Gizartea

Droga errotuenen arrisku isilak

Droga errotuenen arrisku isilak

Natalia Salazar Orbe

Diseinuzko droga berrien agerpena protagonista izan ohi da albistegi eta egunkari ugaritan. Substantzia berri bat antzeman dutela, edo Poliziak laborategi bat desegin duela, halako berriek titulu handiak hartu ohi dituzte. Droga sintetiko horiek sortzen duten besteko alarma eta oihartzunik ez eragin arren, alkohola da gehien kontsumitzen dena. Hala ondorioztatu du Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak. Azken ikerketa argitara eman dute berriki. 2016an, 2.244 inkesta egin zituzten hainbat ikastetxetako 9 eta 20 urte arteko gazteen artean. Durangaldean ez ezik, Bizkaia osoan ere alkohola da gehien kontsumitzen den droga. Hala azaldu du Deustuko Unibertsitateko Droga Mendekotasunen Institutuko zuzendari Juan Manuel Gonzalez de Audikana de la Herak.

Komunikabideetako mezuek zein kaleko iritziek bestelako errealitatea irudikatzen duten arren, ikerketek agerian utzi dute bestelako drogak askoz gutxiago kontsumitzen direla. Gonzalez de Audikanak uste du kaleko pertzepzioa oso subjektiboa dela. "Datuen arabera, kontsumoa txikiagoa da, eta arreta eskaintzen duten zentroetatik ateratako emaitzek ere gauza bera ondorioztatu dute: gora egin dute alkohol, kalamu eta anfetaminen kontsumoagatik egindako laguntza eskaerek. Beste substantziengatik egindakoek, aldiz, behera egin dute. Bereziki, kokaina eta heroinari dagozkienak".

Maia Alberdi Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuko teknikariak aletu ditu eskualdeko emaitzak. Droga erabiliena izan arren, "ia adin tarte guztietan jaitsi egin da alkohol kontsumoa. Ohiturazko kontsumoa %54,4 zen duela zortzi urte eta %40,3 da orain". Hala ere, igo egin da alkohola ohituraz kontsumitzen dutenen kopurua 19 eta 20 urte dituztenen artean. Horretarako arrazoi argia zein den ez dakiten arren, hipotesi bat planteatu du: "Gure gizartean edozein esparrutan erabilia izan da alkohola, eta gaur egun ere oraindik erabiltzen da; batzuek lotsa kentzeko eta besteekin harremanak izateko darabilte".

2008an eta 2012an ere ikerketa bera egin zuten. Aurreko bi urte horietan tabakoa alkohola baino lehenago probatzen zuten. 2016koan alderantziz gertatu da.

Alkoholaren atzetik tabakoa da ohituraz gehien kontsumitzen den droga. Haren atzetik datoz marihuana eta haxixa. Askoz kopuru txikiagoetan jarraitzen diete kokainak, speedak, haluzinogenoek, arnasgarriek eta estasiak. Haluzinogenoen kontsumoa izan ezik, beste guztien ohiturazko kontsumoak behera egin du.

Tabakoaren ohiturazko kontsumoak ia 11 puntu egin du behera, 2008ko datuekin alderatuta. Marihuanak, ia bederatzi puntu, eta, haxixak, ia hamar. Gainerako drogen presentzia grafiko horretan oso txikia da. Alberdik ez du argi jaitsiera horien arrazoia zein den: "Baliteke aisialdiko ohitura aldaketak, hezkuntza eredua aldatzen joateak zein gai hauei garrantzia emateak eragin izana".

Drogok probatzeko adinari dagokionez, atzeratu egin da azken urteetan. Alkoholaren kasuan, 13 urte eta hiru hilabetekoa da, Durangaldeko ikerketaren arabera. Gonzalez de Audikanak ere 13 eta 14 urte arteko garaian ezarri du. Tabakoa probatzeko batez besteko adina 14 eta lau hilabetekoa da, aurreko ikerketan baino urte erdi geroago.

