindik bazkide ez denari bi erosketa egiteko aukera emango diote, froga moduan. Horren ondoren bazkide egin beharko du erosleak bertan erosketak egiteko, baina ez dute diru fisikorik erabili behar izango. Txartelarekin ordaintzen da, edo kontsumitzailearen kontu korrontetik kobratzen dute erosketa bakoitza. "Ez dugu diru fisikorik erabili nahi, molde berrietara gerturatzeko modu bat dela iruditzen zaigulako hori", azaldu du Ajuriagerrak.

Berezitasun horiek guztiak aparte, beste denda bat bezala da, ordea. Bere apal eta espazioetan produktu aniztasun zabala baitago: barazkiak, fruituak, lekaleak, zerealak, kontserbak, gozoak, haragia, esnekiak... Eta baita garbitasunera bideratutako zenbait produktu ere. Guztira, 57 ekoizleren 500 produktu eskaintzen dituzte dendako apaletan. Aniztasun handia dago, beraz. Bada, 57 ekoizle horietatik 55ekin zuzeneko harremana daukate, hau da, dendatik bertatik erosten dute produktua inongo bitartekaririk gabe.

Bilbon zabaldu duten gisa horretako lehen denda izango da, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua, Ajuriagerraren arabera. Bere esanetan, dendaren asmoa ez da beste supermerkatu handiei lehia egitea, "hortik urrun" daudelako. Hori baino gehiago, alternatibei ateak zabaltzea litzateke egiten ari diren lana. Era horretan, elikadura "negozio izatetik eskubide izatea" bermatuko litzatekeelako.

Denda Santutxu auzoko Haro plazan zabaldu dute. Ez dago Bilboko erdigunean, baina hori ez da traba izango, metro geltokitik gertu zabaldu baitute denda. "Jendea Erriberako merkatura joateko asko mugitzen da, bada, hona etortzeko baliabide denak eskura jarri ditugu". Metrotik duten gertutasun hori baliatu nahi dute hiriko edozein puntutatik Santutxura erosketak egitera joateko. Eta hori auzoarentzat ere ona izan dadila nahi dute.

Jolasa ez den azoka

Jolasa ez den azoka

Lander Muñagorri Garmendia

Jaialdiaren izenak berak dio: serioa eta dibertigarria. Jarrera horiek biak hartzen ditu Fun & Serious nazioarteko bideo joko independenteen jaialdiak. Izan ere, sektorea aisialdiarekin lotzen dute askok, baina negoziorako esparrua ere bada. Eta alor horiek landuko dituzte Bilboko Euskaldunan egingo den jaialdian. Horregatik izan daiteke jaialdia serioa eta dibertigarria era berean: bideo jokoetan jolasteko aukera eskainiko duelako, baina baita negozio ereduari buruz hitz egiteko ere. Gaur hasi eta astelehenean amaituko da "nazioartean bere lekua egiten ari den jaialdia", Alfonso Gomez jaialdiko zuzendariaren hitzetan.

Baieztapen hori datutan ikus daiteke, Bilbon egingo den jaialdi horretan sektoreko 600 enpresa eta 50 hizlari batuko baitira. Asko, atzerritik etorritakoak. Jaialdiak bideo jokoen sektorearen analisia egingo du, eta negozio eredua nola bideratu aztertuko duten mahai inguru eta hitzaldiak ere egongo dira. Baina, ezeren gainetik, bideo jokoei buruz hitz egingo da. Horrekin guztiarekin, bideo jokoek zinemak eta musikak duten estatus bera lortzea nahi du Gomezek: "Industriak merezi duen garrantzia izan behar du".

Gaur abiatuko da jaialdia, eta industriaren inguruko mahai inguruak egingo dira Euskalduna jauregian. Industriako agenteak bildu nahi dituzte Games Industri Forum bilkuretan: diseinatzaileak, bideo jokoen garatzaileak eta inbertitzaileak arituko dira bertan, besteak beste.