Droga moten kontsumoari buruzko zenbaki zehatzik eman ez duen arren, Bizkaian datuak antzekoak dira. Alkoholaren atzetik, tabakoa eta kalamua kontsumitzen dira gehien; hirugarren tokian daude psikofarmakoak. Laugarren tokian kokatu ditu speeda eta anfetaminak, kokaina eta estasia. Horren atzetik daude LSD-haluzinogenoak, arnasgarriak eta, azkenik, heroina eta ketamina. "Badira droga berriak, baina, orokorrean, eragin txikia dute. Oso minoritarioak dira, eta ia soilik erabiltzen dituzte droga esploratzaileak izendatu ditugunek eta mendekotasun arrisku handia dutenek eta kontsumo ingurune zehatzetan sartuta daudenek".

Droga gogorragotzat jotakoen kontsumoa besteak baino baxuagoa izateak ez du lasaitasunerako tarte zabalik irekitzen. Hezkuntzan doktoretza du Gonzalez de Audikanak, soziologoa eta zientzia politikoetan lizentziaduna da, eta uste du zehaztu behar dela kontsumoak sor ditzakeen arazoak zeintzuk diren. Sarri asko mendekotasuna hartzen baita kontsumoak sortzen duen ondorio kaltegarrien gisa. Hala ere, ez da bakarra. "Esaterako, tabakoarekiko mendekotasuna ez litzateke izango oso problematikoa buruko osasunaren ikuspegitik. Hala ere, mendekotasunaren eraginez tabako asko kontsumitzen da. Jakina da horrek kalte egiten diola osasunari, eta hainbat gaitzi lotuta dagoela".

Alkoholarekin konparatu du orduan. "Askok kontsumitzen dugu alkohola, baina mendekotasuna garatzen dutenen kopurua txikia da. Hala ere, droga hori behar bezala ez kontsumitzeak trafiko, laneko zein etxeko istripu ugari sorrarazi ditu; baita borroka eta eraso asko zein babesik gabeko sexu harremanak ere. Arazook ez litzaizkioke gertatuko alkoholik edaten ez duen erretzaile bati".

Azalpenak borobiltzeko heroinari buruz mintzatu da. Mendekotasun handia sor dezake, eta, horrez gain, berau kontsumitzen duten askok osasunerako arrisku handia sortzen duen bizimodua darabilte. "Hala ere, substantziak berak ez omen ditu arazo fisiologiko larriak sortzen. Hori dela eta, askok uste dute baldintza onetan kontsumitzeko aukera balego ez lukeela horrenbesteko osasun arazorik eragingo".

Alkohola gizartean erabat errotuta dagoen droga izan arren, arrisku ugari dituela gogorarazi du Gonzalez de Audikanak. "Ez da beharrezkoa norbaitek egunerokoan zailtasunak edo arazoak izatea alkoholaz abusatzera eramango duten ohituretan murgiltzeko. Esaterako, familiarekiko konpromisorik ez dutenak kuadrillarentzako libre egon daitezke goizean ardo batzuk hartzeko, ardoarekin bazkaltzeko, arratsaldean trago batzuk hartzeko, asteburuan txokoan edateko, edota partidaren aurretik kopa batzuk hartzeko. Erabat integratuta egon arren, kontsumo handia darabilten pertsonoi alkoholaren mendekotasuna sor dakieke".

Prebentzioa non ezarri

Gazteentzako prebentzio kanpainak gero eta ugariagoak dira. Durangaldean hainbat darabiltzate: besteak beste, balioen programa, emozioak, heziketa afektibo-sexuala, droga desberdinen prebentzioa eta arrisku murrizketa, guraso eskola eta hitzaldiak, tabakorik gabeko eguna, alkoholemia tasa jakiteko erakuslekua edota tabakoa eta antsiolitikoak uzteko ikastaroak.

Gonzalez de Audikanak helburu aldaketa proposatu du. Gaztetako kontsumoei garrantzi handia ematen zaiela dio, eta besteei —alegia, arazoak dituzten neska-mutilek darabiltzaten arrisku kontsumoei—, apenas ezer. "Esplorazio kontsumo horiek kontsumo sozial agerikoenak dira, eta alarma sozial handiena sortzen dutenak; baita eragozpen gehien sortzen dutenak ere: kaleko edana, diskotekak, adingabeak alkohola edaten...". Hala, esku hartzerik gehienak sektore horretara bideratzen dira. Bitartean, baina, arrisku handiagoak dituzten neska-mutilak abandonatuta gera daitezke.