Baina sektoreko jarduerei buruzko hausnarketez gainera, jende gehien jolastera joango da Euskalduna jauregira. Gaurtik igandera, jaialdian urteko berrikuntza handienak probatu ahal izango dituzte erabiltzaileek. Hau da, bideo jokoetan jolastu ahal izateko 200 postu egongo dira bertara joan nahi dutenen eskura. 45.000 jolas ordu izango dira eskuragarri, eta iazko datuak berdintzea aurreikusten dute antolatzaileek: 30.000 parte hartzaile bildu baitziren.

Astelehenean, sari banaketa

Jolasa eta negozioa biak batera uztartuta daude Bilboko Fun & Serious jaialdian, baina, horrekin batera, sariak ere egongo dira. Bideo jokoen arloko pertsona ezagunenei omenaldia egiten die urtero, eta aurten ere hala izango da. Hiru omendu izango dituzte aurten. John Romero izango da sarituetako bat, Wolfenstein 3D, Quake eta Doom jokoen garatzailea, eta lehen pertsonako tiroketa modalitatea asmatu zuena. Jordan Mechner Prince of Persia bideo jokoaren sortzailea ere bertan izango da. Bi sortzaile ezagun horiekin batera, Jeffrey Kaplan Overwatch eta World of Warcraft joko ezagunen sortzailea ere sarituko dute Bilboko jaialdian. Sari banaketa astelehenean egingo dute, Guggenheim museoan, gala batean.

Aurtengo Fun & Serious jaialdiko herrialde gonbidatua Alemania izango da. Europan bideo jokoen sektorean gehien garatutako merkatua duen herrialdea da.

Euskarari arnasa emateko eguna

Euskarari arnasa emateko eguna

Asier Arrate Iruskieta
Euskara normalizatzeko bidea da egunero eta une oro erabiltzea. Hala ere, egun oraindik beharrezkoa da hari bultzada emateko egun bat ospatzea, abenduaren 3a. Egun horretan hil zen Frantzisko Xabierkoa, eta, kondairak dioenez, az...

Daukanak ez daukanari eman

Daukanak ez daukanari eman

Natalia Salazar Orbe
Krisi ekonomikoek baliabide gutxien duten herritarrei eragiten dietela gehien, hori eztabaidatzerik ez dago. Horiek dira berriz gizarteratzeko ahalegin handiena egin behar dutenak. Askok ez dute lortzen. Eta laguntzei zein elkarta...

Egunerokoa den efemeridea

Egunerokoa den efemeridea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hiru Mirabal ahizpak erori zirela jakin nuenean, halaxe esan nion neure buruari: eraikitako gizartea hil egin da". Pedro Mir poeta dominikarrak Mirabal ahizpei idatzitako lerroak dira horiek. Bihar, 57 urte beteko dira Patria Mirabal, Minerva Mirabal eta Maria Teresa Miraval emakumeak erail zituztenetik, Santiagotik Puerto Platara doan errepide bazter batean (Dominikar Errepublika). Rafael Leonidas Trujillo agintariak aginduta hil zituzten emakumeak; aktibismo politikoagatik. Hain zuzen, efemeride hori du oinarri Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunak. Baina efemeride edo gertakari bakana izatetik harago, eguneroko gaitz bihurtu da andreen aurkako indarkeria matxista. Errealitatearen sinbolo dira Mirabal ahizpak; nazioarteko herrialde guztietan; Euskal Herrian zein Bizkaian ehunka emakumeri erasotzen baitiete egunero.

Datuak izan daitezke gordintasun horren erakusle. Eta ez da denboran urrutira egin behar kasu zehatzak izendatzeko. Bizkaian, bi emakume erail dituzte 2017. urtea hasi zenetik, eta urtarriletik irailera bitarte 2.070 eraso zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Bi hilabete joan dira irailaren 28an, Sestaon, Noelia Noemi 32 urteko emakumea labankadaz hilda agertu zenetik. Ustez, haren 33 urteko bikotekideak bere buruaz beste egin zuen Noemi hil ondoren. Aurten gizonen eskuetan hildako seigarren emakume euskal herritarra izan zen sestaoarra. Izan ere, urtea ere hilotzekin hasi zuen Bizkaiak. Urtarrilaren 10ean, Portugaleten, Elvira Lopez hil zuten. 92 urte zituen emakumeak, eta alzheimerra zuen. Haren semea atxilotu zuten.