1936ko gerran eraikitako Burdin Hesiaren aztarnak babesten hasi dira

1936ko gerran eraikitako Burdin Hesiaren aztarnak babesten hasi dira

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Sastrakek estalita, hautsita eta ahaztuta. Hala egon dira urte luzez Jaurlaritzak 1936ko gerran Bilbo defenditzeko eraiki zuen defentsa lerroaren aztarnak. Burdin Hesia esaten zaio azpiegitura horri, eta Bizkaiko 31 udalerri zeharkatu zituen; azken urteetan gero eta gehiago izan dira defentsarako eraikitako aztarna horiek aurkitu eta garbitzen aritu diren herritarrak. Bizkaiko hainbat elkartek asmoa dute 1936ko gerrako agertoki izan ziren aztarna horiek oroimenerako toki bihurtzeko, herritarrei inoiz inork kontatu ez dien historiaren pasarteak kontatzeko ahaleginetan. Bada, erakundeen babesa iritsi da orain: Gogora Institutuak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek eta bi herrialdeotako 33 udalerrik Burdin Hesiaren aztarnak gordetzeko eta ezagutzera emateko lankidetza protokoloa hitzartuko dute.

Mende eta laurden ospatzeko

Mende eta laurden ospatzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar
Inoiz baino dotoreago egongo da aurten. Sekula baino alaiago eta erakargarriago, mende eta laurden dituenean. Bizkaiko Zubiak 125 urte beteko ditu, eta ospakizunak izango ditu nagusi inguruan urte osoan: kultur ekitaldiak, ...

Errepublikaren aztarnen bila

Errepublikaren aztarnen bila

Natalia Salazar Orbe

Historia iragan da, baina haren aztarnek bizirik diraute. Arrastoak ezabatzen zailak baitira. Barakaldon I. Errepublika izendatu zuteneko urteurrena baliatuko du Irabazi koalizioak herrian garai hark eta II. Errepublikak ekarri zituztenak gogorarazteko. 85 urteren ostean, agenda politikoan indarrean dauden gaiez mintzatuko dira. Etzi aterako dira, 10:30ean, Herriko plazatik. Lehen errepublika omenduz, bigarrena oroituz, hirugarren Errepublika abiatzen lelopean, ordu eta erdiko bidea egingo dute.

Lurrari eman, gero jasotzeko

Lurrari eman, gero jasotzeko

Natalia Salazar Orbe

Zaila zen bizirik irautea neguaren gordintasunak Bizkaiko lurretako bizilagunen egunerokoa gogorren astintzen zuenean. Abereak elikatzeko bazka urria elurrak estaltzen zuen, edota ihintzak erre. Eta etxe barruan nekez elika zitezkeen jada otsail edo martxo alderako. Luze jotzen zuen urteko sasoirik hotzen eta ilunenak. Munduko beste hainbat tokitan bezala, Euskal Herrian ere negu gorrian ama lurrari opariak edo sakrifizioak eskaini izan dizkiote mendeetan. Basora joan, eta hura berriz esnarazi eta gizakiek behar zuten adina elikagai sortzeko gaitasuna itzultze aldera, sua piztu eta txerri baten sakrifizio sinbolikoa gauzatzen zuten. Horra hor Kanporamartxoren hastapenak.

Ur edangarriaren bila

Ur edangarriaren bila

Peru Azpillaga
Duela hamabost urte, Angola gerra zibilean murgilduta zegoen oraindik. Iragan gatazkatsua du herrialdeak, eta urteetako liskarrek eta mundu mailako interes politikoek desoreka ekonomiko eta sozial itzela ekarri dute Afrika hegoaldeko her...

Agertoki bihurtu dute Bizkaia

Agertoki bihurtu dute Bizkaia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Boladan dago Bizkaia. Gero eta herritar gehiago erakartzen ditu". Unai Rementeria ahaldun nagusiak behin eta berriz nabarmendu du 2018. urtea "bikaina" izango dela. Ez da gutxiagorako, nazioarteko ekitaldiak Bizkaira erakartzeko ahaleginak eta bi egiten ari baita diputazioa azkenaldian. World Football Summit bilera, World Metrorail & Light Rail kongresuak, Errugbiko Champions Cup eta Challenge Cup finalak, The World's 50 Best Restaurants ekitaldia, MTV Europe Music Awards jaialdia, BBK Live, BIME, Espainiako Vueltaren 17. etapa... Ezin uka daiteke Bizkaia munduaren aurrean azaltzen saiatzen ari dela Rementeria. Bilbao Bizkaia, The Place to Be izena daraman propaganda liburuxkan ere bildu dituzte 2018rako programatuak dituzten ekitaldiak, turismoa erakarri nahian. Modako egin nahi dute Bizkaia. "Aukeren lurraldea da gurea".

Hitz baikorrak dituzte ahotan bizkaitar agintariek. Aldundiko ordezkarien arabera, "aparta" izango da 2018a, "Bilbo Bizkaia marka nazioartean proiektatzeko ekitaldi garrantzitsuak antolatuko direlako hiriburuan eta lurraldean". Baina, ororen gainetik, jarduerek lurraldean izango duten eragin ekonomikoa azpimarratu dute behin eta berriz ordezkariek: Rementeriaren hitzetan, Europako errugbi txapelketak 20 milioi euro utziko ditu lurraldean, MTV jaialdiak 44 milioi euro, eta Espainiako Vueltak, berriz, 300.000 euro. Turismoaren sektoreak nabarituko du gehien ekitaldi horien guztien eragina, eta enplegua sortuko dutela ere nabarmendu dute diputazioko ordezkariek. Beste ertza ez da publiko egin: ekitaldi horietako bakoitza Bizkaira ekartzeko zenbat ordaindu duten instituzioek.

Erakundeen ahaleginak

Jaurlaritzak eta aldundiak hainbat urrats egin dituzte, aurrez, ekitaldi erraldoiei babes emateko azpiegituren eraikuntzan: Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Center erakustazoka, Bilbo Arena eta San Mames futbol zelai berria dira joera horren adibide argienak. Azken bi hamarkadetan egin dituzte eraikuntza lanak, eta turismoaren sektorea indartzea zuten helburu hirurek sorburutik.

2004an inauguratu zuten BEC, Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxe buru zela. Irekiera ekitaldian argi azaldu zuen azpiegitura egitearen arrazoia:"Mundua da gure herria, Euskadi gure etxea, eta erakargarriak izan behar dugu aurrera ateratzeko. Erakustazoka berriak erakargarriago bihurtuko gaitu".

Prezioa du erakargarritasunak, ordea; orotara, 440 milioi euroko inbertsioa egin zuten Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Merkataritza Ganberak eta Barakaldoko Udalak erakustazoka irekitzeko. Eta, ateak ireki zituenetik, diru galerak izan dira nagusi: inauguratu eta hamar urtera, 300 milioi eurotik gorako galerak pilatu zituen, eta 2016. urtea izan da zorrik utzi gabe itxi duten lehen urtea. Hortaz, BECen antolatutako ekitaldiek eragin dezaketen etekin ekonomikoa ez dator bat eraikinaren bideragarritasun ekonomikoarekin.

Berdin San Mames futbol zelai berriaren eraikuntzarekin ere. UEFA Europako Futbol Elkarteen Batasunak baldintza bereziak ezartzen dizkie estadioei Eurokopa, Europako Liga eta Txapeldunen Ligako finalak jokatzeko, edukiera handiagoa eta zerbitzu bereziak behar dituztelakoan. Bada, baldintza horiek guztiak beteta inauguratu zuten San Mames berria 2013an. Athletic Clubek, Jaurlaritzak, diputazioak, Bilboko Udalak eta BBK Fundazioak finantzatu zuten azpiegitura: 211 milioi euro ordaindu zituzten. Badirudi helburua ere lortu duela: bi urte barru, 2020an, Eurokopako egoitza izango da Bilbo, eta lehiaren lau partida jokatuko dira San Mames futbol zelaian.