Azken hilabeteetakoak

Bizkaian eraildako bi andre horiez gain, beste lau andre hil dituzte Euskal Herrian. Urtarrilaren 14an, Blanca Marques hil zuten, 48 urtekoa, Burlatan (Nafarroa), eta ibaira bota zuten hilotza; hilketa aitortu zuen bikotekideak. Maiatzaren 2an, Madrilen, Raquel Lopez eibartarra (gipuzkoarra) eta haren semea hil zituzten; 45 urte zituen andreak; 12 semeak. Emakumearen bikotekidea atzeman zuten. Abuztuaren 24an Sofia Tato billabonatarra (gipuzkoarra) hil zuten Caseresen, Espainian, eta haren bikotekidea atzeman zuten. Irailaren 14an, Uztaritzen (Lapurdi), Melodie Masse hil zuten —zortzi hilabeteko haurdun zegoen—, eta 38 urteko gizon bat atxilotu zuten.

Jaurlaritzak bildutako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 42 andre hil dira indarkeria matxistaren eraginez 2002tik 2017ra bitartean, eta horietatik 29 bizkaitarrak izan dira: zortzi erail dituzte Bilbon, sei Barakaldon, hiru Santurtzin, Abadiñon bi eta emakume bana hil dute Arrigorriagan, Bakion, Durangon, Erandion, Etxebarrin, Gernikan, Mungian, Portugaleten eta Sestaon.

Emakumeen kontrako indarkeriaren adierazle gorena izan daiteke erailketen kasua; ez, ordea, bakarra. Hedabideetan oihartzun gutxiago duten arren, ehunka emakumeri erasotzen diete hilero. 2017ko iraileko datuak dira Jaurlaritzako Segurtasun Sailak argitaratutako azken datuak. Bada, irailean 227 erasoren berri izan zuen Segurtasun Sailak; eta 170 andreri eraso zieten —erasoak eta emakumeak bereizten dituzte txostenek, emakume berak eraso bat baino gehiago izan dezakeelako—. Iraileko datuei erreparatuz gero, eguneko zazpi emakumeri eraso zieten, batez beste, Bizkaian. Iazko hilabete bereko datuekin alderatuz gero, gora egin du bai erasotako andreen kopuruak eta baita eraso kopuruak ere.

2017ko urtarriletik irailera bitartean 2.070 eraso zenbatu ditu Bizkaian Jaurlaritzak; eta icebergaren punta baino ez da kopurua, kalkulatzen baita erasoak jasaten dituzten emakumeen %30ek baino ez dutela ezartzen salaketa. Ideia horretan egin du indar mugimendu feministak azken urteetan behin eta berriz. Are gehiago, oraindik ere ikusezin diren erasoak agerira ateratzeko lanean jarraitu behar dela galdegin dute sarritan. Era berean, dauden erasoetan arreta jartzetik harago, horien prebentzioan lan gehiago egitea beharrezkotzat jo dute azken urteetan.

Salaketagatik salatua

Hain zuzen, erasoa salatzearen zailtasunak erakutsi ditu azken egunetan 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren kasuak. Nafarroako Justizia Auzitegian ari dira kasuaren epaiketa egiten, eta sexu indarkeriaren biktima etengabe auzitan jartzen ari dela salatu du mugimendu feministak. Ez da lehen aldia. 2009an Nagore Laffage erail zuten gazte nafarraren amari herri epaimahaiak galdetu zion ea alaba "oso mutilzalea" zen.

Egoera horri aurre hartu nahian, Nik sinisten zaitut goiburupean hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herriko hamaika txokotan, eta emakumearen hitza etengabe zalantzan jartzea salatu dute. "Emakumearen hitza zalantzan jartzen da une oro, eta nekatuta gaude, bortxatuak eta erailak izateaz gain, fokua gure gain izateaz, eta ez erasotzaileen gain". Halako egoerek salaketak jartzea are gehiago zailtzen dutela uste dute feministek.