Espainiaren ordezkari gisa azalduko da Bizkaiko hiriburua Eurokopan; izan ere, Espainiako Federazioaren bitartez aurkeztu zuen Bilbok bere burua. Hortaz, UEFArentzat San Mames Espainiako hautagaitzaren barnean dago, eta, selekzioa sailkatuko balitz, "etxean" jokatuko luke bertan. 2014an iragarri zuten Bilbo 2020ko Eurokopako egoitzetako bat izango zela —San Mames berria ireki eta urte batera—, eta politikarien zein eragileen artean hautsak harrotu zituen berriak: euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko indarrak biltzeko deia egin zuen, besteak beste, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eurokopa Bizkaian jokatzearen alde azaldu zen, ordea. Argudiatu zuen 2020ko zita ez dela nazio jakin batean jokatuko, Europan barrena baizik. Adierazpenak adierazpen eta iritziak iritzi, ukaezina da errealitatea: Bilbo Espainiako Federazioaren ordezkaria izango da 2020an, eta nazioarteko hedabideetan Espainiako hiri gisa azalduko da Bizkaiko hiriburua.

2018a, urte "aparta"

2020ko futbol zita iritsi aurretik, ordea, hamaika ekitaldi izango dira Bizkaian. Otsailaren 14an eta 15ean, World Football Summit kongresua egingo dute Euskalduna jauregian. Futbolaren inguruan biltzen diren negozio eta jarduera ekonomikoak elkartuko dira bertan. Apirilean, garraioaren sektorea elkartuko da BECen: hiri barruko garraioaz jardungo dira World Metrorail and Light Rail Congress topaketetan, eta aire konpainiak elkartuko dira, ondoren, Routes Europe jardunaldietan.

Maiatzean, errugbi txapelketa izango da San Mamesen, eta gastronomiaren Oscar sari gisa ezagutzen diren The World's 50 Best Restaurants ekitaldia egingo dute Guggenheimen. Makina-erreminta azoka jasoko du BECek gero, eta, ekainetik aurrera, SOL jaialdia, BBK Live jaialdia, BIME Bizkaia International Music Experience, Bilbao Triathlon 2018, eta MTV Europe Music Awards sariak izango dira.

Guztien artean, Europako errugbi txapelketak, Espainiako Vueltak eta MTV sari banaketen ekitaldiak izango dute oihartzun handiena. Jarduerak aurkezteko agerraldi bana egin du Rementeriak, eta hiruretan errepikatu du ideia bera: Bizkaia munduan erakusteko aukera ematen dute ekitaldiek.

ESPAINIAKO VUELTA
Euskal lurretatik igaro ala ez igaro, abagunearen arabera

Espainiako Vuelta irailaren 12an izango da Bizkaian. Getxon hasiko da 17. etapa, eta 160 kilometro egingo dituzte txirrindulariek lurraldean barrena, Oiz mendian jarriko duten metara iritsi bitarte. "Aukera ederra" izango da ekitaldia, Rementeriaren esanetan. "Uste dut lortu dugula etapa hau oparia izatea Bizkai osoarentzat. Ahaleginak eta bi egin ditugu lasterketa ahalik eta bizkaitar gehienen etxetik igaro dadin, eta 160 kilometrotan ia 800.000 herritarren etxeen ataritik igaroko da: lurraldeko populazioaren %70aren aurretik".

Eragin ekonomiko nabaria utziko du kirol ekitaldiak lurraldean, ahaldun nagusiaren esanetan. Eta, horrez gain, lasterketa 190 herrialdetan emitituko dutela nabarmendu du. "Nolakoak garen ikusaraziko dugu, eta lurraldean ditugun altxorrak ere erakutsi ahal izango ditugu".

Berezia da Espainiako Itzuliak Hego Euskal Herrian izan duen ibilbidea, testuinguru politikoari erabat lotuta egon baita azken hamarkadetan. Egoera politikoak bultzatuta, antolatzaileek itzuliaren ibilbidea Hego Euskal Herriko lurretatik kanpo marraztea erabaki zuten 1994an. Ekitaldi hartan bi etapa pasatu ziren Euskal Herritik: 13.a Zaragozatik (Espainia) abiatu zen, eta Iruñera iritsi. 14.a, berriz, Iruñetik irten zen, eta Cruz de la Demanda gainean (Espainia) amaitu.