Urtez urte, emakumeen aurkako erasoen balantzea kaleratzen du Jaurlaritzak, eta datu horiek aintzat hartuz txostena osatzen du Emakumearen Euskal Erakundeak. 2016ko ondorioak aterata dauzkate jada, eta azken urteetako joera antzekoa nabari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eraso kopuruari dagokionez. Txostenaren arabera, eta, betiere, Segurtasun Sailak egindako zenbaketetan oinarrituta, 2.061 andreri eraso zieten 2016an; eta, orotara, 2.581 eraso zenbatu zituzten. Horietatik 2.573 auzibidera eraman dituztela azaldu dute. Orotara, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.774 andreri eraso zieten, eta %54,61 Bizkaian jazo ziren.

Gauza bera gertatzen da erregistratutako eraso kopuruekin ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei erreparatuz gero, 4.693 kasuren berri izan zuen Ertzaintzak; horien artetik, %55 Bizkaian gertatu ziren. Datu horiek aintzat hartuta, ehunekoak ere bildu dituzte Emakundek osatutako txostenean, eta, egindako kalkuluen arabera, 10.000 emakumeko, 43,51ri eraso diete lurraldean azken urtean.

Erasoen mapa iluna

Bizkaiko hiriburuan biltzen da populazio kopuru handiena, eta bertan izan zen eraso gehien; %30,92, zehazki. Eraso gehien hirigune handietan bildu badute ere, azpimarratzekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritatik zazpitan emakumeen aurkako eraso bat salatu zela 2016an —81 herritan izan ezik, gainontzeko guztietan—. Bizkaia osatzen duten 112 herrietatik %73,21etan emakume bati edo gehiagori eraso diote, Jaurlaritzaren iturrien arabera. Erasorik zenbatu ez duten herrien artean, 2.000 biztanletik beherakoak dira nagusi. Edonola ere, aintzat hartuta emakumeen kontrako eraso gehienak ez direla salatzen, errealitatearen begirada lausoa eskaintzen du erasoen herriz herriko mapak.

Non eta noiz galderei erantzuten saiatu da Emakunde txostenean: erasoen mapa eta egutegia osatu du, nolabait. Izan ere, genero indarkeriaren kontrako kanpainetan indar gehiago egiten dute tokian tokiko udalerriek eta emakume taldeek udako festen testuinguruan. Hain zuzen, ekainean eta abuztuan izan zen eraso gehien, Jaurlaritzak bildutako datuen arabera: 440 ekainean eta 438 abuztuan. Uda sasoian gorakada badago ere, gertutik jarraitzen diote gainontzeko hilabeteek; maiatzean, adibidez, 409 eraso zenbatu zituzten 2016an. Hortaz, beren-beregi udarako egiten diren kanpainek emakumeen aurkako indarkeria gehiago ikusarazten duten arren, antzekoa da urtean zehar jazotzen den kopurua.

Familiaz kanpoko erasoak

Emakunderen txostenean bildutako datuen arabera, familiaz kanpoko sexu erasoen kopurua da gehien hazi dena: 2010etik hona %10,85 egin dute gora Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: zehazki, 2016an jazotako eraso guztien artetik, 235 familiaz kanpokoak izan ziren; eta emakume horien %65ek 30 urte baino gutxiago zituzten. Kasu gehienetan erasotzaileak 31 eta 50 urte bitartekoak direla ere azpimarratu dute txostenean.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, eta, egun horren harira, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Bizkaiko hamaika txokotan. Patria, Minerva eta Maria Teresa Miralba ahizpa dominikarren erailketa gogoratzeaz haragokoak dira azaroaren 25ekoak. Efemeride izatetik urrun, eguneroko errealitatea baita emakumeen kontrako indarkeria.

Lubakietako egia kanporatuz

Lubakietako egia kanporatuz

Natalia Salazar Orbe
Tiro hotsa mendian barrena. Izua. Tentsioa. Bete beharreko misioa argi, eta sinisten dena defendatzeko prest, heriotza ate joka sutsuki tematu arren. Lubaki baten babesean, bukaera gero eta gertuago. Halaxe pentsa daiteke sentituko...

Oroitzen ez den kartzela

Oroitzen ez den kartzela

Aitziber Laskibar Lizarribar
Etxe dotorea. Lur, belardi eta patio handiak zituena. Oruetarrena. Bilboko Santutxu auzoan oraindik etxe gutxi zeuden garaikoa. Klinika gisa ezagutzen dute Orue txaleta eraikina gogoratzen dutenek. Baina inor gutxik du gogo...