Egoera politikoari lotuta

Hamazazpi urte egin zituen txirrindularitza probak Hego Euskal Herriko lurretatik igaro gabe, harik eta 2011n Espainiako Vuelta euskal lurretara itzultzeko erabakia hartu zen arte. Patxi Lopez sozialista zen orduko Jaurlaritzako lehendakaria, eta kirol proba Euskal Herrira itzul zedin ahaleginean aritu zen bere legegintzaldiaren hasieratik. PPren babesarekin lortu zuen hamazazpi urteren ondoren Vuelta erakartzea.

Jaurlaritzak hartutako erabakiak hautsak harrotu zituen, eta kirolaren erabilpen politikoa salatzeko hainbat protesta egin zituen ESAITek eragile sozial eta politikoen babesarekin, Kirola bai, inposiziorik ez goiburupean. Vuelta Euskal Herritik igarotzea diru xahuketa "izugarria" zela salatu zuen ESAITek. "Gasteizko eta Bilboko udalek dirutza ordaindu dute etapak jasotzeko. Kanpoko lasterketei babesa ematen zaien bitartean, desagertuz doaz euskaldunen nortasun ikur direnak: Urkiolako Igoera, Zornotzako Klasikoa eta Euskal Bizikleta". Etxeko lasterketak sustatu ordez, bestelakoak lehenetsi zituen Jaurlaritzak orduan; eta, zazpi urte igaro direnean, bizi jarraitzen du eztabaida horrek.

Javier Guillen Espainiako Vueltako zuzendariak argi azaldu zuen 2011ko ekitaldia bukatzean euskal lurretara itzuliko zirela. "Vuelta geratzeko itzuli da Euskadira". Esandakoa bete du, ordutik ia urtero pasatu baita Espainiako Vuelta. Aurten, irailaren 12an izango da Bizkaian, eta 160 kilometroko ibilbidea egingo du bertan. Guillen: "Historikoa izango da. Vueltak Euskal Herria behar du, txirrindularitza onenera lotuta egon behar dugu".

Vueltatik Tourrera

Vuelta euskal lurretatik igaro den aldi guztietan protesta egin dute hainbat herritarrek; euskal nazioa aldarrikatu eta kirol ekitaldien bitartez "Euskal Herria espainolizatzeko" saiakera salatu dute, gehienetan, ESAIT elkartearen babespean. Baina, 2015ean, amaitutzat eman zuen bere bidea ESAITek, ofizialtasunaren aldeko eskaeran "jauzia" egon zela iragarriz. "Milaka herritar eta kirolariren inplikazioari esker, aipaturiko erreferentziak teoria izateari utzi eta ekimen erreal bilakatzeko jauzia eman da, eta ugariak izan dira bide horretan antolaturiko ekimen eta dinamikak, bai kirol esparruaren eraikuntzari dagokionez, bai aldarrikapenari dagokionez ere". Euskal Selekzioaren aldeko akordio zabalak bultzatzeko Jauzia plataforma aurkeztu zen gutxira, baina ez du ibilbide oso luzea izan.

Bien bitartean, etorkizunera begira jarrita dago Bizkaiko ahaldun nagusia. Frantziako Tourraren etapa batek Bizkaia zeharkatzeko lanean ari dira diputazioa eta Bilboko Udala iaztik, eta aurtengo Vueltan erakutsi nahi dute "2019 edo 2020rako Tourra jasotzeko gaitasuna duela Bizkaiak".

ERRUGBIAREN EGOITZA
Bizkaiko hiriburua: errugbi txapelketen egoitza

"Bilbo Europako errugbiaren hiriburu bilakatuko da". 86.000 bisitari espero ditu Bilbok maiatzaren 11tik 12ra bitarte San Mamesen jokatuko dituzten Challenge eta Txapeldunen Kopako finalen ondorioz. Ekitaldirako bost hilabete falta direla eta finaleko partidak nortzuk jokatuko dituzten argitu gabe dagoela, San Mames zelaiko eserlekuen erdiak baino gehiago beteta daude jada, diputazioak jakinarazi duenez. Rementeria: "Munduko zelairik onenak Europako errugbi lehiaketa handienaren finalak hartuko ditu. European Professional Club Rugbyk gu aukeratzea ohorea da. Errugbi tradizio handirik ez dagoen leku batean egiten den lehen aldia da. Gutaz fidatzen direla esan nahi du horrek; fidatzen dira handian pentsatzen duen herri txiki honez. Garena munduri erakutsi ahal izateak hunkitzen nau".

Ekonomikoki izango duen eragina neurtzeko, azken urteetako edizioak jarri dituzte adibide gisa. Parisen jokatu dituzte Europako errugbi txapelketak azken bi urteetan, eta 20,4 milioi euroko eragina izan dutela azpimarratu du aldundiak. Oraindik datu askorik eman ez duten arren, badirudi Bilboko Areatzan funzone bat jarriko dutela, nazioartetik datozen jarraitzaileak biltzeko.

MTV SARIAK
Bizkaia mundu mailako pantailetara eramateko nahia

BECen egingo dute aurtengo MTV Europe Music Awards sarien ekitaldia, azaroaren 4an. Musika sariek 25 urte beteko dituzte aurten, eta jaialdia Bizkai osoarentzat "ahaztezina" izan dadin ahalegin berezia egingo dutela esan du Rementeriak. Ahaldun nagusiaren hitzetan, 100.000 lagun baino gehiago elkartuko dira sariak banatzeko ekitaldian, eta, 44 milioi inguruko etekin ekonomikoak eragiteaz gain, 600 lanpostu sortuko dituela azaldu du jendaurrean.

Dena ez da irabazia eta etekina, ordea; eta badira aldundiak isilpean gorde dituen datuak ere. Jakinarazi dutenez, aldundiak 3 milioi euro ordaindu ditu sariak Bizkaira ekartzeko, eta haserrea sortu du horrek Bizkaiko Batzar Nagusietan. Nolanahi ere, gastuaren defentsa egin dute jeltzaleek, argudiatuta ordaindutakoa baino askoz diru gehiago itzuliko dela lurraldera. Radio Euskadiko Ganbara saioak ere mahai gainean jarri zuen eztabaida, entzuleen artean honako galdera hau eginez: "Bidezkoa da diru publikoa erabiltzea ikuskizun handiak erakartzeko?".

Zalantzarik ez du Rementeriak: "Jaialdi hau saria da Bizkaiarentzat, garen bezalakoak izateagatik. Denen artean lortu dugu lurralde moderno eta erakargarria egitea, eta horrek esan nahi du lan egokia egiten ari garela. Gero eta jende gehiagok nahi du gu ezagutzera etorri. Bizkaia momentu izugarri batean dago, eta dugun potentzialtasuna erakusteko ordua da: potentzialtasun industriala, soziala eta gastronomikoa". Bada berandu baino lehen mahai gaineratuko den bestelako eztabaidarik ere: MTV telebista kateak zabaltzen duen eredua sarritan kritikatu dute hainbat sektorek, eta eztabaida horri ere heldu beharko dio aldundiak.

Helmuga "onenaren" bila

Urrunago ere jo du ahaldun nagusiak: "Jendeak jakin behar du hirien artean lehia izugarria dagoela halako ekitaldiak jasotzeko; fokua gugan jartze hutsa ohorea da". Gazteen artean ilusioa nabaritu du Rementeriak. "Sare sozialetan ikusi dudana izugarria da. Sortu den mugimendua ikaragarria da, denak ari dira MTVri buruz hizketan. Bikaina izango da".

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen ustez, hiriburu osoarentzat izango dira onuragarriak 2018ko ekitaldiak. "Hiriaren erdigunearentzat soilik ez, auzoentzat ere onak izango dira ekitaldi hauek guztiak. Bilbo moderno eta kosmopolita bat erakutsiko dugu munduaren aurrean". Munduan agertzeko gero eta indar handiagoarekin ari da Bilboko Udala azken urtean. The urbanism Awards 2018 saria irabazi berritan, ingelesezko tituluak jasotzen jarraitu nahi du. 2018ko European Best Destination (Europako helmugarik onena) titulua lortzeko botoak biltzen ari da orain.

Pantaila atzean hazten ari den zaletasuna

Pantaila atzean hazten ari den zaletasuna

Peru Azpillaga
Gaurtik igandera izango dira Global Game Jam bideo jokoen nazioarteko topaketak Bilbon. Bertan, parte hartzaileek joko digital edo analogiko bat sortu beharko dute 48 orduan. Aurtengo gaia isilpean gordeko dute antolatzaileek, ekitaldia ...